Ez gara burdinazkoak
Patxi Gaztelumendik eztabaidarako gaia plazaratu du bere blogean: blogintza eta nia, edo zenbateraino agertu gauza pertsonalak bitakoretan, non dauden intimitatearen mugak... Gai polita, eta era berean labaina, eta lanbrotsua, zaila baita mugak zedarritzea.
Hasteko, blogak idaztea ez da inorentzat derrigorrezko; beraz, halakoekin gustura sentitzen ez denak aski du berak ez egitea, horretan sartu direnak kritikatu beharrik gabe. Bestetik, idazleak bere pentsaera, edo sentimenduak, edo bizitza pribatua agertu nahi badu, berea da erantzukizuna. Libre da ez irakurtzea ere.
Non dago beraz koxka? Ba, lehen pertsonako idazleak bere ingurukoak ere sartzen dituela maiz berak sorturiko lanetan. Patxik eta biok badugu lagun bat, kontu honek aztoraturik dabilena (hau esatea bera, aztoratzeko modukoa irudituko zaio). Eta egia da gure lagunek, maitaleek, lankideek eskubidea behar luketela inoren istorioetan ez azaltzeko, haiek hala erabaki ezean.
Ez dut uste arazoak konponbide errazik daukanik. Zentzuna erabili beharko du idazleak, kasu bakoitzean, inor ez mintzeko, behar ez denik ez esateko. Kontu hau, hala ere, ez da blogintzaren arazo partikularra: medioa da berria, baina gorabehera berdintsuak ibili izan dira kazetaritzan, eta baita literaturan ere, behin baino gehiagotan hartu baitu honek norberaren bizikizunak kontatzeko joera.
Gaur, adibidez, nire lagun bi dauzkat gogoan. Buruan daukadana kontatzeko gogoa daukat, eta haien kasuarekin du zerikusi zuzena, baina konturatzen naiz ezin dudala arrastorik eman. Ea asmatzen dudan.
Oier Gorosabel eibartarrari orain dela hilabete batzuk irakurri nion bere blogean, "Militantearen sindrome" moduko bat ikusi izan duela bere masajista kontsultan. Jende asko, urteetan eta urteetan herriaren alde lanean aritu dena, bere baitatik eman eta eman etengabean, ezer gutxi eskatuz eta gutxiago jasoz ordainetan. Gorosabelek zioen gorputzak tentsio horiek guztiak gorde egiten dituela, eta halako batean zart egiten dugula.
Bi pertsona dauzkat hurbilean, baja hartu dutenak. Ez kalenturagatik, ez hezur bat apurturik, baizik eta antsietatez, edo lan gehiegiz, edo depresioz... Euskaldunon burua oso estua da gauza hauetarako. Zehatz dezadan (niaren literaturak zintzotasuna eskatzen du halakoetan): ni oso estua naiz, edukazioz edo ez dakit zergatik. Beti gehiago eman dezakegula pentsatzera ohitua nago, eta ahuleziak ezkutatzera, eta beheraldiak lan geihagorekin konpontzera. Baina ez gara burdinazkoak, argi dago.
Nire lagun horiek lehenbailehen eta bere onean ikustea espero dut; eta bitartean, haientzat eta denentzat (neure buruarentzat lehenengo) aholku bat: saia gaitezen gauzak lasaiago hartzen, eta geure burua gehixeago mimatzen.
Ez dakit ohituragatik edo giro politikoagatik izan zen, baina 50 urte betetzea gero ta gertuago somatzen dugunok, inguruaren presio estua jazo genuen gazteak ginelarik. Presio hori ekiteko beharra zen aldi berean, noski. Herriaren aldeko ekimenetan ez zegoen plazerrerako lekurik, ohizko afariak edo horrelakoak salbu. Gainera, ez zegoen ondo ikusita bakarrik gozamen pribatuarako ziren asmoak lehentasuna izatea. Honezkero ez dago atzera begiratzerik. Bizimodua, pentsakera aldatzea ezinezkoa zaigu.
Askotan, Mediterraneoko kala ezkutu eta eder batean , eguzkipetan maitiarekin nagoen bitartean, bestelako EH utopikoarekin amets egiten dut: Euskal Hedonismoarena, alegia.