Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Javier Ortiz, Bernardo Atxaga eta Montxo Armendariz

Mikel Iturria 2005/08/31 19:42

Gaur Javier Ortizen eguneko apuntea irakurri dut eta asko gustatu zait (kabroia forman dago) oporren ondorengo sindromearen definizioak: tiempo que tarda una persona medianamente lúcida en resignarse a su destino mediocre y dejarse vencer por los efectos anestésicos de la rutina.

Harrigarria da gizonak duen jarioa: 2000ko uztailaren bukaeran webgunea abiatu zuenetik, egunero idazten du apunteren bat.

Nik ezin dut. Ez dut gauza asko kontatzeko eta, garai honetan, inoiz baino formaz kanpo nago.

Gorputzari nahi duena egiten utzi behar ez zaionez, hasi beharko dut zeozer idazten eta Atxagari buruz egitea erabaki dut.

Atxaga egunak izan ziren abuztuaren 23 eta 24 EHU-UPVk antolatzen dituen Udako Ikastaroetan. Iaz ere egon zen Miramar jauregian eta gero Irunen eskaini zuen hitzaldia arratsalde euritsu batean. Egun hartan Mariasun Landa izan zen aurkezle lanetan aritu zena.

Aurten, abuztuaren 23an, Kutxak Andia kalean duen areto betean irakurketa publikoa egin zuen Bernardok. Gazteleraz, batez ere, aritu zen eta aurkezlea Harkaitz Cano izan zen.

Txorakeri bat da, baina grazia egin zidan harrapatu egin nuela Atxaga. Bere hitzaldian kontatu zuen Uruguayko ez dakit zein tokitan turista gisa paseatzen ari zela eta kalean edadetu batek gelditu zuela. Hasi zen gizona galdezka ea nongoa zen eta euskalduna zela entzundakoan, haren amona euskalduna zela eta honek ume garaian abesten zion Iparraldeko lo-kanta abestu zion aitonak. Iparraldeko kanta ezaguna da, baina nik ez dut izenburua gogoan.

Grazia egin zidan, zeren anekdota hori iaz kontatu zuen Atxagak Irunen. Hala ere, joan den astean ez zen horretaz akordatzen, eta uste zuen lehenengo aldiz kontatzen zuela jendaurrean Euskal Herrian.

Galdera-erantzunen txandan, Enkarni Genuak galdetu zion laster estreinatu behar den Obaba filmeari buruz. Uste dut asteasuarra pozik dagoela Armendarizek egin duen filmearekin. Hori da behintzat publikoki esaten duena.

Ni, behintzat, hasi naiz 1991 urtean EGA ateratzeko ikastaroan oso gustura irakurri nuen liburua berrirakurtzen. Camilo Lizardi erretorea, Albania, maistra, muskerra...

Ea nola azaltzen duen nafar zuzendariak liburu hori pantailan. Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean estreinatuko da filmea eta ez da oso aztia izan behar irabazteko hautagai nagusia dela jakiteko.

Hona hemen apustua: baietz irabazi Obabak Urrezko Maskorra?

Brasil (III) Jarrai dezagun futbol partidarekin

Mikel Iturria 2005/08/27 11:41

Jokalarien beroketa ariketei ez nien kasu handirik egin, harmailetan zegoen giroak nire arreta bereganatu baitzuen. Hain maila oneko taldeak izanik, jokalariren bat ezagutu nuela uste nuen, baina, keba!, inor ere ez.

Zaleak

Epaileak hasiera eman zion norgehiagokari eta etxeko taldearen lehenengo erasoan konturatu nintzen nola pasa behar nuen partida guztia: beste taldearen zelaira behin pasaz gero, altxatu egiten dira zaleak. Gu ere bai, noski, bestela ezin jakin nola bukatzen den jokaldia. Area ertzera ailegatuz gero, chuta-chuta oihukatzen diote jokalariari. Ez badu asmatzen puta batzuk entzuten dira, nire belarriek ulertu ezin zituzten beste zenbait hitzekin batera. Hala ere, bai entenditu nuela zale baten erretolika etxeko jokalari batek huts egin zuen halako batean: Salvadorrera joateko eta ez bueltatzeko gomendatu zion. Horiz jantzitako epaileei ere esan zizkioten zenbait berba gozo, baina ezin asmatu zer.

Lehen zatiaren azken jokaldian gola sartu zuen etxeko taldeak, zaleen gozamenerako. Kanpoko taldearen atezainari petardoa bota zion kabroi batek eta bere burua zelai gainera erortzen utzi zuen kanpotarrak. Ez zen hainbesterako izan, dena dela, bigarren zatian normal-normal aritu baitzen.

Kazetariak

Partida hasteko gutxi falta zela, kazetari asko zegoen berdegunean, futbolariak elkarrizketatzen. Epaile nagusiak lehen (eta bigarren) zatiaren bukaera erabaki zuenean, ziztu bizian atera ziren ez dakit zenbat kazetari zuzeneko elkarrizketak egitera. Kamerak, mikroak, kableak, zer zen hura!

Futbola eta sailkapena

Futbolari dagokionez, ezer gutxi. Hurrengo egunean, Rioko prentsan irakurri nuen Flamengoren partidarik onena izan zela aurtengo txapelketan.

Lerro hauek idazten ditudanean 22 liga jardunaldi jokatu dira eta Abramovicen sukurtsala den Corinthians da lehena sailkapenean. Hala ere, Tevez argentinarra izar nagusi duen taldearekin berdinduta dago, 39 punturekin, Santos. Hau da, Real Madridek berriki fitxatu duen Robinhoren talde ohia, orain Luis Alberto realista kontratatu duena. Baina, 13. postuan dagoen taldeak 32 puntu ditu. Beraz, Europan baina berdintasun gehiago dago hango ligan.

Flamengo 18. postuan dabil, burua altxatu ezinik. Taulan gorago egon arren, Ponte Preta 9. da, Sao Paulokoak oso emaitza kaskarrak kateatu ditu Riotik pasa ondoren.

Bukatzeko, Realak fitxatu nahi duen Thiago Quirinoren Atletico Mineirok azken postua utzi du eta bi talde ditu atzetik une honetan.

Brasil (II) Futbol partida bat Brasilen

Mikel Iturria 2005/08/24 20:50

Brasilen futbola erlijioa da. Erlijio nagusia? Seguraski. Rion lehenengo mailako futbol partida ikusteko aukera izan genuen, Flamengo 1 - Ponte Preta 0. Hala ere, pena izan zen Maracana estadioa obretan egotea, itxita. Beste estadio eskasagoan ikusi genuen. Onena giroa. Futbola, gutxi.

Copacabanako hondartzan geundela Marcelo izeneko gizon batek txangoak egiteko informazio-orria eman zigun. Besteak beste, futbol partida ikusteko aukera eskaintzen zigun. 50 real bakoitzak (kanbioa 2,89 eurotan dago). Irakurrita nuen garestiak izaten zirela txango horiek, partida ikusteko sarrera 15 realekoa dela kontutan hartuz. Eta hiri honetan egondako bi hoteletan 100 real eskatzen zituzten bertara eramateagatik. Marcelok prezio ona egin zigun eta 100 realengatik bi lagun eraman gintuzten estadiora (Copacabanatik 40 bat minutura), sarrera barne. Denbora-tarte hori gidari batekin egoten da taldea.

Eta taldea diot, zeren eta toreroek koadrila eramateko furgoneta txuri batean joan ginen 15 giri futbolera. Holandarrak gehienak, ingelesen bat eta bi euskaldun, gu geu.

Iritsi ginen Petrobas estadioaren inguruetara. Furgonetatik jaitsi eta denak, gregario onak bezala, gidariaren atzetik. Sarrerak erosi, poliziaren kontrol postuetatik pasa elastikoa jasoz (armarik ez izkutatzeko) eta hartu genuen gure tokia.

Petrobras petrolio enpresaren izena duen estadioa zaharra da. Tribuna nagusia bakarra da. Gainerakoak hiru grada prefabrikatu dira. Pentsatzen dut Maracana moldatu arte jarritakoak. Tribuna nagusiaren kontrako harmailetan eseri gara, goiko partean. Gidariak azaldu digu bi porterien atzeko fondoetan eseritzen direla bi torcida sutsuenak. Bakoitza fondo batean, harreman txarrak dituztelako. Lehenengo zatiaren bukaeran konturatu nintzen gure tribuna beraren eskuin izkinean Sao Paulotik etorritako 50en bat lagun zeudela, Ponte Preta taldearen zaleak. Espazio handia okupatzen zuten, hesiak albo batera eta polizia bestera.

Brasileiro edo Brasilerao txapelketa da urtearen bigarren seihilekoan jokatzen dutena Brasilgo talderik indartsuenek. 16. jardunaldi inguruan Sao Pauloko Ponte Petra da lider eta Flamengo atzeratu samar dabil, jaisteko arriskutik gertu. 35 milioi zale omen ditu Flamengok, Brasilen zale gehien biltzen dituen taldea. 22 talde daude A seriean eta bi jardunaldi jokatzen dira astero (asteazken-ostegunean bata, larunbat-igandean bestea). Telebistek partida gehienak (denak ez esateagatik) botatzen dituzte. Astelehen eta ostiraletan partidei buruzko laburpenak botatzen dituzte. Kirol kateetan kazetariz eta adituz osaturiko mahai-inguruak egoten dira.

Ikustekoa da nola mugitzen diren edari eta janari saltzaileak harmailetan barrena, gora eta behera, Rioko hondartzetan ibiliko balira bezala. Torero furgoneta aipatu dudanez, saltzaileen mugimendu horrek zezenplaza batera kontzerturen bat ikustera joandakoan ikusitakoa gogorarazi ninduen, han ere antzera zebiltzalako saltzaileak.

Edaria eta janaria saltzeaz aparte, kamisetak ere saltzen dituzte. Gure taldeko bi turistek erosi (eta jantzi) zituzten, argazkian ikus daitekeenez.

(Jarraituko du, luze aterako zait bestela).

Brasil (I) Kanti peaten

Mikel Iturria 2005/08/22 21:24

Amaitu da udako oporraldia. Aspaldiko partez, hilabete osoa egon naiz lanetik agertu gabe (uztailaren 22an joan eta abuztuaren 22an bueltatu). Ezin dut idatziz jarri zenbat kostatu zaidan gaur goizean nire motorra martxan jartzea. Betiko erritmora egokitzeko, bloga hornitzen hasteko eginbeharra jarri diot nire buruari. Opor gehienak, hogeitapiko egun, Brasilen egin ditugu. Eta bidaian ikusitako zenbait kontu azalduko ditut. Hasiko naiz kontatzen nola gustatzen zaigun gure burua nabarmentzea, kanti peatea.

Ezaguna ez bazara, saiatu zure burua ezagutzera ematen. Hori pentsatu nuen Fernando ikusi nuenean. Ez nuen tipoa ezagutzen, baina izena idatzita zeraman kamisetaren atzealdean. Hondarribiako aireportuan agertu zen gaztea Espainiako futbol selekzioaren elastiko gorria soinean zuela. Ez hori bakarrik, 69 zenbakia ere erakusten zuen.

Madrilgo aireportuan hamar ordu pasa genituen abioiaren zain (5 orduko atzerapena Air Europaren kortesia izan zen). Hainbeste ordu pasa ondoren tipo bitxiak ere aurkitu genituen bertan. Saria Belen Estebanen goitizena jarri genion emakumearen bikotekideak jaso zuen.

Madrilen konturatu ginen bereziak zirela. Gizonak, itxuraz, itxaronaldia alkoholaz busti zuen. 40 urteak beteak zituen astapotroa zen. Tripa, galtza motzak, tenis ikusgarriak, bizarra, buruaren albo biak rasuratuak eta ilea atzealdean txirikorda batean bildua.

Hemen ez zen bukatu bere nabarmenkeria: Salvadorreko aduanan zain geundela, bikotea izkina batean utzi zuen poliziak. Dirudienez, hegaldian gizonak istiluren bat izan zuen emakume brasildar batekin eta honek salaketa jarri zuen Salvadorren lurreratu zenerako. Akabo ordurarteko bikotearen espantuak!

Ez dakigu nola bukatu zen istorioa, baina guk eta gure aurrean zeuden beste batzuk poza hartu genuen bikote xelebre hark hartu zuen sustoarekin.

Kanti peaten ere jakin behar da.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter