Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Karakolaren barruan (I)

Karakolaren barruan (I)

xme 2005/11/15 10:55

(Bueno, lagunok, aspertu naiz egunero zeresana bilatzen eta sermoitxoa botatzen. Orain dela egun batzuk haurrentzako ipuin bat kaleratu berri didate, eta horixe bera botako dizuet hemen, atalka, datozen egunetan. Jokin Mitxelenaren marrazki ederrak faltako ditu baina)

Lehenengo atala: Igandeetan amonarenean

Ni txikia nintzenean (hiru, lau, bost urte nituenean eta hola), amonaren etxera joaten ginen igandeetan. Hura izaten zen amatxoren egun libre bakarra, amak denda batean egiten baitu lana, eta larunbatetan ere lanera joaten baita.

Igandeetan, hortaz, goizean amatxok esnatu eta esaten zidan:

"Gaur nora goaz, Iker?

"Amonaren etxera! "esaten nuen nik, Txanogorritxoren ipuinean bezala.

Baina ipuin honetan ez da aterako oraindik otsorik, ez basorik. Geure gauzak autoan sartu eta, burrun-burrun, amonarenera joaten ginen zuzenean.

Han, ama eta amona sukaldean sartzen ziren, bazkaria prestatzera eta beren arteko gauzez txutxu-mutxuka hitz egitera. Eta ni parkera bidaltzen ninduten jolastera:

"Ea, Iker, segi parkera "esaten zidan amak.

"Jo, nik hemen gelditu nahi dut.

"Tori, goxokiak erosteko "esaten zidan amonak.

Berrogeita hamar xentimo ematen zidan, eta haiekin gominolak eta txikleak erosten nituen nik parke ondoko kioskoan. Amak ez zidan uzten goxokirik jaten, baina amonarekin libre zen.

Goxokiak erosi eta gero parkean ibiltzen nintzen: txirristan, zabuan eta abar. Baina han ez neukan lagunik (Maitane, Gorka, Ainhoa, Josu) eta aspertu egiten nintzen ni bakarrik. Hortaz, amonaren etxera itzultzen nintzen handik pixka batera.

"Kaixo, hemen nago.

Amonak oilaskoa prestatzen zuen igandero; aurretik entsaladaren bat edo beste edozer, eta amaitzeko beti flana. Amonaren flana bezalakorik ez dago munduan, eta beti galdetzen zidan:

"Flanari karamelo asko edo gutxi botako diot, Iker?

"Asko-asko "esaten nion nik beti.

Gero, nola amak eta amonak beren gauzez hitz egiten segitzen zuten, ni gelaz gela hasten nintzen, jolasteko zerbaiten bila, eta beti amonaren logelan amaitzen nuen, hantxe baitzegoen, tokadorearen gainean, itsas karakola.

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.