Arantxa Iturberen menpekotasuna kili-kolo
Arantxa Iturbek “Txarli” txinpantze tabakozalearen gaineko artikulu bat idatzi zuen "Berria"n, 2005eko apirilaren 24an. Hemen duzu
Bertan aitortu zigun osasun erakundeek eragin beldurra eta poltsikoko zuloa gorabehera, ezin izan duela tabakoa utzi. Edozer probatuko zuen ziur aski Iturbek: partxeak, hipnosia, pilulak...
Halako batean, telebistan, Rosset-ek “le miroir animal” deritzona: Txarli txinpantzea zigarreta esku-ezpainetan estilo handiz erabiliz.
Iturbe luzaro gelditu zaio begira, harriturik. Badirudi azkenik nikotina partxeek eta autosugestioak lortu ez zutena eskura duela, Iturbek bere buruari erretzeko orduan Txarlirekin sumatu dion antzaren kezkagarriak drogamendetasunetik askatuko duela.
Iturbek ilunki uste baitu zigarretak pertsonago egiten gaituela, ziminoagandik bereizi, animalia gainditu, gizatasunera igo.
Baina horra Txarlik telebista ispilu bihurtu. Eta Iturberen lehenbiziko erreakzioa: baldin erretzeak ziminoarekin berdintzen banau, utzi egingo dut.
Adikzioa ikaragarria da ordea. Iturberen defentsa mekanismo guztiak alerta gorrian jarriko ditu, abante arrazoimena eta irudimena. Atxikia atxiki beharrak, alegiarra ikerlari, detektibe eta filosofo bilakaraziko du.
Iturberen galdara dardaratiaren arrazoibideen ondorioetako bat izango da Txarlik ezin duela erre ez bada gizakiaren bitartez. Erabateko aberetasunarekin parekatuko balu erretzeak, Iturbek utziko omen luke. Baina gizakiak nolabait esku hartu behar duenez, Iturbek erretzen jarraituko du.
Txillardegirengan eta bere hainbat pertsonaiarengan animaliatasunaren nostalgia nabari den bitartean, giza konplikaziotik atseden hartuta aberearen patxada sinplera itzultzeko jorana, Arantxa Iturbek urduri aldenduko du txinpantzearekin identifikatzeko aukera, amesgaiztotzat joko du.
Halatan, “Txarli”ren ostean Orain “Congo” eman digu.
“Congo” txinpantze pintorearen hiru margolan enkantean jarri dituzte. Aldi berean Iturbek berak eta hainbat adituk giza jendearen tximutze orokor bat diagnostikatu dute.
Eta berriro ere Iturberi gizatasuna galtzeko aukera gogorregi egingo zaio nonbait, eta artikulua burutuko du eskatuz, jendea eta ziminoa nahastuko liratekeen etorkizunean, bezatzaileak berari banana luzatzean, eskuan haginka egiteko aski buru argitasun.
Buruzagi jeltzaleen matrailak
Euskaldunen artean forua baino zaharragoa da agintea ar-ezaugarri nabarmenak dituen gizonari ematea. Ez dirudi indoeuroparren eragin hutsa, txinpantze taldeek berdin dihardute.
EAEn boto gehien jasotzen duen alderdira mugatzearren, tradizioak agintzen du jeltzaleen buruzagiak matrailezur eta kokots sendoduna izateaz gain begien bistan erakus dezan: Agirre, Irujo, Ajuriagerra, Sodupe, Arzalluz…
Baina haustura bat gertatu da berriki: gaur egungo noraez eta zalantzak Imazen matrailaren inkognitari zor zaizkio beharbada, bixarraz tapatzen baitu.
Historiaren astunak, halatan, jeltzaleen zinezko buruzagia bilatzekotan, EBBkideen matrailezurrak aztertzera bultzatzen gaitu, eta eztabaidaezina da emaitza: Urkulluren kokotsak Imazenak baino artezago lotzen gaitu Arzalluzen eta Ajuriagerraren sokarekin. Gaur egun Urkullu da benetako agintaria.
Bestalde, jeltzaleen inguruko Izaronews.com webgunean, txitean-pitean, Ibarretxeren eta Imazen arteko xextrak direla eta, Imazek Ibarretxe egotziko balu -sozialistek atsegin ez dituzten ekimenekin tematzeagatik-, Josune Ariztondo jo izan dute Ibarretxe bota osteko lehendakaritzat. Berehala Jose Luis Bilbaori emango lioke lekukoa.
Matrailezur jeltzaleen Historian zail da Ariztondorena kokatzea. Baina ematen du alderdiaren ohiturak aldaketa sakon bat beharko lukeela ondarrutarraren kokots finari agintaritza onartu ahal izateko.
Memeturik
Ezustean eta larriki memetu naute Leire Narbaizak eta Jon Martinek. Hurrenez hurren, beren Kalamuatik Txargainera eta Sorbatza. Zorrak sor -en bidez endilgatu didate MEME delako hori eta dagokidana idatzi baino lehen beste bost blogariri pasako diet:
Markel Anasagasti "Anasintxa"ri, Mundekar baten bitakora
Ugutz Falzesi Harribolasetik zuzenean
Leire Narbaizari Kalamuatik Txargainera, erraz asko gogoratu edo asmatuko baititu beste bost.
Jon Regueirori Looking for my own religion
Bakoitzak bere bizitzako bost pasadizo kontatu behar lizkiguke, guretzat ezezagunak.
Adibide zirraragarria, Asel Luzarragaren Nasmastarraren apunteak -eko Memelotzat har nazazuen
Bertikaletik horizontalera
Gure gaztaroan kulturaren adierazpenik indartsuena kontrakultura zen eta lehenagoko belaunaldien aurka egituratu zen. Orain berriz belaunaldien arteko aurrez aurreko gatazkari muzin egiten zaio oro har eta nerabeek gugandik ihes egiteko bide eragingarriagoak erabiltzen dituzte, gatazkak estu lotzen baititu aurkakoak. Orain ezikusi dotore bat da nagusi: dirua eskatu eta lehenbailehen alde.
Bestalde, Aristotelesek bere buruari galdetzen dio nola bultzatu ikastera berez zale ez dena. Helduen, arbasoen eta gizartearen aurrean itxura ona eman nahi dutenak ikusten ditu Filosofoak ikasteko gertu, herabetasun edo “laidos” hori dutenak. Gaur egun ordea lotsatzeko gaitasuna duten gazteak taldekideen aurrean lotsatuko zaizkizu baina deus gutxi gurasoen, irakasleen eta helduen aurrean.
Era berean, oraingo gazteek gurea baino autonomia handiagoa dute gurasoengandik etxe barruan, mugikorrari eta txatari esker besteak beste. Gurasook ez dugu inolaz ere sartzerik esparru sekretu horietan, ezin ditugu kontrolatu.
Gure alabek esaterako eskura eta kontrolpean dute etxe osoa; ez bakarrik gure tiraderak eta armairuak eta irensgailuaren sabela; gure mugikorrak eta ordenagailua ere bai. Aldiz, gu ezin gara inondik inora haien mugikorretan edo ordenagailuan sartu, egundoko harresiak baitituzte eta pasahitz esoterikoak.
Aitzitik, gune opaku horiek lagunez gainezka izaten dituzte, ia beti adinkideak.
Izan ere, mundu osoan aldiberekotasun horizontala nagusitzen ari zaio arbasoengandik datorkigun lerro bertikalari. Hamalau urteko euskal nerabe batek hurbilago du Minnesotako, are Bonbayko beste edozein nerabe, aitite eta amuma baino: denek dakite gutxi gorabehera ingelesez, txikitandik ikusi dute The Simpsons, Dragoi Bola eta Shin Chan... Eta hedabideek sakonkiago eragiten diete guri baino. Mugikorraren eta interneten erabiltzeak garunen mutazioa ekartzen ari da.
Berebat, hiri handietan odola garrantzia galtzen ari da herentzia emateko orduan, gero eta maizago uzten zaio seme-alabei beharrean lagunari edo telebistako aurkezle gogokoenari.
Oso orokorra da mugimendu hori. Jendarte tradizionalean, dirudienez, funtsezkoa zen jatorrirantz atzera egiten zuen lerro bertikala; hiri modernoetan berriz garaikideekiko harremana da nagusi.
Piercingaren isuri argitsua
Iraun nahia ez da bekatu, ezta euskara noranahiko bilakatu nahia ere, zenbaiti kapritxo garesti bat iruditu arren.
Noranahiko, metroa barne, Jozulinek “garraio pubiko” deritzona barne.
Metroan berriki hamasei bat urteko neska bi zihoazen eserita. Halako batean: “vamos a ponernos de pie tía porque entre el tracatrá este y el piercing que llevo en el coño es que me voy a correr.”
Hori euskaraz entzun izan bagenu euskalduntze-bide erdia egina genukeen eta bidaiarien laurdena korritua.
Nolanahi ere, baikor izan gintezke: alde batetik, badugu belaunaldi oso bat nahiago dituena Shin Chan eta Doraemon katu kosmikoa euskaraz erdaraz baino. Orain arte askok jotzen bazituzten ere euskal itzulpen eta bikoizketak behartu, kirrinkari eta zurruntzat, Shin Chanekin alderantziz gertatu da salbuespenik gabe.
Bestetik, gero eta piercing gehiago dabil euskal aluetan.
Ikus liteke argi izpi bat metroko tunelaren amaieran. Hurrengo geltokiko farola xumeren batena izango ahal da, eta ez beste tren baten argia, gurearen kontrako bidetik abiatu eta gainera datorkiguna.
Irudi biziak
Desoreka amorragarria gurean: euskararen aldeko txosten, emendakin, egitasmo eta batzorde eragileak ugaltzen diren bitartean, eguneroko bizitzan euskararen alde zinez eragingarri litzatekeena alferrik galtzen uzten dugu.
Esaterako, Eusko Jaurlaritzaren bitartez ikastetxeetara Irudi Biziak ekimena heldu zaigu. Ikasleei urtean lauzpabost film ematen dizkiegu, ia beti euskaraz. Oso pelikula onak, sarritan gainera berriak: Crash, Billy Elliot..., Irusoinek primeran bikoiztuak, bikoiztailerik egokienekin (Iñaki Beraetxe eta).
Film horiek irakasleoi primeran etorriko litzaizkiguke hainbat eta hainbat ikasgaitan; aurten bai, baina baita hamaika urte barru ere.
Bestalde, Jaurlaritzak, Kontseiluak, edonork du onartzen zinema erabakigarria dela euskalduntze prozesuan.
Ordea, zer egiten da pelikula zoragarri horiekin?
Suntsitu eta erre.
Zergatik? Banatzaileek ez dutelako baimenik ematen DVD bilakarazteko. Eta biltegietako leku garestia kentzen dutenez erre egiten dira.
Baina ez ote gaude euskaldunok gaueko lanetan ohituak? Banatzaile handien ezetza ezin bada aldatu, ezingo genuke ezkutuan zenbait kopia atera eta ikastetxeetara bidali? Edozein irakaslek daki gaur egun euskararen erabilera hedatzeko orduan film horiek urre gorria balio dutela.
Hori bai, euskararen normalkuntzarako hurrengo bileran ordu pare bat eman ondoren erabakiko dugu errotulu batzuk jarri behar ditugula ikastetxeko kortxoetan, adieraziz euskarak biziki maiteko zaituela baldin zuk erabiltzen baduzu, eta ikasleek hunkiturik miretsiko dituzte errotuluok.
Hollywoodeko euskalkiak
Zenbaitetan, euskalkien arteko aldeak direla eta, euskaldunok uniformetze antzeko bat izaten dugu amets, berdintasuna ekarriko digulakoan. Uste dugu errazagoa litzaigukeela bizitza ingelesaren unibertsoan bageunde, guztiok hizkuntza bakar bat eta kito, akabo arazoak.
Usteak marroi ordea. Horace McCoy-ren “Hobe nuen etxean gelditu” eleberri beltzak, Fernando Reyk euskaratuak, gatazka baten berri eman digu, ingelesaren mintzamoldeen arteko desberdintasunen hierarkizatzeak eraginikoa.
Garai batean behintzat, zinema mututik soinuzkora igarotzean, guztiz ezinezkoa zitzaion ez soilik Georgia edo Alabamako bati, baizik Hegoaldeko edozein eskualdeko azentua nabari zitzaion edonori, Hollywooden aktore gisa lan egin ahal izatea, eder bezain antzezle on eta ahots eztiko izanagatik ere. Urrezko aroa izan zen ahoskatze irakasleentzat.
Izan ere, Amerikako Estatu Batuetan, zer esanik ez Ingalaterran, arlotetzat baitute Hegoaldeko mintzamoldea, zatartzat, apaindu eta gainditu beharrekotzat. Han ere eskualde batzuek lortu dute bertan ondo hitz egiten dela sinetsaraztea, bere buruari eta besteei, eta bertatik kanpo berriz txarto.
Alta, hain daude lotuak gizakia eta bere hizkera, bat baitatoz “ni txarto mintzo naiz” eta “ni txarto egina nago” gogoetak, hemen bezala Hollywooden ere, eta ondoriozko arazo psikolinguistikoek erokeria bortitz bat eragiten dute maiz.
Toñi Foroa (m)ren adierazpena
Mezu hau helarazi nahi diogu Euskal Herriari eta bereziki gaur egun Toñi Foroaren fundatzaileen espiritua bereganatua duen talde bakarrari, hots, Toñi Foroa (m) ildo beregainari (baita Lakasta eta Zaldieroa buruzagiei ere, nahiz eta, egiaren erraiteko, sarritan ematen duen beren burua (a) eta (m)ren arteko distantziakidetasun ziniko batean kokatzen dutela koldarki):
Badatorkigu berpiztea, lagunok, badator odol gaztea gure bihotza gozoro biziberritzera.
Euskadi Sariei uko egin diegun idazleak hiru taldetan sailkatu gaitu ukatzaile horietako baten emazteak: pardillos, pringaus, rojos amargaus.
Askok gure burua pardilloen artean ikusten dugu zalantza izpirik gabe. Are gehiago, okaztagarri zaizkigu eta traidore pringauak eta gorri mingostuak: ez dute nortasunik, ez ekimenik, EAEko Kultura Sailekoak dirudite. Behar-beharrezkoa dugu ukatzaileen arteko zatiketa, egiaren eta zintzotasunaren zuziak bizirik iraungo badu.
Honatx azkenik albiste pozgarria, honatx gure herriarentzako itxaropena: pardillo GUZTIOK igaroko gara Toñi Foroa (m)ra.
Toñiren bitartez herriarekin oraindik sakonkiago batzearren, gaztigatzen dizuegu pintxoen txostenarena ez zela izan aperitibo bat baizik eta geure lehenbiziko atentatua Diario de Navarrari, Garari eta El Mundori Txikiteroak benetan zenbat patinete eta petaka dituen filtratzea izanen dela. Kabroiak laurdena ere ez baitio aitortu Ogasunari, horrela zeharka Hirugarren Munduko txiroak gosez hiltzen lagunduz.
Gora Toñi Foroa! Gora (m)!!
Gora Hegoalde Autonomoa!!
Garraio publikoaren alde
Metroan. Hamasei bat urteko neska bi eserita hitz eta pitz. Halako batean:
“vamos a ponernos de pie tía porque entre el tracatrá este y el piercin que llevo en el coño es que me voy a correr.”