Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Karakolaren barruan (IV)

Karakolaren barruan (IV)

xme 2005/11/18 08:00

(Kontatzeko gauza pila dudala konturatzen naiz: ostegun iluntzean hitzaldi bat eman behar dut, ostiralean aurkezpen batera noa, gero lagunarteko afaria... Baina isiltasuna ere ez da mezu txarra. Hortaz, abaila hartu dudanez, haur ipuinarekin jarraituko dut. Hau trantsizioko atal bat da)

Laugarren atala:. Inguruko hotsen gordetzailea

Hori guztia aspaldi izan zen, ni artean txikia nintzenean (bost edo sei urte). Orain zortzi urte dauzkat eta handia naiz.

Amona hil eta gero igandeetan batera edo bestera joaten ginen egun-pasa. Batzuetan amatxok flana egiten zuen, eta ez zitzaion amonari bezain goxoa ateratzen, baina nik ez nion ezer esaten.

Egun batean amonaren etxera joan ginen, izeba Lourdesekin. Amak esan zidanez, etxea saldu egin behar zuten eta, aurretik, balio zuten gauza guztiak jaso behar ziren.

Ama eta izeba armairuetan begira zebiltzan bitartean, ni amonaren logelara joan nintzen, itsas karakola han ote zegoen ikustera. Han zegoen, bai, betiko tokian.

Hartu nuen karakola, eraman nuen belarrira, eta bai, han jarraitzen zuen karakolaren magiak: naufragioan hondoratutako itsasontzien kulunka, itsas lamien xuxurla, algen mugimendu firfiratsua

"Iker, non zabiltza? "entzun nuen amatxoren ahotsa". A, hemen zinen.

Amonaren oroigarriren bat eraman nahi banuen orduan esateko agindu zidan amak, gero berandu izango zela-eta.

"Karakola eramango dut "esan nuen.

"Hiri berdin zain, ezta Lourdes? "galdetu zion amatxok izebari.

"Bai, neska, nahiko traste bazeukanat bestela ere etxean.

Horrela ekarri genuen geure etxera itsas karakola, eta neure logelan jarri nuen, liburuentzakko apalaren erdian.

Gauero ipintzen nuen belarri ondoan, eta han entzuten nituen itsas hondoko zarata misteriotsu haiek, baina baita amonaren etxeko hotsak ere: amonaren erratza, sukaldean piztuta edukitzen zuen irratiaren marmara, pasilloan ibiltzen zeneko pauso isilak

"Nola liteke amonaren etxeko hotsak entzutea? "galdetu nion amari.

"Hori da karakolak bere inguruko hotsak gordetzen dituelako barruan: itsasokoak aurrena, amonaren etxera joan arte, eta amonaren etxekoak orain, guregana etorri denean.

Horregatik entzuten zituen amonak aitonaren mezuak ere. Noski!

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.