Karakolaren barruan (V)
(Berriro txorakeriak kontatzen hasia nago baina, ipuina erdibidean uztea ez litzateke itxurazkoa. Hortaz, hona jarraipena, non istorioak beste ildo bat hartzen duen, orain arte sumatzen ez zena. Txa-txan! (Jesus, zenbat tontakeria emozio pixka bat eransteko). Horra ba)
Bosgarren atala: Ustekabeko bidaia
Orain arte ez dizuet esan, baina nik badut aitatxo bat. Nire gelan badira aitarekin eta amarekin txandaka bizi direnak, edo bi aita dituztenak, edo bi ama. Nik aita eta ama ditut, baina aita urruti dago, eta ez nuen ezagutzen.
"Non dago nire aita? "galdetzen nion amatxori.
"Urruti, oso urruti, baina asko-asko maite zaitu "esaten zuen amak.
Aitatxoren gutunak iristen ziren batzuetan, baina nik artean ez nekien irakurtzen, eta amatxok irakurtzen zituen niretzako zatiak, dena muxuz eta goraintziz beteak.
"Eta zergatik ez da etortzen? "galdetzen nion amari.
"Gizon gaizto pila bat dago, eta ez diote uzten.
"Eta ezin gara gu joan berarengana?
"Egunen batean, handiagoa zarenean.
Amona hil eta gero nahiko handia nintzen, eta oporrak hasi zirenean, aurretik abisatu gabe, maleta bat egin zuen amak eta esan zidan aitatxo ikustera joango ginela, hegazkinean.
"Eramaiozu opari bat, nahi baldin baduzu: zure marrazki bat, edo eskulan bat "esan zidan, sekretu handiarekin.
Nire marrazki kuttuna hartu nuen, baita itsas karakola ere, eta nire motxila txikian sartu nituen biak.
"Motxila eta guzti joan behar al duzu? "galdetu zuen amak barrezka.
"Zuk maleta handia eramaten baduzu, nik gutxienez motxila.
Horrela joan ginen aireportura. Ni aurretik inoiz hegazkinez ibili gabea nintzen. Amak esan zidan isilik joateko, eta inori eta inola ez aipatzeko aitatxo ikustera gindoazenik.
"Bidean gizon gaiztoak egon litezke, aitaren etsaiak.
"Txanogorritxoren ipuineko otsoak bezala?
"Bai, gutxi gorabehera.
Hitzaldiz hitzaldi
Haur-ipuinari bakea emango diot gaurkoz (baina ez betiko, norbait irakurtzen ari bada, jarraipena behintzat zor diogu-eta).
Ez dakit Marañon, Eugenio Dors edo nor izan zen, XX. mendearen lehen herenean, halako zerbait esan zuena: Madrilen, arratsaldeko 7etan, edo hitzaldi bat ematen duzu, edo hitzaldi bat ematen dizute.
Ni ere halatsu ibili nintzen joan den astean. Neuk emandako hitzaldiak alde batera utzita, entzundakoak aipatuko ditut gaur.
Astelehenean, esate baterako, Unai Elorriaga entzun nuen, Thomas Hobbes-en "Hiritarra" liburua komentatzen. "Elorriaga Hobbes komentatzen?", galdetuko du, harrituta, Elorriaga eta Hobbes apur bat ezagutzen dituenak. Zaila baita bi mundu urrunago, bi interes-eremu desberdinago imajinatzen.
"Eta hala ere izugarri hitzaldi mamitsua izan zen" esango dudala ematen du, ezta? Ba ez. Nire ustez behintzat. Alegia, Elorriagari urruna, arrotza, antipatikoa egin zitzaion Hobbes; hitzaldian, beraz, ez zuen gehiegi sakondu emandako gaian, eta hortik abiatuta bere unibertso partikularreko kontuak aipatu zituen. Elorriaga ezagutzeko balio zuen hitzaldiak; Unai ongi moldatzen da jendarurean hizketan, eta alde horretatik interesgarria izan zen saioa, baina Hobbes ezagutu nahi zuenarentzat aski antzua.
Ez dakit antolatzaileak pozik geratu ziren emaitzarekin. Esperimentua zen aldetik, berrikuntza bilatu eta arriskua onartzen ari ziren. Nire aburuz, dena dela, arretaz aztertu behar da nori zer eskatzen zaion.
Karakolaren barruan (IV)
(Kontatzeko gauza pila dudala konturatzen naiz: ostegun iluntzean hitzaldi bat eman behar dut, ostiralean aurkezpen batera noa, gero lagunarteko afaria... Baina isiltasuna ere ez da mezu txarra. Hortaz, abaila hartu dudanez, haur ipuinarekin jarraituko dut. Hau trantsizioko atal bat da)
Laugarren atala:. Inguruko hotsen gordetzailea
Hori guztia aspaldi izan zen, ni artean txikia nintzenean (bost edo sei urte). Orain zortzi urte dauzkat eta handia naiz.
Amona hil eta gero igandeetan batera edo bestera joaten ginen egun-pasa. Batzuetan amatxok flana egiten zuen, eta ez zitzaion amonari bezain goxoa ateratzen, baina nik ez nion ezer esaten.
Egun batean amonaren etxera joan ginen, izeba Lourdesekin. Amak esan zidanez, etxea saldu egin behar zuten eta, aurretik, balio zuten gauza guztiak jaso behar ziren.
Ama eta izeba armairuetan begira zebiltzan bitartean, ni amonaren logelara joan nintzen, itsas karakola han ote zegoen ikustera. Han zegoen, bai, betiko tokian.
Hartu nuen karakola, eraman nuen belarrira, eta bai, han jarraitzen zuen karakolaren magiak: naufragioan hondoratutako itsasontzien kulunka, itsas lamien xuxurla, algen mugimendu firfiratsua
"Iker, non zabiltza? "entzun nuen amatxoren ahotsa". A, hemen zinen.
Amonaren oroigarriren bat eraman nahi banuen orduan esateko agindu zidan amak, gero berandu izango zela-eta.
"Karakola eramango dut "esan nuen.
"Hiri berdin zain, ezta Lourdes? "galdetu zion amatxok izebari.
"Bai, neska, nahiko traste bazeukanat bestela ere etxean.
Horrela ekarri genuen geure etxera itsas karakola, eta neure logelan jarri nuen, liburuentzakko apalaren erdian.
Gauero ipintzen nuen belarri ondoan, eta han entzuten nituen itsas hondoko zarata misteriotsu haiek, baina baita amonaren etxeko hotsak ere: amonaren erratza, sukaldean piztuta edukitzen zuen irratiaren marmara, pasilloan ibiltzen zeneko pauso isilak
"Nola liteke amonaren etxeko hotsak entzutea? "galdetu nion amari.
"Hori da karakolak bere inguruko hotsak gordetzen dituelako barruan: itsasokoak aurrena, amonaren etxera joan arte, eta amonaren etxekoak orain, guregana etorri denean.
Horregatik entzuten zituen amonak aitonaren mezuak ere. Noski!
Karakolaren barruan (III)
(Aspertzen hasita dauzkadan fan sutsu horie: pazientzia. Zortzi atal dira guztira. Eta gaurkoan gainera gauzak gertatzen dira)
Hirugarren atala: Amona ospitalean
Egun batean amona gaixotu egin zen. Igandean ez ginen haren etxera joan oilaskoa eta flana jatera. Horren ordez, ospitalera joan ginen bisitan. Lehenbiziko aldia zen ospitale batera nindoana eta nahiko beldurtuta nengoen, hango joan-etorri, gaixo, erizan, usain eta tramankulu guztiekin. Dena dela, amatxok esan zidan lasai egoteko:
"Badakizu nola gabonetan gaixo egon zinen sukarrarekin? Ba, amona ere berdin. Eta ospitalera ekarri dute hobeto sendatzeko.
Hortaz, nahiz eta amonak gaixo itxura eduki, nik aupegi ona jarri eta muxu handi bat emateko.
"Kaixo, amona, zer moduz? "galdetu nion, amak adierazi zidan bezala.
"Hementxe, tirri-tarra. Ea noiz uzten didaten etxera joaten, flan handi bat prestatzeko, karamelo askorekin.
Egun hartan ez nintzen joan parkera, ez goxokiak erostera. Amonaren ohearen ondoan egon ginen denbora guztian, eta ni pixka bat aspertu nintzen. Eta, kotxea hartu genuenean etxera itzultzeko, amatxok gorrituta zeuzkan begiak.
"Zer gertatzen zaizu? "galdetu nion.
"Ezer ez, maitea. Goazen etxera.
Hurrengo asteetan ere ez ginen amonaren etxera joan: amatxo joaten zen ospitalera, ni lagunekin utzita: egun batean Maitaneren etxean, hurrengoan Gorkarenean eta horrela.
Zain nengoen ni amona noiz sendatuko, igandean oilaskoa eta flana jateko eta karakolarekin buzeatzera jolasteko, baina amona ez zen sendatu.
Egun batean eskolara bila etorri zitzaidan ama. Ni pozik jarri nintzen hasieran, zerbait berezia zelakoan, baina berehala konturatu nintzen amatxo serio eta triste zegoela, eta ez nintzen ausartu ezer galdetzera.
Tanatorioa izeneko toki batera joan ginen, eta han jende pila bat zegoen, denak serio eta asko negarrez, eta erdian kutxa beltz bat zegoen, eta kutxaren barruan amona.
"Amona! "esan nuen, eta niri ere negargura sartu zitzaidan, orduan konturatu nintzelako hilda zegoela.
Han zeuden guztiak, osaba-izebak eta ezagutzen ez nituen beste asko, muxuka hasi zitzaizkidan, eta indartsua izan behar nuela esan zidaten, eta mutiko handia nintzela, eta baten batek goxokiak ere eman zizkidan, baina nik orduan ez nuen goxokirik nahi: amonarekin nahi nuen, eta ezinezkoa zen amonarekin gehiago egotea.
Karakolaren barruan (II)
(Haur-ipuinarekin segituko dut, zuei denoi horretarko adina pasa bazaizue ere. Bestelakoak idazten hasteko ez astirik ez gogorik gabe nabil, egia esanda)
Bigarren atala: Karakola magiko bat
Karakola hura, geroago deskubrituko nuenez, magikoa zen. Beno, neurri batean itsas karakola guztiak dira magikoak: jartzen dituzu belarri ondoan eta itsas barruko hotsak entzuten dituzu, nahiz eta benetan itsasotik kilometro askotara egon, ni amonaren etxean nengoen bezala.
Karakola belarri ondoan jarri, begiak itxi eta itsasoaren azpian nengoela imajinatzen nuen, buzeatzen, bizkarrean oxigeno botila bat, aurpegian uretako betaurrekoak eta eskuetan arpoia neukala.
Kontuz, marrazo bat zure atzean!, abisatzen zidan barneko ahots batek.
Orduan nik buelta eman eta, azken segundoan, marrazoa bere aho hortzez betea zabaltzen ari zenean, zasta!, arpoia sartzen nion eztarriaren barruraino.
Uf! Ederra eskapada!, esaten zidan barruko ahotsak.
Egun batean, marrazoen kontrako borroka hartan nenbilela, amona agertu zen logelan, gauzaren baten bila.
"Hemen al zeunden?
"Bai "esan nion, pixka bat lotsatuta.
"Karakolarekin jolasean?
"Bai. Belarrian jarrita itsasoa aditzen da "esan nion, horrelaxe azaldu baitzidan amatxok karakola erakutsi zidan lehenengo egunean.
"Jakina! Aitonak ekarri baitzidan itsasoko bere bidaietako batetik.
Ni isilik geratu nintzen: banekien, amatxok esanda, aitona aspaldi hil zela, eta pentsatzen nuen amona triste jarriko zela hartaz oroitzean.
Baina ez zegoen triste, inola ere:
"Oraindik ere "esan zidan", aitonarekin hitz egin nahi dudanean, karakola hartzen dut, eta horrela jakiten dut ze itsasotan dabilen, eta zer moduz dagoen.
"Eta ezin diozu telefonoz deitu? "galdetu nuen.
"Urrutiko itsaso horietan ez dago telefonorik, ez Internetik. Baina itsas karakola belarrian jarrita, ezin hobeto aditzen ditut ekaitzak, arrainak, olatuak eta baita aitonaren mezuak ere.
Hala esan zidan amonak, eta ni zalantzan geratu nintzen, sinetsi edo ez: nik ere itsasoko hots haiek denak aditzen banituen, zergatik ez zuen amonak aitonarekin hitz egingo?
Karakolaren barruan (I)
(Bueno, lagunok, aspertu naiz egunero zeresana bilatzen eta sermoitxoa botatzen. Orain dela egun batzuk haurrentzako ipuin bat kaleratu berri didate, eta horixe bera botako dizuet hemen, atalka, datozen egunetan. Jokin Mitxelenaren marrazki ederrak faltako ditu baina)
Lehenengo atala: Igandeetan amonarenean
Ni txikia nintzenean (hiru, lau, bost urte nituenean eta hola), amonaren etxera joaten ginen igandeetan. Hura izaten zen amatxoren egun libre bakarra, amak denda batean egiten baitu lana, eta larunbatetan ere lanera joaten baita.
Igandeetan, hortaz, goizean amatxok esnatu eta esaten zidan:
"Gaur nora goaz, Iker?
"Amonaren etxera! "esaten nuen nik, Txanogorritxoren ipuinean bezala.
Baina ipuin honetan ez da aterako oraindik otsorik, ez basorik. Geure gauzak autoan sartu eta, burrun-burrun, amonarenera joaten ginen zuzenean.
Han, ama eta amona sukaldean sartzen ziren, bazkaria prestatzera eta beren arteko gauzez txutxu-mutxuka hitz egitera. Eta ni parkera bidaltzen ninduten jolastera:
"Ea, Iker, segi parkera "esaten zidan amak.
"Jo, nik hemen gelditu nahi dut.
"Tori, goxokiak erosteko "esaten zidan amonak.
Berrogeita hamar xentimo ematen zidan, eta haiekin gominolak eta txikleak erosten nituen nik parke ondoko kioskoan. Amak ez zidan uzten goxokirik jaten, baina amonarekin libre zen.
Goxokiak erosi eta gero parkean ibiltzen nintzen: txirristan, zabuan eta abar. Baina han ez neukan lagunik (Maitane, Gorka, Ainhoa, Josu) eta aspertu egiten nintzen ni bakarrik. Hortaz, amonaren etxera itzultzen nintzen handik pixka batera.
"Kaixo, hemen nago.
Amonak oilaskoa prestatzen zuen igandero; aurretik entsaladaren bat edo beste edozer, eta amaitzeko beti flana. Amonaren flana bezalakorik ez dago munduan, eta beti galdetzen zidan:
"Flanari karamelo asko edo gutxi botako diot, Iker?
"Asko-asko "esaten nion nik beti.
Gero, nola amak eta amonak beren gauzez hitz egiten segitzen zuten, ni gelaz gela hasten nintzen, jolasteko zerbaiten bila, eta beti amonaren logelan amaitzen nuen, hantxe baitzegoen, tokadorearen gainean, itsas karakola.
Modaren tirania
Joan den larunbatean Aiherran izan nintzen, Larrabetzuko bbk-ren (Bihotz Bakartien Klubaren) Literatura Eskolako saioa izan baikenuen han. Gaia: Sartre, Camus, existentzialismoa. Maisu eta irakasle: Emilio Lopez Adan "Beltza". Eguraldi zakarra eta zakurra baina guk giro goxoa izan genuen landetxe eder batean.
Beltzaren jarduna, txapela kentzeko modukoa: alderdi politiko, literario eta filosofikoak konbinatuz, testuinguru historikoa gogoan hartuz, eztabaida eta gogoetarako gaia proposatuz... Ez naiz egun osoan esandakoak bost lerrotan laburtzen saiatuko; bazkalondoko solasaldian irten zen gaietako bati helduko diot, hortik ateratzeko gaurko hizpidea.
Sartre eta Camusen literatur lanak, batez ere, beren ideien garapen eta agerpide direla-eta, gazte batek mahai gainean jarri zuen Ibon Sarasolak Saizarbitoria eta Txillardegiren nobelagintza konparatuz egindako kritika: hots, Txillardegiren lehen nobelak berrikuntza handia ekarri zuela euskal literaturara, baina ondokoak (Peru eta Elsa) egilearen ideien azalpenera mugatzen zirela.
Egia da Txillardegirentzat nobelak bere ideien agerpen direla (Sartreren jarraitzaile fina da horretan ere). Konstatazio bat da. Horren gainean Sarasolak egindako balorazioak, berriz, zalantzak pizten dizkit. Joera handia baitago gure artean halako edo holako literatura "behar" dela esateko. Zergatik modu batekoa eta ez bestelakoa? Ez al da murriztailea eta pobretzailea gauzak horrela planteatzea?
Sarasolak berak, Aresti hil eta gero argitaratutako lan batean, "Maldan behera" jo zuen maisulantzat, eta "Harri eta herri", berriz, jende xehearentzako errazkeriatzat ia-ia. Gaur eguneko talaiatik, biei aitortuko genieke kalitate gorena, baina esango nuke "Harri eta herri"k beste dohain bat izan zuela, horrez gain: irakurleen eta oro har euskal jendearen une hartako kezkekin bat egitea.
Pentsamendua lantzen duen literatura, emozioak eragin nahi dituena, bilaketa formalean saiatzen dena... denetik behar dugula iruditzen zait, eta edozein joeratan aurki litezke perlak eta lardaskeriak. Nork bere senari eta gustuei jarraitu behar, modaren tiraniari ezikusia eginez. Direla sortzaileen arteko modak, direla kritikarien artekoak.
Itzulpenaren mugak
Egunotan egin da Jokin Zaitegi sariketaren deialdia, aurtengo literaturako Nobel saridun Harold Pinterren obra euskaratzeko.
Beka-sari horren antolaketa dela-eta, Pinterren hainbat antzerki-lan irakurtzen ibili naiz, egokienak-edo iruditzen zitzaizkidanak aukeratzeko. Pertsonen arteko komunikazioaren ezinak eta arrakalak agertu ohi dira haren antzezlanetan, eta oro har ez du itzultzeko arazo berezirik: laburrak ditu esaldiak, hizkuntza egunerokoa, isilune ugari...
Bada Pinterren lanen artean bat oso bestelakoa, eta euskaldunoi bereziki interesa dakigukeena: "Mountain Laguage" du izena, eta hor aldatu egiten da ohiko gaia: ez senar-emazteen krisirik, ez lagunarte txiki bateko gorabehera txikirik: militarra, presoak, presoen senideak agertzen dira bertan. Leku-garaiak ez dira zehazten, baina pentsa daiteke garaikidea dela (1988koa da obra) eta tokia, berriz, gatazka armatua eta etnia zapaldu bat dauden lekuren bat. Hizkeragatik eta jarrerengatik, gehiago dirudi Guatemala edo Kurdistan, Europa mendebaldeko etnia zapaldu eta gatazkadun bat baino.
Europa mendebaldeko etnia zapaldu eta gatazkadun horretakook, hala ere, oso hurbil senti ditzakegu bertako zenbait kontu. Adibidez, momentu batean militar bat hala mintzo zaie beren ahaide presoak bisitatzera doazen emakumeei:
"Entzun hau ondo: mendiko jendea zarete zuek. Aditzen didazue? Zuen hizkuntza hil da. Debekatuta dago. Hemen ezin da egin mendiko hizkuntza. Ezin diezue zuen hizkuntzan egin zeuen gizonei. Ez dago baimenduta. Aditu duzue? Ezin duzue zuen hizkuntzan egin. Debekatuta dago. Hiriburuko hizkuntzaz baizik ezin duzue egin. Hori da hemen baimendutako hizkuntza bakarra. Zigor gogorra izango duzue hemen mendiko hizkuntza egin nahi izanez gero. Dekretu militarra da. Legea da. Zuen hizkuntza debekaturik dago. Hilda. Inori ez zaio baimentzen zuen hizkuntzaz egitea. Zuen hizkuntzarik ez dago dagoeneko. Galderarik?"
Itzultzeko arazorik ez, baina barruan zerbaitek krak egiten dizu. Hau da, diskurtso hori erraz imajina dezakezu espainolez, presoen senide maia, aimara, ketxua nahiz euskaldunei zuzendua. Edo ingelesez, frantsesez, turkoz, txinoz... Baina hizkuntza txiki horietako batean... Egia da hizkuntzak tresnak direla, eta tresna erabilgarria izango bada edozein egoeratarako gaitu behar dugula; egia da halaber atzo bertan elkarrizketatu omen zutela guardia zibil bat euskaraz ETBn. Dudarik ez. Baina hala ere...
Ez da konbersoa, lehendik zen halakoa
Joan den astean Arzalluz entzuten izan nintzen, Ordizian eman zuen hitzaldi batean. 1977an uste dut ikusi nuela lehen aldiz, Beasaingo batzokian eman zuen mitinean; nik, 13 urte bete berriekin, jakin-mina izango nuen, bestela ez dut uste oso jeltzalea nintzenik, orduan ere. Inpresio handia egin zidan egun hartan, eta geroztik 28 urtean berriz ikusi ez badut ere, beti izan dut begiko: bere indarra, bere keinuak, isilaldi esanguratsu horiek... Politikari eta estatu-gizon moduan baloraziorik ematen ez nintzateke ausartuko, baina hizlari moduan inguru hauetako onena, diferentzia handiz. Erdaraz hobea betiere euskaraz baino, baina Ordiziako horretan euskara hutsez jardun zuen, eta ondo. Espero nuena baino hobeto.
Kontalari on guztien antzera, gaiztakeriak kontatzen da artista, eta egun horretan perla batzuk izan zituen Joseba Arregirentzat. Nik, beste noizbait ere esan dut, batere kariñorik ez diot andoaindarrari, baina gauza bat neukan buruan, hitzaldia amaitzean Imanol Murua Uriari aipatu niona eta berak bere blogean kontatu duena: Arregik sekulakoak egin eta esan zituela euskaltzaleen kontra euskal gobernuan egon zen aldi guztian (dozena bat urte bai behintzat), eta bitarte luze horretan alderdiaren babes osoa izan zuela, kanpora begira behinik behin.
Konbersotzat-edo tratatu zuen Arzalluzek Arregi, orain alderdiaren kontra jesukristorenak botatzen dituela-eta. Konbersoa figura inportantea izan da euskal politikan, pentsa bestela zenbat jende pasa den armak eskuan independentzia eta sozialismoa defendatzetik, Espainiaren batasuna sutsu aldarrikatzera; horretaz, baina, hurrengo batean akaso. Arregi, ordea, nik esango nuke ez dela inondik ere konbersoa izan.
Izatekotan, gaztetan gertatuko zitzaion halako iritzi-aldaketa, Joxe Azurmendiren eskutik Alemaniara ikastera joan zenean-edo. Rikardo Arregi anaia zendu berriaren itzala handiegia gertatuko zitzaion edo auskalo; ez naiz hasiko hipotesi psikoanalitikoak egiten. Kontuak kontu, 80ko hamarkadaren lehen erdian hizkuntza-politikako arduradun izendatu zutenetik, bere idatzi eta hitzetan anti-euskalduntasun eta anti-abertzaletasun sakon eta errotiko bat igartzen zitzaion.
Orduan ezker abertzaletik hurbil zebiltzan kultur taldeak Gasteizko gobernuaren aurrean bide para-instituzional bat eraiki nahian zebiltzan, indartsu, eta esan liteke neurri batean EAJri ondo zetorkiola Arregi bezalako bat: hiztun trebe eta konplexugabea, komunista, alternatibo eta bestelako belar txarrei egurra suelto banatuko ziena. Gero, baina, hazi eta hazi egin zen piztia. Momentu batean Ardanzaren ordezkotzarako ere aipatu zen, baina alderdian konturatu ziren, nonbait, ez zela oso fidatzekoa birigarro hura.
Lehengo lagun eta bidaideei egiten die orain zaunka txakurrak, PSOEko nagusi berriaren pozerako, baina dabiltzala kontuz sozialistak, gutxien uste dutenean egingo baitie hozka eskuan. Izan ere, zer du sozialistatik Joseba Arregiren diskurtsoak eta pentsaerak? Bueno, pentsatzen jarrita, PSEko kargudun gehienen benetako pentsaerak ere...
Spielberg, ekologismoaren bultzagile
Aurten betetzen ditu hogeita hamar urte Steven Spielberg-en "Jaws" filmak, Tiburoi mitikoak. Zinemaren historian izan duen garrantziaz mintzatuko dira beste nonbait; nik hemen film horrek ekologismo modernoaren garapenean izandako garrantzia aipatu nahi dut.
"Jaws" film ekologista?, galdetuko du baten batek harrituta. Berez ez, baina segi irakurtzen eta ulertuko duzue nire arrazoibidea. Film horretan niri batez ere lehenengo partea gustatzen zait. Bigarrenean marrazoarekiko borroka erakusten zaigu, hiru gizon urontzian eta eskualoa uretan, nork nor akabatuko, "Moby Dick" berri baten antzera. Lehen parte, osoan, baina, itsasoko piztia ez da inoiz ageri; hark ikusten duena ikusten dugu (kamera subjektiboaren erabilera zoragarriaz), eta haren zauskadaren ondoren ur gainean geratutako puspuiluak, beste aztarnarik ez.
Amity izeneko uhartean gertatzen dira erasoak, turismo-garaia hasteko zorian dago eta herriko alkateak ez du nahi, inondik ere, negozioak erreka jotzea. Zoragarria da alkatearen rola, bigarren mailakoa izan arren benetako funtsa ematen diona pelikulari, jendea lasaitu nahian une oro: marrazoa ez baizik helize bat izango zela gorpu hau txikitu duena esango du aurrena, gero marrajotxu bat harrapatu dutenean munstroa ehizatu dutela, hurrena prest egongo da bera eta bere etxekoak uretan inor baino lehenago sar daitezen, mamuarekiko beldurra uxatzearren.
Eta jakina, ikusleak badaki mamua agertu agertuko dela, eta bere azioak egingo dituela. Eta tragediako pertsonaia abaildua ikusten dugu orduan alkatearengan: ahal zuen guztia egin du berak, bere borondate on guztiarekin, baina alferrik.
Harrez geroztik, osasun publikoari dagokion edozein arazoren aurrean agintariren bat lasaitasun eske mintzatzen denean, ezin burutik kendu "Jaws" hartako alkatea. Zentral nuklearreko arduradun bati aditzen diozu esanez ez dagoela inolako arriskurik eta barrutik pentsatzen duzu: "Zer esango duzu ba zuk?".
Berdin da gainera arrazoia non dagoen: Gipuzkoako erraustegien eta Boroako zentralaren kasuetan nik ez daukat iritzi garbirik, baina instituzioetako karguen hitzak, nahi ezta ere, komenientziazkoak eta gezurtiak begitantzen zaizkit beti, Spielberg-en erruz edo merituz.
