Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Uste baino konplikatuagoa da dena

Uste baino konplikatuagoa da dena

xme 2006/02/09 13:10

Atzoko arrastoari jarraituko diot gaur: Miguel Angel Blanco aipatu nuen artikulu amaieran. Harekin zer gertatu zen denok dakizue, ez daukat kontatu beharrik. Eta balorazioa ere garbi edukiko du irakurleetako bakoitzak.

Gogoeta bat egiteko baliatu nahi nuke kasu hori, Ryanenarekin batera, borroka armatuaren zilegitasunaren edo egokitasunaren auzi zaharrera itzultzeko. Bi parametro erabili ohi dira eztabaida horretan: bata, ea moralki onargarria ala onartezina den; bestea, ea politikoki onuragarria ala kaltegarria den bilatzen dituen helburuentzat.

Askorentzat onartezina eta kaltegarria da (edo ez datoz bat helburu horiekin); beraz, horientzat garbi dago hautua (A taldea deituko dut). Onargarri eta onuragarritzat jotzen dutenak ere badira, nahiz eta publikoan ezin halakorik esan, delitua izango bailitzateke (B taldea deituko diet); horientzat ere ez dago zalantzarik. Kezkaz ibili ohi dira beste bi taldeetan: politikoki baliagarri baina etikoki gaitzesgarri jotzen dutenak (C taldea), eta moralki onargarri baina helburu politikoei begira kalterako iruditzen zaienak (D taldea).

C eta D taldekoak normalean B taldekoak izanak dira, baina denborarekin "nekatu" egin dira nolabait (jarrera deserosoa izaten baita). Berez oso diferenteak dirudite C eta D ikuspegiek, baina praktikan nahiko nahasian joan ohi dira, eta politikoki nahiz bizimodu normalean ongi konpontzen dira. Are gehiago esango nuke: denbora pasa ahala, C eta D taldeko gehienak A taldera igaro ohi dira azkenean.

Zer ondorio atera dezakegu hemendik? Ba, arrazoibide etikoak eta pragmatikoak ez daudela horren urrun. Eskrupulu moralak dituenak ezikusia egin dezake momentu batean efikazia garbia sumatuz gero (1981ean antinuklear askok egin zutena Ryan hil zutenean); eta borrokaren zilegitasuna garbi ikusten zuenari ere zalantzak sortuko zaizkio helburuetan aurreratzen ez dela edo etsaia indartzen duela ikustean (Blancoren hilketan, esaterako).

etiketak: Politika
Josu
Josu dio:
2006/02/09 15:24

Interesgarria, Xabier!

Hala ere, E taldea, eta F taldea eta... ahaztu zaizkizu. Batzuei ez baitzaie beti zilegi (edo gaitzesgarri) iruditzen....

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/02/09 18:05

Ryan hilketari buruz analisi sendo eta zehatza, zergatiak eta ondorioak ondo eta luze azalduak, egin duzu aurreko mezu batetan. Zergatik ez duzu gauza antzekorik egin Blancorenarekin ere? Azken parrafoaren berorik gabeko azterketa ez zait batere atsegina.

Nik zurea bezalako hoztasuna izan nahi nuke gai mingarri hauek jorratzerakoan .

Gastelako bat
Gastelako bat dio:
2006/02/09 15:57

Kuriosoa da, ezta, nola A taldeak haunditzen jarraitzen duen denbora aurrera doan neurrira. Koriosoagoa da, hala ere, nola gainerako taldeetan daudenei horrek gutxi esaten diela.

Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2006/02/10 12:00

Ez dudalako denborarik eduki, eta "Uste baino konplikatuagoa da dena" idazkiaren harira idatzitako hiru lerro baino gehiago merezi dueleako Miguel Angel Blancorenak. Ahal dudanean nire komentariok hemendik utziko dizkizut.

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/02/10 12:50

Agian gaizkiulertu bat izan da. Nere aurreko mezuan egiten nuen galdera eta komentarioak Xabierri zuzenduta ziren, ez zuri Gaztelako bat.

Magabila
Magabila dio:
2006/02/11 13:27

Bai, uste baino konplikatuagoa da dena.

Nork eman diezaioke, ordea, zilegitasun etikoa sukaldari baten hilketari adibidez¿?

Gaur egun borroka armatuaren bidetik ez ditut galerak besterik ikusten. Bai politikoki, bai etikoki, bai estrategikoki, bai kulturalki...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.