Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Suerte txarra, suerte ona

Suerte txarra, suerte ona

xme 2005/02/09 08:00

Joan den ostiralean, Bilbora nindoala laneko bilera pare bat egitera, autoa matxuratu zitzaidan. Bat-batean, sistema elektrikoak huts eginda. Suerte txarra, esango nuke.

Pentsatzen jarrita, ordea, suerte ona ere izan nuen. Bilbon sartuta nengoela gertatu zitzaidan ezbeharra: okerrago izango zen autopistaren erdian gelditu banintz. Gainera, Begoñako tunela pasa eta geroxeago izan zen, eta beherakako aldapa pixka bat zegoenez, enbarazurik egiten ez nuen bazter batean utzi ahal izan nuen autoa, bestela bide erdian geratuko nintzen eta egundoko nahastea sortuko nuen Udaletxe aldera zihoan trafikoan. Bestalde, ni beti segapotorik gabe ibili naiz, eta egun horretan hartu egin nuen badaezpada ere. Azkenik, egun batzuk lehenago garabien grebak harrapatuko ninduen.

Beraz, autoa garajerako bidean bidali eta gero, bileretarako behar nituen karpetak beso artean nola-hala hartu, eta Plaza Barrirantz abiatu nintzen. Hotzean neurtu eta pisatuta, izorratuta baina kontentu.

Automobilaren aberia horrek bizitzaren analogiatzat ere funtziona lezake. Hor gabiltza gu, eguneroko zeregin txiki eta handietan, gure lana, gure harremanak, gure gorputza betirakoak balira bezala, ohartu gabe edozein unetan gerta litekeela istripu koxkor bat, kalamidade ezdeus bat, horietako edozein hankaz gora jarriko diguna.

Ezbehar txikiek gauza on bat daukate hala ere. Ez dakit nongo bilerara berandu iritsiko garela-eta, deskalabru gaitza irudituko zaigu hori beharbada; handik pixka batera, eskapada baten ondorioz bidebazterrean geratzen bagara, autoaren muturra txikituta baina gu osorik, poztu eta guzti egingo gara akaso, benetan inportantea zer den ohartuta.

Gaiak ematen du-eta, hurrengoan jarraituko dut... okerrik ezean. (Txikiak ginela, agur polit hau erakutsi zigun amak oherakoan: "Ondoloin ta bihar arte" esaten zuen lotara zihoanak; "Jaungoikoak nahi badu" erantzun besteak.)

etiketak: Saski Naski
Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2005/02/09 15:42

"Jaungoikoak nahi badu" erlijio aldetik markatuegi eta horrenbestez askorentzat deseroso horren ordezko ederra iruditzen zait, kasu batzuetarako behintzat, esaamolde jator, zahar, bizi eta eder hau: "ezeren okerrik ez dela". Ez al da hala? Ni behintzat liluratu egiten nau.

Ohar ttipia: lilura horren froga nahi izanez gero (nire nartzisismoa pedantea barkatzeko prest bazaudete behintzat), bilatu ezazue esaldia sarean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.