Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / TXIMINOA BERA MINTZO

TXIMINOA BERA MINTZO

mzap 2004/10/03 10:39

Txillardegik "Mintzamena gizonetik at"-en (UZEIren "Hizkuntzalaritza" hiztegiko artikulu bat da eta 1978an idatzi zuen Txillardegik) gizakion balizko berezitasunaren auzia bere gordinean dakar: mintzamena baldin bada gizatasunaren funtsa, gizaki ote dira gormutuak? Zeinuak darabiltzate. Baina gormutuen zeinu sistema hori hizkuntzatzat onartzen badugu, orduan ez dago tximinoaren eta gizakiaren arteko inongo alderik. Izan ere, tximinoek ausarki erabiltzen baitute "Ameslan" delakoa, "American sign language".

Hasiera batean, primateei ahozko hizkera irakasten ahalegindu ziren Amerikako Estatu Batuetan. Baina 1916an orangutan eme bati "papa" eta "cup" esanaraztea baino ez zuten lortu, eta 1951an, Hayesek, sei urtez ahalegindu ondoren, "Viki" txinpantzeak "mama", "papa", "cup" eta "up" esatea besterik ez, eta gainera "with a heavy chinpanzee accent".

Porrot horretaz jabeturik, Gardner bikoteak tximinoei "Ameslan" edo gormutu amerikanoen hizkera irakasteari ekin zion, arrakasta deigarriz.

Txinpantzeek ezetza, galdera, izena, aurrizki eta atzizkia eta baldintza erabiltzen erraz ikasten dute. Baita hitz berriak ere, gai dira ehundaka hitz zuzen-zuzen erabiltzeko.

Gardnertarrek izan zuten lehenbiziko txinpantzeak, adibidez, Washoe emeak, 51 hilabete haiekin eman ondoren ehunka hitz ulertzen eta erabiltzen ikasi zuen. Halaber, garbi erakutsi zuen bere buruaz ohartzen zela. Susanek galdetu zion: "Nor da hori?" Erantzuna: "ni"; eta geroxeago: "Ni Washoe".

Hamar bat zeinu ikasi zituenerako, bi eta gehiago elkartzen hasi zen, testuinguru egokietan. Esate baterako, "tickle me" (egizkidazu kili-kiliak) edo "key open please blanket" (eman giltza irekitzeko eta tapakia hartzeko) edo "you me go-out there hurry" (eraman nazazu azkar kanpora).

Bestalde, esanahia zabaltzeko gaitasuna ere erakutsi zuen. Gardnertarrek "open" hitza erakutsi zioten, ate, armairua, tiradera eta antzekoen irekitzea adierazteko. Baina Washoek bere kabuz iturri irekitzea adieraztera ere zabaldu zuen.

Hasieran usaina adierazteko "flower" hitza baino ez zuen ezagutzen, eta edozein usain zen "flower". Ordea, "smell" ikasi zuenez geroztik, "flower" lore usainentzat gorde zuen, eta "smell" beste guztientzat.

Hitz berriak sortzeko ere gaitasun harrigarria erakutsi zuen Washoek. Esate baterako, ahateak ikusi zituenean, "ahate" hitza ezagutzen ez zuenez, "water bird" bataiatu zituen, hau da, ur-txori.

Washoe, eta gerora "Ameslan" hizkera ikasi duten beste txinpantzeek ere, zein bere aldetik, inork zirikatu gabe, bakarka, hitz egiten dute, oheratzerakoan esate baterako aldizkari bati begiratzen dioten bitartean. Gizakiei, zakurrei, katuei eta beste tximinoei ere hitz egiten diete.

Washoe, dena den, ez da Gardnertarren lagun bakarra izan. Moja txinpantzeak oso gustuko du marraztea. Egun batean, zirriborro bitxi bat egin zuen. Gardner batek "Segi aurrera!" agindu zion. Mojak arrapostu "Bukatua." "Eta zer da?" "Txoria".

Txillardegiren iritziz, Mojaren marrazkiak ez du txori-eite handirik, baina guk ikusi ez dugunez Txillardegiren hitza dugu Mojaren hitzaren aurka. Edonola ere, Mojaren ziurtasuna gertatzen da deigarri, eta elkarrizketa bera.

Hiru urte zituelarik, Gardner batek, beste marrazki baten aurrean, Mojari galdetu zion: "Zer hori?" "Belarra." "Nork marraztu hori?" "Mojak".

Bada beste ikerlari bat, Fouts izenekoa, txinpantzeek esaldiak itzul ote ditzaketen aztertzen ari dena, alegia, ingelesez entzun eta Ameslanez erantzun. Eta Ally txinpantze ar elebidunak oso itzultzaile dotorea dela frogatu dio. Lucy emeak, berriz, esaldi berriak asmatzeko orduan erakutsi du gaitasun berezia. Eta Booce eta Bruno arrak hasiak dira elkarrekin hizketan. Kasurako, Bruno jaten ari dela, Booce-k diotso: "egin kili-kili". Brunoren erantzuna: "Booce, nik jan".

Bai Washoe eta bai Lucy txoil berritsuak dira. Foutsekin izan dituen 267 elkarrizketetatik ehuneko 77 Lucyk hasi ditu. Eta Washoek oraindik gehiago: ehuneko 80.

Txillardegik nabaritu du datu hauek, Darwinen ikuspuntuen antzera, aurkako joera gaitza eragin dutela, gizakiari zaila egiten baitzaio jainkotiar, berezi eta guztien buru izateko eskubidea uztea. Baina Txillardegirentzat gizakiok funtsean ez gara abere hutsak baino.

etiketak: bermeo
Patxi
Patxi dio:
2004/10/04 00:33

Nere ustez gizakiak, orohar, aitortzen du bere abere kondizioa. Guztien jabe ere bada, neurri haundi batean, eta berezia danik ezin ukatu. Jainkotiarra izatea falta zaio. Kondizio hori lortzearren, ordaiñez, gustora jaso eta eramango lituzke... zer dakit nik, asto-belarri batzuk, adibidez, baiña gizarajoak, tximinoaren oso antzeko, eta bera bezain ezjakin izaten jarraitu beharko du. Zer egingo zaio ba.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.