Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Modaren tirania

Modaren tirania

xme 2005/11/14 11:37

Joan den larunbatean Aiherran izan nintzen, Larrabetzuko bbk-ren (Bihotz Bakartien Klubaren) Literatura Eskolako saioa izan baikenuen han. Gaia: Sartre, Camus, existentzialismoa. Maisu eta irakasle: Emilio Lopez Adan "Beltza". Eguraldi zakarra eta zakurra baina guk giro goxoa izan genuen landetxe eder batean.

Beltzaren jarduna, txapela kentzeko modukoa: alderdi politiko, literario eta filosofikoak konbinatuz, testuinguru historikoa gogoan hartuz, eztabaida eta gogoetarako gaia proposatuz... Ez naiz egun osoan esandakoak bost lerrotan laburtzen saiatuko; bazkalondoko solasaldian irten zen gaietako bati helduko diot, hortik ateratzeko gaurko hizpidea.

Sartre eta Camusen literatur lanak, batez ere, beren ideien garapen eta agerpide direla-eta, gazte batek mahai gainean jarri zuen Ibon Sarasolak Saizarbitoria eta Txillardegiren nobelagintza konparatuz egindako kritika: hots, Txillardegiren lehen nobelak berrikuntza handia ekarri zuela euskal literaturara, baina ondokoak (Peru eta Elsa) egilearen ideien azalpenera mugatzen zirela.

Egia da Txillardegirentzat nobelak bere ideien agerpen direla (Sartreren jarraitzaile fina da horretan ere). Konstatazio bat da. Horren gainean Sarasolak egindako balorazioak, berriz, zalantzak pizten dizkit. Joera handia baitago gure artean halako edo holako literatura "behar" dela esateko. Zergatik modu batekoa eta ez bestelakoa? Ez al da murriztailea eta pobretzailea gauzak horrela planteatzea?

Sarasolak berak, Aresti hil eta gero argitaratutako lan batean, "Maldan behera" jo zuen maisulantzat, eta "Harri eta herri", berriz, jende xehearentzako errazkeriatzat ia-ia. Gaur eguneko talaiatik, biei aitortuko genieke kalitate gorena, baina esango nuke "Harri eta herri"k beste dohain bat izan zuela, horrez gain: irakurleen eta oro har euskal jendearen une hartako kezkekin bat egitea.

Pentsamendua lantzen duen literatura, emozioak eragin nahi dituena, bilaketa formalean saiatzen dena... denetik behar dugula iruditzen zait, eta edozein joeratan aurki litezke perlak eta lardaskeriak. Nork bere senari eta gustuei jarraitu behar, modaren tiraniari ezikusia eginez. Direla sortzaileen arteko modak, direla kritikarien artekoak.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.