Agnostiko eta ateook ere lurra behar dugu
Beste bultzada bat fededunek hezkuntzan eta edonon dituzten abantailei, fedegabeon kalterako: orain Eusko Jaurlaritzak udaletxeak behartuko ditu lur eremu batzuk uztera gurean bizirik dauden fede erlijiosoek beren tenpluak eraiki ditzaten. Fedebakooi galdetu ere ez digute egin, nahiz eta Jaurlaritzak ondo dakien behar izanez gero nora jo.
Fedegabeok ere baditugu gure tradizioak, gure eskolak, eta hori dena behar bezala transmititu nahi diegu gazteei. Eskola publikoan gero eta zailagoa da, batik bat katolikoen intrusismoagatik. Eskubide-berdintasunaren izenean, guk ere metro koadroak eta eraikin dotoreak exijitzen ditugu.
Ziur naiz Eusko Jaurlaritzak gure eskaerak aintzat hartu eta ez gaituela bigarren mailako hiritartzat jo eta baztertuko, orain arte bezala.