Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Itzulpenaren mugak

Itzulpenaren mugak

xme 2005/11/11 10:33

Egunotan egin da Jokin Zaitegi sariketaren deialdia, aurtengo literaturako Nobel saridun Harold Pinterren obra euskaratzeko.

Beka-sari horren antolaketa dela-eta, Pinterren hainbat antzerki-lan irakurtzen ibili naiz, egokienak-edo iruditzen zitzaizkidanak aukeratzeko. Pertsonen arteko komunikazioaren ezinak eta arrakalak agertu ohi dira haren antzezlanetan, eta oro har ez du itzultzeko arazo berezirik: laburrak ditu esaldiak, hizkuntza egunerokoa, isilune ugari...

Bada Pinterren lanen artean bat oso bestelakoa, eta euskaldunoi bereziki interesa dakigukeena: "Mountain Laguage" du izena, eta hor aldatu egiten da ohiko gaia: ez senar-emazteen krisirik, ez lagunarte txiki bateko gorabehera txikirik: militarra, presoak, presoen senideak agertzen dira bertan. Leku-garaiak ez dira zehazten, baina pentsa daiteke garaikidea dela (1988koa da obra) eta tokia, berriz, gatazka armatua eta etnia zapaldu bat dauden lekuren bat. Hizkeragatik eta jarrerengatik, gehiago dirudi Guatemala edo Kurdistan, Europa mendebaldeko etnia zapaldu eta gatazkadun bat baino.

Europa mendebaldeko etnia zapaldu eta gatazkadun horretakook, hala ere, oso hurbil senti ditzakegu bertako zenbait kontu. Adibidez, momentu batean militar bat hala mintzo zaie beren ahaide presoak bisitatzera doazen emakumeei:

"Entzun hau ondo: mendiko jendea zarete zuek. Aditzen didazue? Zuen hizkuntza hil da. Debekatuta dago. Hemen ezin da egin mendiko hizkuntza. Ezin diezue zuen hizkuntzan egin zeuen gizonei. Ez dago baimenduta. Aditu duzue? Ezin duzue zuen hizkuntzan egin. Debekatuta dago. Hiriburuko hizkuntzaz baizik ezin duzue egin. Hori da hemen baimendutako hizkuntza bakarra. Zigor gogorra izango duzue hemen mendiko hizkuntza egin nahi izanez gero. Dekretu militarra da. Legea da. Zuen hizkuntza debekaturik dago. Hilda. Inori ez zaio baimentzen zuen hizkuntzaz egitea. Zuen hizkuntzarik ez dago dagoeneko. Galderarik?"

Itzultzeko arazorik ez, baina barruan zerbaitek krak egiten dizu. Hau da, diskurtso hori erraz imajina dezakezu espainolez, presoen senide maia, aimara, ketxua nahiz euskaldunei zuzendua. Edo ingelesez, frantsesez, turkoz, txinoz... Baina hizkuntza txiki horietako batean... Egia da hizkuntzak tresnak direla, eta tresna erabilgarria izango bada edozein egoeratarako gaitu behar dugula; egia da halaber atzo bertan elkarrizketatu omen zutela guardia zibil bat euskaraz ETBn. Dudarik ez. Baina hala ere...

etiketak: Editore lanak
patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/11/12 20:55

"...egia da halaber atzo bertan elkarrizketatu omen zutela guardia zibil bat euskaraz ETBn."

Alkarrizketatu eben, bai horixe. Eta egia da era berean Opus Dei-k webgunea 50 hizkuntza baino gehiagotan deukola atonduta, tartean, Lingua Navarrorum geurea Ta-txan!!

PD Portzierto, esteka bat ipini dozu! Ekarri asko, Mendigreen!

Unai
Unai dio:
2005/11/14 16:53

Guardi zibilaren euskara maila oso kaxkarra zen. "Bai" "ez" "ondo" "gaizki" eta horrelako hitzez gain ez zuen askorik esan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.