Karakolaren barruan (II)
(Haur-ipuinarekin segituko dut, zuei denoi horretarko adina pasa bazaizue ere. Bestelakoak idazten hasteko ez astirik ez gogorik gabe nabil, egia esanda)
Bigarren atala: Karakola magiko bat
Karakola hura, geroago deskubrituko nuenez, magikoa zen. Beno, neurri batean itsas karakola guztiak dira magikoak: jartzen dituzu belarri ondoan eta itsas barruko hotsak entzuten dituzu, nahiz eta benetan itsasotik kilometro askotara egon, ni amonaren etxean nengoen bezala.
Karakola belarri ondoan jarri, begiak itxi eta itsasoaren azpian nengoela imajinatzen nuen, buzeatzen, bizkarrean oxigeno botila bat, aurpegian uretako betaurrekoak eta eskuetan arpoia neukala.
Kontuz, marrazo bat zure atzean!, abisatzen zidan barneko ahots batek.
Orduan nik buelta eman eta, azken segundoan, marrazoa bere aho hortzez betea zabaltzen ari zenean, zasta!, arpoia sartzen nion eztarriaren barruraino.
Uf! Ederra eskapada!, esaten zidan barruko ahotsak.
Egun batean, marrazoen kontrako borroka hartan nenbilela, amona agertu zen logelan, gauzaren baten bila.
"Hemen al zeunden?
"Bai "esan nion, pixka bat lotsatuta.
"Karakolarekin jolasean?
"Bai. Belarrian jarrita itsasoa aditzen da "esan nion, horrelaxe azaldu baitzidan amatxok karakola erakutsi zidan lehenengo egunean.
"Jakina! Aitonak ekarri baitzidan itsasoko bere bidaietako batetik.
Ni isilik geratu nintzen: banekien, amatxok esanda, aitona aspaldi hil zela, eta pentsatzen nuen amona triste jarriko zela hartaz oroitzean.
Baina ez zegoen triste, inola ere:
"Oraindik ere "esan zidan", aitonarekin hitz egin nahi dudanean, karakola hartzen dut, eta horrela jakiten dut ze itsasotan dabilen, eta zer moduz dagoen.
"Eta ezin diozu telefonoz deitu? "galdetu nuen.
"Urrutiko itsaso horietan ez dago telefonorik, ez Internetik. Baina itsas karakola belarrian jarrita, ezin hobeto aditzen ditut ekaitzak, arrainak, olatuak eta baita aitonaren mezuak ere.
Hala esan zidan amonak, eta ni zalantzan geratu nintzen, sinetsi edo ez: nik ere itsasoko hots haiek denak aditzen banituen, zergatik ez zuen amonak aitonarekin hitz egingo?