Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / John Malkovich izatea

John Malkovich izatea

Markos Zapiain 2023/03/09 20:30

Zazpi eta erdigarren solairuko misterioak

 

1-Zergatik ditu gogoko Craigek txotxongiloak? Bere burua besteen txotxongilo sentitzen du, eta, konpentsatzeko, titiriteroaren botereaz jabetu nahi du panpinak mendean edukita?

 

2-Dirudienez, geure burua zuzenean ezagutzeko ahaleginak ezinbestez huts egiten du, kontraste faltagatik edo. Soilik beste baten bitartez ezagut omen dezakegu geure burua. Lottek, Malkovichen barruan sartzen den lehenengo aldian, bere burua aurkitu duela pentsatzen du. Zure iritziz, posible da beste baten barruan zaudela zeure burua aurkitzea? Zergatik?

 

3-Etikoa deritzozu beste pertsona baten barruan baimenik gabe sartzeari? Zergatik?

 

4-Aukera bazenu, erabiliko zenuke beste norbaiten barruan sartzeko atea? Zergatik edo zertarako? Nor bilakatuko zinateke gustura?

 

5-Zergatik da hain desiragarria Maxine, bai Craigentzat eta bai Lotterentzat? Maxinek bere burua maite duelako, ziurra delako, bere baitan zentratua dagoelako, Lotte eta Craig ez bezala, hauek beti beste zerbaiten bila baitabiltza, ezinegonak jota eta urduri? Ala Maxine delako hain zuzen benetako titiriteroa, bizitza errealekoa, Craig eta Lotte ez ezik Malkovich ere nahieran darabiltzana? 

 

6-Ematen du Maxineri Malkovich hutsa aspergarri samarra zaiola. Aldiz, zergatik gustatuko zaio horrenbeste haren barruan beste norbait dagoenean, batik bat Lotte? Maxineren alde lesbiarra indartsuagoa da heteroa baino?

 

7-Lotteri liluragarria zaio Malkovichenean barneratzea, honek zakila ez ezik alua ere balu bezala. Malkovichen baitan sartzeak piztuko dio Lotteri ere joera lesbiarra. Esan izan da "Being John Malkovich" sexu fluido aldakorraren filma dela. Bat zatoz?  

 

8-Zer uste duzu gertatzen dela Malkovichek bere buruan sartzeko atea zeharkatzen duenean, nondik nora biderkatze infinitu hori?

 

9-Film honetan jende askok ordaintzen du beste norbait izan ahal izateko. Zergatik nahi ote du hainbeste jendek beste norbait izan, une batez bada ere?

 

10-Maxine da Malkovichen atea ez darabilen protagonista bakarra, bere bizitza arriskuan dagoenean baino ez. Zure ustez, hori lotuta dago lehen aipatu Maxineren sendotasun ziurrarekin, bere burua pozik onartzearekin, maitasun erromantikoaz barre egiteko joerarekin? Geure buruarekin ditugun arazoei ihes egiteko erortzen ote gara maitasun erromantikoan? Horregatik al da maitasuna erortzea (to fall in love, tomber amoureux) eta oinazea (maiteMINdu)?

 

11-Zein neurritan esan liteke maitemindua maitearen txotxongilo dela, maitasunak geure buruaren jabetza kendu eta maitearen eskuetan jartzen gaituela?

 

12-Aspaldi aurkitu zuen Mertin kapitainak Wall Streeten Malkovich eta beste ontzi-pertsonen barruan sartzeko zuloa. Zulo zoragarri hori disimulatzeko eraiki zuen hain zuzen Mertin-Flemmer dorrea. Hortxe dago Lester korporazioa. 1800 urteaz geroztik dabil Mertin ontzi-pertsonaz ontzi-pertsona. Mertin-Lester eta Florisek ehunka urte dituzte, ehunka urte dituzten arimak dira, 50 edo 70 urteko gorputzen barruan. Hortik datorkie hizkera eta ulermen zaharkitu erdi afasiko xelebre hori. Zahartzaro ikaragarri horretan, maitasunaren nostalgia da nagusi, batik bat maitasun fisikoarena. Haien hizkerei lizunkeria darie. Zure ustez, merezi du hilezkortasun tankera horrek? Zergatik?

 

13-Craigek Malkovichen erabateko kontrola hartu du. Mertin-Lesterrek, ordea, bere eta bere lagunen biziraupena bermatzeko Malkovichen barruan sartu beharra dauka, eta hori egin ahal izateko ezinbestekoa da Craig Malkovichengandik irtetea. Mertin-Lesterrek Maxine eta sabelean daraman umekia hiltzearekin mehatxatuko du Craig. Craigek Malkovich libre utzi eta Mertin-Lester eta bere lagunak Malkovichen baitan sartzea lortuko dute. Zelan eta zein irizpideren arabera irudikatzen duzu aukeratzen dituela zehazki Mertin-Lesterrek ontzi-pertsona horiek? Eta nola egokitzen eta prestatzen ditu Mertin-Lester bera eta bere adiskideak har ditzaten?

 

14-Maxine eta Lotte berriro elkarrekin dabiltzala jakinik, Craigek Malkovichen barruan ostera ere sartzeko mehatxua egin die, handik berriro Maxine erakartzeko. Haatik, ez daki, edo ez du kontuan hartu, soilik ontzi-pertsonak berrogeita lau urte bete baino lehen sartuz gero lor dezakezula harengandik nahieran irteteko askatasuna, eta ontzi-pertsona manipulatzeko ahala. Azkeneko eszenan, Craig harrapatuta ikusiko dugu Maxineren eta Lotte-Malkovichen alaba Emilyren gogoan, neskaren burubideak kontrolatu eta manipulatu ezinik. Antza, horrela bizi beharko du Craigek beti. Nondik nora igaro da Craig Malkovichen baitatik Emilyrenganaino, zein izan da ibilbide zehatza?

 

15-Sarean dabilen hipotesietako bat: garai batean Craig bezala, orain Mertin-Lester eta bere lagunak dira Malkovichenean jaun eta jabe. Craig zebilelarik nagusi, Lotte eta Maxine sarkinak Malkovichen inkontzientera egotzi zituzten, Malkovich baitzen garai hartan etorkizuneko ontzi-pertsona, Mertin-Lester eta besteak hartzera eta eramatera deitua. Era berean, oraingoan Craig sarkina etorkizuneko ontzi-pertsonarengana bota eta han itxi dute, alegia, Emilyren baitan. Sinesgarria dirudizu?  

 

16-Zure ustez, eta filmeko logikari jarraiki, halakorik balego, zer gertatuko zaio Craigi neska hiltzean?

 

17-Filmaren amaiera aldera, gertaera nagusietatik zazpi bat urtetara, Malkovichek barruan daramatza Mertin-Lester eta bere lagunak. Lesterren eitea hartu du, itxura zein hizkera, eta Lesterren idazkari Florisekin ezkondu da. Charlie Sheen adiskideari txoko bat eskaintzen dio hurrengo ontzi-pertsonaren baitan, alegia, Emilyren baitan.

Orduan, non dago orain Malkovichen kontzientzia? Bere buruan galduta eta bere buruaren kontrola galduta? Horrela ibili beharko du Emilyk berrogeita lau urte bete baino lehen Mertin-Lester eta bere lagunak Malkovich utzi eta Emilyren baitara jauzi egin arte?

 

18-Lottek Elijah txinpantzearekin lo egingo duela diotsonean sortuko du Craigek Maxineren txotxongiloa. Frustragarri zaizun bikote-bizitza konpentsatzeko moduetako bat izan al daiteke etxea aberez betetzea, Lottek egiten duen bezala? Gizakien artean aurkitzen ez duzun afektua lortzeko bide bat ote da?  Ala, alderantziz, bikotearen sendotasun eskuzabalaren adierazpen, hainbat bizidunez arduratzeak eskatzen duen indarrarena? Ez datozen umeen ordezko ere izan daitezke abereak? Beste zerbait?

 

19-Elijah txinpantzeak tripako minak ditu, gastroenteritisa, eta psikologoarengana doa. Txikitan, Afrikan, tximino-lapur gaiztoek bere gurasoak lotuta zituzten. Elijahk aukera izan zuen lokarriak askatu eta gurasoak libre uzteko. Baina ez zuen jakin. Orduz geroztik pairatzen ditu tripako minak, erru sentimenduaren ondorioz.

Oraingoan, aldiz, Craigek Lotte lotu du, Elijahk asmatu du korapiloa askatzen eta betirako sendatu zaio gastroenteritisa. Sinesgarria egiten zaizu txinpantze baten mekanismo psikologikoa eta gizakiona hain antzekoak izatea? Eta, sinesgarria egiten bazaizu, zein animalia edo bizidun motaraino zabalduko zenuke antzekotasun hori: ugaztunak bai baina karramarroak ez? Letxugak?

 

20-John Malkovich ospetsua da, baina ospeak dakarren alde txarra erakusten du batik bat. Zaila zaio pribatutasuna babestea, ezezagun batek telefonoz deitzen badio haserretuko da, ezin du inongo jatetxetan lasai afaldu. Bestalde, gaizki-ulertuetan dago bere ospea oinarritua: film batean harribitxien lapurrarena hain ongi egiteagatik zoriontzen du jendeak, baina inoiz ez du harribitxien lapurrarena egin. Zergatik nahiko du hala ere hainbeste jendek ospetsu izan? Ba ote du abantailaren bat?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.