Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Elvis hil zen urtean

Elvis hil zen urtean

xme 2006/02/07 09:00

Orain dela hiru bat hilabete, "Espainiarik ez ala Espainia honi ez?" izeneko artikulua idatzi nuen hemen , Kataluniako estatutu berriak sorturiko eztabaidaren harira.

Hari horretatik tiraka, orain dela urte batzuk idatzi eta oraindik argitaratu ez dudan ipuin luze batez oroitu naiz: "Elvis hil zen urtean" du titulua, eta hango pasarte txiki bat ekarri dizuet hona.

(Bide batez, eskaintza ere ipiniko diot: Fermin Etxegoien jaunari).

Elvis hil zen urte hartan, denok dakizue dagoeneko, ez genuen Elvisen musikarik entzun, baina ezta folk musikarik ere: seko aspergarriak iruditzen zitzaizkigun bizarluze haiek denak, eta guk berriz martxa nahi genuen, dezibelioen parrasta edo, garai hartan esaten genuen moduan, bibrazio onak. Eta hori, bistan denez, rock’n’rollak ematen zigun, Jimmy Hendrixen gitarra elektrikoak adibidez, eta ez inola ere beren gitarra akustikoekin meza alternatiboak ematen zituzten apaiz progre antzeko haiek.

Beranduago hasiko ginen folk musikari haietako batzuk estimatzen eta eliz jendeagandik bereizten. Inmari gustatzen zitzaizkion kantari euskaldunak izan ziren batetik: Laboa oroz gain, baina baita beste batzuk ere, hain puruak izan gabe beren xinpletasunean "eta gure lañotasunean" maiteko genituenak: Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Haizea... Ingelesez kantatzen zutenak era bai, noski: Simon and Garfunkel, Dylan... munstro haiek denak, eta baita izenik oroitzen ez dudan country kantagile modoxka bat ere. Eta gero espainolez kantatzen zutenak zeuden, urteetan gehien entzun nituenak.

Espainolez kanatzen zuten hauek kontzientzia-arazo bat sortzen ziguten hala ere. Huraxe zen gure hizkuntza: gutako batzuentzat hizkuntza bakarra, eta besteontzat hizkuntza nagusia, nahi ezta ere, eta nik behintzat ez nuke esango nahi ez genuenik. Huraxe zen beraz gure hizkuntza ohikoa eta gure erreferentzia-mundua, baina aldi berean kaka zaharra iruditzen zitzaigun Espainiatik eta espainolez zetorren guztia. Ez zen horrenbeste jarrera politiko bat, hortik gero jokabide politikoak sortzea posible izan arren; jarrera estetikoa zen guretzat, ezer baino lehen: kutrea zen Espainia, hitz batean esanda, gazta zaharrak baino har gehiago zituena, eta kutretasun horrek blaitzen zuen handik zetorren guztia, zeinahi arlotan. Har dezagun musika, honetaz ari garenez gero. Zer zen telebistan entzuten genuena? Lehenik eta behin, la Flores eta haren tankerako segizio guztia, munduan den gauzarik okaztagarriena iruditzen zitzaiguna; gero kantari ezti-jario guztiak zeuden, Camilo Sesto eta halako tipo jasanezinak, azukre-zopa bat baino gozoagoak denak ere; eta azkenik, gazteok ere gogoan hartzen gintuztela adierazteko-edo, talde pop melenga bezain koipetsuak, Los Sirex eta Los ez-dakit-zer, beren yuhu-yuhu, beren melenatxo eta beren irribarre ergel haiekin. Nola ez gorrotatu Espainia?

Hala ere, bi modutara behintzat uler zitekeen gorroto hau, eta, orduko hartan bi modu horiek guretzat ia gauza bera izan arren, funtsezko aldeak ekarriko zituen, geroan, batak edo besteak. Alegia, Espainia zen berez halakoa, ozpinetan edukitako oliba beltza bezalakoa, ala Espainia ofiziala zen bere alderdirik makurrena eta itsusiena erakusten ziguna? Lehenengo aukera eginez gero, erremediorik gabeko izurria zen Espainia zatar eta krakatsu hori; bigarren kasuan, ostera, frankismoari, zentralismoari, agintzen zutenen babotasun mugagabeari zor zitzaion erdipurdikeria ziztrin hura dena, eta, horrenbestez, gauzak aldatuz gero posible izango zen, halaber, garai hartan nazka besterik ematen ez zigun ama-aberri sorgin-ipurdi ezinago itsusi hori egunen batean antzaldatzea eta aurpegi ederrago, atseginago bat erakustea.

Esango nuke esan, gure gaztetako zalantza horixe izan dela herri honen zalantza handienetakoa ere. Hots, Espainiarekin "edo Espainia honekin bederen" eroso sentitzen ez den gure herriak ez daki beste Espainia bat "ederrago eta atseginagoa, diferentziak errespetuz hartuko lituzkeena" posible den, harekin amets egin behar duen eta horren alde saiatu, ala lokamuts hutsa ote den txakur-amets hori, eta beraz etsi beharra ote dagoen, sorginak beti iraungo duela sorgin, eta alferrik dela harri-kozkorrari ogi-mami bihurtzeko oihuka jardutea. Ez da hori noski zalantza bakarra: amaorde hori ama bikalatzea ezinezkoa dela garbi edukita ere, haren aginte-makila gainetik nola kendu ere ez dakigu, edo matxinatzeak atzetik dakarren zigorra jasatea merezi ote duen, edo hemen bertan amaorde horri gorrotoa diotenak eta maite dutenak herri bera ote garen, herri bat osatzerik ba ote daukagun eta horretarako zer egin beharko genukeen.

etiketak: Sorkuntza
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2006/02/07 12:54

Zaila egiten da beste Espainia posible dela imaginatzea. Aldi berean, zaila egiten zaie , adibidez, Extremadura edo Andaluziako edo... anarkista militantei euskaldunon arazo nazionala ulertzea ere. ¿Haiek ere Espainia al dira? Nolabaiteko "entente cordiale" lortzeko, Espainia bera da aldatu beharra duena, ez gu, eta horretarako, Pablo Guerrero aspaldiko folk kantariak abesten zuen bezala: "Tiene que llover a cántaros"

Gaztelako bat
Gaztelako bat dio:
2006/02/07 19:26

Ez bakarrik Beasainen, Espainia osoan asko ginen Espainia Kañi hark ito egiten ginduenak. Hala eta guztiz ere, askatasun aize pixka bat ailegatu zitzaigun Espainia barruko hiri eta herrietara, eta askatasun berria gozatzera jarri ginen gutako asko. Atzerritara begira geudenez, ez ginan konturatu bapatean La Flores-ek, Valerio Lazarovek eta enparauek toki pixkat utzi zietela Loquillori, Gabinete Caligariri, Radio Futurari eta guzti haiei (Ez dakit Beasainera ere ailegatu ziren aize berri haiek). Ez ginen konturatu orduzkero ez zegoela lotsatu beharrik espainiolak izateagatik. Are gutxiago konturatu ginen nola etorri eta joan ziren "La cultura del Pelotazo" hura, Golf Gti sindromea, Gonzalezen garaiko korrupzioak eragindako lotsa, Olinpiadak eta orduan lortutako urreak, Celtas Cortos, La Union, garapen ekonomikoa, eta urte haietako gainerako uholdeak. Harezkero, zeharo entrenituta geunden gizarte aldakor hark eten gabe eskaini zizkigun aukera berriak bizitza hau gozatzeko eta bizitza honi etekinak ateratzeko. Pensatzeko jarrita, ze zuerte ederra eduki dugu euskaldunak ez izateagatik. Pilo bat aldatu gera konturatu gabe, eta pozik gaude horretaz, nahiz eta euskaldun batzuei, dirudienez, aldatzea gaizki iruditzen zaien.

Izan ere, are okerrago de kontua. Gutako batzuei bururatu zitzaigun behin Euskadira joatea oporrak pasatzera. Ez zegoen gaizki kontua, eta errepikatu genuen berriro, eta beste behin ere. Lagunak egin genituen, eta honen harira euskaldunen hizkuntza ikastera ere ailegatu ginen. ETB eta guzti ikusi dugu euskeraz urteetan zehar satelitez, idazele euskaldunak irakurtzen ditugu gabetan gure egon geletan, eta euskarazko prentsa irakurtzen dugu egunero Internetez. Oporretan euskeraz aritzen gara hango laguneekin, estabaidatuz eta mintzatuz erretegietan eta soziedadeetan, isilik bertso saioetan, eta mozkortuz gabeko parrandetan. Eta hala eta guztiz ere, euskal abertzaletasunak ematen zigun nazka areagotu egin da. Hau komeria!

matxalde
matxalde dio:
2006/02/07 14:52

Eta TVE (hasteko)euskal musika sartzen hasiko balitz, euskal idazleak elkarrizketatuko balitu, euskal ... Eta berdin egingo balu katalandar, galego... Bakoitzaren kultura errespetatua ikusiko bagenu, ... Espainia horrek mereziko luke? Euria "goian beian" ikusi arte no nos moveran.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.