Julen Madariagaren Egiari zor, III
ETA, JELTZALEEN ANTZERA
Han ibili ziren beste batzuk ere, baina argazki mitikoaren protagonistak aipatzera mugatzearren, Madariagak, Txillardegik, Benito del Vallek eta Irigarayk sortu zuten EKIN, 1952an. Abertzaleak zirenez, jeltzaleengandik hurbil ibili ziren hasieran. Talde kulturala zen orduan oroz gain. Gero, ordea, sekulako iskanbilak izan zituzten Ajuriagerra buruzagi jeltzalearekin, batez ere Madariaga eta Benito del Valle bizkaitarrek, eta bereiztea azpimarratzeko EKIN ETA birbataiatu zuten.
Geroagoko kritiketan, Madariagak adierazi zuen jeltzaleek EKIN eta ETAkoekin erabili zuten gurasokeria berbera erabili zuela ETAk Iparretarrakekin eta oro har Euskal Herriarekin: abertzale bazara, EAJ edo ETA da lan efektiboa egiteko erakunde bakarra. Beste edozer absurdoa da, ergela, edo etsaiari jokoa egitea.
ARMAIRUTIK IRTEN
ETAk, bigarren Batzar Nagusirako, marxismoaren zenbait kontzeptu bere eginak zituen. Eneko Irigaray, ETAren sortzaileetako bat, ETA sortu baino lehenagotik zen marxista. Madariaga eta Irigaray Aljerian zirela, Madariagak 33 urte, gurasoak bisitan joan zitzaizkion. Aste bete pasa zuten han. Madariagak armairutik irtetea erabaki zuen. Igandean bertan, ez zela mezara joango jakinarazi zien gurasoei. Amaren erantzunaren beldur zen batik bat, oso fededun eta elizkoia baitzen. Baina aita izan zen errieta egin eta egundokoak bota zizkiona.
Zaila egiten zaigu giro hura eta haustura haiek errealismoz irudikatzea, baina egia da ETAren fundatzaileek orduko jeltzaleen kristautasun moldearekin hautsi beharra sentitu zutela, armak erabiltzen hasi ahal izateko, hogeita bost urte ere igaro gabeak ziren arren jeltzaleak frankisten aurka armak eskuan altxatu zirenez geroztik, eta hamar urte falta ez baziren ere Asurmendi eta Artajo EAJren gazteak Valladoliden ipintzera zihoazen bonba eskuan lehertu eta hiltzeko. Libertad egunkariaren egoitzan jarri behar zuten, aurreko astean Jose Antonio Agirre iraindu zuelako.
MATXINADA EUSKADIN
Izenburu hori du Julen Madariagak ETAren Hirugarren Biltzarrerako idatzi zuen ponentziak. Hona hemen pasarte bat:
“Gauerdia da erasorako unerik egokiena, etsaia lo egoten baita. Iluntasuna dugu orduan aliaturik onena. Talde txikietan eta bide desberdinetatik iritsi beharra dago etsaiarengana. Erasoa irrintzika egin daiteke, edo bestela erabat isilik, katuek bezala."
Joxean Agirreren "Eneko Irigaray. Aljeriar konexioa"n Irigarayk berak dioenez, Federiko Krutwigen kutsua dario paragrafo horri, eta Mao Zedon-engandik omen datorkio Krutwigi. Irigarayk eta Krutwigek harreman ona zuten txinatarrekin, eta harreman horri esker atera zuten Maoren Liburu Gorria euskaraz. Krutwigek ordea dio bera baino Maozaleagoa zela Madariaga bera. Edonola ere, ETAren Hirugarren Biltzarrean dokumentu ofizial gisa onartu zen Matxinada Euskadin, 1964an. Borroka armaturako prestatzen ari ziren. Indarrean zegoen artean gerrillaren mistika halako bat.
ETAKO BURUZAGI. JENDE ASKOREN MAMU
Hirurogeiko hamarraldian ohikoak ziren erorketa masiboak oztopatzeko, hirugarren batzar nagusian sei hilabetez buruzagi bakar bat izatea erabaki zuten, eta Julen Madariaga aukeratu. Orduan errekrutatu zituen Txabi eta Josean Etxebarrieta. Garai hartan figura harrapagaitz bat zen Madariaga, jende askok ikusten zuen leku desberdinetan aldi berean, oroz gain poliziek, bilokatzeko edo polilokatzeko dohaina balu bezala.
Behin batean, 1961ean, beti ondo informatua izaten diren guardia zibilek jakin zuten Madariaga Bilbon Boluetatik sartuko zela Peugeot 203 batean. Hurbiltzen ikusi, metrailetak atera eta tiro-zaparradak Javier Batarrita hil zuen, enpresa-gizon espainolista garrantzitsua. Cambridgen zen une hartan Madariaga, zuzenbide-doktoretza amaitzen.
Beste batean, Donostian Melitón Manzanas Pontxo Iriarte torturatzen ari zela (Maddalen Iriarte buruzagi ezagunaren aita), Manzanasek, tortura fisiko izugarriez gain, ziurtatu zion emazteak sabelean zeraman umearen aita ez zela bera, Pontxo, baizik eta Julen Madariaga. Hain zuzen, Madariagak Txekoslovakian erositako Astra batekin hil zuten Manzanas. Gernikan egindako pistola Txekoslovakian erosi behar. Euskaldun askok ospatu zuten sagar-opilak janda.
EYMAR EPAILEAREN JAKITATE ZABALA
Donostian pairatu zituen tortura ikaragarrien ostean Martutenen sartu zuten. Bake apur bat. Han instruktorearekin egon behar izan zuen, Eymar izeneko epaile militar batekin, sasijakintsu espainol tipikoa. Madariagak doktoretza Cambridgen egin zuela jakitean, “baina zertarako hain urrutira, Espainian ditiagu munduko unibertsitaterik onenak”.
“Alaba bi dauzkak, Julen. Ba hirugarrena mutila izateko, larrua jotzeko modua aldatu behar duk. Misiolariarena erabiliz, beti zatozak neskak. Mutila lortzeko, hire andreak goian jarri behar dik, eta hi etzanda, pitoz goiti”.
Gero Madrilera eraman zuten, han ere torturatu, eta ondoren Carabanchelera. Tortura-salaketak BBCra heltzea lortu zuten, eta munduan zabaltzea. Salaketak egin zituztenak libre gelditu ziren eta egin ez zituztenak, berriz, barruan. Madariagak uste du batzuetan konfrontazio zuzenak emaitza hobeak ekartzen dituela, diskrezioak eta etsaia ez haserretzeko ahaleginak baino.
Madrilen trena hartu eta Euskal Herrira. Arabako muga igaro eta jendea, hiritar anonimoak, albistea jakin eta trenera igotzen hasi zen, geltokiz geltoki, elkartasuna adieraztera, kantuan maiz. Guardia Zibilak harri eta belarri.
Azkenik, Osane, Madariagaren garai hartako emaztea, haurdun: mutiko bat. Eta, Madariagak zehazten duenez, txortan jarrera aldatu barik. Horretan ere, Eymar doktorea oker.
Angel Erroren gaurko artikulua hobeto ulertzeko
Bere Zutabean, Urkulluren begi operazioa du Angel Errok aipagai. Vanitatisek zabaldu duen albisteaz ari da Burlatako jenioa.
Julen Madariagaren Egiari zor, II
AITITE, MADARIAGAKO RAMON
Julen Madariagak bere burua familiaren genealogiako katebegi gisa ikusten du. Esaterako, ezin du bere burua aitite kontuan hartu barik ulertu.
Madariagako Ramonek Cesare Lombrosorekin ikasi zuen, gaizkileak eta hiltzaileak gaizkile eta hiltzaile jaiotzen direla zioena, eta aurpegiaren eta garezurraren forman nabaritzen zaiela. Teoria horietan oinarrituta ikertu zuen Madariagaren aititek Gorria ezizeneko Bilboko pederasta baten kasua.
Ramon Madariagak idatzi zuen Eusko Ikaskuntzaren aginduz Lizarrako Estatutua edo Hego Euskal Herriko Estatutua izendatuko zena, lerro gehienak bai behintzat, joan den mendeko 30eko hamarraldian. Hura bai izan zela historikoa, eta ez Realaren eta Athleticen arteko partida GUZTIAK!
Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zenean, lehendakari izateko hautagai bakarra izatea demokraziari begira eskasa zelakoan, Ramon Madariagari eskatu zioten Agirrerekin batera aurkezteko, eta onartu egin zuen: Agirrek 300.000 boz inguru lortu zituen eta Madariagak 100 bat.
Gerra amaitutakoan, Julenen aitite Ramon ezkutuan itzuli zen erbestetik Getxora, legez kanpo. Eta han bere bizilagun batek, el Marqués de Malasaña delako batek, izenean zeraman bekatua, ikusi eta salatu egin zuen. Guardia Zibilak atxilotu, Bilboko Karmelon preso sartu eta berehala hil zen. 1940 urtea zen. Pasadizo horrek ondo adierazten du gerraosteko giroa.
UME ZELA, GOIZEKO IZARRA ETA OROPESA ITSASONTZIETAN TXILERA
Gerra zibilean, frankistek Bilbo harrapatu baino lehen, milaka ume sartu zituzten itsasontzietan erbestera eramateko. Julen Madariagak Goizeko Izarra ontzian alde egin behar izan zuen. Halako batean, itsasontziko zubian zegoela, "Julen!" entzun zuen. Uste izan zuen ama zela, baina ez, andre handi bat zen, beste haur bati deika, Julen Guimoni. Gerora, Guimonek PPren ernamuina sortuko zuen, eta Madariagak ETA. Arroxelaraino heldu ziren Goizeko Izarran.
Arroxelatik Txileko Valparaisora joateko bidaia gorabeheratsua izan zen. Hilabete luze iragan zuten itsasoan. Oropesa ontzi ingelesean joan ziren. Handik urte gutxitara ospetsua egingo zen AEBeko soldaduak Ingalaterrara garraiatuko zituelako, Normandiako lehorreratzerako, Overlord izeneko operaziorako.
Txilen zenbait urte senideen etxean igaro ondoren, gurasoek erabaki zuten Julen eta Jon anaiak Bilbora itzuliko zirela, Euskal Herrian euskaraz hazteko. Julenek hamabost urte zituen. Euskal Herrira itzultzeko itsasontziaren zain Buenos Airesen pasa zituzten egunetan Matxalen Aldasoro tolosarraz maitemindu zen. Azkenik, Axpe Mendi barkua abiatu eta, hilabeteren buruan, Bilbon sartu zen. Makinetako arduradunaren lagun egin ziren Julen eta Jon. Lema-gelan lukainkak izaten zituen, idortzen. Julen idi-begitik sartu eta lukainka batzuk ebatsi zizkion. Bilbon, gaur egun Isozaki Atearen bi dorreak dauden itsasadarreko beste aldean lotu zuten ontzia. Oso barruraino sartzen ziren sasoi hartan.
KONTAERA
Madariagak kontatzen duena tragikoa da askotan, gogorra eta bortitza, baina hala ere aukera duen aldiro umorea sartzen du. Pasadizo batzuen kontakizunak antologikoak dira, hala nola ETAren laugarren batzar nagusian esku hartzera Arantzazura zihoazela muga Lizuniagatik igaro eta Berara iritsi baino lehen izan zituzten arazoenak. Pio Barojari omenaldia dirudi, han bertan dagoen Itzea etxearen jabe zena. Josu Urrutikoetxearekin izan zituen xextra bortitzek ere badute batzuetan umore punttu bitxi bat. Ikaragarria eta barregarria nahasteko joera hori da Madariagaren estiloaren bereizgarrietako bat.
Kutsu berezia ematen dio halaber hitzak asmatzeko duen gaitasuna eta grazia. Espainoletik eta frantsesetik aldentzeko borondatea dago hor. Esaterako, ez du pintada esango, baizik eta tindaketa; ez Portugaleteko zubia, Zintzil-zubia baizik; Ajuriagerra beharrean Axuriagerra. Ez fronte: fronte kulturala, fronte nazionala; baizik eta boronte, boronte militarra, boronte politikoa, abertzale orok behar dugu boronte bakarra sortu. Inperialismo fonetikoaren aurka ere altxatu baitzen. Madariaga zuzendaritzan zegoela, ETAk erabaki zuen urte biko epea ematea militanteei euskaraz ikasteko.
Esan ala ez esan
Madariagak behin eta berriro dio egia gordina adierazten duela gure herriak etorkizunean huts berdinak errepika ez ditzan. Hasi eta buka, gure burujabetza berreskuratzea izan du amets, independentzia, askatasuna. Horri eman dio bizia.
“Trapu zikinak etxean garbitu behar dira” eta antzekoen aurka jotzen du Egiari zor idatzi duen Madariagak. Noski, talde klandestino bateko kide eta buruzagi gisa, maiz erabili behar izan zuen diskrezioa. Ordea, kontatzen duenez, behin eta berriz saiatu zen bere kritikak Zutabe bezalako barne aldizkarietan argitaratzen, edo zuzendaritzari aurrez aurre adierazten, baina zentsuratu egiten zizkioten, edo jaramonik ez. Beraz, kritikak bere gordinean jendaurrean aldarrikatzeko hautua egin zuen, aurreikusirik zelako zaparrada eroriko zitzaion gainera: pertsonalismoa, harrokeria, protagonismoa, hedabideetan agertzeko adikzioa, etsaiari jokoa egitekoa.
Madariagarentzat (eta bera izan zen ETAn adar militarra sortu eta bultzatu zuena, Txillardegik oroitarazi zuenez), militarrek beti egon behar dute politikoen esanetara, baina alderantziz gertatu zen ETAn. Bonba-autoaren erabilera eta hainbat atentatu ere kritikatu zituen. Gregorio Ordoñez hil zutenean utzi zuen ETA eta ezker abertzale ofiziala. Euskal Herria Bilduren antzeko zerbait oztopatzen zuena zitzaion jasangaitza, baina orain dela 35 urtez geroztik. Jose Luis Casoren hilketan, aspaldiko partez euskaldun gehienok bilduko gintuen manifestazio erraldoi baten bezperan, zerbitzu sekretuek ETAn infiltratutako sator baten eskua ikusi zuen. Manifestazioa, noski, eta euskaldunon batasun taktiko posiblea, bertan behera gelditu ziren.
Hasieran oso bakarrik sentitu zen. Bazekien ezker abertzalean jende askok pentsatzen zuela berak bezala, baina iritzi horiek etsaiak bere alde baliatuko zituelakoan, nahiago zuten isilik. Azkenik, Patxi Zabaletarekin, Iñaki Aldekoa zendu berriarekin eta beste batzuekin, Aralar sortu zuten. Sekulakoak eta bi entzun behar izan zituzten orduan ere. Analisietan asmatu zuten, haatik. Madariagak dioenez, Otegik eta enparauek haren ideiak bere egin zituzten, eta hortik etorri da irtenbidea (apaltasuna egiarekin bat ez datorrenean, apaltasuna sakrifikatzen du). Euskal Herria Bilduk Aralarren printzipioak bereganatu ditu. Hori bai, gogorra izan zen Madariagak ordaindu behar izan zuen bidesaria.
Zigorra ala egia
Suposatzen da estatu demokratiko batek hiritar guztiak berdin tratatu behar dituela eta giza eskubideen aurkako edozein delitu berdin ikertu. Ordea, Espainiak eta Frantziak estatuaren aurkako delituak ganoraz ikertzen dituzte, eta disidenteen aurkako delituen ikerketak trabatu. Ez da batere harrigarria, mundu osoko estatuek jokatzen dute berdintsu.
Hemen, gurean, disidenteen familien aurkako krudelkeria da arreta deitzen duena. Ukitu sadiko nabarmena erakusten du Naparraren familiaren aurkako grinak. Eta Frantziak eta Espainiak ez lukete berdin jokatuko, baldin eta Naparraren familiak bertsio ofiziala bere egin izan balu eta hedabideetan aldarrikatu. Benetan uste duenari uko eginik, hogeita hamabost urte lehenago lortuko zuen biktima-izaeraren aitortza.
Haatik, Naparraren familiak ez du aurreiritzi politiko baten arabera jokatzen. Erraiak eskatzen dio benetan zer jazo zen jakitea, desagertuen ia familia guztiei bezalaxe. Eta dauzkagun datuek eraman dute Estatu aparatuen inplikazioan sinestera. Nazio Batuen Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ondorio bera atera dute.
Noski, beste aldekoei desagertuekin zer gertatu den argitzeko exijitzen badiezu, prest egon behar duzu zure krimenen berri emateko. Ulergaitza da arerioari eskatzea zuk egiteko inongo asmorik ez duzuna. Kontua da zure aitortzak espetxea ekartzen badizu zeharo ulergarria dela ez aitortzea. Ezohiko maila etikoa eskatzen du zigortua izateko prest egoteak desagertuaren familiak gorpua non dagoen jakin dezan. Jon Alonsok justizia unibertsalaren alde idatzi dituen orrialde apartek garbi erakusten dute ez dela hemiplegiko etiko bat.
Hori bai, alde batean zein bestean, aitortzeko prest dagoenaren zigorgabetasuna bermatu beharra dago. Aukeratu beharra dago, zigorra ala egia. Che Guevararekin identifikazio betean egin zenituenengatik orain zigortua izatea onartzea, zure idoloak Natti Natasha eta Nietzsche direnean, ez da giza arrazaren ohiko jokabidea. Gertaerak ezagutzera emateko prest dagoenari ez bazaio zigorrik eza bermatzen, nekez argituko dira hainbat egia mingarri. Legedia zentzu horretan aldatzeak, nolabaiteko amnistiak, egiari bidea erraztuko lioke.
Etika klasikoaren eta autosugestioaren mugak
Naparraren aita 2007an hil zen; ama 2018an. Perturren ama joan den astean. Semearekin zer jazo zen jakiteke hil zaizkigu. Nola biziko ziren semea desagerrarazi zietenez geroztik? Zer da 40 urtez egunero-egunero semeari zer egingo zioten galdetzea, zeinek eta nola bahitu eta hilko zuten, non ezkutatuko zituzten gorpuzkinak?
Estoikoek edo Epikurok aholka dezakete “askatu iraganeko kateak, iraganeko zama, lur hartu behingoz orainaldian, lehenaldian finkatzea eragozpena baita soilik orain senti daitekeen zorionerako”. Ados, baina batzuetan ezin da. Ondo dakite itsasoan desagertzen diren arrantzaleen senideek, ez dute atsedenik gorpua agertu arte. Zer gertatu zen benetan, non dago hilotza? Desagertua maite zutenek erantzunak behar dituzte. Erantzunik gabe ezin da dolua egin, eta orainaldiko poza berreskuratu ahal izateko dolua pasa beharra dago.
Postegiaren magia
Bai Frantziak eta bai Espainiak izenpetuta dauzkate desagertuen kasuak ikertzeko hitzarmenak, baina Estatuek ez dituzte hiritar guztiak berdin tratatzen, eta komeni ez zaizkien egiak ikertzeko ez soilik ez dute ahalegin handirik egiten; gainera, trabatu egiten dituzte, eragotzi, are debekatu.
Espainiak, esaterako, ikaragarri intsistitzen du aspaldion ETAk betebehar etiko bat duela, orain arte argitu ez diren krimenak argitzen laguntzeko. Ordea, Estatua bera izan denean kriminala, Naparraren kasuan bezala, ahaleginak eta bi egiten ditu ikerketak oztopatzeko. Eta Frantzia Espainia bezain zital. Naparrak zerabilen autoa agertu eta uko egin zion barruan zegoen haren arropa eta paperak aztertzeari. Ramón Arnau de la Nuez, “La araña”, CESIDeko kide ohiak jakinarazi zuen Naparraren gorpuzkinak Landetako zuhaizti batean daudela, Labriten eta Brokaren artean. Bi gune bereizi zituzten. Frantsesek bietako bat induskatzeko baimena eman zuten. Kale. Bigarren gunea miatzeko eskaera orain dela hiru urte dago egina, baina frantsesek ez dute erantzuten. Bigarren indusketaren zain hil da Celes. “Eneko –esan zion semeari hil baino aste pare eskas lehenago–, goazen baserrira, bi aitzur hartu, Frantziako toki hartara joan eta guk geuk egingo dugu zuloa”. (319 or.)
Edozein giza harremanetan nazkagarrienetakoa den joera dugu hemen: besteari exijitzea norberak betetzeko inongo asmorik ez duena.
Besteak beste, horregatik da Jon Alonso ausartagoa eta zabalagoa Fernando Reinares, Florencio Dominguez eta ETAn adituak diren gainerako idazle espainolak baino: hauek ez bezala, inpresioa ematen baitu zabalik dagoela egia berriak entzuteko, ezagutzeko eta ulertzeko, mingarriak izan dakizkionak barne, edo bere aurreiritziekin bat ez letozkeenak. Irudi du ikertzeari ekiten dionean ez dakiela zein izango den emaitza, eta edozer aurkitzeko eta ondoren erakusteko prest dagoela. Egia ezagutzeko grina Jon Alonsok dauka, ez Estatuak ez Estatu kriminal horren jopuek. Horrexek ematen dio indarra askoz ere hedabide gutxiago dituen ikuspuntu disidenteari.
Frantziako eta Espainiako Estatuek zenbait egia ez dituzte oroitu nahi, desatseginak eta politikoki ahulgarriak baitzaizkie gaur egun. Ez beraz beren nahia ez bakarrik etorkizunerantz, ohi bezala, baizik eta iraganerantz ere proiektatzen dute. Halatan, orain ez zaidanez komeni, hura ez zen gertatu. Egiaren gainetik jartzen dute borondate eta interes politikoa. Honela mintzatu zen Zaratustrako Nietzschek (Berrerospenaz, bigarren atalean), Thaliak eta Natti Natashak dioten bezala, ez baldin banaiz oroitzen, orduan ez zen gertatu. Egia-ostea ez zuen Trumpek asmatu.
Ematen du Estatu guztiek dutela berezkoa egia manipulatzeko joera. Badaude mailak, haatik. Ez da berdin Suitza eta Norvegia, edota Saudi Arabia, Turkia, Espainia eta Maroko. Mundu zibilizatuan behin eta berriro nabarmentzen da Espainia giza eskubideak batere disimulurik gabe ez betetzeagatik eta delitugileak saritzeagatik. 2021ko udaberriko ekinokzioaren ondoren ere, Espainiako Gobernuak ezikusia egiten die Galindoren ezegitekoei, ez ditu kontuan hartu nahi, are likatsuago itsatsi dizkio dominak paparrean.
Dena den, ikusiak ikusi, ez dirudi noizbait sortuko dugun Euskal Estatua etikoki zoragarria izango denik. Beharbada horregatik zen Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetakoa, anarkista edo. Aldez aurretik, ez zuen ETAk sortu nahi zuen Estatua maite, Euskal Herri independente eta sozialistaren alde eman bazuen ere bizia. Naparra ez ezik, Bakunin ere deitzen zioten.
Miliek galdetzen zuten ea zer arraio den Estaturik gabeko independentzia hori. Zutabe batean idatzi zuten ETAn edonor kabitzen zela, burgesak eta anarkistak izan ezik. Eta Naparrak anarkismorako joera zuen. Naparrak baino lehen, Marc Legassek jarraitzen zion ildo anarkoabertzale horri, eta gaur egun Iñaki Segurolak batek, edota Pablo Sastrek.
Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna
Estatua ez da bere burua defendatzera mugatzen. Batzuetan Jon Alonsok “ezaxola eta zabarkeria selektibo” deritzona erabiltzen du. Klandestinoen familiak etsaitzat jotzen ditu. Adibidez, Naparraren gurasoek, semea desagertu eta handik urte askotara ere, zein hauteskunde-mahai zegokion jakinarazten zioten gutunak jasotzen jarraitu zuten, hauteskundeak antolatzen zituen Estatuak primeran zekien arren aspaldi zela hilik, itxura guztien arabera berak desagerrarazi baitzuen.
Gainera, Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak, familiak diligentziak berriro irekitzeko eskatu zionean, 2004an, iradoki zuen ez zela ezinezkoa ez bahituta baizik eta nahita desagertu izana, bere kabuz. Familiak biktima-izaera onar dakion egin izan dituen eskaerei burlaizez erantzun izan diote Madrilen eta Parisen: ez dago frogatuta desagertu zenik ere, errepikatzen dute, iradokiz libre eta pozik ibiliko dela apika munduan atzera eta aurrera, Karibeko hondartzetan beharbada jairik jai.
Nafarroako talde ultraeskuindar batek web orri bat argitaratzen du, Navarra Confidencial. Naparrari eta bere sendiari Iruñean 2017an egin zitzaien aitortza zikintzeko, bi hilketa leporatu zizkion, 1983an gertatuak. Hiru urte lehenago desagerrarazi zuten, ordea. Saltsan egondako jendeak ez ezik, Ismael Moreno epaileak berak ere garbi adierazi du Naparrak Komando Autonomoetan lan ideologikoa egin zuela batik bat, hedabideetarako testuak idatzi, atentatuen errebindikazioak, beste talde armatuekin elkarrizketak, barne antolaketaz eta taldeak hornitzeaz arduratu, eta gehienez ere atrakoren bat. Ez dago besterik. Desagertu zen garaian atxilotu eta epaitu izan balute, urte pare bateko kartzelaldia ezarriko zioketen goitik jota. Haren burkide bat metraileta batekin harrapatu zuten: lau hilabete barruan, fidantza ordainduta atera eta urte beteko kondena. Altsasuko gazteek bestelako zigorgintza ezagutu dute. Hori ere aldatu egin da, eta ez onerako.
Zaila da esatea zer den etika, etika ugari dago; beharbada etikaren musiketako bat entzuten da batek arrazoi guztiak dituelarik ere gerrako alde batean gotortzeko, hala ere etsaiaren azalean jarri, bere oinazea ulertzen ahalegindu eta oinaze hori arintzeko lan egiten duenean. Barkaberatasuna eta eskuzabaltasuna balio etiko garrantzitsuak dira, baina nekez topatuko dituzu Espainiako eta Frantziako Estatuen jokabidean. Errazago aurkituko duzu gizabanako partikularrengan. Auskalo nola interpretatuko dituen Jaime Mayor Oreja hiperkatolikoak ministro izateari utzi zionetik "maitatu etsaia" eta "ez egin besteri zuri egiterik nahi ez duzuna" bezalako agindu ebanjelikoak. Boterearen jabe direnean, katoliko ez gutxik ulertu dituzte horrela: "etsaiari eta ingurukoei egurra baino ez, akabatu arte".
Nork desagerrarazi zuen?
Naparraren desagertzearen erantzule Batallón Vasco Español GALen aitzindaria jotzen da hasieratik, bost bider erreibindikatu baitzuen. Gero, ordea, EFE agentziak zabaldu zuen autonomoek berek egin zutela. Eta gero autonomo batzuek zabaldu zuten ETA izan zela. Naparra hitzordu batera joan zen, ETAkide batzuekin omen, eta akabo. Jon Alonsok, Naparraren familiak eta tragediara modu desinteresatuan hurbildu den ia jende guztiak bezala, talde parapolizialen hipotesiaren alde egiten du. Alonsok hainbat arrazoi ematen ditu “Escaleras” ezizena zuen Julio Cabezas Centeno errenteriarraren egiletzaren alde. Komando Autonomoetan infiltratua, Jean Pierre Cheriden bikotekide Teresa Riloren lehengusua zen Escaleras.
Badira haatik miliak jotzen dituztenak erantzule, besteak beste Beltza militante, historialari eta idazle handia bezalako pertsona fidagarriak, edota Naparraren neska-lagun ohi Sagrario Eseverri “Tito”, Naparra bera zein testuinguru hura bertatik bertara ezagutu zutenak.
Alonsok zintzo jokatzen du hemen. Ez da ohikoa zure ikuspuntuaren kontrakoa dutenen argudioak hain modu zabalean azaltzea, hainbesterainoko errespetuz. Lortu dituen datu guztiak mahai gainean ipini eta, ikuspuntu bakoitzaren arrazoiak garbi adierazi ondoren, erakusten du berak zergatik hobesten duen indar parapolizial espainolen hipotesia. Edozelan ere, irakurleak liburuan dauzka Alonsoren ustearen aurkakoa elikatzeko datu guztiak.
Eta Beltzak orain, berriki argitaratu duen "Borroka armatuaren historia Euskadin" mardulean, Jon Alonsoren "Naparra. Kasu irekia" ezagutu gabe amaitu zuena, Naparraren desagertzeaz hamar orrialde mardul idatzi ostean, ez dagoela deus ziur jakiterik ondorioztatu du, ETAren erantzukizuna ez dela hipotesia baizik, dena dagoela airean.
Sektarismoa
Gerora bai, ikaragarri mikaztuko ziren ETAren eta Autonomoen arteko harremanak. Ezker abertzale ofizialak baztertu egin zuen desagertuak gogoratzeko eta omentzeko ekitaldietatik Naparraren izena. Aita Patxiku sumindu egiten zen. Jon Alonsoren ustez, kalte itzela egin dio sektarismoak ezker abertzaleari, nekea eta blokeoa eragin dizkio. Talde armatuen kupulek militanteen eta ingurukoen artean zabaltzen zituzten kontsigna asko ez ziren egian oinarritzen. Ezin argiago azaltzen du Alonsok berak:
“Horrela (eta nahi diren desitxuratze eta distortsio guztiekin), informazioa eta kontsignak geruzaz geruza eta mailaz maila filtratzen ziren gizartean, piramide baten erpinetik botatako olio-txorrotadak balira bezala, eta azkenean, oinarrira iristen zirenean, erabakitzen zuten jende arruntaren mobilizatzeko gogoa eta prestasuna.
Alde horretatik, okertzeko beldur handirik gabe esan daiteke erakunde armatuen kupulen arteko liskar giro horrek ekarri zuela, une jakin batetik aurrera, herriaren zati handi baten desmobilizazioa.
Noraino ginen horretaz –eta ohikoa zen “masen” erabileraz edo, nahiago bada, manipulazioaz– kontziente, bakoitzak jakingo du.
Errealitatea da familiak, une horretatik aurrera, geratzen zitzaion laguntza eta berme bakarra galdu zuela, hein batean bederen: ezker abertzaleko jendearena, alegia. Parte batena, bederen; egia delako beste batzuek beti lagundu dietela eta elkartasunez jokatu dutela.” (103 or.)
Eta liburuaren amaiera aldera:
"Jose Miguel Etxeberria desagertu zenean, edo, esan dezagun argiago, bahitu eta hil zutenean, asko ez ginen behar bezala portatu. Fenomeno orokortu eta sozial bati buruz ari naiz, ez banakako ardura jakin bati buruz. Egia da oso urte nahasiak zirela, eta egia da batzuk gazte txoro batzuk baino ez ginela, baina piramide baten erpinetik behera botatzen den olio-zurrusta bat balitz bezala, oinarri guztia blaitu zuen sektarismo umel, lika eta erraldoi batek blaitu gintuen gu ere, orduko ezker abertzaleko oinarriok, eta ez genion kasuari merezi zuen arretaren laurdenaren laurdena ere eskaini, norbaitek nonbait, gu guztion ordez, “ez zela gutarra” erabaki omen zuelako. Eta guk sinetsi. Hartaraino geunden itsu: ez ginen gauza izan injustiziaren tamainaz konturatzeko, ekintzaren ankerkeriaz jabetzeko, Jose Migueli ez ezik, haren familiari eragiten zion sufrimenduarekiko enpatiaz jokatzeko. Hartaraino geunden une politikoaren urgentziak menderatuta." (323-4)