Laikotasunaren alde (kontrakorik gabe)
Itziar Diez de Ultzurrunek eta Eneko Marinek laikotasunaren inguruko eztabaida falta deitoratu dute; Hezkuntza Sailak erabaki garrantzitsuak hartu behar dituen honetan agian ez da desordukoa izango Erlijioa ikasgaiak ikastetxe publikoetan izan beharko lukeen tokiari buruzko artikulu bat.
Karikatura interesatu bat da laikotasuna eta antiklerikalismoa nahastea, edo laikotasuna erlijioaren aurkako jarrera gisa aurkeztea. Kontua da gurean honezkero bukatua dela teokrazia, ez Jainkoak diktatutako legeek baizik eta gure kabuz sortutakoek gobernatzen dutela gure elkarbizitza, era ahal bezain autonomoan ahalegintzen garela herria antolatzen. Inor ez litzateke baztertu beharko sexuagatik edo arrazagatik, baina ezta sinesmenengatik ere. Espazio publikoan ez lirateke pribilegioak onartu beharko. Zesarrari Zesarrarena eta Jainkoari Jainkoarena: estatu laikoak ez ditu diruz edo bestela lagunduko erlijio partikularrak, baina babestuko du edozein hiritarrek bakarka zein taldean bere fedea praktikatzeko duen eskubidea, etxean, Elizan zein Logia Masonikoan. Kontzientzia eta adierazpen askatasunaren aldeko argitasun eta begirune horrek eraman ditu fededun asko laikotasuna aldeztera. Laikotasuna ez da ideologia bat, gatazkak saihesteko metodo bat baizik. Latzak baitira pairatu behar izan ditugunak, monoteismo orok bizitza publikoaz jabetzeko erakutsi duen irrikaren erruz. Ez da harritzekoa Historia ondo ezagutzen duten jakintsu kristau, musulman eta juduek hainbat liburu idatzi izana laikotasunaren alde. Eta Hezkuntza Laikoa elkarteko kide bat baino gehiago joaten da bileretara Jainkoari otoitz eginez, bilera lehenbailehen amai dadin erregutuz.
Estatuari dagokio Hezkuntza Publikoa. Hor ere ez litzateke onartu beharko ikasleak eta familiak arrazoi erlijiosoengatik bereiztea. Ordea, katolikoek berdintasun printzipioa hausten duten pribilegioak dituzte. DBH-n aski da kristautasuna ikasi nahi duen ikasle bakar baten eskaera talde bat osatzeko, halako kasu bat dugu Bermeoko Institutuan. Gainerako erlijioek ez dute abantaila hori, nahiz eta gero eta musulman gehiago dabilen. Berez, Kristautasun Katolikoa, Kristautasun Ebanjelikoa, Islama eta Judaismoa dira Hezkuntza Sailak eskaintzen dituenak. Halatan, Agnostizismoa edo Ateismoa ikasi nahi luketen ikasleak eta beren familiak zokoratzen dira, bigarren mailako hiritar izatera menosten. Bidegabekeria horrek Espainiak eta Vaticanoak 1976an negoziatzen hasi (Konstituzioa onartu aurretik) eta 1979an izenpetu zuten Konkordatua du oinarri. Geroztiko Espainiako gobernuak ez dira ausartu Konkordatua bertan behera uztera, ezta sozialistenak ere. EAEn edo Nafarroan, itxuraz laikotasunaren aldekoenak liratekeen Bilduren eta Podemosen koalizioak bagenitu ere gobernuan, ezingo litzateke Konkordatua desaktibatu, EAE eta Nafarroa Espainiaren menpean baitaude. Dena den, egia izan arren Konkordatuak dirauen bitartean gure Hezkuntza Sailek ezin diotela ofizialki Erlijioa ikasgaia eskaintzeari muzin egin, badira hainbat bide laikotasuna xede aurrerapausoak egiteko modukoak, adibidez sarkinkeria eragoztea eta dirua zentzuz banatzea.
Intrusismo ebidentea baita, batetik, Eskola Publikoan irakatsi beharreko programazio bat Munillak eta enparauek Gotzaindegian egitea; eta, bestetik, Eskola Publikoan lan egingo duten Erlijio irakasleen egokitasuna edo desegokitasuna Gotzaindegiak edo Islamaren Elkarteak erabakitzea. Orobat, ez da zilegi Hezkuntza Sailak, bai iazko ikasturtean eta bai aurten, hain gomuta mingarria pizten duen Gazteluetari eta Opus Deiko gainerako ikastetxe segregatzaileei 13 milioi inguru euro ematea, aldi berean Eskola Publikoetako Batxilergoetan irakaskuntzaren kalitateari erasaten dioten 35 ikasleko ratioekin gabiltzala, diru faltagatik omen. Gero eta nabarmenagoa da konponbidea ez dela indarrean daukagun erlijio askoren eskaintza, multikonfesionaltasuna, baizik eta laikotasuna: begirune osoa erlijioei eta fededunei, baina doktrina eta proselitismoa eskolatik kanpo.
Erlijioa ez, laikotasunaren aldezleok ez dugu erlijioa ikastetxeetatik egotzi nahi, besteak beste begien bistakoa delako erlijiorik gabe ezin direla ulertu ez Historia, ez Artea, ez Filosofia. Hortaz, normala da erlijioz beterik egotea Institutuetan irakasten diren Historia, Artearen Historia zein Filosofiaren Historia. Hori bai, programazioak idatzi eta gaiak irakatsi, adituak direla azterketa publikoetan frogatu duten irakasleek egiten dute, jakitatea xede, eta ez, katiximaren hedatzea helburu, Gotzainaren nihil obstat-ak bedeinkaturikoek.
Laikotasunaren hastapenak ez soilik Hezkuntzan, jendarteko hainbat esparrutan izaten dira onuragarriak, ustekabekoenetan ere. Didier Deschampsek Frantziako futbol selekzioaren ardura hartu zuenean, ostikolari katolikoak, ateoak, protestanteak, musulmanak, agnostikoak eta aingeru itxurako judu bat aurkitu zituen. Batzuk hasi ziren, kontzentratzioetan eta, beren fedeei loturiko menuak eta beste zenbait berezitasun errebindikatzen. Deschampsek gogor ezarri behar izan zuen laikotasunaren diziplina: fede partikularrei loturiko ohiturak, selekziotik kanpo. Hau errepublika txiki bat da. Eta Mundiala irabazi zuen.
Clydie King joan zaigu
Kingen heriotzaren berri ematen duen albiste honetan haren zenbait abesti dauzkazu
Hemen Linda Ronstad-i laguntzen You're no good kantuan
1:35-1:46 tartea, bereziki egokia ulertzeko zer den erritmoaren eta musikaren poza, eta zergatik ibiltzen ziren Clydie Kingen atzetik zoro lez Ray Charles, Rolling Stones, Lynyrd Skynyrd, Barbra Streisand edo Bob Dylan
1981eko udan Frantziako Tolosan eta Avignonen ikusi genuenok inoiz ez dugu ahaztuko
Gainera, orain Sad Eyed Lady Of The Lowlands-i esker bi kontzertu haiek berpiztu ditzakegu, ikaragarria da internet
Hemen Avignonekoa (hasiera falta da, gizon bat harmailetatik erori eta hil, argindarra joan eta Dylan, King eta enparauek a capella abestu zutenekoa, Takolo, Pirritx eta Porrotxek bezala Gernikako Azokan 90ko hamarraldiko bigarren erdian)
Argindarra berreskuratuta, Kingek eta Dylanek Saved erabili zuten kontzertua abiarazteko; Trouble No More-ko bertsio honetan, garai hartako izpiritua ederto jasotzen duena, Clydie King koristen artean Dylanengandik urrutien dagoena da, panderoa jotzen
Txepetxak beldurra galdu zuenekoa (eta 2)
Lanean
Laugarren, ezin azpimarratu barik utzi Etxebarriaren lan egiteko ahalmen itzela. Eta hemen ere badago enigma bat, azaldu beharreko berezitasun bat. Nekez aurki zenezake Joserrak adina idatzita neurotiko obsesiboa ez den idazlerik. Izurrite horri ihes egin badio, izan liteke berak beti sentitzen duelako bere burua taldekide, kolektiboak direlako beti esku hartzen duen ekimenak. Hori bai, taldean erabakiak bozketaz hartzen dira eta Joserraren proposamenek beti galdu izan dute, baina hori beste kontu bat da. Edozelan ere, ez da bakarti erromantiko tormentatu bat; aitzitik, inor gutxi Etxebarria bezain komunikatibo. Adibidez, nik elkarrizketa bat egitea proposatu nion, pare bat orrialde, eta, mesedea nik berari egingo banio bezala hartzeaz gain, eskuzabaltasun hunkigarriz, jadanik badaramatzagu hogei bat ordu grabatuta.
Kantitate hutsa baino kontuan ez hartuta ere, harrigarria da Etxebarriaren lanaren emaitza; pertsona normal batengan ibilbide oparoa osatuko luke haren curriculumaren laurdenaren laurdenaren laurdenak: euskara ikasteko metodoak, testu liburugintza sarritan anonimoa, ehunka artikulu eta libururen zuzentzaile, UZEI, Elhuyar, Jakin, Karmelo Ikastola, gau eskolak, UEU, bertso eskola, liburu piloa, itzulpen mordoa, jarduera politikoa, legebiltzarkide, nuklearraren aurka, itxialdiak, irakasleria propioaren aldeko borroka eta pankarta, presoen aldeko laguntza-batzordeak, irratia, soilik Anaitasuna aldizkarian berrehun eta berrogeita bederatzi artikulu, gehi Egunkaria, Egin, Berria, Gara, Argia, euskal Wikipdeia eta abarrekoak...
Irakasle lanetan ere ez da nolanahikoa, hogeita bi urte zituela hasi zenetik izan du estatus mitiko bat, eta ez dekretuz lortua, baizik eta lan itzelaren ondorioz. Joserraren ikasle izateko zori ona izan dutenek badakite frantsesez ikasleari zergatik esaten zaion élève: irakasle onak elebatu egiten gaituelako, zauden mailan eskutik hartu eta gorabidean laguntzen zaitu. 2017-2018 ikasturte hau du azkena. Hondar urteotako bere ikasgaia, Euskara Ingeniaritzan, borondatezkoa da ikasleentzat. Urtetik urtera emendatuz joan zaio ikasle-kopurua, aurton bikoiztu. Ikasle ohi batek esanda dakit zergatik: ahoz aho zabaldu da ikasleen artean Etxebarria doktoreak benetan irakasten duela, serio hartzen duela bere ikasgaia, kalkulu zekenik gabe ematen diola bere denbora eta ardura. Bat-banaka zuzentzen dizkie lanak, lerroz lerro, hitzez hitz, errotuladore gorri batez iradokizun argiak letra argiz idatzirik.
Jose Ramonen argitasun matematiko hori inbidiagarria egiten zaigu gehienbat narrazioen, ametsen eta kaos mentalaren munduan gabiltzanoi. Batez ere kontuan hartuz gero, eta hau da ikusten eta zerrendatzen ez den Etxebarriaren beste lantegi horietako bat, bere liburuetako marrazkiak ere berak egiten dituela, orain ordenagailuz eta ordenagailuak agertu arte Rotringez. Txundigarria da nola ematen duen Einsteinen esperimentu mentalen eta Fisikako arazo eta soluzio konplexuen berri marrazki xume ezin argiago horien bidez. Marrazkiak hurbildik aztertuz gero, gainera, ikusten duzu ez direla uniformeak: esaterako, behatzaile humanoa burusoil marrazten du batzuetan, baina beste batzuetan txima darion yeye bat izaten da.
Bakarrik biziko balitz, mendi puntako zenobio batean, idazteaz aparteko ardurarik gabe, ulergarriagoa litzateke Etxebarriaren ekoizpenaren oparotasuna. Baina gainera ez da gogoan proiekzio publikoa baino besterik ez duen kanpoeder horietako bat: arras bizitza aktiboa du lagun-taldean; koro batean abesten du; beti egiten du harrikoa eta, bazkalostean, egunero jokatzen du emaztearekin eta amaginarrebarekin kartetan, gehienetan seikoetara. Sarritan irabazten dio ehun eta bat urte bete dituen amaginarrebak, baina kiroltasunez onartzen omen du Jose Ramonek, zer erremedio. Hiru alaba ditu, Lear erregeak bezala, eta goitik behera inplikatu da haien heziketan; onerako ala txarrerako, auskalo. Orain bilobekin antzera: ateri denean biloba Hodei kotxetxoan paseatzen aurki dezakezu Santutxuko Europa Parkean. Udazkeneko arratsalde goibel batean topatu nituen nik, Hodei seko lo eta Jose Ramon pentsatzen, hau da, bere buruarekin hizketan, hori baita Etxebarriarentzat pentsatzea. Aurrerantzean, jubilatu ondoren, euskal Wikipedia hornitzen jarraitzeaz gain, hizkuntzak lantzeko asmoa du. Nik aurkitu nuenean frantsesez ziharduen bere buruarekin, teknologia berriak giza garunetan eragiten ari diren aldaketei buruzko Michel Serresen liburu bati bueltak ematen.
Bakanak dira pentsalari originalak. Gaur egun Europan ez dirudi hamar baino gehiago direnik, ia denak ezkutuan lanean. Liburu gehienak iraganeko pentsalarien brikolajeak izaten dira. Ideia zinez berrien sortzaileek goititu eta edertu egiten dute giroa. Jose Ramon Etxebarria duzu horietako bat. Beti izan du oso harreman estua, fisikoa, hizkuntzekin; oroz gain euskararekin, baina gaztelania, frantsesa eta ingelesa ere badakizki. Zer da ordea hizkuntza bat jakitea? Etxebarriaren erantzunak Fisikako ekuazio soil baina aldi berean zabalaren dotorezia dauka, eta bere-berea da: hizkuntza bat daki hizkuntza horretan patxadaz inprobisatzeko gai denak. Auskalo zergatik ez den definizio hori Adolfo Suárezi Fisika euskaraz irakasteaz eman zion erantzuna bezain popularra izatera heldu, baina badu aski kalipu eta meritu, Herri Batasunako ordezkariek, Etxebarria bera barne, Espainiako errege Juan Carlosi Gernikako Juntetxean Eusko Gudariak abestu ziotenekoaz eman zuen txepetx-azalpenak bezala: «Hitza debeku genuenez, kantuari ekin genion».
Horra egia zientifiko bat: ez dugu zorte makala Jose Ramon Etxebarriaren garaikideak izanik. Hain da aparta Joserraren ahalmena bere kabuz pentsatu eta lanean zein borrokan buru-belarri engaiatzeko, hain gutxitan suertatzen da pertsona bakar batengan tamainako inteligentzia, eskuzabaltasuna, ausardia eta grazia biltzea, ezen ez da batere zaila ez bakarrik hura filosofikoki laudatzea, munduko gauzarik errazena egiten da orobat Txepetxa maitatzea.
Txepetxak beldurra galdu zuenekoa
UEUk Jose Ramon Etxebarriaren omenez argitaratutako "Bai, jauna, bai: Fisika euskaraz!" liburuko atala
Filosofiako bati bereziki erraza eta atsegina zaio Jose Ramon Etxebarria goraipatzea, filosofiaren hainbat helburu garbi mamiturik aurkitzen baititu gernikarrarengan.
Lehenik eta behin, gogoetarako autonomia: ezaugarri baitu Etxebarriak etxean, herrian, hedabideetan zabalduen diren iritzi eta ikuspuntuak beste barik ez onestea, alderdi politikoek edota zientziako guruek egiatzat eskaintzen digutena mesfidantzaz aztertzea, eta soilik onartzea bere adimenaren galbahe kritikotik iragazitakoa. Ume kozkorra zela ekin zion gerora egundo utzi ez duen jokabide horri: fede katolikoa jaso zuen etxean, fede katolikoa ezarri zioten ikastetxean zein gizartean, eta Jose Ramon, bolada batez fedeak aginduriko balioen arabera bizi ostean, bere buruari kristautasunaren edukiez galdezka hasi eta iruditu zitzaion, batetik, ez dutela ez hanka ez bururik, eta, bestetik, jendea mendean atxikitzeko boterearen asmakuntzetako bat direla. Inertziaz pasiboki jasoriko eduki mentalak aztertu eta fede hori geldika-geldika deseraikiz joan zen. Sasoi hartan jarri zioten hain zuzen Txepetxa ezinena Eibarren. Halaxe deitzen diote oraindik ere. Ona, txikerra izanez gero, hobea: oso pozik dago Etxebarria ezizen horrekin, Anaitasuna aldizkarira bidalitako bertsoak Txepetxa izenpetu zituen, beharbada Otañoren bertso klasikoen argitan identifikatzen delako hegazti bitxi horrekin: txikitxoa, xaltokako ibilera, fidagaitz eta eszeptikoa: hain arina izan arren, enborrik sendoenean ere saltotxo batzuk ematen ditu badaezpada ere, behar bezala eutsiko ote dion:
Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,
baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;
amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,
baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,
hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.
Zuhurtzia alabaina ez izaki beldurra, filosofiaren betiko beste xedeetako bat beldurra gainditzea da, edozein beldur. Naturala da beldurra: ume orok dio beldurra ilunari, oinazeari, heriotzari. Beldur sakon primario horixe da botereak jendea lotzeko darabilen kateetako bat, udazken honetan Katalunian ikusi bezala; gurean ere beldurra hedatzea du helburu txio alai batengatik espetxera zaitzaketela mehatxuak, bien bitartean agintarien txotxongiloen txio mila bider ankerragoak gustura onartzen direla.
Ulergarria da beldurraren eraginez jendea ezkutatzea eta isiltzea. Zergatik ez da ezkutatzen ez isiltzen Jose Ramon Etxebarria? 70eko hamarraldiaren hasieran, Santutxuko giro euskaltzaleetan, gerora emazte izango zuen Lore Akaiturri andereño eta gozogilea ezagutu eta elkarrekin irteten hasi ziren. 1972ko irailean, Zuberoan elkarrekin aste zoragarri bat igaro ostean, Jose Ramon Eibarrera itzuli, gurasoenera, eta haiek jakinarazi zioten bezperan Guardia Zibila etxera bila etorri zitzaiola. Biharamunean bertan joan zen inozente-inozente Joserra bera Eibarko kuartelera, pentsatuz gaizki-ulerturen bat izango zela. Ez ordea. Han bertan furgonan sartu eta zuzenean La Salvera. Kontatu ETAz dakizun guztia. Tutik ere ez dakit. Hiru egunez torturatu zuten, batik bat belaunikarazi eta oin plantetan makilakadak joz. Beste tortura-molde batzuen aldean ez dirudi bereziki krudela, baina oinazea ikaragarria ei da, konortea galtzera ere iritsi zen Etxebarria doktorea. Garai hartan torturatzaileek ez zituzten aurpegiak estaltzen. Bazen ilehori bat. Deus kantatzeke irten zen ezer ez zekien Txepetxa.
Artean oinak zaurituta zeuzkala eta hanpatuta, zapatak sartu ezinik, osaba batek ezagutzen zuen monseñor Añoveros Bizkaiko gotzain progresistarengana joan eta tortura kontatu zioten. Etxebarriak gotzainari galdetu zion ea hankak erakustea nahi ote zuen, zauriak ikus zitzan. Gotzainak ezetz, sinesten dizut. Handik egun batzuetara, Añoverosi egin zioten elkarrizketa batean, Euskal Herriko torturaz galdetu eta «no tengo constancia de que semejante cosa ocurra» erantzun zuen, «no he visto ningún cuerpo torturado». Eta ez zen gezurra, ez zuen-eta ikusi nahi izan. Eliza Katolikoaren hipokrisia gogoangarri hori sistematikoa da. Jose Maria Cirarda apezpikuak ere, aukera izan arren, ez zuen Martin Orberen gorputz torturatua ikusi nahi izan, eta zenbait asteren buruan hedabideetan adierazi zuen ez zuela torturaren berririk, ez zuela halakorik ikusi. Ez zuen San Paulok alferrik azpimarratu aginte oro datorrela Jainkoagandik, edozein agintariri aurka egitea dela Jainkoari aurka egitea. Etxebarriari, borrerorik gupidagabeenak eta Elizak elkarri eskaintzen dioten babesaz ohartzeak faltsukeria zer den ulertzen lagundu zion. Etxean edandako fedea, ordurako deseraikia, behin betiko zokoratzeaz gain, jendaurrean salatzeari ere ekin zion, zenbait abade adiskide baditu ere, Martin Orbe bera kasu; Joserraren dohainetako bat baita irizkide ez dituenen lagun on izateko gaitasun eder hori.
Ordurako Anaitasuna aldizkarian idazten zuen eta hamabostero joaten zen Imanol Berriatuarengana, frantziskotarren komentura, artikuluak eramatera. Itxarongela batean egoten zen Berriatuaren zain. Eta egun batean itxarongelan bera torturatu zuen guardia zibil ilehoria topatu zuen, Elizan bataio bat antolatzeko hara joana. Horrela ikasi zuen Etxebarriak Eliza katoliko apostoliko erromatarraren zale batzuek ez dutela torturatzeko eragozpenik, eta hierarkiak de facto onartu egiten duela.
Halakoak pairatu ondoren, jende askok atzera egingo luke, bizitza pribatura erretiratu, tentuz ibili. Agian torturaren bidez aginteak eragin nahi duen mututasun izutiari buelta ematen asmatu zuelako egiten da Etxebarriaren ibilbidea eta bere mintzaera hain tolesik gabea, hain zuzena, hain argia. Lau hizkuntzatan inprobisatzeari ere ez dio beldurrik. Normal hizketan ere sumatzen zaio barne askatasun handi hori. Torturaz geroztik, hamaika bider izan da salatua, kolpatua, atxilotua, epaitua. Poliziek ez bakarrik ohiko egurra, bestelako elementu natural jatorrizkoak ere erabili dituzte Joserra kikiltzeko: esaterako, ura, ertzainen mangerazoen zurrusta biolentoak. Ertzain batena zen halaber Etxebarria ahuspez etzanaren burua zapaltzen zuen bota, aurpegia eta ahoa lurraren aurka bortxatuz. Egurra, ura, lurra... litekeena da sua ez erabiltzeko bezain zozoak izateagatik ez lortu izana Txepetxa oilotu eta mututzea. Nolanahi ere, oker jo die kukuak: torturatua izateari beldurra galdu dionak edozein beldur gainditu baitu, eta adore lasaiz egin diezaieke aurre bidegabekeriari eta zurikeriari.
Hain zuzen, eta hirugarrenik, borroka molderik filosofikoena da Etxebarriak darabilena: Montaigneren adiskide Étienne de la Boétiek, Thoreauk eta bestek teorizatutako intsumisio eta desobedientzia zibilaz baliatzen da injustizia iraultzeko, legediak injustizia konpontzeko biderik eskaintzen ez duelarik. Txit interesgarria da Jose Ramonen borroka-moldea: ohikoa denez, hitza darabil bidegabekeriak salatzeko, xedeak argitzeko, eta abar; baina gorputza ere erabiltzen du. Bere gorputza injustizia iraunarazten duen botereari ezustekoa eta deserosoa zaion lekuetan kokatzea izan da Etxebarriaren taktiketako bat: itxialdiak, hamabost urtez goizero unibertsitate atarian pankarta baten atzean, unibertsitatetik kanporatua izan ostean ustekabean eta Protecsa eta gainerako seguratei izkin eginez campuseko edozein gunetan agertzea... Beldurbakoaren borrokak ezusteko bideak hartzen ditu, eta ezustekoa ezin da zeharo makurrarazi. Behin torturaren izua gaindituta, aurrera bolie, eta, ikusita zenbat eraso jasan behar izan dituen, bistan da ez diola beldurrik ez atxilotua izateari ez espetxeari; ezta heriotzari ere: katebegi iragankor izatea filosofiaz barneratuta, ez du batere kezkatzen ezinbestez hil beharrak.
Himno proposamena
Zergatik ez ezarri abesti hau EAEko Hezkuntzaren himno gisa?
Gure helburu pilo baten alde bultzatzen du: eleaniztasuna; erlijioaren lehentasuna, Jainkoaren alabantza eta estasi mistikoa; errukia oinarri duen goi-mailako artea; pentsamendu positiboa; egiazaletasuna; talde-lanaren garrantzia; normalkuntza, euskarari esparru erabakigarri bat gorderik, despedidarena hain zuzen; harmonia holistikoa, agenda 21, Lur planetaren eta naturaren maitatze desinteresatua; begirunea desberdinari eta transgeneroari... Politikoki politegia izatea, hori du apika akats bakarra.
Beste abesti honek ere badu himno kutsu nabarmena, baina nori proposatu, Ama Elizari? Ez da behar, aspaldi ari baita ume beltz eta txuriei gosea eta hotza kentzeko ahaleginetan jo eta su.
Jose Ramon Etxebarria, erretretaren bezperan
Jose Ramon Etxebarria 1948an jaio zen Gernikan, eta han igaro zuen haurtzaroa; nerabezaroa berriz Eibarren, Serafin Basauri, Juanito San Martin eta Imanol Laspiurrek adoptatu eta babestua; eta helduaroa Bilbon, zehazki Santutxun. Hiru herri horiek erabaki dute haren nortasuna. Ingeniaritza Industrialean doktore, 1971n ekin zion Euskal Herriko Unibertsitatean Fisika irakasteari, Leioako campusa inauguratuz. Etxebarriak den-dena ikasi zuen erdaraz eta euskaraz modu autodidaktan alfabetatu zen, batez ere Anaitasuna aldizkaria astiro eta arretaz irakurriz; ondoren, aldizkari horretako zuzendari Imanol Berriatuak euskararen ezagutza sakontzen lagundu zion. 1972an Guardia Zibilek La Salven torturatu zuten. Hurrengo urtean Lore Akaiturrirekin ezkondu zen, ikastolako andereño, ekimen handiko euskaltzale eta dohain deigarriak dituen gozogilea baita. Adituek bere opil eta bixkotxak internetez saltzera animatzen dute, baina deus ez. Hiru alaba dituzte eta hiru biloba. Jose Ramon Etxebarria Lemoizko nuklearraren aurka nabarmendu eta Iberduerok, mendekuz, etxeko argindarra kendu zion zenbait hilabetez, alabak txikiak zirela. Zigor hari esker, kandelen argi misteriotsuak girotutako abentura harrigarrien oroitzapenak dauzkate gaur egun. Etxebarriak ez zuen Espainiako funtzionario izan nahi: zenbait lankiderekin batera irakasleria propioaren aldeko borrokari ekin eta 1992an unibertsitatetik kaleratu zituzten. Hamabost urtez egunero-egunero unibertsitateko sarreran pankarta baten atzean protesta egin ostean, 2007an itzuli zen unibertsitateko irakaskuntzara, eskatzen zuten moduko lan-kontratu baten jabe. Azken urteotan euskara teknikoa irakasten dabil Ingeniaritza Eskolan, 60ko hamarraldian karrera ikasi zuen ikasgela beretan. Datorren igandean 70 urte bete eta jubilatu egingo da.
San Mames ondoko Ingeniaritza Eskolan duen bulegoan egin ditugun elkarrizketa luzeetan (atzo, maiatzak 19, Noticias taldeko Ortzadar-en sintesi bat argitaratu zuten), Etxebarriak behin ere ez du erakutsi asko idazten dutenengan ohikoa den egolatria malenkoniatsuaren arrastorik ere. Apartak ditu talentua eta txinparta, ikusgarriak mintza-doinuaren ezusteko aldaketak, barre-algarak, teatroa, kantua, umorea, bizitasuna. Lau ordu inguruko solasaldi intentsuetan ez du ezer jan ez edan, ur tantarik ere ez, eta amaieran hasieran bezain fresko egoten da. “Pentsatu egin behar da” eta “oso pozik nago” dira maizenik darabiltzan esaldiak, eta bat datoz haren bizimoduaz suma daitekeenarekin, irudi baitu etenik gabeko gogoeta alai goi-mailako batek bizi duela, eta bere etxea maitasunaren, herrigintzaren eta zientziaren bidegurutzean eraiki duela.
García Márquezen "María dos Prazeres"
María dos Prazeres Manaosen jaio baina nerabe zenez geroztik Bartzelonan lan egin duen prostituta bat da. Katalan perfektu batez mintzo da, araztasun arkaiko batez apaindua, eta ahaztutako portugesaren musika ere igartzen zaio.
Zaharturik, heriotza hurbil sentitzen duela, prostituzioa utzia badu ere, Cardonako kondeak ostiralero bisitatzen du, xanpaina botila bat eta trufak dakartzala; elkarrekin afaldu eta ondoren hondamendi sentipena uzten dien maitasun goibel bat egiten dute.
“Una noche, agentes de la Seguridad del Estado asesinaron a tiros frente a su ventana a un estudiante que había escrito a brocha gorda en el muro: Visca Catalunya lliure.”
Biziki estua da Cardonako kondearen eta María dos Prazeresen arteko lotura, urte luzez ondua.
Hala ere, behin batean “el conde de Cardona estaba escuchando el dueto de amor de La Bohème, cantado por Licia Albanese y Beniamino Gigli, cuando le llegó una ráfaga casual de las noticias de radio que María dos Prazeres escuchaba en la cocina. Se acercó en puntillas y también él escuchó. El general Francisco Franco, dictador eterno de España, había asumido la responsabilidad de decidir el destino final de tres separatistas vascos que acababan de ser condenados a muerte. El conde exhaló un suspiro de alivio.
—Entonces los fusilarán sin remedio —dijo— porque el Caudillo es un hombre justo.
María dos Prazeres fijó en él sus ardientes ojos de cobra real, y vio sus pupilas sin pasión detrás de las antiparras de oro, los dientes de rapiña, las manos híbridas de animal acostumbrado a la humedad y las tinieblas. Tal como era.
—Pues ruégale a Dios que no —dijo—, porque con uno solo que fusilen yo te echaré veneno en la sopa.
El Conde se asustó.
—¿Y eso por qué?
—Porque yo también soy una puta justa.
El conde de Cardona no volvió jamás, y María dos Prazeres tuvo la certidumbre de que el último ciclo de su vida acababa de cerrarse.”
Dylanek Laboari ezetz
Bob Dylanek 2006an Donostian eman zuen kontzertuan ez zuen baimendu Mikel Laboak berekin batera kanta zezan, eta batzuek oraindik ez diote barkatzen. Bi urteren buruan hil zen gainera Laboa, eta beraz urrutiago egia, justizia, erreparazioa eta onezkoak egiteko aukera. Txikia delako euskaldunon kultura ausartu omen zen Laboaren eskaintza ukatzera.
Ez dirudi egia; nortasun kontua ematen du gehiago, etika eta estetika. Euskaldunona baino handiagoa da Espainiako kultura eta Dylanek uko egin zion Asturiaseko Printzearen Sariari. Nobel Sariaren arduradunek sekulakoak eta bi egin behar izan zituzten abeslariarekin kontaktatu ahal izateko, eta azkenik Patti Smith bidali zuen Stockholmera bere ordez. Obamak kontatu du 2010ean, Etxe Zurira gonbidatu zuenean, Dylanek ez zuela argazkirik atera nahi izan berekin eta Michellerekin batera, gainerako artistak irrikaz egoten ziren bitartean, eta The Times They Are A-Changin' abestu eta berehala alde egin zuela.
Bitxia bezain interesgarria du, alafede, dantza-psikomotrizitatea ere. Inork ikusi ote du Solid Rock-en bertsio honetan baino desmadratuago, bigarren minututik hirugarrenera?
Esertoki klimatizatuak Logroñon
2011n, Donejakue Bidearen Logroñoko zatian, 16 ipini zituzten hasieran; adibidez, Espoloian bi. Jendea pozez txoratzen zegoenez, Gallarza parkean beste bi ipini zituzten gero.
Geotermiaren bidez, urak eta glikolak osatutako isuri batek jarlekuak epeltzen ditu. Teknika berri horrek lur azpiko energia aprobetxatzen du bankuei beroa edo hotza emateko, urtaroaren arabera. Ez dira asko aurrerapenaren emaitza dudarik gabe onuragarriak, eta horixe da bat. Zergatik ukatzen digute euskaldunoi?
Lau hilabeteko lana behar izan zuen esertoki klimatizatuak jartzeak, eta ez zuten ordaindu 100.000 euro baino, erakartzen dituzten bisita ugariei esker aspaldi berdinduak.
Zenbait jenderen eguneroko bizitzan garrantzitsuagoak dira jarleku klimatizatu horiek Apple eta Amazon baino. Gaur bertan euri izugarri hotz hori bota eta bota dabilen arren, goxo bezain idor daude bankuak, lasai eser zaitezke. Etxegabeen babeslekuak dira. Berriki arte Zubia Doktorearen Glorietan zebiltzan etxegabeak Espoloira aldatu dira. Eguerdian oraindik lotan egoten dira banku klimatizatuetan, Udaletxeko arkupea baino goxoagoak baitira.
Logroñon, jendeak gehiago ipintzeko eskatzen du. Eta guk? Manolo el del Bomboren bozeramale Arrimadasek dioen bezala, beti prozesua eta independentzia atzera eta aurrera eta azkenik ezikusia egiten diegu teknozientziaren opariei eta herri xehearen eguneroko arazoei.
Paquita la del Barrio
Paquita la del Barrio hamabost urte zituela ezkondu zen, haurdun, berrogeita biko gizon batekin. Haurdunaldian jakin zuen bere senargaiak beste herri batean beste emazte eta familia bat zeuzkala, baina ez zuen bertan behera uzteko indarrik izan.
Orduan pilaturiko oinazea darie bere abestiei. Errukirik gabe iraintzen ditu gizonak. Hauxe da ziur aski bere kanturik ospetsuena, Rata de dos patas.
Paquitak lehenbiziko senar hura eta beste gizon asko dauzka gogoan Agure buztan berde kantuan: "Viejo rabo verde" deitzen die, "zahar gizajo sehaska-bortxatzaile".
Beste abesti honetan, Pobre pistolita, bere gizon harroaz kexu zaigu Paquita: "gau osoa pasa nuen itxoiten, zure zurrungak entzuten, bakarrik, ametsetan; pistolatxo tristea zurea, jadanik ez du tiro egiten, ezta noizbehinka ere, inutila, zein zekena izan den natura zurekin".
Edozelan ere, amodio basatiak ez du zertan esperantza galdu. Hori bai, baldintza bat betez gero: Ez zu ez ni.