Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Igerilarien gorputzak

Igerilarien gorputzak

xme 2005/02/03 08:00

Pedro Ugartek badu liburu bat, "Los cuerpos de las nadadoras". Anagrama nobela saria uste dut irabazi zuela obra horrekin, baina izatez oso ahula du nobela-egitura; izan ere, ipuingilea da batez ere Ugarte bilbotarra, oso ona gainera.

Idazleoi asko gustatzen zaigun pertsonaia-tipoa da liburu horretako protagonista: gizajo bat, gizajo sentitzen dena eta aldi berean bere gizajotasuna irrigai bihurtzen duena. Woody Allen-en filmen antzera edo. Gero istorio horiek autobiografikoak ote diren jakin nahi izaten du irakurleak, eta zer esango du idazleak? Baietz, ezetz, denok garela, neurri batean edo bestean, gizajo.

Pedro Ugarteren nobela edo ipuin-bilduma horretako protagonistak bere bizitza kontatzen digu hainbat ataltxotan; titulu sujerikorra izan arren, igerilariak ez dira bereziki inportanteak: eszena bat besterik ez dute hartzen, eta bertan kontatzaileak azaltzen du nola gustatzen zitzaion kiroldegira joatea eta han egotea, harmailetan, igerilekura begira; igerilariei begira zehatzago; igerilari emakumezkoei, zehatz-mehatzak izan behar badugu; ez perbertsio baten eraginez, ezpada terapia lasaigarri eta ia hipnotikoz: gorputz horiek uretan zelako naturaltasun eta arintasunez dabiltzan begiratu, besterik gabe. Harik eta kiroldegiko arduradunek gizajoa aparte hartu eta kanpora botatzen duten arte, voyeur zikintzat hartuta.

Ni neu ia inor ez dabilenean saiatzen naiz pistinara joaten. Goizean adibidez, edo asteburuetan bazkalorduan. Erosoago betiere, bai igerilekuan bertan bai aldageletan. Baina ezin pentsatuko dut pistina pribatutzat erabiliko dudanik udal kiroldegikoa. Hortaz, gorputz batzuk ikusi, ikusten ditut. Lausoturik hala ere. Izan ere, miope totala naiz, eta betaurrekoak kendu eta gero gorputzak sumatu bai, baina ez dut inor ezagutzen. Berdintsu, hortaz, parean daukadana miss moñoña edo miss amoña ote den.

Aurreko batean izan nuen, hala ere, gorputz batekiko enkontru antzekoa, kontatzeko modukoa izan daitekeena. Azken orduan azaldu nintzen, ixteko gutxi falta zela. Aldageletatik igerilekurako bidean, hor non ikusten dudan tipo bat, konketa eta ispiluaren aurrean, bizarra mozten. Bueno, horretarako ere erabil daitezke udal instalazioak, zergatik ez. Baina polita zen gizonaren piura: morroi gihartsua zen, igerian ez dakit baina gimnasioan ordu asko sartutakoa, buruko ilea guztiz afeitatua oraingo kalbo modernoen modara, eta larru gorritan zegoena. Tira, esan nuen neure artean, natural zebilek tipoa, oso ondo.

Sartu nintzen igerilekuan, egin nituen atzera-aurrera batzuk putzuan, atera nintzen handik, eta, berriz ere aldageletara itzultzean, hor non topatzen dudan lehengo burusoila, bizarra mozte lanak amaituta nonbait, baina oraindik larru gorritan; beste egitekorik ez daukanaren tankeran zer suma, lagun batekin berriketan, esanez aurreko astean Saloun ez-dakit-zer eta ez-dakit-zenbat. Eta nire artean pentsatu nuen naturala ez baizik mozolopintto bat zela tipo hura, exhibizionismoa egiteko kristoren gogoa zeukana.

Beste kontu bat ere bururatu zitzaidan: nola behin norbaitek komentatu zidan, zakila luzatzeko operazioa egiten zuten gizon gehienen kezka eta nahia ez zela bere amorantea txunditzea, ezpada gimnasioko aldageletan beste gizonezkoen aurrean tramankulu eder bat erakutsi ahal izatea. Eta nolakoa zeukan gure burusoil gihartsuak?, galdetuko dit baten batek. Ba, ez dakit; ez nion begiratzearen poza eman nahi, eta gainera, ahaztu al zaizue miope hutsa naizela?

Patxi
Patxi dio:
2005/02/04 04:05

Asko asko gustatu zait mezu hau.

Horrekin ez det esan nahi zurekin ados nagoenik, baina pentsatzen jarri nauela bai. (exhibizionista dan ala ez, xehetasun horrek batez ere)

Kuriositate gisa, esango dizut, nere lantegiko aldagelan, denok alkandora jantzita degula bakarrik jartzen gerala kantzontzilotan, kantzontzilo hutsean geratzen dan bakar bat izan ezik.

Beti deitu dit atentzioa. Ez daukat exhibizionistatzat hala ere. Nahiz eta gorputz polita duen (kasualitatea...)

Pedro Ugarte
Pedro Ugarte dio:
2005/06/20 18:05

Miope hutsa, baina errealitateaz ikertzaile zuhurra. Agur bero bat, Pedro Ugarte

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.