Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Geografia-ikasgaia

xme 2005/02/14 09:32

Iñigo Aranbarriri

Hizlandia egitera jolastuko naiz gaur, kazetetako hutsak agerian jartzera.

Azken Aizu! hartu, eta elkarrizketa txiki bat Jose Luis Mendilibar Eibar taldeko entrenatzailearekin (elkarrizketa luzea Agurtzane Ormatza sexologoari egin diote, eta mamitsua atera zaie zinez). Gatozen Mendilibarrengana ordea.

Hasieran bere fitxa: "Zaldibian jaioa (1961)". Zaldibar esan nahiko zuen, ezta?, pentsatzen du batek berehala. Barkabera jarriz gero, errata dela pentsatzen duzu ondoren. Gaizto jarriz gero, berriz, goierritarroi euskal gauzetan leporatu ohi diguten inperialismo zabar hori ote dagoen. Bada hirugarren aukera bat: deskuidoan Zaldibian jaioa izatea, nahiz gero handik alde egin.

Elkarrizketa barruan, baina, desegin egiten dira posibilitate horiek guztiak: Mendilibarrek berak dio gaztetan pilotan ibiltzen zela, eta birritan atera zela Bizkaiko herri artekoan txapeldun, Zaldibiarekin. Bizkaiko herri artekoan Zaldibiarekin! Erratarik ez, deskuidoko jaiotzarik ez, eta goierritarren inperialismorik ere ez. Kazetariak ez daki Zaldibar existitzen denik ere, eta Zaldibia berriz oso toki euskaldun eta exotikoa irudituko zaio, Mendilibar bezala mendebaldeko euskaraz primeran mintzatzen den tipo bat pilotan aritzeko modukoa.

Aizu! euskara-ikasleentzako aldizkaria da, baina, baten batek aspaldi esan zuen bezala, euskara gutxi daki euskara besterik ez dakienak.

Injustiziak konpontzen hasita...

xme 2005/02/11 08:00

"Misiolari baten moduan" hasten da Txirritaren bertso-sorta zoragarri bat, "Proportziyo bat izandu nuen" izenez ezagutu ohi dena. Misiolari horiek zer diren nik ez dut ezagutu izan, eta gazteagoek aditzerik ere ez: Afrikara gabe, herriz herri sermoigintzan aritzen ziren fraideak izaten ziren, beren hitz suharrez gure guraso zintzo eta inozenteei infernuaren beldurra sartzen espezialistak.

Beste berri on klase batekin, "misiolari baten moduan" ibiltzen dira gaurko bertsolariak plazarik plaza, eta idazleok ere bai, noizbehinka. Badut nik lankide bat, inora hitzaldi bat ematera joan behar duenean bertso horiek kantari hasi ohi dena: "Misiolari baten moduan / joan dan lau hilabetian..."

Gure misioak eskoletan egin ohi ditugu, gehienbat. Halako ikastola edo institututik deitu digutela-eta, hara goaz, gure liburua irakurri duten neska-mutilak toreatzera, ilustratzera edo dena dela. Eginkizun gazi-gozoa izaten da, niretzat behintzat. Batetik poztu egiten zara, egiazko irakurleak ezagutzeko irrikaz egoten baita idazlea maiz; bestetik, baina, erdi entretenigarri erdi leziatzaile sentipen bat sortzen zaizu, zeure tokian ez zaudelako irudipena edo. Antzeko sentimenduak izango zituzten tarteka egiazko misiolariek, bertsolariek eta batetik bestera dabiltzan komeriante guztiek ere.

Nik gaur egin dut urteko lehen misioa, Hondarribiko Talaia eskolan, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako neska-mutilekin. Saioa, ondo. Gaztetxoak, jator. Baina, berriketaldiaren aurretik eta ondotik, beste kontu bat neukan nik gogoan, orain dela hilabete batzuk herri hori askoren ahotan ibili zuena, eta "bullying" berba ikasarazi ziguna.

Ez naiz holakoez idatzi zale. Berez sakon eta mingarri diren uretan axaletik ibiltzen baikara ia beti, topikoen arraunekin. Axalkerietan demasa iruditu zitzaidan Lamarka arartekoak orain dela aste batzuk botatakoa: gai horren inguruko txostena egin omen zuen, eta neurri batzuk proposatu, ez bakarrik eskolako tratu txarrak amaitzeko, baizik eta, horrez gain, baita eskolan izaten diren trufa eta irainak ere.

Hori aditu nuenean burura etorri zitzaidan borondate on bezain entendimendu gutxiko errege hura, basapiztien artean gertatzen ziren bidegabekeriek errukituta arau zorrotza plazaratu zuena, axeriak ez zezan oilorik jan, ez otsoak ardirik, ez zapelatzak usakumerik.

Lamarka jaunak ahaztuta izango ditu beharbada bere eskola-garaiak, edo oraindik bizi-bizi oroitzen ditu eta orduan egin zizkioten ezegitekoak nahiko lituzke konpondu. Nolanahi dela, ez da giza jokaeretan aditua izan behar jakiteko besteari (diferenteari, ahulari, gizajoari) barre eta kalte egiteko joera berezkoa dugula gizon-emakumeok, taldean behintzat, eta are nabarmenago ikusten dela hori umetan, hezkuntzaren errepresioak gure sen jator eta zitalak ematu baino lehen.

Ez lukeela hala izan behar? Jakina! Berdin esango luke oiloak axeriaz, edo ardiak otsoaz. Burlatik bortizkeriara doan tartea mozten saiatu behar dugula? Dudarik gabe, eta ea denon artean asmatzen dugun. Baina ez ditzagun gezurrezko ontasun baten antiojoak jantzi, errealitatea estaliko digute-eta.

Edo bestela, eska diezaiogun Arartekoari beste injustizia batzuk ere konpontzeko: adibidez, gizon-emakume itsusiek, eskolan besteen ziriak jasotzeaz gain, arazo handiak izaten dituzte amodiozko harreman gustagarriak lortzeko; ez ote dute horiek ere bizitza sexual asegarri baterako eskubiderik?

Benetako performancea

xme 2005/02/10 09:05

Betidanik ez dakit baina aspalditik interesatzen zait artea. Hala ere, erakusketak ikusten gustura ibili arren, ia inoiz ez dut idatzi horretaz. Gutxi dakidalako, batetik, eta arte garaikidearen ajeetako bat den berritsukeria ez gizentzearren, bestetik. Izan ere, XX. mendean zehar, eta mendearen azken aldera artearen desmaterializazioarekin (bideoak eta) askoz gehiago, obra bera baino inportanteago bilakatu da haren inguruko diskurtsoa.

Orain dela dozena erdi bat urte gogoratzen naiz idatzi nuela artikulu bat Garan, Gipuzkoako artista berrien lehiaketako erakusketa zela-eta. Bazen han obra deigarri bat, Mendizabal ordiziarrarena oker ez banago: bafle handi bat zen, plastiko zuri batean bilduta, eta plastiko hori sokaz lotuta; bafleak urruma-hots bat botatzen zuen uneoro, baina obrari indarra eta artegatzeko gaitasuna ematen ziona, giltzarria, plastikoan idatzitakoa zen: letra handi-handitan, Ulrike Meinhoff. Kapitalismoaren kontra matxinatutako piztia menderatua zela esan nahi zuen? Oraindik atezuan dagoela atzaparkada emateko prest? Polisemiak ematen dio arte-kategoria bestela probokazio erraza litzatekeenari.

Probokazioa balio positiboa da artean, baina egia da fribolitate-puntu bat ere baduela artista jendeak, eta ez naiz ari arte plastikoaz bakarrik. Orain dela gutxi Frantzian bizi den lagun batek komentatzen zidan haur literaturan mundu zabalean arrakasta izaten ari den liburu bat, eta nola nobela horretan ume batek une batean esaten duen: "Ze pena ez dugula gasolinarik, bestela Molotov koktelak egingo genituen". Mundu zibilizatuan, hori irakurri eta irakurle progreak irribarretxoa egiten du, zuzentasun politikotik urruti dabilela-eta poz-pozik. Gaztetxoek benetan koktelak egiten dituzten toki batean, ordea, jubilazioraino bitarteko ostatua eta mantenua debalde lortzeko arriskua du gaztetxo horrek.

Frantsesak oso zaleak dira horrelako boutade eta epatatzeekin. Surrealista frantziar batek uste dut esan zuela, ekintza artistiko gorena litzatekeela, errebolber kargatu batekin kale erdira atera eta jendeari aliritzira tiroka hastea. Surrealista usteko hori, edo psikopata arriskutsu bat zen, edo -errazago- sekula pistola bat ikusi ez zuen txilibitua.

Horrelako kontuak etorri zitzaizkidan atzo burura, ETAk jarritako azken bonba-autoaren berri entzutean. Arco azokaren egoitzaren ondoan, inaugurazioaren egunean. Hura dena gezurretakoa izan balitz, eta fikzio moduan grabatuko balu bideo-artea egiten duten figura horietako batek, egundoko txaloak jasoko zituen, eta sekulako filigranak idatziko zituzten estetikaren katedratikoek. Errealitatea izan ordea. Benetako performancea, Berrian gaurko beren marrazkietan Montxok eta Zaldieroak adierazten diguten moduan.

Suerte txarra, suerte ona

xme 2005/02/09 08:00

Joan den ostiralean, Bilbora nindoala laneko bilera pare bat egitera, autoa matxuratu zitzaidan. Bat-batean, sistema elektrikoak huts eginda. Suerte txarra, esango nuke.

Pentsatzen jarrita, ordea, suerte ona ere izan nuen. Bilbon sartuta nengoela gertatu zitzaidan ezbeharra: okerrago izango zen autopistaren erdian gelditu banintz. Gainera, Begoñako tunela pasa eta geroxeago izan zen, eta beherakako aldapa pixka bat zegoenez, enbarazurik egiten ez nuen bazter batean utzi ahal izan nuen autoa, bestela bide erdian geratuko nintzen eta egundoko nahastea sortuko nuen Udaletxe aldera zihoan trafikoan. Bestalde, ni beti segapotorik gabe ibili naiz, eta egun horretan hartu egin nuen badaezpada ere. Azkenik, egun batzuk lehenago garabien grebak harrapatuko ninduen.

Beraz, autoa garajerako bidean bidali eta gero, bileretarako behar nituen karpetak beso artean nola-hala hartu, eta Plaza Barrirantz abiatu nintzen. Hotzean neurtu eta pisatuta, izorratuta baina kontentu.

Automobilaren aberia horrek bizitzaren analogiatzat ere funtziona lezake. Hor gabiltza gu, eguneroko zeregin txiki eta handietan, gure lana, gure harremanak, gure gorputza betirakoak balira bezala, ohartu gabe edozein unetan gerta litekeela istripu koxkor bat, kalamidade ezdeus bat, horietako edozein hankaz gora jarriko diguna.

Ezbehar txikiek gauza on bat daukate hala ere. Ez dakit nongo bilerara berandu iritsiko garela-eta, deskalabru gaitza irudituko zaigu hori beharbada; handik pixka batera, eskapada baten ondorioz bidebazterrean geratzen bagara, autoaren muturra txikituta baina gu osorik, poztu eta guzti egingo gara akaso, benetan inportantea zer den ohartuta.

Gaiak ematen du-eta, hurrengoan jarraituko dut... okerrik ezean. (Txikiak ginela, agur polit hau erakutsi zigun amak oherakoan: "Ondoloin ta bihar arte" esaten zuen lotara zihoanak; "Jaungoikoak nahi badu" erantzun besteak.)

Ez gara burdinazkoak

xme 2005/02/08 08:00

Patxi Gaztelumendik eztabaidarako gaia plazaratu du bere blogean: blogintza eta nia, edo zenbateraino agertu gauza pertsonalak bitakoretan, non dauden intimitatearen mugak... Gai polita, eta era berean labaina, eta lanbrotsua, zaila baita mugak zedarritzea.

Hasteko, blogak idaztea ez da inorentzat derrigorrezko; beraz, halakoekin gustura sentitzen ez denak aski du berak ez egitea, horretan sartu direnak kritikatu beharrik gabe. Bestetik, idazleak bere pentsaera, edo sentimenduak, edo bizitza pribatua agertu nahi badu, berea da erantzukizuna. Libre da ez irakurtzea ere.

Non dago beraz koxka? Ba, lehen pertsonako idazleak bere ingurukoak ere sartzen dituela maiz berak sorturiko lanetan. Patxik eta biok badugu lagun bat, kontu honek aztoraturik dabilena (hau esatea bera, aztoratzeko modukoa irudituko zaio). Eta egia da gure lagunek, maitaleek, lankideek eskubidea behar luketela inoren istorioetan ez azaltzeko, haiek hala erabaki ezean.

Ez dut uste arazoak konponbide errazik daukanik. Zentzuna erabili beharko du idazleak, kasu bakoitzean, inor ez mintzeko, behar ez denik ez esateko. Kontu hau, hala ere, ez da blogintzaren arazo partikularra: medioa da berria, baina gorabehera berdintsuak ibili izan dira kazetaritzan, eta baita literaturan ere, behin baino gehiagotan hartu baitu honek norberaren bizikizunak kontatzeko joera.

Gaur, adibidez, nire lagun bi dauzkat gogoan. Buruan daukadana kontatzeko gogoa daukat, eta haien kasuarekin du zerikusi zuzena, baina konturatzen naiz ezin dudala arrastorik eman. Ea asmatzen dudan.

Oier Gorosabel eibartarrari orain dela hilabete batzuk irakurri nion bere blogean, "Militantearen sindrome" moduko bat ikusi izan duela bere masajista kontsultan. Jende asko, urteetan eta urteetan herriaren alde lanean aritu dena, bere baitatik eman eta eman etengabean, ezer gutxi eskatuz eta gutxiago jasoz ordainetan. Gorosabelek zioen gorputzak tentsio horiek guztiak gorde egiten dituela, eta halako batean zart egiten dugula.

Bi pertsona dauzkat hurbilean, baja hartu dutenak. Ez kalenturagatik, ez hezur bat apurturik, baizik eta antsietatez, edo lan gehiegiz, edo depresioz... Euskaldunon burua oso estua da gauza hauetarako. Zehatz dezadan (niaren literaturak zintzotasuna eskatzen du halakoetan): ni oso estua naiz, edukazioz edo ez dakit zergatik. Beti gehiago eman dezakegula pentsatzera ohitua nago, eta ahuleziak ezkutatzera, eta beheraldiak lan geihagorekin konpontzera. Baina ez gara burdinazkoak, argi dago.

Nire lagun horiek lehenbailehen eta bere onean ikustea espero dut; eta bitartean, haientzat eta denentzat (neure buruarentzat lehenengo) aholku bat: saia gaitezen gauzak lasaiago hartzen, eta geure burua gehixeago mimatzen.

Artista zaharrak eta gazteak

xme 2005/02/07 10:43

Pentsatzen jarriz gero, sasijakintsu snob batena dirudi txoko honek: liburuez eta idazleez aritzea normaltzat hartuko genuke, horretan aritzen bainaiz lanbidez ere; kulturako bestelako alorrak aipatzea, tira, baina dagoeneko bertsolaritzaz, trikitiaz, pop musikaz, zinemaz, komunikabideez, antzerkiaz eta azkenik dantzaz ere jardun dut; arte plastikoak bakarrik falta zaizkit, eta horiei ere iritsiko zaie txanda, egunen batean. Kulturaren euskal plana gizon batengan gorpuzturik, hona hemen kulturman!

Bada adierazpen kultural bat, ordea, ikusle moduan maiz samar kontsumitu arren inoiz aipatu ez dudana, eta gaur aipaturik ere ez orain ez gero komentatzeko asmorik ez dudana, errespetu handia baitiet horretaz nik baino gehiago dakitenei. Musika klasikoaz ari naiz. Joan den asteartean Gasteizko Principal antzokian izan nintzen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa entzuten, eta ostiralean RTVEko orkestra ikusi nuen Donostiako Kursaalean. Bietan ere pianoa zen gonbidatu eta protagonista, Gasteizen Marta Zabaleta legazpiarra aritu baitzen Schumann-en orkestra eta pianorako kontzertuan bakarlari, eta Donostian, berriz, Joaquin Atxukarro bilbotarraren eskutik iritsi zitzaigun Beethoven 5. kontzertua.

Mundu gogorra da musika klasikoarena. Interprete batek, maila bikaina lortzeko, talentu aparta eta urtetako ikasketa jarraitu eta sakrifikatua behar izaten ditu. Maila on hori erakutsi eta frogatzeko, berriz, ahalegin berezia eta baita suerte apur bat ere. Hori dela-eta, tartean marketing-operazioren bat izan ezean, heldutasunera iritsi behar izaten du musikariak bere lanaren saria jasotzen hasteko, jasotzen badu. Marta Zabaletak, zorionez, lortu du estatus hori, baina gogoan hartu behar da 40 urte beteko dituela aurten eta "gaztearen" etiketarekin ibili dela oraintsu arte, baliteke baten batek "promesatzat" hartzea oraindik ere.

Atxukarrok aspaldi jantzi zuen ospearen erramu-boneta. Izenaren oihartzunaz bakarrik bizi nahi ez, ordea, eta jotzen jarraitzen du. Hirurogeita hamabi urte asko edo gutxi izan liteke, nondik begiratzen den, baina miresgarria iruditu zitzaidan nola gizona, ibilkeran baldar samar moldatu arren, pianoaren aurrean gauza izan zen horrelako kontzertu batek eskatzen dituen kontrentrazioa eta indarra ateratzeko.

Musika klasikotik kulturaren alor zabalagoetara pasatuz, ohikoa da gure artean gazteen etorrera eta haien berrikuntzak txalotzea. Nik ere hala egin ohi dut. Baina ez da inondik ere ahaztekoa adinekoaren jarraikortasuna. Nahi nuke nik ere, hogeita hamabi urte barru, istorioak asmatzen jarraitzeko osasuna eta aldartea izango banitu. Nahiz eta gazteak atzetik fuerte etorri, nire tronu edo aulkitxotik botatzeko: "Hi, zaharra, kendu hadi hortik". Bizilegea deitzen zaio horri.

Dantzari alaiak

xme 2005/02/04 08:00

Oier Araolazari

Lortu al du euskal dantza tradizionalak moderno bihurtzea, gazta zaharrak baino har gehiago ez izatea? Neurri batean bai, nik uste. Batetik bere betiko molde eta jarduerei eusten die, eta hala behar du gainera, folklorea den aldetik, baina bestetik ikuskizun bixi eta erakargarrietako oinarri edo laguntzaile ona izan litekeela erakutsi du.

"Erakutsi du" esan dut baina hobe izango da abstrakzioak ahaztu eta izen-abizen zehatzak idaztea. Adibidez, Juan Antonio Urbeltz. Euskal etnografiaz idatzi dituen lan teoriko horiek benetako hozkia ematen didate niri: bere zientifismoa badaezpadakoa iruditzen zait eta bere kultismoa pedantekeriaren atarikoa; baliteke nire ezjakintasunaren ondorio izatea, barka beraz atrebentzia. Baina dantzarien irakasle moduan bere dizipulu guztiek diote ez duela parerik, eta koreografo bezala txapela kentzeko moduko lanak egin ditu. Azkena, "Pas de Basque".

Beste izen bat azpimarratu beharrekoa, Jon Maia errenteriarra. Bera hasi zen bertsolari eta trikitilariekin elkarlanean "Upeletan erronka" eder hartan, eta haren bideari segituz egin dute "Iturrian zer dago" ikuskizuna ere. Horrez gain, Maia dago "1937" eta "Otehitzari biraka" antzerkien koreografien atzetik, Tanttaka taldearekin elkarlanean..

Komunikabide nazionaletan aipamenik izan ez badu ere, benetan ederra izan zen Mikel Sarriegi beasaindarrak Goierriko dantzekin egindako ikusgarria ere.

Ezagutzen ditudan adibide batzuk aipatu ditut. Izango dira ezagutzen ez ditudanak ere. Dena dela, nire asmoa, hemen, dantzaren mugak eta posibilitateak aztertzea zen, nire iritziak inongo autoritaterik ez duela aldez aurretik aitortuta.

Dantza, berez, hizkuntza abstraktua da: ez dizu mezu zehatz bat jakinarazten modu sinbolikoan ez bada; bai agian aldarte bat adierazten, musikaren antzera. Gizakiak oso berezkoa duen adierazpidea da, bestalde, dantza; horregatik da nonahiko eta noiznahiko jarduera. Hala ere, dantzaria/ikuslea banaketa egiten hasten garen momentutik ikuskizun bihurtzen da, eta ikuskizun den neurrian ikusleok geure iritzia eman dezakegu.

Niri, adibidez, iruditzen zait dantza, neurri txikian, ia beti dela polita eta atsegingarria ikusteko; luzatuz, gero, ordea, ia beti gertatzen da errepikakor eta aspergarri, ikuslea aditua ez bada. Arte bat adituentzat bakarrik egitea, berriz, arte horren osasun txarraren seinale izaten da, nahiz eta diru asko mugitu horren inguruan (arte plastiko modernoan, musika klasiko garaikidean...). Zein da neurriz gain ez ibiltzeko denbora, tamaina? Norberak izango du berea, baina dantza huts-hutsean hartuz gero, normalean ez da ordu laurdenetik pasatuko.

Ikuskizun modernoak luzeagoak dira ordea: ordubete eta bi orduen artekoak. Zer egin dezake hor dantzak ikuslearen arretari eusteko? Ikusi dugu ondo josten dela bertsoekin, trikitilariekin, antzerkiarekin... Euskal dantzetan dabiltzanek ez dute nire aholkurik beharko baina, ballet klasikotik adibidea hartuta, nik esango nuke narrazio baten harian sartzea dela entretenimenduari luzaroago eusteko bidea; eta, horrekin lotuta, beste euskarri batzuk ere erabiltzea dantzaren lagungarri: dela bideoa, dela testuen errezitatzea... Eta musika, noski.

Horrek guztiak, beharbada, kendu egingo lioke dantzari berak nahiko lukeen protagonismoa, baina beste aukera okerragoa da: Pako Aristik zioen moduan, "herriko festetako dantzarien saioa baino tristeagoa zara".

Igerilarien gorputzak

xme 2005/02/03 08:00

Pedro Ugartek badu liburu bat, "Los cuerpos de las nadadoras". Anagrama nobela saria uste dut irabazi zuela obra horrekin, baina izatez oso ahula du nobela-egitura; izan ere, ipuingilea da batez ere Ugarte bilbotarra, oso ona gainera.

Idazleoi asko gustatzen zaigun pertsonaia-tipoa da liburu horretako protagonista: gizajo bat, gizajo sentitzen dena eta aldi berean bere gizajotasuna irrigai bihurtzen duena. Woody Allen-en filmen antzera edo. Gero istorio horiek autobiografikoak ote diren jakin nahi izaten du irakurleak, eta zer esango du idazleak? Baietz, ezetz, denok garela, neurri batean edo bestean, gizajo.

Pedro Ugarteren nobela edo ipuin-bilduma horretako protagonistak bere bizitza kontatzen digu hainbat ataltxotan; titulu sujerikorra izan arren, igerilariak ez dira bereziki inportanteak: eszena bat besterik ez dute hartzen, eta bertan kontatzaileak azaltzen du nola gustatzen zitzaion kiroldegira joatea eta han egotea, harmailetan, igerilekura begira; igerilariei begira zehatzago; igerilari emakumezkoei, zehatz-mehatzak izan behar badugu; ez perbertsio baten eraginez, ezpada terapia lasaigarri eta ia hipnotikoz: gorputz horiek uretan zelako naturaltasun eta arintasunez dabiltzan begiratu, besterik gabe. Harik eta kiroldegiko arduradunek gizajoa aparte hartu eta kanpora botatzen duten arte, voyeur zikintzat hartuta.

Ni neu ia inor ez dabilenean saiatzen naiz pistinara joaten. Goizean adibidez, edo asteburuetan bazkalorduan. Erosoago betiere, bai igerilekuan bertan bai aldageletan. Baina ezin pentsatuko dut pistina pribatutzat erabiliko dudanik udal kiroldegikoa. Hortaz, gorputz batzuk ikusi, ikusten ditut. Lausoturik hala ere. Izan ere, miope totala naiz, eta betaurrekoak kendu eta gero gorputzak sumatu bai, baina ez dut inor ezagutzen. Berdintsu, hortaz, parean daukadana miss moñoña edo miss amoña ote den.

Aurreko batean izan nuen, hala ere, gorputz batekiko enkontru antzekoa, kontatzeko modukoa izan daitekeena. Azken orduan azaldu nintzen, ixteko gutxi falta zela. Aldageletatik igerilekurako bidean, hor non ikusten dudan tipo bat, konketa eta ispiluaren aurrean, bizarra mozten. Bueno, horretarako ere erabil daitezke udal instalazioak, zergatik ez. Baina polita zen gizonaren piura: morroi gihartsua zen, igerian ez dakit baina gimnasioan ordu asko sartutakoa, buruko ilea guztiz afeitatua oraingo kalbo modernoen modara, eta larru gorritan zegoena. Tira, esan nuen neure artean, natural zebilek tipoa, oso ondo.

Sartu nintzen igerilekuan, egin nituen atzera-aurrera batzuk putzuan, atera nintzen handik, eta, berriz ere aldageletara itzultzean, hor non topatzen dudan lehengo burusoila, bizarra mozte lanak amaituta nonbait, baina oraindik larru gorritan; beste egitekorik ez daukanaren tankeran zer suma, lagun batekin berriketan, esanez aurreko astean Saloun ez-dakit-zer eta ez-dakit-zenbat. Eta nire artean pentsatu nuen naturala ez baizik mozolopintto bat zela tipo hura, exhibizionismoa egiteko kristoren gogoa zeukana.

Beste kontu bat ere bururatu zitzaidan: nola behin norbaitek komentatu zidan, zakila luzatzeko operazioa egiten zuten gizon gehienen kezka eta nahia ez zela bere amorantea txunditzea, ezpada gimnasioko aldageletan beste gizonezkoen aurrean tramankulu eder bat erakutsi ahal izatea. Eta nolakoa zeukan gure burusoil gihartsuak?, galdetuko dit baten batek. Ba, ez dakit; ez nion begiratzearen poza eman nahi, eta gainera, ahaztu al zaizue miope hutsa naizela?

Dantzari tristeak

xme 2005/02/02 11:51

Oier Araolazari

Pako Aristik, aspaldi batean, Sam Shepard idazle amerikarraren poema bat moldatu zuen, hitzez ez ezik erreferentziaz ere gurera ekarriz; ez dut ondo oroitzen baina maitasun-poema bat zela esango nuke, edo "desamodiozkoa", batzuei esatea gustatzen zaien bezala: " ez-dakit-zer baino tristeagoa zara" egitura errepikatzen zuela oroitzen naiz, eta, formula horietako batean, jatorrizkoan "Larry Watson-en late-showa baino tristeagoa zara" esaten baldin bazuen, esate baterako, euskaraz hala eman zuen Pakok: "herriko festetako dantzarien saioa baino tristeagoa zara".

Behin bakarrik irakurri nuen testu hura, orain dela hamabost urte gainera, eta ez dut uste inon argitaratu zuenik, baina hala ere iltzatuta geratu zitzaidan xehetasun hori, ez dakit zergatik. Edo bai. Izan ere, bere lotsagabekeria-puntu horrekin, bete-betean asmatu zuen Aristik euskal dantza taldeek sortzen zuten inpresio tristea.

Alergia apur bat eman dit niri folkloreak beti. Txikitan txistua ikastera apuntatu ninduen amak, baina ospa egin nuen handik. Dantza-taldean ere sartu nintzen edo ninduten, baina aurreskua ikasi baino lehenago konturatu nintzen nahiago nuela futbola, nahiz bietan baldarra izan. Geroztik ikasi dut Txillardegiren garaiko gazte argi batzuk izan zirela lehenak folklorearen erabilera makurra salatzen, txapelaz eta euskaldantzaz ordezkatu nahi baitzuten sanoregionalismoaren zaleek egiazko euskaltasuna. Egia da, halaber, bestelako adierazpideak ezinezkoak zirenean dantza-taldeak izan zirela (mendizaleekin batera) abertzaletasunaren benetako aterpe.

Atzera begiratuta, zergatik egiten ote nion ihes folkloreari? Kontzientzia politiko goiztiarraren jabe ote nintzen? Ala hezkuntza nazionalkatolikoak eramaten ote ninduen gure sustraiak mespretxatzera? Seguru asko ideologikoa baino gehiago estetikoa izango da azalpena, Pako Aristik sumatu bezala: dantzari-talde haiek eta haien saioak tristeak, kutreak, zaharkituak eta -modako beste berba bat erabilita- patetikoak iruditzen zitzaizkidan.

Gaur, berriz, ez ditut berdin ikusten, eta ez da nire ikuspegia aldatu den bakarra. Dantzariek ere jakin dute modernizatzen. Baina gaurkoz nahikoa idatzi dut eta beste batean jarraituko dut gai honekin.

Paper garbiketan

xme 2005/02/01 08:00

Badut nik lagun bat guztiz desordenatua, inguruko ordenazaleen presioari erantzuteko esaldi biribil bat asmatu zuena: "Ordena bertutetzat baduzu, beste bertuterik ez daukazu" (jatorrizko bertsioan: "El orden es la virtud del que no tiene otra"). Ezin ukatu esaldi biribila dela, aipuen liburuetan sartzeko modukoa, aipu dotore guztiak bezala ez guztiz egiazkoa baina.

Ez dut esan nahi bertutez jantzia nagoenik baina, onartu beharra daukat ni ere aski narrasa naizela, gauzak gorde ordez dauden tokian uztearen zalea. Erants dezadan neure alde, paperekin jokatzen dudala batez ere horrela, horiek ez baitira garbitu behar, platerak edo arropa bezala. Baina nire bizitzan paper asko pilatzen da. Asko, asko!

Desordenatu kroniko gehienak bezala, ez zait ezer galtzen. Paper mendien artean badakit gutxi gorabehera non egon litekeen gauza bakoitza eta, minutu batzuetan bila ibili ondoren hor agertzen da. Posible da hala ere urtetan galdutzat jotako zerbait ezustean agertzea, garbiketa egitea tokatzen den egun horietako batean.

Paper-garbiketa egiten aritu bainaiz egunotan. Erabaki gogorra izaten da edozein desordenaturentzat, beti baitago aitzakia onen bat gaur egin beharrekoa biharko uzteko. Aspalditik agindua nuen, ordea, eta gabonetako oporretan ekin nion. Bi partetan. Eguberritan hasi nintzen, aldizkari eta paper solteekin; liburuekin jarraitu behar nuen, baina akituta utzi ninduen ariketak, eta hurrengo txandarako utzi nituen beraz liburuak.

Egunkariak egunero ez bada astean behin gutxienez bere edukiontzian bota ohi ditut, eta gaitz erdi, baina aldizkariak, ez dakit ba, iraunkorragoak iruditu nonbait, eta han-hemen utzi ohi ditut, irakurtzeko artikulu edo elkarrizketa interesgarriren bat dagoelakoan, orain ez baina gero... Eta gero dioenak badakizue zer dioen.

Ez dut kioskoetan aldizkaririk erosten, baina euskal prentsa gehiena jasotzen dut etxean: Berria, Hitza, Argia, Goierritarra, Luma, Aizu, Nabarra, Jakin, Bertsolari, Hegats... Bakarren bat ahaztuko zitzaidan; eta gero debalde bidaltzen dizkizuten boletinak: Administrazioa Euskaraz, Euskararen Berripapera (Euskararen Berri Onak bataiatu behar luketena) eta besteren bat. Guztien artean zenbat toki hartzen duten izan da konstatazio bat, edonork egin dezakeena; beste bat, gordetzeko modu eta toki sistematikoren bat ez baduzu alferrik dela gauzak hor nonbait uztea, azkenean, garbitzeko unea iristen denean, paperen kontainerrean bukatuko baitute guztiek; eta hirugarrena, niretzat behintzat mingarriena, gero eta gutxiago irakurtzen ditudala aldizkariok.

Zehatz dezadan esandakoa. Beti hartzen ditut interesez buzoitik, eta berehala eman ohi diet begirada azkar bat. Lehen, baina, begirada azkarraren ondoren irakurketa pausatuagorako astia hartuko nuen, egun berean edo biharamunean. Orain, berriz, irakurketa pausatuago horretarako plana egin bai, baita aldizkaria txoko batean utzi ere horretarako, baina biharamunean beste paper-sortaren bat iritsiko da, eta beste zereginen bat izango dut presazkoagoa, eta irakurri beharrekoa irakurkizun geratuko da seguru asko, betiko.

Lanpetuegi ote nabil? Seguru asko. Aldizkari gehiegi jasotzen ote dut? Baliteke; Argia zenean nire euskal prentsa bakarra, goitik behera irakurri ohi nuen ale bakoitza, orain dela hogei urte. Baina egia izango da halaber interesa galdu dudala. Galduz joan naizela. Artikulisten hiru laurdenekin, badakit gutxi gorabehera zer esango didaten; elkarrizketatu erdiei irakurri izan diet beste elkarrizketaren bat aurretik; erreportaia askori halamoduzko sukaldeketa antzematen ikasi dut urteekin. Esperientziak ematen duen jakituria, ala urteen zamak eransten duen desilusioa? Bietatik izango da.

Hala ere, ez dut guztiz galdu ilusioa. Edo euskararekiko militantzia. Edo euskal prentsa egiten dutenekiko elkartasuna. Egun hauetan jaso dut gutuna, Hegats, Egan, Maiatz, Idatz & Mintz, Behinola eta Beterriko Libururako harpidetza bateratua egiteko proposatzen diguna, eta baietz esatea pentsatu dut (gutunaren papera non utzi dudan asmatzen baldin badut). Horietako bakarra jasotzen nuen, beraz, bost aldizkari berri, eta paper gehiago hurrengo garbiketa egiten dudanerako. Baina ordura arte asko falta da oraindik.

Eta liburuen garbiketa. Uf, nekatu naiz, hurrengoan kontatuko dizuet.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.