Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hauteskunde-kanpainari ekarpena

Hauteskunde-kanpainari ekarpena

Markos Zapiain 2023/05/13 19:45

Gure kalean ez soilik ez dago zakur-kaka jasotzeko ohiturarik; gainera, gaizki ikusia dago. Gure bizilagun batek txakurtxo polit bat dauka, Karlota. Behin batean, Karlotaren gorotza poltsatxoan sartzen ari zela, hamahiru urte inguruko mutila igaro zitzaion albotik bizikletan ziztuan, eta garrasi egin zion: "¡deja eso, que no hay que recoger, déjalo ya!"

Ataritik irten bezain laster, bertan topatuko duzu txakur-kaka mordoa, eta saihestu eta ez zapaltzeko erne eta tentuz beharko duzu ibili; ezin ibilian filosofatu.

Udalera laguntza-eske idatzi eta erantzun antologikoa jaso nuen, gordeta daukat: "no creo que sean cacas de perro, eso tiene que ser algún indigente que remueve las basuras de los contenedores". Ezin ukatu kontainerretako zaborra ere espaloian egoten ohi dela, baina Udaleko argiturria itxuraz oraindik ez da ohartu bilbotarrok duda barik, eta gainerako euskaldunek igual ere bai, ondo dakigula txakur-kaka eta betiko zaborra bereizten. Hasiera hartan, huts egin zidan Udalak.

Etsita baina adorez, mikropolitikari lotu nintzaion, gerra psikologikoa iskilu: egunero hasi nintzen Udalera gure espaloiko gorozkien argazkiak bidaltzen.

Behin Vitoria-Gasteiz kalea utzita, Cantalojasetik Deustu arte ia ez duzu txakur-kakarik ez bestelakorik aurkituko. Gorteetan, Fleming plazan eta Iturrizan, ez. Agian baten bat Elkanon, bost minutuan desagerraraziko dutena. Baina Rodriguez Arias, Errekalde Zumardia, Eliptikoa, Kale Nagusia, Maximo Agirre, Doña Casilda, Zubiarte, Deustuko zubia... kongitorik ere ez. Auzo horietan PNVk irabazten du (orain dela zenbait urte, batzuetan PPk). Gure auzoan, berriz, Podemosek edo Bilduk. Zeren, Bilboko kaleetako txakur-kakaren distribuzioa ezagutuz gero, ezin baitzara ezkerrekoa ez izan eta, hala ere, kontzientzia aratz, ondo lo egin.  

Errudun sentiaraziko al zuten nire argazkiek Udaleko arduraduna? Ezinegon eta kezka itzel pairagaitza eragin akaso, durduza eta dardara? Edo hauteskundeak datozelako izango ote da? 

Kontua da, notizia da, duela aste pare batez geroztik, Vitoria-Gasteiz kalean gero eta urriagoak direla txakur-mokordoak. Primeran. Topa dagigun eta bakean bizi gaitezen betiko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.