Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ez da konbersoa, lehendik zen halakoa

Ez da konbersoa, lehendik zen halakoa

xme 2005/11/10 11:43

Joan den astean Arzalluz entzuten izan nintzen, Ordizian eman zuen hitzaldi batean. 1977an uste dut ikusi nuela lehen aldiz, Beasaingo batzokian eman zuen mitinean; nik, 13 urte bete berriekin, jakin-mina izango nuen, bestela ez dut uste oso jeltzalea nintzenik, orduan ere. Inpresio handia egin zidan egun hartan, eta geroztik 28 urtean berriz ikusi ez badut ere, beti izan dut begiko: bere indarra, bere keinuak, isilaldi esanguratsu horiek... Politikari eta estatu-gizon moduan baloraziorik ematen ez nintzateke ausartuko, baina hizlari moduan inguru hauetako onena, diferentzia handiz. Erdaraz hobea betiere euskaraz baino, baina Ordiziako horretan euskara hutsez jardun zuen, eta ondo. Espero nuena baino hobeto.

Kontalari on guztien antzera, gaiztakeriak kontatzen da artista, eta egun horretan perla batzuk izan zituen Joseba Arregirentzat. Nik, beste noizbait ere esan dut, batere kariñorik ez diot andoaindarrari, baina gauza bat neukan buruan, hitzaldia amaitzean Imanol Murua Uriari aipatu niona eta berak bere blogean kontatu duena: Arregik sekulakoak egin eta esan zituela euskaltzaleen kontra euskal gobernuan egon zen aldi guztian (dozena bat urte bai behintzat), eta bitarte luze horretan alderdiaren babes osoa izan zuela, kanpora begira behinik behin.

Konbersotzat-edo tratatu zuen Arzalluzek Arregi, orain alderdiaren kontra jesukristorenak botatzen dituela-eta. Konbersoa figura inportantea izan da euskal politikan, pentsa bestela zenbat jende pasa den armak eskuan independentzia eta sozialismoa defendatzetik, Espainiaren batasuna sutsu aldarrikatzera; horretaz, baina, hurrengo batean akaso. Arregi, ordea, nik esango nuke ez dela inondik ere konbersoa izan.

Izatekotan, gaztetan gertatuko zitzaion halako iritzi-aldaketa, Joxe Azurmendiren eskutik Alemaniara ikastera joan zenean-edo. Rikardo Arregi anaia zendu berriaren itzala handiegia gertatuko zitzaion edo auskalo; ez naiz hasiko hipotesi psikoanalitikoak egiten. Kontuak kontu, 80ko hamarkadaren lehen erdian hizkuntza-politikako arduradun izendatu zutenetik, bere idatzi eta hitzetan anti-euskalduntasun eta anti-abertzaletasun sakon eta errotiko bat igartzen zitzaion.

Orduan ezker abertzaletik hurbil zebiltzan kultur taldeak Gasteizko gobernuaren aurrean bide para-instituzional bat eraiki nahian zebiltzan, indartsu, eta esan liteke neurri batean EAJri ondo zetorkiola Arregi bezalako bat: hiztun trebe eta konplexugabea, komunista, alternatibo eta bestelako belar txarrei egurra suelto banatuko ziena. Gero, baina, hazi eta hazi egin zen piztia. Momentu batean Ardanzaren ordezkotzarako ere aipatu zen, baina alderdian konturatu ziren, nonbait, ez zela oso fidatzekoa birigarro hura.

Lehengo lagun eta bidaideei egiten die orain zaunka txakurrak, PSOEko nagusi berriaren pozerako, baina dabiltzala kontuz sozialistak, gutxien uste dutenean egingo baitie hozka eskuan. Izan ere, zer du sozialistatik Joseba Arregiren diskurtsoak eta pentsaerak? Bueno, pentsatzen jarrita, PSEko kargudun gehienen benetako pentsaerak ere...

etiketak: Saski Naski
Aitor Perez
Aitor Perez dio:
2005/11/11 12:01

Apa xabier!

Ez duk blogari buruzko ezertarako idazten dudala. Bihar geratuko gara joateko Aiherrara? Goizean, Sarara joateko geratu ginen zubi azpian nahi baduzu, ordua zuk nahi duzuna bota.

Aber zortea dudan mezu honekin, ostirala da goizeko 10ak, hemen edukiko naute atsaldeko 5ak arte, irakurri ezkero ba...

bestela gauen deituko zaitut

xme
xme dio:
2005/11/11 12:10

A ze gauzatarako erabili daitezkeen blogak!

Zubi azpian egon 9:15ean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.