Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Norberaren lardaskeriak eta besterenak

Norberaren lardaskeriak eta besterenak

xme 2006/02/02 14:34

Neure buruarekin haserre egoteko bi arrazoi izan ditut egunotan.

Ipuin bidez azalduko dut lehena.

Eman dezagun ni zinema-produktorea naizela, eta film labur bat gauzatu nahian ari naizela, egiazko pertsona baten bizitzako pasarte batean oinarritua. Maritxu deituko diogu balizko pertsona horri. Maritxu bera ez da agertuko filmean, aktore batek egingo du haren rola: Mirenek. Baina Maritxuk nahiko luke filmaketan egon, Miren nolakoa den ikusi, beharbada aholkuren bat eman ere bai. Hitz egin dut zuzendariarekin (Pello deituko diot), azaldu diot Maritxuren nahia, eta baietz erantzun du. Abisatuko didala filmatzen hasten direnean, nik Maritxuri deitu diezaiodan, gainerakoan ni ez bainaiz filmatze horretan egotekoa, beste zeregin batzuk ditudalako edo.

Halako batean, beste zerbaitengatik deitu diot Pellori, eta pozik esan dit filmaketa bukatu dutela ia. "Eta Maritxu?" galdetu diot. Guztiz ahaztuta Maritxurekin. "Esan nizun ba...". Alferrik ordea.

Zer egin? Egina dago lana. Berriz egiteak kostu handia izango luke. Maritxu bertan egon balitz ere berdintsu joango zen dena seguru asko, baina hari emandako hitza ez dudala bete ohartzen naiz. Ez da inoren gaiztakeria izan. Utzikeria, izatekotan, eta ez nirea, baina ni nintzen erantzule, eta horrek gaizki sentiarazten nau. Neure buruarekin haserre.

Horrenbestez amaitu da zine-produktorearen ipuina. Konta dezadan orain bestea, labur-labur eta ilun samar izanda ere.

Halako batean esan nuen zerbait oker esan nuela aurpegiratu dit norbaitek duela gutxi, eta haserre agertu zait hori dela-eta. Arrazoi osoarekin gainera. Arinkeriaz jokatu nuen. Aitzakiak asma nitzake, eta zuribideak izan nitzake; alferrik baina, egindako kaltea hor geratzen baita.

Haserretzea bera ere alferrik da noski: konponbiderik baldin badu, hobe konpontzen saiatu; eta erremediorik ez badu, zertan arranguratu? Hala eta guztiz, hor gelditzen da atsekabea.

etiketak: Saski Naski
Patxi
Patxi dio:
2006/02/03 17:03

Tabuchiren “Sostiene Pereira” liburuan, hain zuzen Pereira pertsonaia, obsesionatuta dago damutzearen gaiarekin. Liburua bukatzen da, eta sekulako irrika geratzen zaizu, zer pentsatzen ote zuen Pereirak " zer Tabuchik- damutzeari buruz.

Ni atzera etengabe begiratzen majo sufritutakoa naiz. Lasaitu nintzen ordea, egun batez, damutzea ikastea dala ondorioztatu nuenean. Damutzea = berriz ez egitea.

Zigorra merezi degu egindako okerrengatik? Zigorra mereziko genuke, galanta gainera, damutuko ez bagina. Baina damutzen danak barkatua izatea merezi du. Kontrakoa, basakeria litzateke, zigortzaileak bere buruari ezarritako zigorra ere bai.

Obra txarren egile danok gera. Hemen ez da inor libratzen. Ezta oraingo honetan kaltetua izan dana ere.

Egindako mina, ahal bada arindu. Damua sinzeroa dala erakutsi. Gero ispiluaren aurrean plantatu. Zure lagunik haundiena parean ikusi. Irriparre bat luzatu, eta aurrera, aldarte txarra kutsakorra baita. Aldarte ona bezelaxe.

maritxu
maritxu dio:
2006/02/02 20:23

Orain kontatu dena berriz, baina benetako egoera, izen eta abizenekin.

Eskerrik asko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.