Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Norberagintza

Norberagintza

Markos Zapiain 2023/03/04 11:35
Michel Foucaulten hirugarren aroa

“Subjektibazio-tekniken aroa” ere deitu izan zaio hirugarren aro honi, halaber “Bizimoduaren estilizazioa”, “Existentziaren estetika”, “Bizitzeko arteak”, “Zeure buruaren zizelkatzea”.

Liburu nagusiak:

-Plazeren erabilera (Sexualitatearen historiaren bigarren liburua, 1984)

-Norbere buruaren ardura (Sexualitatearen historiaren hirugarren liburua, 1984)

-Haragiaren aitormenak (Sexualitatearen historiaren laugarren liburua, 2018)

 

1970eko hamarraldiaren bigarren zatian, Foucaulten ibilbideak ezusteko norabidea hartu zuen. Ordu arte nagusi izaniko ikerketa politikoetatik urrutiratu eta etikara hurbildu zen. Gainera, ohikoa zuen Errenazimendutik XIX. mende amaiera arteko iker-garaia utzi eta, lan genealogikoa behar bezala mamitzeko, antzinate klasikoraino itzuli zen. 

Foucaulten ustez, etikaren alderik garrantzitsuenetakoa osatzen dute nork bere buruari eragiteko teknikek. Teknika hauen bitartez operazio jakin batzuk egin ditzakegu geure pentsamendu, izaera eta jokabideetan. Teknika horien asmatzaile eta erabiltzaile sinestunek agintzen digute geure buruaren gaineko ardura horri esker alda gaitezkeela, eta nolabaiteko zoriona erdietsi, nolabaiteko araztasun, jakinduria eta perfekzioa. 

Niaren teknologia horien artean daude zinikoek, epikurozaleek eta estoikoek zerabiltzaten gogo-jardunak: lokartu aurretik kontzientzia aztertzea; erretiroa (erretiro laburrak eguneroko bizitzaren baitan edota luzeagoak, ohiko zereginetatik urruti); egunero meditatzea zeure doktrina filosofikoaren perla bati edo zenbaiti buruz; egunero hausnartzea heriotzaz, ez zaitzan ezustean harrapa; esnatu bezain laster ametsak apuntatzea, gero interpretatu ahal izateko; maisu filosofikoarekin gutunak trukatzea; egunerokoa idaztea; jakintsuen mintzaldi zein testuak oroimenean gordetzea... Teknika hauei esker, Marko Aureliok “Barne jainko” edo “Oinarrizko gidari” deitzen duenarengana bil omen zaitezke. 

Biobotereek bizimodu eta izaera bereziak bultzatzen dituzte, interesatzen zaizkien subjektibazio-prozesuak, gizabanako “normal” kontrolagarriak eta neska-mutiko automatikoak sortzeko. Foucault, berriz, bizimodu eta izaera berri, desberdin, arraroak sustatzen saiatuko da. Puntua da niaren teknologiak baliaturik nork bere burua artelan eder gisa sortzea, daukagun normaltasunarentzat egoki eta jatorra ez izan arren. Foucaulten filosofiaren muina askatasun berrien bilatzea eta ekoizpena baita, gure garaiak ezartzen dizkigun mugak gainditzeko saioa, bai pentsamendu eta izaeran eta bai bizimoduan.  

1984ko ekainean hil zen. Urte hartako lehenbiziko hiletan eman zituen azkeneko ikastaroak, non “existentziaren estetika” deritzonaren sustrai arkaikoak aurkeztu baitzituen. Mendebalde honetan, gogoeta grekoak hausnartu zuen aurrenekoz giza oinarri biologikoa obra eder gisa zizelkatzeko aukeraz. Biziki hunkigarria da Foucaultek grekoen bizitzeko arteak oroitarazi zituen testuinguru biografikoa. Larriki zegoen eri, bazekien hil behar zuela. Hala ere, ideien lapikoa agoniaren sutan jarririk, emozioen gaineko maisutzari eutsi eta sinesgarri egin zuen grekoen bioestetika hura. Adibidez, gaur egun heriotza ederra zer izan daitekeen erakutsi zigun, Platonek “Apologia”, “Kriton” eta “Fedon” elkarrizketetan heriotzaz dioena azalduz.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.