Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Paper garbiketan

Paper garbiketan

xme 2005/02/01 08:00

Badut nik lagun bat guztiz desordenatua, inguruko ordenazaleen presioari erantzuteko esaldi biribil bat asmatu zuena: "Ordena bertutetzat baduzu, beste bertuterik ez daukazu" (jatorrizko bertsioan: "El orden es la virtud del que no tiene otra"). Ezin ukatu esaldi biribila dela, aipuen liburuetan sartzeko modukoa, aipu dotore guztiak bezala ez guztiz egiazkoa baina.

Ez dut esan nahi bertutez jantzia nagoenik baina, onartu beharra daukat ni ere aski narrasa naizela, gauzak gorde ordez dauden tokian uztearen zalea. Erants dezadan neure alde, paperekin jokatzen dudala batez ere horrela, horiek ez baitira garbitu behar, platerak edo arropa bezala. Baina nire bizitzan paper asko pilatzen da. Asko, asko!

Desordenatu kroniko gehienak bezala, ez zait ezer galtzen. Paper mendien artean badakit gutxi gorabehera non egon litekeen gauza bakoitza eta, minutu batzuetan bila ibili ondoren hor agertzen da. Posible da hala ere urtetan galdutzat jotako zerbait ezustean agertzea, garbiketa egitea tokatzen den egun horietako batean.

Paper-garbiketa egiten aritu bainaiz egunotan. Erabaki gogorra izaten da edozein desordenaturentzat, beti baitago aitzakia onen bat gaur egin beharrekoa biharko uzteko. Aspalditik agindua nuen, ordea, eta gabonetako oporretan ekin nion. Bi partetan. Eguberritan hasi nintzen, aldizkari eta paper solteekin; liburuekin jarraitu behar nuen, baina akituta utzi ninduen ariketak, eta hurrengo txandarako utzi nituen beraz liburuak.

Egunkariak egunero ez bada astean behin gutxienez bere edukiontzian bota ohi ditut, eta gaitz erdi, baina aldizkariak, ez dakit ba, iraunkorragoak iruditu nonbait, eta han-hemen utzi ohi ditut, irakurtzeko artikulu edo elkarrizketa interesgarriren bat dagoelakoan, orain ez baina gero... Eta gero dioenak badakizue zer dioen.

Ez dut kioskoetan aldizkaririk erosten, baina euskal prentsa gehiena jasotzen dut etxean: Berria, Hitza, Argia, Goierritarra, Luma, Aizu, Nabarra, Jakin, Bertsolari, Hegats... Bakarren bat ahaztuko zitzaidan; eta gero debalde bidaltzen dizkizuten boletinak: Administrazioa Euskaraz, Euskararen Berripapera (Euskararen Berri Onak bataiatu behar luketena) eta besteren bat. Guztien artean zenbat toki hartzen duten izan da konstatazio bat, edonork egin dezakeena; beste bat, gordetzeko modu eta toki sistematikoren bat ez baduzu alferrik dela gauzak hor nonbait uztea, azkenean, garbitzeko unea iristen denean, paperen kontainerrean bukatuko baitute guztiek; eta hirugarrena, niretzat behintzat mingarriena, gero eta gutxiago irakurtzen ditudala aldizkariok.

Zehatz dezadan esandakoa. Beti hartzen ditut interesez buzoitik, eta berehala eman ohi diet begirada azkar bat. Lehen, baina, begirada azkarraren ondoren irakurketa pausatuagorako astia hartuko nuen, egun berean edo biharamunean. Orain, berriz, irakurketa pausatuago horretarako plana egin bai, baita aldizkaria txoko batean utzi ere horretarako, baina biharamunean beste paper-sortaren bat iritsiko da, eta beste zereginen bat izango dut presazkoagoa, eta irakurri beharrekoa irakurkizun geratuko da seguru asko, betiko.

Lanpetuegi ote nabil? Seguru asko. Aldizkari gehiegi jasotzen ote dut? Baliteke; Argia zenean nire euskal prentsa bakarra, goitik behera irakurri ohi nuen ale bakoitza, orain dela hogei urte. Baina egia izango da halaber interesa galdu dudala. Galduz joan naizela. Artikulisten hiru laurdenekin, badakit gutxi gorabehera zer esango didaten; elkarrizketatu erdiei irakurri izan diet beste elkarrizketaren bat aurretik; erreportaia askori halamoduzko sukaldeketa antzematen ikasi dut urteekin. Esperientziak ematen duen jakituria, ala urteen zamak eransten duen desilusioa? Bietatik izango da.

Hala ere, ez dut guztiz galdu ilusioa. Edo euskararekiko militantzia. Edo euskal prentsa egiten dutenekiko elkartasuna. Egun hauetan jaso dut gutuna, Hegats, Egan, Maiatz, Idatz & Mintz, Behinola eta Beterriko Libururako harpidetza bateratua egiteko proposatzen diguna, eta baietz esatea pentsatu dut (gutunaren papera non utzi dudan asmatzen baldin badut). Horietako bakarra jasotzen nuen, beraz, bost aldizkari berri, eta paper gehiago hurrengo garbiketa egiten dudanerako. Baina ordura arte asko falta da oraindik.

Eta liburuen garbiketa. Uf, nekatu naiz, hurrengoan kontatuko dizuet.

etiketak: Saski Naski
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2005/02/01 11:36

Hauxe nere teoria: Nire uztez badira barruko eta kanpoko kaotikoak.

Barruko kaotikoak direnak gehienetan kanpoko ordenazaleak dira. Beren buruko Entropiaren kontrako borroka neurotikoan ordena behar dute inguruko espazioan ez itotzeko.

Kanpoko kaotikoak burua orekatuagoa omen dute, ideia eta asmoak modu logiko batetan pilatzen dira buruko apaletan. Memoria ordenatuta dute, horregatik kanpoko bazterrak ondo antolatuak izatea ez dute beharrezkoa.

Nola dago nere mahaia...? Isildu hobe... ordenazaleok fama txarra dugu eta...

Patxi
Patxi dio:
2005/02/01 12:04

Nere ustetan, desordenatu izatea ez litzateke txarra izango, Xabierren kasuan bezela, beti edozer aurkitzeko gai izango banintz (eta txukunketan -derrigorrezkoa, aldian behin - urduri jarriko ez banintz)

Nere esperientzia da, nere desordenak oso urduri egotera eraman nauela, nahi baino gehiagotan, eta nahi baino denbora luzeagoan.

Eta duela gutxi konturatu naiz gauza batetaz:

Ordenatua izateko proposamenarekin ez dala nahikoa. Gauza bakoitzerako sistima aproposa bilatu behar da. Gauzak ordenaturik izateko zenbait sistimak, denbora baino ez dizu kentzen, eta urduri ipintzen zaitu.

(Ordenatuek neri, halako inbidia ematen didate. Lasaiak imajinatzen ditut)

Ricardo
Ricardo dio:
2005/02/01 15:50

Nire teoria ez da hain teorikoa.

Ni ordenatua naiz, edo ordenatua izateko joera dut, alfer galanta naizelako, ez besterik.

Zerbait bilatu nahi dudanean, gauza bakoitzak bere lekua izateak denbora piloa kentzen dit, askoz errazagoa suertatzen zait... eta ezer ez egiteko denbora gehiago erregalatzen dit.

Aiora
Aiora dio:
2005/02/01 18:53

Nik ordena zer dan amari esker dakit, horrek ekartzen dit ezezagun hori tarteka gelara. hala ere askotan okerrago izan da, beharrezko dudan papera bigarren montoiaren erdi-parean dagoela jakite baitet eta montoia desagertuz gero... Denbo pila ta geo paper danak txukuntzen hastea asko gustatze zait! bueno, normalen hasi ite naiz, baino bukatu ez... Gauzak beidatzen haste naiz ta , beti, ilusioa ite diten zerbait aurkitzen det; galduta nuen gutunen bat, ahaztuta neukan ipuin hori... Desordenatua izate honek alde txar bat daka ( ta oain makulukin nabilela gehio nabaritzet), gela jaten dit, oso haundia ere ez da ta...

eneko
eneko dio:
2005/02/01 02:23

Ordenazaleen presioari erantzuteko Kaosaren Teoria erabiltzen dut nik.

Ez daukat ideia handirik, baina erasokor oso desordenatua naizela entzuten dudan bakoitzean: fraktalak, desorden naturala, kaosaren azpiko ordenoa, basoetako zuhaitzen desordenaren erakartasuna, parke edo iladetan landatutako zuhaitzen aspergarritasuna, eta horrelakoak aipatzen ditut.

Kaosaren Teoriaren pare bat liburu potolo ditut etxean eta nere izaera desordenatua gogor atakatzen zegoen lagun bati, azken erremedio moduan, liburuetariko bat eman eta esan nion: begira, irakurri liburu hau eta bukatzen duzunean, konbentzitu ez bazara, nere gela (nere ordegailua, liburuak, paperak, txostenak,... pilatzen duen gela) ordenatuko dut.

Handik hilebete batzuetara liburua bueltan etorri zen. Uf! lagunak irakurtzeko denborarik ez zuela izan esan zidan... eta gela antzerako parezido jarraitzen du, nere gustora :-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.