Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Administrazioa eta euskara

Markos Zapiain 2015/06/17 14:30

Erru ugari dauzka LOMCE-k, baina batzuetan ematen du Hezkuntza Sailari ondo datorkiola, arazo guztiak gaizto arrotzari egoztea ahalbidetzen dion heinean. Ordea, gure esku dauden erabakiak ere ez dira beti zentzuzkoenak izaten.      

Bermeoko I.Arozena-B. Barrueta BHI ikastetxeak arazo bat du aspaldi handitik euskara dela eta. D eredukoa da goitik behera, baina administratibo batek ez daki euskaraz. Bera da telefonoa hartzen duena, harreman zuzena duena Idazkaritzako leihatilara hurbiltzen den guraso, ikasle eta edonorekin. Jendea txundituta gelditzen da. Eta administratiboak, jakina, bere burua deslekuan eta deseroso sentitzen du.

Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak Lanorduetako Euskara Ikastaroa egiteko aukera eskaini dio aurten, eta administratiboak eskatu egin du, aspalditik nahi du-eta euskaraz ikasi. Hala ere, ukatu egin diote. Lehen harridura: zergatik eskaini diote, aldez aurretik jakin arren ukatuko ziotela, baldintza guztiak bete arren?

Ulergaitza da Hezkuntza Sailak eta Administrazio Orokorreko Sailak hainbeste oztopo jartzea D ereduko ikastetxe bateko administratiboa euskaldun dadin, langilea gogo biziz ahalegintzen bada ere.

Agintariek ukatuagatik ere, begien bistakoa da Hezkuntza Publikoan murrizketak ezartzen ari direla. Gure ikastetxean, iazko irizpideak aintzat hartuta, lau ikastalde genituzkeen DBHko bigarren mailan 2015-2016 ikasturtean, 25 ikasle baitzen ratioa. Baina ez ditugu izango 3 baizik, aurten 27ra igo baitute. Hezkuntza Saila dirua aurrezten dabil, besteak beste langileak euskalduntzeko orduan eta ratioetan, ratioa bada ere Hezkuntzaren kalitatea erabakitzen duen irizpide nagusietakoa.

Nondik dator Gorka Urbizu?

Markos Zapiain 2015/03/11 21:55

Ezagutuko dituzu beharbada, baina hain garrantzitsuak izan ziren arren nire heziketa sentimentalean, eta gure arteko belaunaldi jauzia hainbesterainokoa ez bada ere, ez da ezinezkoa zure axolagabekeria tamalgarriaren erruz galdu izana:

Hau ikusi ondoren askok nahi izan genuen botila-putzegile bilakatu, ofizio gisa hartu, baina ez dute ondo ordaintzen, ez orduan ez orain, etorkizun hurbilean ere ez dut uste, nahiz eta komunitate jakin batzuetan berealdiko ospea dakarren.
 
Adi teklatu-jotzaileari, Berri Txarraken abeslariaren arbaso sekretua.
Hurrengoaren umorea bere garaian ulertuko nuen ziurrenik, orain berriz ez dut harrapatzen, azalduko didazu inoiz.

Pandero dibinoa

Markos Zapiain 2015/03/11 21:05


Long time ago you asked me if I was a believer and now I've got the answer:

YES, I AM

In the sense of The Monkees
I wouldn't like to live in a world without the Monkees's panderojole

Joxe Azurmendi: “Nazioa objektiboki deskriba daitekeen zerbait da edo ezer ez da”

Markos Zapiain 2015/01/02 21:45
Joxe Azurmendik Euskal Herriaren izan nahia oztopatzen duen edozein ideologiaren aurka jotzen du. Badugu zapalketa gordina, baina mendera-molde beharraren araberako mozorro seduzitzaileak ere erabiltzen dira: nazioartekotasuna, giza eskubideak, zibismoa, unibertsaltasuna, hiritartasuna, berdintasuna, kosmopolitismoa, demokrazia, aurrerapena, zentzuna, praktikotasuna. Frantziari kontzeptu polit horiek hizkuntzen hilerri bilakatzen lagundu diote. Elkarrizketa hau, paperean, “Ortzadar”en.

 

1-Mesfidatia izaten zara dikotomia zurrunetan oinarritutako erretorikaren aurrean, hain praktikoa izaten dena irakaskuntzan eta distiratsu mitinetan, hala nola demokratak/biolentoak edota balio moral zentzuzko absolutuak/dena berdin da. Oraingo "Historia, arraza, nazioa" honetan ere horietako batzuk argitu eta desegin dizkiguzu. Zein nabarmenduko zenuke?

-Nazioaren bi kontzeptu dago, bat zibiko demokratikoa, ilustratua. Bestea erromantiko irrazionala, arrazista. Bat frantsesa, bestea alemana. Hau da, bat zuria, bestea beltza. Mundua begiesteko era dikotomikoa hizkuntzan bertan daukagu nolabait: handi/txiki, zuri/beltz… Errealitatea oposizioetan ordenatzeko modu hori tresna funtsezkoa izan da dudarik gabe gizakiaren eboluzioan pentsamenduaren garapena bideratzeko. Irakaskuntzan ere baliabide pedagogiko errazenetakoa da. Beraz, ezer ez dikotomien aurka, izaera eta erabilera dogmatikoa ematen ez bazaie. Tresna lagungarria da. Baina izan, munduan ia ezer ez da zuri ala beltz hutsa. Historian are gutxiago. Izan, nazioak eta nazionalismoak ez dira derrigor zuriak ala beltzak izaten. Frantsesak edo alemanak.

2-Historiari begira, nazionalismoa ez al da Jainkoa bezain ugari eta aldakorra?

-Nazioa eta nazionalismoa fenomeno sozialak eta historikoak dira. Gizarte batetik bestera, aro batetik bestera bestelakoa da. Eskuinekoa, ezkerrekoa izan liteke. Goethek esaten zuen, nolakoa izan bakoitza, halakoa izaten zuela Jainkoa. Horrelako zerbait nazioaz ere esan liteke.

3-Renanen garaian bezain sasoiz dugu gurean nazioa definitzeko orduan zer ote den garrantzitsuagoa, historia, legedia, kultura eta hizkuntza bezalako ezaugarri objektiboak ala subjektibotasuna, nahia, politika.
-Nire ustean, nazioa egiten duten faktore objektiboen eta subjektiboen bereizketa hori guztia eskolastika besterik ez da. Nazioa objektiboki deskriba daitekeen zerbait da edo ezer ez da, eta nazioa fenomeno historikoa denez, deskribapen bat bakarra edozein naziorentzat edozein momenturako ez dago. Nazio irlandarra eta nazio judua esate baterako, edo Leizarragaren euskal nazioa eta Arana Goirirena eta Txillardegirena. Nahia, berriz, ez da nazioa deskribatzen duen datu bat. Edozein asmo edo ekintza politikoren aurretiazkoa da, ordea, eta nazioaz politikoki mintzatzeko edo politika nazionalerako, nazioaren nahia suposatu beharra dago. Nazioaren kontzeptu boluntarista batez mintzatzeak ez du zentzurik, nahia ez da kontzeptuko elementua, praktikakoa baizik.

4-Nazio eraikuntzan garrantzi handia eman izan zaio oroimen konpartituari. Renanek eransten du ahazmena ez dela garrantzi gutxiagokoa. Zein da nazioari pairagaitz zaion egiaren alde hori, ahaztu beharrekoa?

-Nazioa hor, Renanekin, Estatua bezala ulertuz. Frantzia edo Espainia historiaren produktuak dira eta bakoitzak bere historia oso goratik ospatzen dizute. Historiak justifikatzen du Katalunia, Euskadi, Andaluzia Estatu berean loturik egotea, eta Portugal esate baterako ez. Edo Irun bai eta Hendaia ez. Nazio edo Estatu batasuna memoria historikoak oinarritzen du. Kondizio batekin. Historia hori batasuna justifikatzeko moduan gogoratzea eta batasun hori burutzeko egin diren sarraskiak eta krimenak eta amarruak ahaztea. Hau funtsezkoa da. Historiak esaten digu zer garen, baina historiari guk esan behar diogu berak zer esan behar digun.

5-Ortega y Gassetek eta Hitlerrek sakonki irakurri zuten Renanen obra.

-Arana Goiriren abertzaletasuna nazioaren eredu alemanekoa eta arrazista omen delako gaitzesten da. Nazio etnikoa. Aurkara Renanen kontzeptu frantses demokratikoa goratzen da, nazio zibikoa. Bien testuak irakurrita, bizkaitarra baino askoz ere arrazistagoa da bretoia. Renan jauna bere burua arrazen teoria zientifikotzat daukan arrazismoaren gurasoetako bat da eta batez ere antisemitismo moderno gaiztoenaren fundatzaile eta patroi handia. Hitlerrek eta Ortega y Gassetek Renanen arrazismoan ikasi dute.

6-Estatuaren behar espantsionisten arabera, frantziar intelektualek desberdin teorizatu dute nazioa, konkista-gaia Aljeria, Bretainia, Belgika edo Alsazia izan denean.

-Frantziak ingira txikienik gabe anexatu du Savoia, hor frantsesa mintzatzen omen zelako: kasu honetan hizkuntza inportantea zen nazioaren kontzeptuan. Dunkerken flandrieraz egiten zen, Alsazian alemanez, Roselló katalana zen, Niza italiarra, etab., orduan arrazoi inportantea arma garaileak izan, hizkuntzak ez zuen inportantziarik. Nazioaren teoria frantsesean hizkuntza ez da garrantzizkoa, Frantziari interesatzen ez bazaio. Gero, eskualdeok konkistatu orduko, izugarri garrantzizkoa bihurtzen da nazio osoan hizkuntza bakarra inposatzea. Nazio bat, hizkuntza bat. Errusia herrien kartzela bazen, Frantziak hizkuntzen hilerria dirudi.

7-Renanek aipatu eta gurean zabaldu den nazioa eta eguneroko plebiszitua berdintzeko joerak hiritarren borondatea demokratikoki aintzat hartzea beste helbururik ez lukeen printzipioa omen du oinarri.

-Eguneroko plebiszitua inoiz egiten ez den plebiszitu xelebrea da. Gauzarik komikoena da kontzeptu famatu horrekin gertatzen dena. Inork ez du ulertzen, baina mundu guztia liluratzen du. Alegia, Frantzia, Ile de France txikitik abiatu eta inguru guztia bortxaz harrapatuz hedatu den monarkia baten eraikina da. Erregeari lepoa moztu eta gero, logikoena eskualde konkistatu guztiak atzera euren askatasun zaharrera itzultzea litzateke. Baina eskualdeok, dio Renanek, ez dira banatu. Eta horrek probatzen du elkarrekin bizi nahi dutela. Nahia hemen hasten da Renanen teorian garrantzizkoa izaten. Nola erakusten dute eskualde diferente guztiok nazio frantsesa izan nahi dutela? Ezer ez eginez. Xuberoako artzainak, Bretainiako arrantzaleak, Okzitaniako laborariak, Pariseko burgesak, orain erregerik ez dago, eta hala ere isil-isilik euren eguneroko bizitza egiten jarraitzean, elkarrekin nazio frantsesa osatu nahi dutela adierazten omen dizute. Horixe duzu eguneroko plebiszitua. Xuberoako artzainak, gaztak eginez, Bretainiako arrantzalearekin solidaritasun nazionala adierazten ei du… Formula bat belarriaren limurgarria, inork garbi ulertzen ez duelakoxe txit egokia jendea engainatzeko, eta horregatik edozein diskurtsotarako aipu polit bat bilakatu eta sekulako arrakasta ukan duena.

8-Frantziar nazionalismoa gainerakoekin alderatuz gero, badu nabarmentzeko moduko berezitasunen bat?

-Historikoki nazionalismo frantsesa beste guztien maistra izan da, denek dute haren antzen bat. Berezitasunik egotekotan nazionalismo frantsesaren espezifikoa, esango nuke, Frantzian nazionalismorik zarratuena ere beti irekitasun espiritual eta kosmopolitismo itxuraren banderarekin agertzen dela eszenan. Beharbada horregatik Parisen rola nazionalismo frantsesean. Frantzia Paris da eta Paris munduaren argia. “Le centre même de l’humanité, la capital de la civilisation”, esango du Victor Hugok. Nazionalismo espainolak hantustekeria hori ere kopiatu gura izan du. Espainia “la unidad de destino en lo universal” dela, ikasten genuen guk. Ez unibertsalak euskal abertzaletasuna-eta ziren. Parisen tokia Gaztela inperial eta unibertsalak hartzen zuen. Ikustea dago Unamunoren Gaztelaren mistika — eta ni arras hunkitzen ninduen gaztetan! Orain batzuetan Madrili eta Real Madrili jokarazi gura izaten zaio rol hori. “Madrid es mi patria, corte digna de España, madre benigna del mundo”, Tirso de Molinak deklamatzen zuen jadagoneko.

9-Jon Sudupek diosku Voltairek arrazismotik askatu eta kosmopolitismora bideratu gaituela. Voltairek dio judua arraza higuingarri bat dela, esklabo izateko sortua, eta beltza berriz gutxiago dela zuria baino, ziminoa beltza baino gutxiago den bezala eta ostra ziminoa baino gutxiago. Zein da hemen ezkutatzen den arazoa?

-Mezua berez aspaldikoa eta sinplea da. Abertzaletasunaren estukeria eta euskaltasunaren arrazismoa laga eta mundu zabaleko kosmopolitak bihurtu behar dugula. Ilustratuak, alegia. Hasteko, bitartean irrazionala eta intelektualki desonesta iruditzen zait salaketa edo suposizio horiek beti, behin eta berriro, modu generikoan erabiltzea, estukeria eta arrazismo suposatu horren adibide konkretuak gaurko gizartean inoiz seinalatu gabe. Egongo dira arrazistak abertzaleen artean, esan bedi zein eta zein. Alabaina, hori mentalitate dogmatiko baten kaferrotatxoa baizik ez dela pentsarazten didana, kontraeredutzat Voltaire eta Renan bezalako ganadua goraipatzea da. Irakurri ote dituzte? Voltairek merezimendu asko eta handiak dauzka, baina justu horiexek ez. Kapaz da Berlinen urteak bizitzeko kultura eta literatura alemanaz axola izpirik gabe. Hizkuntza alemanaz hartaz burlatzeko haina bakarrik interesatu da — “soldaduen eta zaldien hizkuntza” barbaroa. Haren kosmopolitismoa beti eta edonon total frantsesa eta paristarra izatean datza.

10-Aberriaren fanatikoen satirista zorrotza izan zen…

Egia da, baina kasualitatez fanatiko erdeinatu hori abertzale poloniarra da eta tropa errusiar eta prusiarren okupazioaren aurka da fanatikoa. Voltairek Errusiako Katarina II.aren eta Prusiako Federiko II.aren Poloniaren okupazio eta partizioa ontzat eman du. Panfletista antipoloniar negargarria bihurtu da. Eta zer kasualitate, berriro, bi potentatuok Voltaireren ongile aberats eta mezenas eskuzabalenak ziren. Rousseauk erabat bestela jokatu du tragedia poloniarraren aitzinean. Voltaireren arrazoia okupazio militar eta partizioaren alde da, Errusia eta Prusia askoz progresistagoak zirela -“ilustratuagoak”- Polonia atzerakoia baino. Inperialismo europarrak progreso unibertsalaren argudio berarekin zuritu ditu bere lapurreta unibertsalak XIX. mendean. Renanek, Voltaire bezalakoxea baitzen arrazista eta “eznazionalista”, Frantziaren misio zibilizatzailearen arrazoiarekin bedeinkatu du inperialismo frantsesa Ipar Afrikako nazio arabiarren zanpaketan. Ni neu aspaldian Voltaireren irakurle eta mireslea naiz. Hala ere, haren zenbait iritzi eta jarrera barkagarri izan liteke apika XVIII. mendean; kapitulu hauetan eredugarritzat aurkezteak XX. edo XXI. mendean ez dirudi barkagarria. Piska bat geu ere ilustratu gara harrezkero.

Dirua aurrezteko Eusko Jaurlaritzaren bidea

Markos Zapiain 2014/09/09 12:35

Administrazioan harrituta omen daude, irakasleak gero eta uzkurrago dabiltza ikastetxeetako zuzendaritzak beren gain hartzeko orduan.

Irakasleok, zuzendaritzaz jabetzeko ikuskariaren aginduari muzin egitearren, horrelakoak egiten ditugu: ikuskariarekin topo ez egiteko, egun bateko kontua baldin bada, komunean sartu, krisketa itxi eta goiz osoa barruan igaro; edo, arriskua zenbait egunez luzatuz gero, ordaindu gabeko baimena hartu eta urrutira bidaiatu (Bulgaria, Mongolia…).

Bestela, behin ikuskaria erremediorik gabe aurrez aurre daukazula, imintzio arraroak eta txoroarena egin eta negarrez hasi, konortea galdu eta lurrera jausi, psikiatraren paper piloa urduri erakutsi, ikuskariaren autoa erretzearekin mehatxatu.

Datu horiek guztiak benetakoak dira. Diskrezioak eta zuhurtziak are deigarriagoko beste zenbait isiltzea agintzen dute.

Azkenik, irakaslerik inozoenek arduratu behar izaten dute zuzendaritzaz, antzezteko trebetasunik, herentzia oparorik edo kontaktu egokirik ez dutenek.

Arras bestelakoa zen giroa 90eko hamarraldian: zuzendariak ez zuen kargua utzi nahi izaten, konfabulazio ugari zebilen ikastetxeetan zuzendaritzaz jabetzeko. Gurean hala zen, bederen.

Enigma galanta, diote Administrazioan.

Nola iritsi gara egoera triste honetara?

450 ikasle inguru dauzkan gure ikastetxean hiru idazkari zeuden.

Orain bi dagozkigu.

Bakarrarekin gaude haatik uztailaren 5az geroztik.

Ekainaz geroztik Administrazioak bazekien jakin gure bigarren idazkaria bazihoala eta uztaila eta irailaren hasiera izaten dela urteko boladarik gogorrena.

Gure idazkari bakarrak, gainera, uztailaren 10ean lantokira ez etortzeko baimena eskatu behar izan zuen senarrari ebakuntza larri bat egin ziotelako eta ordezko bat bidali ziguten. Gizon jator eta zintzoa, lan egiteko gogo handikoa; ez zen ordea irakaskuntzako idazkari. Berez, arkitektoa zen. Autobusez etorri zitzaigun, Villalbatik, Fragaren eta Rouco Varelaren herritik. Berrogeita hamar urteak ederki gaindituak, Mundakako kanpinean iglu-denda bat altxatu eta hantxe egon zen gurekin lanean ibili zen astean.

Zuzendaritza-lanaren alderik zitalena da deitzen duzula dagokizuna eskatzeko Ikuskaritzara, Langileriaren Kudeaketara, eta abar, eta erantzuten dizute arazoa konponbidean dela, hitz ematen dizute erabateko ziurtasunez izango duzula berehala bigarren idazkaria.

Eta ez da egia eta telefonoko solaskideak badaki ez dela egia. Lehenbailehen nahi du telefonoa eskegi. Bien bitartean, idazkariak bakardade latzean egin behar ditu 450 ikasleren matrikulazioak, ikasle eta ikasgelen zerrendak, estatistikak, garraio aseguruak, Eusko Jaurlaritzak bidaltzen dituen aplikazioen funtzionamendua ikertu eta ikasi, ez dago-eta ikastarorik, datu mordo izugarria programa desberdinetan sartu, leihatilara datozkion ikasle eta gurasoez arduratu, zeharo itota. Jakina, lan asko eraman behar izaten du etxera.   

Ez sinestekoak izan dira Administrazioarekin izan ditugun elkarrizketa batzuk. Uztailean, Baliabidekoak agintzen dizu bigarren idazkaria hiru egun barru izango duzula. Handik sei egunera deitu eta organigraman bere azpian dagoenak hartzen dizu: “a, hori agindu zizun? Beno, kontua da azken lan-eguna zuela oporrak baino lehen eta pasilloetan ez genuen elkar ikusi, beraz nik ez dakit deus ere. Dena den, zin dagizut, beranduenez ere irailaren lehenean hortxe izango duzue bigarren idazkaria”.

Hamaika ditu irailak eta ezer ez.

Edonola ere, idazkaritzako aldirik zailena igarotzen ari da honezkero. Egina dugu ikasleen aurkezpena. Bigarren idazkaria urriaren amaieran bidaliz gero ongi etorri, noski, baina Jaurlaritzaren jokabidea gure idazkariarekin oso hurbil dago bossing tankerako mobbing-etik, Hezkuntza Sailetik bultzatzen den hirueleduntasunari jarraiki adieraztearren. Zenbait hilabetez, Administrazioak langile baten soldata aurreztu du, bidegabeki, gure ikastetxean ez baita RTPa edo Lanpostuen Zerrenda aldatu. 

Inork ez du zuzendaritzarik nahi, zuzendaritzak funtsean Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza-sareko katebegirik ahulenaren kontura diru ziztrin bat aurrezteko koltxoi bilakatu baitira. Irudi luke Hezkuntza Sailaren sakoneko pentsaera dela “lagunduko dio baten batek idazkari bakarrari lan bikoitza egiten, konponduko dira pardillo horiek”.

Aurkikuntza berriak hainbat hizkuntzaren jatorriaz

Markos Zapiain 2014/06/21 11:54
Azkenik baten bat ausartu da gehienok susmatu baina isildu izan duguna garbi adierazten. Mossad eta ezkutuko desinformatze lanak. Giza egitura mentalaren sekretua.

http://contraperiodismomatrix.wordpress.com/2014/06/19/el-castellano-iberico-es-un-idioma-fenicio-annunaki-de-la-atlantida/

Rik Mayall hil da. "Gazteak" Nahieran?

Markos Zapiain 2014/06/09 22:43

"Gazteak" serieko Rick zen; ondoren "Karakola eta barea" egin zuen  Adrian Edmondson "Gazteak"eko "Vyvyan Basterd" punkyarekin.

Ea heriotza triste horrek bultzatuta ETBkoek eskura jartzen dizkiguten, omenaldi gisa edo.

Zergatik ez daude "EITB Nahieran"en euskaratutako serieak eta filmak? Non dago, adibidez, "Harreman arriskutsuak" zoragarri hura?   

 

Mendekuaz (eta V)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:39

-Jone Albeniz: Diego Sanchez Mecak, ikuspuntu filosofikotik, honelako baieztapenak egin ditu, Kant eta Nietzsche kontrajarririk: “El origen de ese bien y de ese mal están dentro de cada uno, no forman una ley moral establecida por Dios ni una estructura transcendental universal a modo de imperativo categórico, como creía y defendía Kant. Éste sería el primer argumento de la crítica de Nietzsche a Kant: el bien y el mal sólo están en nosotros como un contenido subjetivo; la ley moral es producto de nuestra educación y de la interiorización de nuestra cultura” Zeinekin zatoz bat? Eta zergatik?

-M.Z.: Nietzscherekin nator bat. Nietzschek maiz aztertu du mendekuaren eta moralaren arteko harremana, mendekua jo du Mendebaldean nagusi diren moralen sorburutzat. Dena den, ez dago ikuspuntu bakarra bere obran, bilakaera interesgarri bat dago “Gizatiarra, gizatiarregia” eta “Paseatzailea eta bere itzala”ko testuetatik “Horrela mintzatu zen Zaratustra” eta “Moralaren genealogia”koetara.

Ez dut uste lege moral eta agindu kategoriko unibertsal bat dagoenik, gizatasun behin betikoak ezarria; aitzitik, gizakia bilakaeraren ondorio da, bilakaera ez da amaitu, oso desberdina da jendea, oso historia desberdinak izan dituzte herriek, eta etikak, legediak eta justizia-sentimendua bera ere, horrenbestez, ugariak dira eta mutakorrak. Edozein herriren baitan ere askotarikoak eta aldakorrak dira taldeen eta gizabanakoen etikak, baina egia da aldi berean kutsu orokor berezia hartzen dutela herriz herri. Esaterako, eta Nietzschek berak kontatzen duenez, grekoek mendeku hartzea ohitura egokitzat zuten. Gaiztotzat zuten fundamentuz mendekatzen ez zekiena. Esker ona eta mendekua uztarturik zekuskiten eta bai esker ona adierazteko eta bai mendekatzeko gai ziren pertsonak zituzten zintzotzat. 

Mendekuaz (IV)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:21

-Jone Albeniz: Zein izan da mendekuaren eboluzioa gizabanakoarengan?

- M.Z.: Mendekua ez da gizakion berezitasuna. Frantses Wikipediak mendekuari eskainitako sarrerak dio 2000 urtean Saudi Arabian babuino talde bat errepide ertzean ezkutatu zela hiru egunez automobilista bat mendekuz harrikatzeko asmoz, honek zimino talde horretako kide bat akabatu izanaren ordainez.

Begien bistakoa bada ere zimino-oinarriak eta mendeku basatiak bizi-bizi dirauela gizakiongan, zibilizatzeak mendekurako aukera berriak eskaini dizkigu, gorputzetik eta odoletik libreago; irudimentsuagoak, maltzurragoak. Ikasleei jotzea debekatu zuten garaian eztabaida interesgarri bat piztu zen irakaskuntzan: irakasle eta ikasle batzuek zioten debekua txarrerako izango zela, momentuko asaskatzea eragotzita bide ematen baitzaio epe luzerako mendeku psikologikoari. Zaplazteko bat garaiz jo ezinean umiliazio publikoak etorriko ziren, edo noten bidezko mendekuak. Ziur aski, debekua baino lehen ere zaplaztekoak ez ezik umiliazio publikoak eta noten bidezko mendekuak ere izango ziren, baina beldurra zabaldu zen, erantzun primarioa debekaturik ez ote zen sotilagoa areagotuko. Urte asko igaro dira orduz geroztik, eta orain arreta deitzen duena da gero eta irakasle gehiago dagoela inoiz ikara fisikoa sentitu duena, ikasleek eraginda. Zurrumurrua dabil zentzu horretan arazo larriak dauzkazuela Mondragon Unibertsitatean (txantxa).   

Mendekua alferrikako bihurtu zuen iharduki eredugarri baten adibidea gure Institutuan bertan gertatu zen, Tuenti nagusi zen garaian, artean ez zuen Twitter-ek ordeztu. Bazen ondo zebilen bikote bat. Mutilagunak kontatutakotik eta neuk ikusitakotik dazagut istorioa: ohi baino partzialagoa da ikuspuntua. Batxillergoko bigarren mailan ikasgela desberdinetan jarri zituzten.

Saizarbitoriak Martutene-n erakutsi du bikote batzuek tartean sartzen zaien hirugarrena suntsitzeko joera izaten dutela. Aldiz, bada jendea bikote itxuraz sendoak apurtzeko grina bultzatzen duena oroz gain, Edipo aroa gainditu gabeko sarkinak. Neskaren ikasgelan bazen horrelako morroi bat eta neskari fitxak sartzen hasi zitzaion takian-potian. Neska ez da borde bat eta kortesiaz erantzuten zion, atsegina baita eta komunikatiboa. Sarkinak interpretatzen zuen neskak bide ematen ziola. Neskaren ikaskide batzuek mutilagunari kontatu zioten, horrelako notiziak ematea beti baita bihotz-altxagarri. Mutilagunak hasieran ez zion inori eman bere kezkaren berri, baina urduri hasi zen txirrina jo bezain laster pasillora irteten, zaintzera ea neskalaguna eta sarkina elkarrekin agertzen ziren, nola begiratzen zioten elkarri. Mutilagunak oraindik ez zekien aldi berean Tuentiren pribatutik sarkina egundoko mezu-zaparrada lerde-jarioa bidaltzen ari zitzaiola neskari. Neska bera moskeatu eta erakutsi egin zizkion. Mutila oso txarto jarri zen, Institutuan igartzen zitzaion, irakasleok gure artean komentatu genuen. Alegia, ez zen ihardukitzeko gai, erreakzioa aktibatu beharrean sentimendu bilakatu zitzaion. Zeharo galdua zuen ekimena, beste bien artekoa zelan zihoan kopetilun eta amorruz ikustera mugatzen zen, ikusle pasibo, goibel eta herratsu.

Konponbidea ekimena berreskuratzetik etorri zen, iharduki polit bat asmatzetik. Neskalagunarekin mintzatu eta erabaki zuten mutilak berak erantzungo ziola Tuentiko pribatuan sarkinari, neskaren izenean. Orduan hasi zen mutila eraso gisa sentitutakoari ondo pasarazten zion erantzun bat ematen, sarkinarekin jolasten. Gerra irabazi egin du; oraingoz bai, behintzat. Aspaldion, oker ez banago, ez mutilak ez neskak ez dute Tuentirik, eta behin krisia gaindituta neskak pasahitzaz babestutako bere esparru pribatua berreskuratu du interneten, mutilagunaren behakotik at, psikologoen aholkuari jaramon eginik. 

Mendekuaz (III)

Markos Zapiain 2014/05/28 10:01

-Jone Albeniz: Ze muga izan ditzake pertsona batek ez mendekatzeko?

-M.Z.: Esaten da biktimari oinazearen handitasunak eta indarraren txikitasunak eragozten diola iharduki eragingarri bat garaiz asmatzea. Tarte zabalegi horrek eragindako paralizatzeak bilakaraziko luke mendekati. Hau da ohiko ikuspuntua. Nietzsche ez dago ados.

Hemen giltza ez da neurria baizik tipologia. Gizaki tipo bat da Nietzscheren ustez mendekatia. Desberdinak dira Irene Villa edo Eduardo Madina eta Daniel Portero edo Enrique Mugika Herzog. Mendekatiarentzat, erabakigarria ez da jasan duen erasoaren tamaina edota bere minaren sakontasuna, ezta ere mendekatia bera zeinen indartsua den. Kontua da bere indar guztia, berdin dio neurriak, min horretara bideratu eta bertan finkatzen duela. Horregatik ez da gai erreakzionatu eta ganoraz erantzuteko. Mendekatiaren erreakzioa ez da sekula amaitzen, sentitua baita, esan bezala, eta ez aktiboa.

Hobe da, behin egoerak eskatzen duen erantzun merezi bezain bortitza eman ondoren, mendekua ahaztea. Mendekua ez baita amaitzen eta mendekatiari berari zapuzten dio bizitza. Erantzun efektibo eta artistiko bat behar da, nire ikasleak Tuenti erabilirik eman zuenaren antzekoa; gero kontatuko dizut. Edonola ere, saiatu, ahal izanez gero, zure orduak eta zure egunak ez galtzen mendekua bezalako pasio tristeen pean. Iraindu zaituzte, eraso, bidegabeki. Horrek goibeldu zaitu, etsitu. Ederrena litzateke erasotzaileari gogor ihardukitzea eta aldi berean ihardukiaren bidez zuk ondo pasatzea.

Infernua da mendeku-katea amaigabe horietako batean amiltzea, hala nola belaunaldiz belaunaldi luzatzen diren familien arteko liskarrak, edota herrien artekoak. Azkenean jendeak ez du gorrotoaren kausa gogoratzen; ez da gelditzen mendeku-behar gordina baino. Mendekua inpotentziaren adierazpen bat da. Ihardukitzeko gai ez denak jotzen du mendekura. Politika da mendeku gosea gainditzeko artea, horrela definitzen du Koldo Izagirreren “Metxa”k.

Ihardukitzailearen garuna malgua da, moldagarria, freskoa, zabalik dago kitzikapen berriak jasotzeko. Mendekatiarena, berriz, gogortu egin da, zurrundu, eta irainak burmuinean utzi duen aztarna ez da sendatzen, mendekatiaren bizi indarra aztarna horretan finkatzen baita. Psikoanalisten mintzamoldean: mendekatiaren libidoa aztarna mnemiko hori behin betiko inbestitzen du, mendekatiaren digestioa sekula bukatuko ez balitz bezala. Aurrerantzean, irainaren aztarnak mendekatiaren gogo osoaz jabetuko dira. Oinazea izango da nagusi bere bizitzan. Edonorengan sumatuko du erruren bat. Inork ez omen du bere mendeku-gosearekin bat egiten Etika Unibertsalak exijituko lukeen bezain sakonki. Biktima izatea da mendekatiaren izaeraren eta bizimoduaren funtsa. Baina inor ez du ezaugarri bakar batek definitzen, gaixorik ez badago. Mendekatiari lagundu behar zaio berriro jotzen biktima-tekla monokordeaz gain bere bizitzan ibili litezkeen bestelako musikak.  

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.