Ezkontza eta fideltasuna. Elefantearen bidea
Foucaultek maiz esan zuen liburuak idazten zituela bestela pentsatzeko eta bestelako bilakatzeko, liburua idatzi baino lehen ez bezala ikusteko aztergaia eta bere burua. Foucaulten dizipulu Pierre Vesperinik, berdin. Ez da harritzekoa irakurlea ere behin baino gehiagotan harritu izana, biek ala biek.
Hiru aldiz idazten zuen Foucaultek liburu bakoitza: aurrena, gaiari buruz zekien guztia idazten zuen, giroan zebilena, garaiak zekarrena. Hurrena, artxibo eta testu kanoniko zein baztertuak aztertzen zituen. Horrek sarritan ikuspuntua aldarazten zion, bestela pentsatzera zeraman. Ikuspuntu berriaren araberako liburua idazten zuen orduan. Azkenik, hirugarren idaztaldian, antolaketa, koherentzia, zuzenketak hartzen zituen kontuan.
Arriskatu egiten zen, menturatu, eta, ulergarria baita, batzuetan hanka sartzen zuen. Gaur egun Frantzian hedabideetan eta salmentetan gailen dabiltzan filosofoek ez dute ikertzeko astirik. Ezin dute beren burua harritu; horrenbestez, nekez harrituko dute beste inor.
DEBOZIOZKO BIZITZARAKO SARRERA
Foucaultek 1983an argitaratu zuen “Plazeren erabilerak” liburuak elefantearen laudorio bat dakar, Frantzisko Saleskoaren “Philotea edo Deboziozko bizitzarako sarrera”tik ateratako aipamena. “Philotea”ren hiru itzulpen dauzkagu euskarara: Silvain Pouvreaurena, Haranederrena eta Jose Kruz Etxeberriarena. Pouvreaurena Klasikoen Gordailuan dago; Haraneder eta Etxeberriarena, berriz, Mikel Elorzak jakinarazi didanez, Euskariana webgunean.
Pouvreauk “Espos oheko ohoreztasunaz” izenburua jarri zion elefantearen atalari (hirugarren liburuko hogeita hemeretzigarrena); Haranederrek, “Espos oheko onestasunaz”; eta Etxeberriak, azkenik, "Nolako garbitasunarequin matrimonio santuaz usatu behar dan".
Ordea, Haranederren bertsioan, Saleskoaren jatorrizkoari eskuarki fidela bada ere, elefantearen paragrafo osoa falta da. Auskalo zer jarriko zitzaion buruan elefante koitaduaren kontra.
Harira: Frantzisko Saleskoak senar-emazte kristauei elefantea jartzen die ezkontzan gauzatu beharreko bizitza sexualaren eredutzat: fidelak baitira eta monogamoak, ez dute larrua jotzen kumeak izateko baino, eta jotzeko oihaneko barrualdean ezkutatzen dira lotsaz, eta ostean, taldera itzuli baino lehen, errekan ondo garbitu...
Hona hemen Pouvreauren itzulpena:
"Elefanta animalia lodi-larri bat da, baina lurraren gainean bizi direnetarik ohorezkoena, eta sensu geiago duena, hitz bat erran nahi derautzut haren ohoreztasunaz. Eztu bere emeaz bertzerik nihoiz ere hartzen, eta behi hautatu duena samurki maite du, eta halarik ere ezta harekin batzen hirur urthetarik hirur urthetara baizen, eta hori bortz egunekotz xoilki, eta hain gordaka, non hura nihork ezpaitu nihola ikusten tratu hartan, bainan hala bada ere, agertzen da seigarren egunean, non bertze guziak baino lehen, xuxen baitoa zenbait ibaiara, zeinetan barrena gorputz guzia ikhuzten eta garbitzen baitu, nahi eztuela bat ere artaldera bihurtu non ezten lehenik osoki garbitu izan. Ez othe dire aztura eta atun ederrk eta honestak halako animaliarentzat? zeinetaz gonbidatzen baititu jende ezkonduak ez egoitera gogoz loturik bere bizitze thailluaren arauera hartu dituzten gorputzeko plazeretan, bainan hek iragan direnean, hetarik ahalik lasterrena bihotzaren eta gogoaren garbitzera gero arimako libertate osoz akzione garbiagorik eta goragorik egitea gatik."
HENRI PEÑA-RUIZ
Michel Foucaultek zein Henri Peña-Ruizek nabarmendu dute testu hori. Peña-Ruiz matxinatu egiten da, plazer aukerarik txikiena ere eragozteko Saleskoaren obsesioaren aurka. Ematen du barne borroka batek bizi duela idazle kristaua, Jesu Kristok “hazi eta biderka zaitezte” agindu baitzuen; kristau kastuaren arazoa da hori nola erdietsi ahalik eta gozamenik flako eta ezdeusenarekin.
Erantzuna: elefantearen monogamia zorrotza.
Itomen aszeta horren kontra, Peña-Ruizek dioenez, irudi luke laikotasunak berez aldarrikatu beharko lukeela “betor hedonismoa!”. Haatik, apur bat atzera egin eta erantsiko du laikotasunak baduela tokia elefantearentzat bezala bonoboarentzat eta untxiarentzat ere, guztiak hartzen dituela ondo, mugatzen baita bizimodurik desberdinenen arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko markoa eskaintzera.
MICHEL FOUCAULT
Esan bezala, Foucaultek 1983an argitaraturiko “Plazeren erabilerak”en baliatu zuen idatziz Saleskoaren elefantea. Ordea, lehenagotik ere bazerabilen gogoan elefantea bueltaka. 1981eko urtarrilaren 7an aipatu zuen aurrenekoz, Collège de France delakoan eskaini zuen “Subjektibitatea eta egia” ikastaroan.
Ikastaroa eman eta liburua argitaratu baino lehen, Foucaultek uste zuen bizialdi osorako monogamia tristea kristauen kontua zela, antzinate klasikoan legeak ez baitzuen desleialtasuna zigortzen. Alegia, ez ei zen desleialtasuntzat hartzen.
Alabaina, testuak aztertu ahala, ohartu zen ezkontideen fideltasunaren goraipatzea Jesu Kristo sortu baino askoz ere lehenagotik zetorrela. Estoikoek, Aristotelesek berak, uste zuten fideltasun hori jende serio eta fidagarriari zegokiola. Are, Frantzisko Saleskoak ia hitzez hitz kopiatu zion elefantearen laudorioa Plinio Zaharrari, “kristau” hitza egundo entzun ez zuena.
Etenaldi eta hausturen filosofo gisa izan da Foucault definitua, baina ohiturak, etika, sexualitatea eta gisakoak aztertzen dituelarik, mundu greko-erromatarraren eta Erdi Aro kristauaren arteko jarraitutasuna azpimarratzeko joera izaten du.