Injustiziak konpontzen hasita...
"Misiolari baten moduan" hasten da Txirritaren bertso-sorta zoragarri bat, "Proportziyo bat izandu nuen" izenez ezagutu ohi dena. Misiolari horiek zer diren nik ez dut ezagutu izan, eta gazteagoek aditzerik ere ez: Afrikara gabe, herriz herri sermoigintzan aritzen ziren fraideak izaten ziren, beren hitz suharrez gure guraso zintzo eta inozenteei infernuaren beldurra sartzen espezialistak.
Beste berri on klase batekin, "misiolari baten moduan" ibiltzen dira gaurko bertsolariak plazarik plaza, eta idazleok ere bai, noizbehinka. Badut nik lankide bat, inora hitzaldi bat ematera joan behar duenean bertso horiek kantari hasi ohi dena: "Misiolari baten moduan / joan dan lau hilabetian..."
Gure misioak eskoletan egin ohi ditugu, gehienbat. Halako ikastola edo institututik deitu digutela-eta, hara goaz, gure liburua irakurri duten neska-mutilak toreatzera, ilustratzera edo dena dela. Eginkizun gazi-gozoa izaten da, niretzat behintzat. Batetik poztu egiten zara, egiazko irakurleak ezagutzeko irrikaz egoten baita idazlea maiz; bestetik, baina, erdi entretenigarri erdi leziatzaile sentipen bat sortzen zaizu, zeure tokian ez zaudelako irudipena edo. Antzeko sentimenduak izango zituzten tarteka egiazko misiolariek, bertsolariek eta batetik bestera dabiltzan komeriante guztiek ere.
Nik gaur egin dut urteko lehen misioa, Hondarribiko Talaia eskolan, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako neska-mutilekin. Saioa, ondo. Gaztetxoak, jator. Baina, berriketaldiaren aurretik eta ondotik, beste kontu bat neukan nik gogoan, orain dela hilabete batzuk herri hori askoren ahotan ibili zuena, eta "bullying" berba ikasarazi ziguna.
Ez naiz holakoez idatzi zale. Berez sakon eta mingarri diren uretan axaletik ibiltzen baikara ia beti, topikoen arraunekin. Axalkerietan demasa iruditu zitzaidan Lamarka arartekoak orain dela aste batzuk botatakoa: gai horren inguruko txostena egin omen zuen, eta neurri batzuk proposatu, ez bakarrik eskolako tratu txarrak amaitzeko, baizik eta, horrez gain, baita eskolan izaten diren trufa eta irainak ere.
Hori aditu nuenean burura etorri zitzaidan borondate on bezain entendimendu gutxiko errege hura, basapiztien artean gertatzen ziren bidegabekeriek errukituta arau zorrotza plazaratu zuena, axeriak ez zezan oilorik jan, ez otsoak ardirik, ez zapelatzak usakumerik.
Lamarka jaunak ahaztuta izango ditu beharbada bere eskola-garaiak, edo oraindik bizi-bizi oroitzen ditu eta orduan egin zizkioten ezegitekoak nahiko lituzke konpondu. Nolanahi dela, ez da giza jokaeretan aditua izan behar jakiteko besteari (diferenteari, ahulari, gizajoari) barre eta kalte egiteko joera berezkoa dugula gizon-emakumeok, taldean behintzat, eta are nabarmenago ikusten dela hori umetan, hezkuntzaren errepresioak gure sen jator eta zitalak ematu baino lehen.
Ez lukeela hala izan behar? Jakina! Berdin esango luke oiloak axeriaz, edo ardiak otsoaz. Burlatik bortizkeriara doan tartea mozten saiatu behar dugula? Dudarik gabe, eta ea denon artean asmatzen dugun. Baina ez ditzagun gezurrezko ontasun baten antiojoak jantzi, errealitatea estaliko digute-eta.
Edo bestela, eska diezaiogun Arartekoari beste injustizia batzuk ere konpontzeko: adibidez, gizon-emakume itsusiek, eskolan besteen ziriak jasotzeaz gain, arazo handiak izaten dituzte amodiozko harreman gustagarriak lortzeko; ez ote dute horiek ere bizitza sexual asegarri baterako eskubiderik?