Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Erradikalen eta transaktibisten arteko ika-mika

Erradikalen eta transaktibisten arteko ika-mika

Markos Zapiain 2021/07/01 20:26

Eztabaida mingarri horren eraginez eten zuen Irene Monterok ezustean prentsaurreko bat eta hasi zen negarrez. 

Montero legeak ika-mika bortitz bat sortu du aldekoen eta aurkakoen artean; gauzak nahasiagoak dira, barrutik ondo aztertuz gero, baina kanpotik begiratuta ematen du funtsean trans legearen alde Podemos dagoela eta aurka PSOE, alde Público eta aurka InfoLibre sozialista.

Dena den, Madrilgo gobernuan piztu den eztabaida horrek aise gainditzen ditu Madril eta Espainia. Mundu-mailan transaktibista batzuen eta feminista erradikal deituen artekoaren adierazpenetako bat da Espainiako gobernu barruko xextra.

Beste bat, youtuben oso jarraitua, Riley J. Dennis Amerikako Estatu Batuetako transaren eta Magdalen Berns eskoziar lesbiarraren arteko ika-mika luzea izan da. Biziki interesgarria da.

Izan ere, eztabaidaren aldeetako bat geografikoa da, Frantzia Amerikako Estatu Batuen aurka, Simone de Beauvoir versus Judith Butler. Zorionez, eztabaidaren azpian ditugun bi liburu funtsezkoak badauzkagu euskaraz: Beauvoirren Bigarren sexua eta Judith Butlerren Genero nahasmendua.

Zenbait astez feminismoaren inguruko liburuak irakurtzen ibili den euskaldunari nabarmena egingo zaio zein gogorra den Elisabeth Badinter feminista frantziarra Dworkin eta MacKinnon Estatu Batuetako feministen aurka, eta nola mespretxatzen duten Amerikako feministarik ospetsuenek Beauvoir eta Beauvoirren tradizio frantsesa. Uste dut feminista euskaldunak direla tankera ergeleko pasio nazionalista horietatik libreen dabiltzanak: Tere Maldonado, Ana Iruretagoiena, Irene Arrarats eta abar. 

BEAUVOIR ETA BUTLER

Beauvoirrek Bigarren sexuan dio emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela. Hitz horiek erabili gabe, sexua eta generoa bereizten ditu. Gizarte patriarkalak gizaki emea inongo behar biologiko, psikologiko eta soziologikorik gabe alemanen hiru k-etan itxi eta lotu nahi izan du, umeak, sukaldea eta eliza (Kinder, Küche, Kirche). Zeregin eta jarduera jakin batzuetara mugatu du, iragana errepikatzera batez ere, umegintzara eta zaintzara. Aldiz, gizona etorkizunera zabalik dago, historia egiten du, proiektuak asmatu. Beauvoirrek dioenaren azpian eskema hau dago: badira gizonak, badira emakumeak eta ni zapalduta nago emakumea naizelako. Emakumeen eskubideen alde borrokatu beharra dago.

Judith Butlerrek ez du hain argi dikotomia hori: batetik gizonak, bestetik emakumeak. Hizkuntza berez da oso zakarra, errealitatea geldiarazi eta bortxatu egiten du. Errealitatea ñabardura da, nahasmendua, etengabeko aldaketa. Inork ez du identitate sexual argi bat, behin betiko. Egun batzuetan femeninoago esnatzen naiz. Heteroa homo bilaka daiteke, eta homoa hetero (nahiz eta azken hau ez den hain maiz gertatzen, auskalo zergatik). Zenbaitetan sexua ez dator bat generoarekin. Zakila duzu hankartean baina emakume sentitzen zara.

Butlerren aldarria da "ez nazazu etiketatu, ez behartu nire burua sailkatzera, ez dakit ondo nor naizen, etengabe ari naiz aldatzen, bai nortasuna eta bai gorputza, eta utzi bakean".

Judith Butlerren osaba psikiatriko batean itxi zuten, “gorputzeko anomalia batengatik”, dio ilobak, zehaztu gabe. Hermafrodita izango zen agian, ugal-organo ar eta emearen jabe aldi berean. Butlerrek 16 urterekin jakinarazi zuen jendaurrean lesbiarra dela, baina gero, unibertsitatean, feministekin eta lesbiarrekin militatzen ari zela, ezinegona eta kezka eragin zion sasoi hartako feminismoaren oinarrian zegoen gizon/emakume binarismo gogorrak.

Hizkuntzak eta gizarteak bideratu eta erabakitzen dute sexuari dagokion gure pertzepzioa. Errealitatea askoz ere aberatsagoa da, arraroagoa, mutakorragoa. Esaten denean “hemendik honaino, gizon, handik aurrera, emakume...”, muga hori arbitrarioa da. Muga hori desegin behar da, eta desegitearen emaitza politikan mamitu. Butlerren Genero nahasmenduaren bultzadaren ondorioz kendu ditugu ikastetxeetako komunetatik "mutilak" eta "neskak" errotuluak. Zenbait jendek ez du paper ofizialetan ematen zaion sexuan preso bizi nahi.

Zure burua identitate bakar iraunkor batean finkatzea defentsazko jarrera bat da, ziurgabetasunaren eta itxikeriaren ondorio. Poliedrikoak gara, aldakorrak, atzemanezinak, eta hori politikara eta legediara eraman behar da.

MONTERO LEGEA ETA GENEROAREN AUTODETERMINAZIOA

Montero legean generoaren autodeterminazioak piztu ditu oroz gain arazoak. Legeak baimentzen du nork bere generoa erabakitzea, baita hankartekoak erakusten duenarekin bat ez badator ere, are medikuen eta psikiatren iritziaren zain egon behar izan gabe ere. Edozeinek izango du zer den erabakitzeko eskubidea, adin txikikoak barne.

FEMINISTA KLASIKOEN ARRAZOIAK

Feminista erradikalek diotenez, ebakuntza transexuala egin nahi duten neska-mutil eta nerabeen ehuneko laurogeitabostak iritzia aldatu egiten du hogei urte bete baino lehen. Eta egiten dutenen artean asko eta asko dira damutzen direnak.

Angeles Alvarez sozialistak dioenez, neskatxa bat futbolean ez da neskatxa bat futbolean baino, ez derrigorrez lesbiana bat edo transexual bat. Ordea, Montero legearen erruz, areagotu egingo du gaur egun sumatzen den joera: neskatxa bat futbolean ikusi eta beste barik transexualitatera bideratzeko arriskua. Gainera, emakume transek goi mailako kiroletan domina guztiak eskuratuko dituzte, aspaldi honetan gertatzen ari den bezala, emakume arruntek baino testosterona-maila altuagoa baitute.

Feminista klasiko horiek diotenez, eta orain sakonago, Montero legeak generoaren autodeterminazioa bultzatzen du, eta horrek sexu-desberdintasuna legeetatik ezabatzea ekarriko du, eta indarrik gabe utziko emakumeen aldeko edozein ekimen juridiko. Generoaren autodeterminazioak gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko legediaren oinarria zapartatuko luke.


TRANSAKTIBISTEN ERANTZUNAK

Marina Sáenz transaktibista da eta lehenbiziko transexual katedraduna Espainian. Montero legean esku hartu du. Eta dio PSOEko feminista klasiko horiek mamuzko arriskuak astintzen dituztela; batetik, ez dago inongo joerarik futbolean dabilen neskatxa transexualitatera bideratzeko; bestetik, kirolarena gune ofizialek kontrolpean dute zeharo, eta azkeneko urteetan trans bakar batek ere ez du domina bakar bat ere irabazi.

Ez da katastroferik gertatuko. Aitzitik, orain arte zeharo baztertua bizi izan den kolektibo bati bizimodua erraztuko zaio.

 

LIDIA FALCÓN

Transaktibisten aurkari aktiboenetakoa Lidia Falcón da, Partido Feminista de Espainiako sortzailea. Rolando kafetegiaren aurkako ETAren atentatuan inplikatu zuten eta Billy el Niñok torturatu zuen. Ostiko bat jo zion tripan eta garrasi egin zion “ya no parirás más, puta!” Gure demokraziak hain eskuzabalki saritu duen Billy Umea, badakizu.

Beno, ba Lidia Falcón da TERF izendatu duten horietako bat, transen gorrotatzaile. Falcónek dio gizonak eta andreak daudela eta hori jaiotzean hankartean daukazunak erabakitzen duela. Beste guztia “ai, ez dakit nor naizen, zeinen poliedrikoak garen”, ez da poesia merkea baino, edo betiko gizonen aitzakia emakumeen aldalekuetan sartu eta kontuz. Transei buruz dio izaki estrainio batzuk direla. Horrelakoak esateagatik bota dute Izquierda Unidatik. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.