Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Spielberg, ekologismoaren bultzagile

Spielberg, ekologismoaren bultzagile

xme 2005/11/09 09:04

Aurten betetzen ditu hogeita hamar urte Steven Spielberg-en "Jaws" filmak, Tiburoi mitikoak. Zinemaren historian izan duen garrantziaz mintzatuko dira beste nonbait; nik hemen film horrek ekologismo modernoaren garapenean izandako garrantzia aipatu nahi dut.

"Jaws" film ekologista?, galdetuko du baten batek harrituta. Berez ez, baina segi irakurtzen eta ulertuko duzue nire arrazoibidea. Film horretan niri batez ere lehenengo partea gustatzen zait. Bigarrenean marrazoarekiko borroka erakusten zaigu, hiru gizon urontzian eta eskualoa uretan, nork nor akabatuko, "Moby Dick" berri baten antzera. Lehen parte, osoan, baina, itsasoko piztia ez da inoiz ageri; hark ikusten duena ikusten dugu (kamera subjektiboaren erabilera zoragarriaz), eta haren zauskadaren ondoren ur gainean geratutako puspuiluak, beste aztarnarik ez.

Amity izeneko uhartean gertatzen dira erasoak, turismo-garaia hasteko zorian dago eta herriko alkateak ez du nahi, inondik ere, negozioak erreka jotzea. Zoragarria da alkatearen rola, bigarren mailakoa izan arren benetako funtsa ematen diona pelikulari, jendea lasaitu nahian une oro: marrazoa ez baizik helize bat izango zela gorpu hau txikitu duena esango du aurrena, gero marrajotxu bat harrapatu dutenean munstroa ehizatu dutela, hurrena prest egongo da bera eta bere etxekoak uretan inor baino lehenago sar daitezen, mamuarekiko beldurra uxatzearren.

Eta jakina, ikusleak badaki mamua agertu agertuko dela, eta bere azioak egingo dituela. Eta tragediako pertsonaia abaildua ikusten dugu orduan alkatearengan: ahal zuen guztia egin du berak, bere borondate on guztiarekin, baina alferrik.

Harrez geroztik, osasun publikoari dagokion edozein arazoren aurrean agintariren bat lasaitasun eske mintzatzen denean, ezin burutik kendu "Jaws" hartako alkatea. Zentral nuklearreko arduradun bati aditzen diozu esanez ez dagoela inolako arriskurik eta barrutik pentsatzen duzu: "Zer esango duzu ba zuk?".

Berdin da gainera arrazoia non dagoen: Gipuzkoako erraustegien eta Boroako zentralaren kasuetan nik ez daukat iritzi garbirik, baina instituzioetako karguen hitzak, nahi ezta ere, komenientziazkoak eta gezurtiak begitantzen zaizkit beti, Spielberg-en erruz edo merituz.

etiketak: Saski Naski
matxalde
matxalde dio:
2005/11/09 12:40

Politikoak eta gainerakoek tribua osatzen dute, gurean eta guretik kanpo... TRIBUROIAK dira. Esakerak dion bezala "Sinistu? Popan txistu"

Patxi
Patxi dio:
2005/11/09 13:50

Nola ez gera ba sinisgogorrak izango?

Ari direla ari direla dioten bitartean...

Gaur goizean hartutako irudiak dira, Zumarraga-urretxu eta Legazpin. Erreka, beltz beltza, olioz beteta. Egunero dator, baina gaur erreka hazita nola zetorren ba... Barra libre!

http://tinyurl.com/e2rjb

Jontsu
Jontsu dio:
2005/11/09 14:03

Aurreko batean, Gorlizko malekoian bi gazte ikusi nituen arrantzan euren kainabera dotoreekin. Azaroaren 1a zen eta itsasoan arrosak zeuden, hantxe, ia geldi-geldi urazalean: norbaiten omenez botatakoak ziren inondik ere. Omendua nor izan zitekeen pentsatzen ari nintzela, zalapartaka hasi ziren ume batzuk: arrantzaleetako batek arrain bat harrapatu zuen. Arrantzalea lehorreko "itsas-gizona" izango zen zeren ez baitzekien zer harrapatu zuen. Duda egiten zuen, eta duda egiten zuen ez zuelako sinisten ikusten ari zena: "marrazo bat dirudi, baina nola liteke hemen marrazo bat?" Ondoan zeukan kainaberaduna hurbildu zitzaion eta "bai, marrazo bat da, txiki-txikia. Ze bitxia! Hemen marrazo bat". Nik ere marrazo tankera hartu nion, baina ez nuen ezer esan. Oso txikia zen, kumea; zer izango zituen bada, 60 cm?

Bost ajola zitzaion kumetxoari hangoen jardun txolina. Mutikoetako batek eskuko telefonoa atera eta argazkia egin zion marrazoari. Arrantzalea, berriz, penatan: "Beste batzuetan argazki-kamera ekartzen dut, baina gaur ez dut ekarri". Pena zuen mutikoak, baina min handiagoa zuen marrazotxoak, eta kainaberatik askatu arteko onik ez zuen izan. Eta hantxe gelditu zen lurrean, amua ahoan zuela. Mutikoetako batek eskua luzatu zuen "munstroa" hartzeko asmoz, baina bigarren arrantzaleak esan zion: "Ezta okurritu ere, oso arriskutsua da!". Nik neure artean "Bale, hortzak oso zorrotzak ditu, baina arriskutsua 60 cm. eskas dituen kumetxo bat?" Animaliak, bistakoa zen, itsasora itzuli nahi zuen, eta bazirudien Hildako Guztien Egunean zenduko zela koitadua.

Euria hasi zen, eta handik alde egin nuen umeak, arrantzaleak eta marrazoa bertan utzita. Askotan pentsatu dut aipatutako beldur horren errudun nagusienetako bat ez ote den Spielberg-en pelikula mitikoa. Hori batetik, eta bestetik, zergatik ez genuen ezertxo ere egin bake santuan igerian zebilen animaliatxoa itsasora itzultzeko? Ez dakit "munstroarekin" zer gertatu zen, baina badakit hilda ere inork ez zituela haren omenez arrosa gorriak botako olatu artera. Spielberg, ekologismoaren bultzagile? Ez dakit ba!

Ahab
Ahab dio:
2005/11/09 14:15

Spielberg, ekologismoaren bultzagile ?

Ez dakit ba ...

http://en.wikipedia.org/wiki/Great_white_shark#Conservation_status

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.