Udalei kendu, elizei eman
Iaz pandemiagatik atzeratu eta asteburu honetan daukagu EAEn Bigarren Hezkuntzako irakasleak hautatzeko oposizioetako lehen atala, idatzizkoa. Irailean ebaluatuko dira idatzizkoa gaindituko dutenen programazioak, lehenagotik egin behar izan dituztenak. Ziurrenik, urriaren amaiera arte ez da bukatuko azkeneko azterketa: hirurogeita hamar gai inguruko zerrenda batetik zozketaz ateratako bat mintzoz aurkeztu beharko dute izangaiek, epaimahaien aurrean, irizpide inpartzial eta zentzudunen bidez osatutako epaimahaiak. Oposizio gogorrak dira, ia urte bi kirioak dantzan.
Erlijioko irakasleek lanpostu finkoa lortzeko ez dute sekula oposiziorik gainditu behar izan. Gotzaindegiak aukeratu ditu missio canonica delakoan jarduteko, eta ez bide zaio erosoa jendaurrean aitortzea zein irizpide zehatz erabili duen. Gotzaindegiaren webguneko “Erlijio katolikoko irakasleen baremazioa” esteka sakatu eta huts-hutsik ageri da. Hori bai, diru publikotik ateratzen dira haien soldatak, irakasle misiolariak Gotzaindegiak proposatu eta Eusko Jaurlaritzak izendatzen eta ordaintzen baititu.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak lege-proiektu bat onartu berri du (euskaraz ere badago, baina esteka euskalduna sakatu arren, Jaurlaritzaren webguneko automatismoak gaztelaniazkora zaramatza) "erlijio-aniztasuna babesteko eta kultu-zentro berriak irekitzeko", bi helburu horiek elkarri derrigorrez lotuak baleude bezala. Izan ere, egon zaitezke erlijio-aniztasuna babestearen alde; baina aldi berean uste izan dezakezu ez dela Jaurlaritzaren zeregina ez udaletxeak ez beste edozein erakunde behartzea kultu-zentro berriak irekitzera, eta mugatu beharko lukeela ziurtatzera inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabeziagatik saritua edo zigortua.
Lege-proiektu honetan guztiak dirudi arraro samarra. Ezagutarazi dizkigun EAEko fededunen eta fedebakoen kopuruak txundigarriak dira. Katolizismoa ei da EAEko konfesio nagusia, 1.489.864 sinestun. Nola zenbatu ditu? Mezetara ez doaz hainbeste. Isilean otoitz egiten dutenak izango dira menturaz 1.489.864?
515.771 omen dira sinesgabeak. Ez 515.770, edo 500.000 inguru, baizik eta 515.771. Pentsa liteke neurgailu kuantikorik sofistikatuenak baliatzen hasiak garela. Ez da sinesgaitza zehaztasun hori?
Ez horrenbeste, kontuan hartuz gero datu horien iturria CIA dela, eta Deustuko Unibertsitateko erakunde batek ere lagundu duela datuok plazaratzen; eta Gotzaindegiak Batxilergoko Erlijio-irakaslegaiak Deustuko Unibertsitatean gradu garesti bat egitera bultzatu izan dituela, hots, Baccalaureatus in Scientiss Religiosis ikasketa kanonikoa, “hezkuntzaren eta irakaskuntzaren bidez fedea transmititu nahi duten sinestunentzat” eskainia. Matematika edo Filosofia sinestunek zein sinesgabeek irakats ditzakete, eta Erlijioa, berriz, sinestunek baino ez. Noski, gradu hori ez dago gaztelaniaz baino. Tankera horretako diskriminazioak kontrolatzen kontzentratu beharko luke Jaurlaritzak.
Lege-proiektua udalen aurkako eraso bat da; arreta deitzen du elizei dagokienez darabilen mintzamolde goxoaren eta udalen aurkako kontu-eskearen eta errietaren arteko kontrasteak. Elizak eta fedeak “babestu” eta “bermatu” behar dira; aldiz, udalei exijitzen zaie “zuzeneko edo zeharkako bereizkeria edo murrizketa arbitrario bat eragin dezaketen alderdiak saihestea”, aditzera emanez orain arte bereizkeria eta arbitrariotasuna erabili dutela. Jaurlaritzak zaindu egiten ditu elizak, udalak behartu: “udalek hiri-antolamenduko planak eguneratu beharko dituzte”; “erlijio-erabileretarako ekipamenduetara bideratutako lurzoru-erreserbak aurreikusi beharko dituzte”.
Lege berriak estaldura juridikoa eman nahi dio “kultu-zentroak edo lekuak irekitzeko eta erabiltzeko oinarrizko eskubideari”. EAE, alabaina, Espainiaren zati da, eta Konstituzioaren arabera Espainia akonfesionala da. Estatu akonfesionaletan, definizioz, diru eta lurzoru publikoz lagundu beharreko oinarrizko eskubideak etxebizitza, hezkuntza, osasuna, lana eta gisakoak dira; ez sinesmen partikularrak. Zergatik?
Pandemian ikusten ari garenez, Osakidetzan berdin artatzen dituzte katolikoak, ateoak, musulmanak, edonor. Hezkuntza Publikoa ere nornahirentzat da, inor ez du baztertzen sinesmenengatik edo diruagatik. Joera unibertsal hori duten erakundeak dira estatu akonfesionaletan oinarrizko eskubideak. Aldiz, eliza bakoitzak bere fededunekin duenez oroz lehen lotura, aldez aurretik baztertzen du bere burua oinarrizko eskubide akonfesionalen zerrendatik. Kultu erlijiosoak gauzatzeko lurzoruak eta eraikinak ez dira oinarrizko eskubideen artean izan, harik eta Jaurlaritzak gure erkidegoaren egitezko konfesionaltasunari bultzada berri hau eman dion arte.
Jaurlaritzak udalak hertsatzen ditu elizek nahi dutena gauzatzera; baina gainera, lege-proiektuaren esanetan, udala bera izango da elizen gurari horiek behar bezala betetzen direla jagon beharko duena. Erabakia, Jaurlaritzarena; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute, udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, are gutxiago beren buruari. Ez al dago beste biderik erlijio-aniztasuna babesten ahalegintzeko, udalak horrela umiliatu gabe?
Esperientzia propioen eraginez jo dugu irakasle askok laikotasuna aldeztera. Behin batean, ikastetxe bateko zuzendaritzan nengoela, agindu ziguten halal janaria ere eskaintzeko, musulmanengatik. Beste buruhauste bat, batez ere jantokiko langileentzat, baina tira. Handik pixka batera, bikote judu bat etorri zitzaigun. Eskatu ziguten inori ez esateko juduak zirela, beldur ziren Palestinan zerbait gertatuz gero islamdarrek ez ote zuten mendekua beraien aurka hartuko, baina hala ere ea molda gintezkeen seme-alabei modu diskretuan kosher emateko. Aztertu genuen ea zer egin zitekeen, eta jantokiko langileak kexatu egin ziren: bikoiztu beharra zegoen hozkailu kopurua, kosher elikamoduak debeku baitu okela, arraina eta esnekiak toki berean edukitzea, horrelako zerbait. Azkenean, Institutuko zuzendaritzan hitz bakar bat ere ez pedagogiaz eta hezkuntzaz; dena zen odoloste eta urdaiazpiko, eta eztabaidak ea karramarroa eta txipiroia, are kroketa, kosher edo halal ote diren. Zentzu horretan, laikotasunaren abantailetako bat da zure lanean zentratzea errazten dizula.
Elkarbizitzari begira estatua eta eliza garbi bereiztea ona dela pentsatzea ez da berez ez fede txarra ez inoren kontra jotzea. Aitzitik, bide egokia dirudi saihesteko historian eta gaur egun ere erlijioek edo derrigorrezko ateismoak eragindako liskarrak, sarritan odoltsuak. EAEn ez dago sinagogarik, eta guraso horien beldurrak erakusten du zergatik. Salbuespenak dira fede desberdinak elkarrekin bakean bizi izan diren boladak. Ohiko egoera gatazka da, eta ezin da eragotzi, erlijio bakoitzak egia bakar osoa duela aldarrikatzen baitu, beste erlijioen egiarekin bateraezina.
Egia da laikotasuna batez ere frantsesek jorratu dutela, baina frantsesei bururatzen zaien guztia ez da derrigorrez txarra. Inportatzeko moduko metodoa da. Eusko Jaurlaritzak, kontrara, diru publikoa ikaragarrizko hutsuneak dauzkaten eskola edo osasun publikoan erabili beharrean, elizak bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea aukeratu du berriro. Ohitura itsusia inondik ere, guztion sosa hartu eta minimo demokratikoak betetzen ez dituzten talde pribatuei oparitzea.