Aspaldiko maitaleak zahartzen zaizkizunean
Gauza jakina da bere burua ispiluan egunero ikusten duena ez dela ohartzen denboraren igarotzeaz; uneoro inguruan ditugunak ere berdin ikusten ditugu beti, aldatuz doazenik konturatu gabe. Aspaldi ikusi gabeko lagunen bat topatzean bai, orduan jabetzen gara zenbat zahartu den hura, eta, haren begietan, zenbat zahartu garen gu.
Fernandoren egia horiek etorri zitzaizkidan gogora aurrekoan antzerkira joan nintzenean. "Las memorias de Sarah Bernhardt" zen antzezlana, John Murrellek idatzia; espainolezko bertsioan Jose Pascual zen zuzendaria, eta jokalariak, berriz, Charo Lopez eta Emilio Gutierrez Caba. Bi klasiko.
Sarah Bernhardt artista mitikoaren azken aldia erakusten digu obrak: garai batean eder eta miretsia izan den aktorea oroitzapenez nola elikatzen den zahar eta baldar dagoenean, zerbitzari leial baten ondoan. Birritan ikusitako gai eta suietak, lehenminaren saltsa egiteko osagai tipikoak.
Niri ere oroitzapen zahar bat piztu zitzaidan, ez artista ospetsu baina bai gaztetxo nintzenekoa: 1977an, Espainian aspaldiko partez hauteskundeak egin ziren urtean, "Vota a Gundisalvo" izeneko filma estreinatu zen, Pedro Lazagaren kaxkarkeria oportunista bat, Antonio Ferrandis "Chanquete" protagonista zela.
Zer dela-eta oroitu film hori? Bada, huraxe izan zelako nik zineman ikusitako lehenengo film erotikoa. Ez dakit erotikoa zen estu-estu hartuta: destapearen garaia zen hura Espainian, non aktoresek egunero esaten zuten bakarrik biluztuko zirela gidoiak hala exijitzen bazuen; eta gidoiak beti exijitzen zuen. Film honetan ere, txorixoaren heste barruan txerrikia bezala sartuta zegoen Charo Lopezen "estritis" bat (hala deituko diot Laja eta Landakandaren abestiaren ohoretan), trakets eta halamoduzkoa izan arren gaztetxo honen burmuinean iltzatuta geratu zena, sabelpe beltz iletsu hura izan baitzen nire begi harrituek miretsi ahal izan zuten lehenengo emakumezko pubisa.
Aspaldiko beste "maitale" bat ere aipatu behar nuen, baina sobera luzatu naiz dagoeneko. Ea hurrengoan...