Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Mozcorra. Me la pela

Mozcorra. Me la pela

Markos Zapiain 2023/04/27 23:20
Joakin Gorrotxategi eibartar hizkuntzalariaren azalpena

Hizkuntzen historiaren eta etimologiaren munduan ere, berri handirik ez eguzkipean: oso aspalditik bideratzen edo are determinatzen dute sentimendu politikoek ikuspuntu linguistikoa. Euskalduntze berantiarraren aldezleek PSOEkoak ematen dute. Celta esaten dutenean español diotela dirudi.

(Irungo adiskide sozialista batek Hendaiara doalarik "Voy a Frrrrrrancia" dioen bakoitzean idazten dut sozialisten kontrako txorakeriaren bat, barrua husteko eta konpentsatzeko. Adiskideak nahita egiten du, ondo daki izorratzen nauela, berari nire ziritxo hauek baino gehiago, agian ez direlako aski agresiboak. Nolanahi ere, hemendik aurrerakoa ez da sozialisten aurkakoa, baizik eta jakintza serioa, sozialistek ere onartzeko modukoa.)

XVIII. mendeko Diccionario de Autoridadesek latinetik eratorriak nahi zituen gaztelaniaren hitz guztiak, prestigiorik gabeko hizkuntza tristeak bazterturik. Hizkuntza Espainolaren Errege Akademiaren gehiegikeriek Manuel Larramendiren haserrea piztu eta irudimen etimologiko handiz erantzun zuen.

Iván Igartuak Euskara eta inguruko hizkuntzak historian zehar mamitsua argitaratu zuen 2012an. Sei hizkuntzalariren artikuluak biltzen ditu. Joakin Gorrotxategirenak “Euskaratiko osagaiak gaztelaniaren lexikoan” du izena. Orrialde batzuk eskaintzen dizkio Manuel Larramendik izan zuen eraginari Real Academia Españolaren Diccionario de Autoridades delakoan. 

ANTZARA ETA AURRERAKA

Larramendiren jokabidearen adibide gisa, eta estandarte, Barcelona edo Andalucía bezalako ezagunagoak baztertuta, Gorrotxategik erakusten du nola eratortzen dituen latinezko anser eta anser-etik datorren gaztelaniazko ganso euskarazko anzarra edo anzerra-tik: "se llama assí, porque tiene en su boca, ò pico unos dientecillos como sierra, y en Bascuence aoancerra, quiere dezir sierra en la boca, y de aqui se dixo contrahido anzarra, anzerra. Lat. Anser.”  

Larramendiren asmazio ausartek barrez jarri izan dituzte euskaldunak, euskararen egoera erreal tristearen eta Larramendiren izkribuetan hartzen zuen garrantzi mundial erabakigarriaren arteko kontrasteagatik (Bilboko umorearen ezaugarri nagusitzat hartu izan da hori); dena den, espainolek, euskaraz ez zekitenez, zenbait kasutan serio hartu zituzten. Adibidez, aurragado hitzari dagokionez, “barbecho de prissa, y mal arado” esan nahi duena, Larramendik argi dauka: “viene de Bascuence aurraca, aurreraca, à empujones, à saltos, con prissa. Gaizqui goldeatua, presaca landua”. Jakintsu espainolek sinetsi egin zioten, eta Diccionario de Autoridades-en 1925eko argitalpenak dakar ezen aurragado “del vasco aurraca” datorrela, “a empujones, de prisa. Aplícase a la tierra mal labrada”.  

Gorrotxategiren esanetan, aurragado-ren kasuan bistakoa da Larramendiren eragina Real Academia Españolaren Diccionario de autoridades-ek euskal etimologia onartzeko orduan, baina lausoagoa da beste batzuetan eragin hori, hala nola gaztelaniak euskaratik jaso zuen mozcorra hitzaren kasuan. Gorrotxategik 114-115 orrialdeetan dakarrenari lotuko natzaio hurrengo atalean. 

MOZCORRA

“Prostituta” izan da gazteleraz mozcorra.

RAEren Diccionario de Autoridades zaharrak (1734) ez zuen etimologiarik eman, definizio soila baino ez: “mozuela perdida y expuesta. Es voz baxa. Lat. Puella prostituta”.

1899ko edizioko moldatzaileek adierazi zuten lehenbizikoz mozcorraren etimologia: arabierazko maxgora ei da, ‘abierta de piernas’. Halaxe berrargitaratu zuen RAEk 1947ko edizioraino.

Gero, zenbait urtez, berriro utzi zion jatorri etimologikoa azaltzeari, harik eta 1992ko edizioan, ezustean, Academiak euskal etorkia hobetsi zuen arte: “Del vasco mozcor, muchacha tetuda”.

Kasu honetan, etimologia azken buruan Larramendirena bada ere, Gorrotxategik garbi nabarmendu du bidea Joan Coromines bitarte egin dela nahitaez, Diccionario crítico etimológico de la lengua castellana-n honela baitio mozcorra sarreran: 'muchacha perdida, ramera’, del vasco mozkor, ‘rechoncho, corpulento’, ‘muchacha tetona’, derivado del verbo moztu, ‘podar, pelar’.

Real Academia Españolari egokiago iruditu zaio ‘muchacha tetona’ beharrean ‘muchacha tetuda’ jartzea; edozelan ere, bistan da espainolen iturria Corominesen hiztegia dela.

Gorrotxategik dioenez, Larramendik “etimologiok euskararen jatorrizkotasuna defendatzeko erabiltzen zituen eta konbentzigarriagoak izaten ziren azalbidean metafora edo simil bidezko sormen semantikoko prozesuren bat tarte zelarik.” Horixe da hain zuzen mozkor hitzaren kasua, aurragado-rena ez bezala. 

Ikus dezagun nola funtzionatu duten metaforak eta similak jatorrizko mozkor-aren zentzuaren hedatzean. Gaur egungo euskaldunok mozkor eta hordi identifikatzen ditugu. Ordea, Gorrotxategik erakutsi duenez, Orotariko Euskal Hiztegian ez dago esanahi horren tentigantzarik XIX. mendea baino lehen.

“Mozkor”, “hordi” eta "prostituta"ren arteko lotura metaforikoaren abiapuntua mozkor hitzaren oinarrizko esangurak lirateke (‘motza eta xapala’, ‘enborra’, ‘adarmotza’). Esangura horiek iradokiko lituzkete bai hordia eta bai prostituta, iradokizun eta simil horien bitartez zabalduko lirateke mozkor hitzaren hasierako esangura murritzak hordi eta putenganaino. Gorrotxategik, errematatzeko:

“Esangura hori da, hain zuzen, motz ‘labur’ eta moztu ‘ebaki’ hitzen eratorri bati egoki zaiona, eta hura erabili zuen Larramendik bere hiztegian erdarazko mozcorra euskaran oinarri harturik esplikatzeko: ‘es voz Bascongada, y significa facil de pelarse, como sucede a estas malas hembras’.”

LUMATU. AISA BILUZTEKO MODUKOAK

Zergatik ote dio Larramendik prostitutak “facil de pelarse” direla, mozgarriak, mozteko errazak?

Testuinguru honetan, berehala datorkigu masturbazioari lotuta dagoen “pelársela” esamolde erdalduna. Masturbazio maskulinoari dagokio, ordea. Baztertuta.

Larramendiren giroan bazebilen 1737ko Diccionario de Autoridades-en ageri den pelar hitzaren adiera hau ere, bereziki erraza baita prostitutei ebastea, prostitutak hondatzea: "Metaphoricamente vale quitar con engaño, arte o violencia, los bienes a otro... Quedar pelado, destruido, hambriento." Diccionario de la lengua española berriak pelar hitzaz dakartzan adieretatik laugarrena da: "desplumar, quitar con engaño, arte o violencia el dinero o los bienes a alquien".

Ez dirudi, hala ere, Larramendi josulagunak, Jesu Kristok ez bezala, erruki handirik sentitzen zuenik “malas hembras” horiengana; ez dirudi puta suntsituak loa galaraziko zionik.

Beharbada “erantzi, arropa erantzi, biluztu” izango zuen buruan Larramendik, pelar hitzaren beste adiera bat baita "desvestir, desnudar", reggaeton-zaleak ondo dakienez, Espainiako hiztegi akademiko ofizialetan aipatzen ez den arren, nik dakidala. Zentzu horretan lirateke prostitutak Larramendirentzat “facil de pelarse”. Auskalo. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.