Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Karakolaren barruan (III)

Karakolaren barruan (III)

xme 2005/11/17 13:03

(Aspertzen hasita dauzkadan fan sutsu horie: pazientzia. Zortzi atal dira guztira. Eta gaurkoan gainera gauzak gertatzen dira)

Hirugarren atala: Amona ospitalean

Egun batean amona gaixotu egin zen. Igandean ez ginen haren etxera joan oilaskoa eta flana jatera. Horren ordez, ospitalera joan ginen bisitan. Lehenbiziko aldia zen ospitale batera nindoana eta nahiko beldurtuta nengoen, hango joan-etorri, gaixo, erizan, usain eta tramankulu guztiekin. Dena dela, amatxok esan zidan lasai egoteko:

"Badakizu nola gabonetan gaixo egon zinen sukarrarekin? Ba, amona ere berdin. Eta ospitalera ekarri dute hobeto sendatzeko.

Hortaz, nahiz eta amonak gaixo itxura eduki, nik aupegi ona jarri eta muxu handi bat emateko.

"Kaixo, amona, zer moduz? "galdetu nion, amak adierazi zidan bezala.

"Hementxe, tirri-tarra. Ea noiz uzten didaten etxera joaten, flan handi bat prestatzeko, karamelo askorekin.

Egun hartan ez nintzen joan parkera, ez goxokiak erostera. Amonaren ohearen ondoan egon ginen denbora guztian, eta ni pixka bat aspertu nintzen. Eta, kotxea hartu genuenean etxera itzultzeko, amatxok gorrituta zeuzkan begiak.

"Zer gertatzen zaizu? "galdetu nion.

"Ezer ez, maitea. Goazen etxera.

Hurrengo asteetan ere ez ginen amonaren etxera joan: amatxo joaten zen ospitalera, ni lagunekin utzita: egun batean Maitaneren etxean, hurrengoan Gorkarenean eta horrela.

Zain nengoen ni amona noiz sendatuko, igandean oilaskoa eta flana jateko eta karakolarekin buzeatzera jolasteko, baina amona ez zen sendatu.

Egun batean eskolara bila etorri zitzaidan ama. Ni pozik jarri nintzen hasieran, zerbait berezia zelakoan, baina berehala konturatu nintzen amatxo serio eta triste zegoela, eta ez nintzen ausartu ezer galdetzera.

Tanatorioa izeneko toki batera joan ginen, eta han jende pila bat zegoen, denak serio eta asko negarrez, eta erdian kutxa beltz bat zegoen, eta kutxaren barruan amona.

"Amona! "esan nuen, eta niri ere negargura sartu zitzaidan, orduan konturatu nintzelako hilda zegoela.

Han zeuden guztiak, osaba-izebak eta ezagutzen ez nituen beste asko, muxuka hasi zitzaizkidan, eta indartsua izan behar nuela esan zidaten, eta mutiko handia nintzela, eta baten batek goxokiak ere eman zizkidan, baina nik orduan ez nuen goxokirik nahi: amonarekin nahi nuen, eta ezinezkoa zen amonarekin gehiago egotea.

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.