Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Fromage ez da cheese

Fromage ez da cheese

Markos Zapiain 2021/06/23 22:10
Claude Lévi-Strauss eta erlatibismo linguistikoa

Lévi-Straussek "Antrolopologia estrukturala" liburuan idatzia, Patxi Apalategik euskaratua:

"Frantsesak eta ingelesak elikagai beraren izenari balio fonetiko heterogeneoak eratxikitzen dizkieten momentu beretik, terminoaren posizio semantikoa ez da jada inolaz ere berbera. Niretzat, nire bizitzako zenbait denboralditan ingelesa bakarrik hitz egin baitut, halere elebiduna izan gabe ordea, fromage eta cheese hitzek gauza bera esan nahi dute noski, baina zenbait xehetasun berezirekin; fromagek nolabaiteko astuntasuna gogoratzen du, materia gantzutsua eta apur bat papurgarria, zapore lodia. Aparteko hitz egokia da guringileek  "pâtes grasses" deritzatenak izendatzeko; aldiz, cheese hitzak, arinagoa, freskoa, pixka bat garratza eta hortz artetik ihes bezala egiten duela (ik. aho-zuloaren forma), berehalaxe gogora ekartzen dit gaztanbera. Beraz  "gazta-arketipoa" niretzat ez da berbera, nola eta frantsesez ala ingelesez pentsatzen badut."

Amatiño
Amatiño dio:
2021/06/24 12:31
Antropologia estrukturalaz ezer askorik jakin beharrik gabe ere, edozein elebidunek izan du inoiz erlatibismo linguistikoaz konturatzeko aukerarik. Beldur naiz, ordea, Lévi-Straussek ez ote zuen, bere iritzia adierazteko, zitekeen adibiderik desegokiena aukeratu: gaztak.

Britainia Handian 700 inguru omen dira gazta-motak eta Frantzian, berriz, milatik gora. Gazta frantsesek, batetik, eta ingelesek bestetik, “gazta- arketipo” bana osatzen dutenik pentsatzea, eta, horrez gainera, arketipo biak kontrajarri eta elkarrengandik bereiz daitezkeenik uste izatea… erlatibismo linguistikotzat baino, erlatibismo pertsonaltzat joko luke Basque Culinary Centerreko edozein ikaslek.

Ulertzen zaio maisuari zer esangura duen, baina, nonbait, gastronomiaz antropologiaz baino gutxiago zekien.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2021/06/26 08:21
Arrazoi duzu, Amatiño. Are gehiago, Lévi-Straussek bere metodo estrukturala, mitoei aplikatu zien bezala, gaztei aplikatu izan balie, mila eta zazpiehun gazta horiek bat-banaka dastatu eta bakoitzaren berezitasunak eta beste gaztekin dituen harremanak zehaztu beharko zituzkeen; gaztatasuna ez baitago ideien munduan; ez da gure mundu honetako gazta desberdinen multzo artikulatua baino. Lévi-Straussek ez zituen mitoak Jungek bezala aztertzen, arketipoak berehala aurkitu eta ondoren siesta egitera. Mythologiques idazteko, hamar urte baino gehiago, egunero ordu asko eta asko sartuta, pasa zituen Amerikako mitoak eta haien arteko transformazio logikoak aztertzen. Tentu eta finezia handiz hurbildu zen mitoen ugaritasunera eta desberdintasunera, eta mitoen bilakaeretara. Freudek Edipoz egin zuen interpretazioa beste mito bat iruditzen zitzaion, Ediporen mitoaren enegarren aldaera. Ez dirudi antzera jokatu zuenik gaztekin. Baina ez zen bizi izan ehun urtez baino. Berrehun betetzera heldu izan balitz, Gaztalogika monumental bat idatzi zukeen, ziurrenik, hain zituen esnekiak maite.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.