Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Ekintza askea

mzap 2005/05/24 07:55

Ekintza askea denborazko bilakaeraren marratik berex kokatzen da. Marra horretako edozein puntutan ageri den hic et nunc delakoa iraganak zehazturik, finkaturik, mugaturik, dator, eta aldi berean geroa mugatzen du. Aldiz, ezin azal daiteke ekintza askea iraganari erreparaturik, ez baitu hartan oinarririk ez jatorririk. Izaki libreak hemen eta orainetik bereizteko gauza behar du izan. Baina tentuz, ekintza askea hemen eta orainarekiko loturan garatzen da ezinbestean, aurrez zehazturiko baldintzetan gauzatzen da. Hots, kontserbatu egin behar da hemen eta orainaren edukia, hemen eta orainetik bereizirik egon arren.

Hain zuzen, hitza da, mintzo adieraduna, sentsazio baten hemen eta orainetik bereiziriko pertzepzio baten edukiari eusten diona. Honako mahai hau hemen eta orainari loturik dago; baina "mahai hau" hitzen adierak beti bat dirau alde eta aldi orotan. Horrexegatik datoz bat hainbeste filosofo: mintzo den izakia baizik ezin omen daiteke libre izan.

Egiaren gaineko Platonen ikuspuntua ekintza askeari aplikatuz gero, honako ondoriootara iritsiko ginateke: egia doxa nagusi duen denborazko errealitateari lotzen ez zaion era berberean, ekintza askea ere ezinezko gertatzen da errealitate denborazkoan. Ekintza askean eta ekintza askearen beraren kariaz, denboraz berex dagoen zerbaiti lotzen zaio gizakia. Halatan, Platonek Er-en mitoan adierazi bezala: arimak bere patua hautatu egiten du, baina jaio aurretik. Hautua delarik, askatasuna ere bada. Baina hautu hau, bilakaerak erabat mugatzen duen denborazko existentziatik landa burutzen da. Platonek metenpsikosiaren ideia erabili du bere mitoan: hautua berritu egin daiteke, eta, era berean, desberdinak izan daitezke hautuak. Kojeveren ustez, hala ere, hipotesi honek ez du leku erosorik Platonen sisteman, denboratik kanpo denak gorabeherarik onartzen ez duelako sistema horretan. Denboratik ateko eternitatearen (jainkoaren) eta egile askearen arteko loturak bermaturiko hautu bakarraren kontzepzioa teologian ere ageri ohi da. Denboratik beretik kanpo jarduteko erabakia behin betiko hartu duen aingeruaren ideia da, jainkoaren alde (aingeru bertutetsu bilakatuz) nahiz aurka (aingeru erori edo deabru bilakatuz).

Platon

mzap 2005/05/23 10:00

Platonentzat, esaterako, egia erlazio bat da, ideia eternalena eternitatearekin, ongiarekin. Gainera, harreman hori denboraz at dago.

Ikuspuntu hori mintzaira teologikoari dagokio, zeinaren arabera munduko gertaerak zein mundua bera kontingenteak baitira: ezin haiei buruzko jakintza absoluturik erdietsi. Baina halako ezusteko batez jainkoaren eta bere borondate sortzailearen burubideak ezagutuko balira, munduaren gaineko benetako zientzia baten aurrean geundeke. Mintzaira teologiko sinboliko batez ari beharko bagenu, Kojevek dioenez, munduari buruzko zientzia mundu horrek elementu geometrikoak osagai dituen heinean baizik ezingo genuke azaldu. Hain zuzen ere, Kantek argi azaldu zigun algoritmoa mintzo bilakatzeko, ezinbestekoa dela denborarekin eta espazioarekin harremanetan jartzea. Platonek ordea aldez aurretik baztertua du denborarekiko harremana; algoritmoa, hortaz, espazioarekin erlaziona daiteke, eta ez besterekin (denboratik kanpoko espazioa genuke hau).

Eta, hara, geometriaz hitz egin daiteke: "zirkulu", esate baterako, izen adieraduna da: zer den adieraz daiteke, espaziotik kanpoko integrala ez bezala, adibidez, berau algoritmo batez adierazi behar baita. Horrenbestez, sistema teologikoak geometria erreal bat egitura dezake, hots, fisika geometriko bat, ez besterik. Alabaina, fisika horren arabera Lurra biribila dela esan badezakegu ere, ezin azal genezake zergatik erakartzen dituen objektu astunak: erakartze indarra, indar oro bezala, espazio barneko fenomenoa izateaz gainera, denborazko fenomenoa delako funtsean. Ezin adieraz dezake, beraz, Lurraren berezkoa zertan den, zuhaitzak hazten eta gizakiak bizi diren planeta den aldetik.

Egia eta denbora

mzap 2005/05/22 09:22

Filosofia ororen mamia egiaren eta denboraren arteko harremana da Kojeverentzat. Filosofoak egiaren bila ibili izan dira beti, aurkitutzat eman izan dute maiz, eta hitzez, kontzeptuen bitartez, adierazi nahi izan dute. Baina egia, agertzekotan, mundu historikoan ageri denez, beharrezkoa da lehenaz eta geroaz, bilakaeraz, azken batean denboraz, hitz egitea. Egiaren eta errealitatearen arteko harremanak aztertzekotan, nahitaezkoa da egiaren eta denboraren artekoak ere azaltzea.

Eta egia, filosofia klasikoan behintzat, ukaezina eta aldagaitza da: nonahi, edozeinentzat, beti eta ezinbestean litzateke egia. Maisu grekoentzat eternala da, ez denborazkoa. Ordea, aurkitzekotan, une jakin zehatzen batean aurkituko litzateke egia, eta denboran zehar existituko litzateke, gizakia dela medio existitzen baita. Ondorioz, egiaz oldoztu ahal izateko beharrezkoa izango da denboraren eta eternitatearen arteko harremana ere aintzat hartzea, edo, xumeago, denboraren eta denbora ez denaren artekoa.

Kojeveren ustez, behin magia gainditu ostean, ez dago zazpi lotura filosofiko posible baizik denboraren, egiaren eta eternitatearen artean, eta soilik zazpigarrena, Hegelena, izango da gai giza askatasunaren berri behar bezala emateko.

Hitzaren ahala

mzap 2005/05/21 09:22

Gizakiak erdietsi duen botere harrigarri bezain beldurgarriaren oinarrian dago gizakiak erabil ditzakeela ez soilik existentzia naturalei loturiko esentziak, baizik halaber existentzia magikoei, morfemei, loturiko adierak. Existentzia magikoaren topos-aren zabalera mugagabeak ahalbidetzen baitio gizakiari gauza naturalak nolabait inguratu, setiatu eta azkenik bereganatzea; izan ere, ezin nagusitu ahalko litzaieke gauzoi aurrez aurre erasoz gero, baina ez dute defentsa eraginkorrik baliatu zeharkako erasoaldion aurka, zeren gauza naturalok dagokien topos-aren eremu estu itxira baitaude mugatuak. Hau dela eta, Kojevek bidenabar seinalatzen duenez, egokia da "existentzia magiko" esamoldea, morfemei loturiko adieren existitzeko era adierazteko. Izan ere, modu askaezinean uztartuz esentzia existentzia naturalarekin, baina adiera eta morfema batzen dituen loturaren izaera erabat arbitrarioa atxikiz zientziak lortu emaitzak askoz ere harrigarriagoak dira mago onest bat, bere formula magiko hutsen bidez erdietsirikoaz, bezerorik fidakorrenari inoiz agintzera ausartuko zatekeena baino. Era berean, zientzia modernoa askoz ere magikoagoa da ohiko magia baino.

Esentziaren eta adieraren arteko aldea

mzap 2005/05/20 17:07

Igaro gaitezen orain katuaren esentziatik "katu" izenaren adierara. Katuaren adiera katu morfeman existitzen da, katuaren esentzia katu batean existitzen den ber. Partikularki, katu morfema hauteman (ikus, entzun, eta abar) daiteke, edozein katu bezala, nahiz beste edozein gauzazko existentzia. Ordea, baldin katuaren esentzia mamitzen duten gauza guztiak beti eta nonahi katuak badira, katu adiera mamitzen duten morfema guztiek ez dute aldiz katu forma (soinuzkoa, grafikoa, eta abar). Munduan orain katu adiera bakar eta bera duten morfema guztiak alderatuz gero, nabaria izango da askoz ere alde handiagoa dagoela beren artean, katu baten eta zakur baten artean dagoena baino adibidez. Gainera, ezer gutxi dute komun soinuzko morfema batek eta morfema grafiko batek, edo mimikoak, adiera bakar eta bera eduki dezaketen arren. Nolanahi ere, zakur baten eta katu baten arteko aldea aski da katuaren esentzia ezin gauza dadin katuarengan baino, eta ez zakurrarengan.

Bestalde, katu esentziaren eta "katu" izenaren katu adieraren artean ez dago, edukiari dagokionez, inolako alderik. Esentzia eta adiera errotik desberdintzen dituena hauxe da: esentzia, mota zehatz bateko izaki bati era unibokoan dago lotua; adiera, aldiz, edozein izakiri lot lekioke, edozein morfemari zehazki. Bestela esanda, adierak jokatzen du mana magikoak jokatzen omen zuen bezala. Esan liteke adiera izenaren, edo morfemaren, esentzia dela, onartuz gero esentzia honek magiak aintzat hartzen duen manak omen dituen ezaugarri guztiak dauzkala. Horrenbestez, esan liteke izena izaki magiko nahiz sakratua dela, gauza aldiz izaki zientifikoa, naturala, profanoa, den bitartean. Are gehiago, esan liteke izaki bakar eta bera (oraindik ezin dugu esan zer den) existi daitekeela esentzia legez, gauza natural bati lotua dagoen heinean, eta, aldi berean, adiera legez, gauza magiko bati, morfema bati, lotzen zaion neurrian.

Manatik esentziara, magiatik zientziara

mzap 2005/05/19 08:05

Hitzen eta gauzen arteko harremanari buruz gizakiek ez dute beti berdin pentsatu. "Magiko" ohi deritzon aroan (gaur egun ere bizirik dirauena) onartzen baitzen zenbait kasutan esentzia bat (edo, zehazkiago, esentzia magikoez ari garenez, "mana" delakoa) existi zitekeela esentzialki desberdinak ziren existentzietan. Gure artean, nolabait esateko, inork ez ditu nahasten, eguneroko bizitzan, gizaki bat eta katu bat. Baina magiak uste du aztia gai dela katuaren arima, katuaren manazko esentzia hori, giza gorputz batean sartzeko. Katua aldi berean gizaki genuke.

Filosofo grekoek aurkitu zutenean katu oro beti eta nonahi dela katu, eta ezin dela izan, inoiz eta inon, katu ez den zerbait, Kojeveren ustez okerbideokin guztiokin amaitu egin zuten behin betiko. Errusiarrak dioenez, esentziaren eta existentziaren arteko lotura askaezinaren aurkikuntza zinez iraultzailearen ostean, grekoek magiaren aukera bera desagerrarazi zuten, aipatu loturaren ezeztapenean oinarritzen baita magia. Ordea, filosofo grekoek gorde egin zuten antzinako aztien aurkikuntza handia, hau da, errotiko bereizketa alde batetik existentziaren (haientzat "profano" eta guretzat "enpiriko"), eta, bestetik, manaren (antzinakoentzat "sakratu" eta guretzat "ideal", "ulergarri" eta "esentzial") artean. Filosofoek magia ukatzeaz batera, hortaz, "mana" adigaia "esentzia" bilakatu da. Egitez, grekoen esentziaren eta aztien mana magikoaren artean ez dago alderik, ez bada esentzia erabat zehazturiko existentzia batean gauza daitekeela soilki, mana, aitzitik, aztiak nolabaiteko askatasunez aukeraturiko edozein gauzatan existi litekeen bitartean. "Mana" adigaia, filosofo grekoek "esentzia" adigaira "igoa", zientziaren oinarri duzu.

Dena den, Kojevek tradizio beneragarriak ez arbuiatzea aholkatzen digu. Eta, iraupenari dagokionez, tradizio magikoak marka guztiak hautsi ditu. Baina, guztiz beneragarria izan dadin, tradizio batek izan behar omen du ez bakarrik oso antzinakoa, baizik ahalik eta desinteresatuena. Ordea, magia beti egon izan da gizakien interesen mende. Filosofia ez bezala, magia funtsean da interesatua. Hau dela medio, filosofo grekoek magia ezeztatzeari onargarri deritzo Kojevek, magiaren antzinatasuna gorabehera. Batik bat kontuan harturik grekoen magia ezeztatzeak izaera dialektikoa izan zuela, ez zela guztizko gaitzespena izan: aitzitik, esentziak bere baitan gordetzen du mana, eta filosofiak magia.

Emazkidazu arrosak, mesedez

mzap 2005/05/18 17:48

Guztiok elkartzen dugu, oharkabean bada ere, izen baten adiera dagokion gauzaren esentziarekin, eta nolabaiteko analogia ikusten dugu izenaren morfemaren izaeraren eta dagokion gauzaren izaeraren artean.

Egitez, bizi garen munduan morfemak existitzen dira "errealak" deitu gauzen eskubide berberekin, morfemak berak gauza errealak baitira, beste edozein gauza bezala hauteman (ikus, entzun, uki) baitaitezke. Hortaz, esan liteke arrosaren esentzia arrosa errealean existitzen dela geuretzat, arrosaren adiera geuretzat pantaila honetan idatziriko "arrosa" morfeman existitzen den bezala.

Baina hemendik aurrera zailagoak eta korapilatsuagoak dira Kojevek aurkitzen dituen arazoak, esate baterako ea non, noiz eta nola dirauten gauzazko existentziatik desitsatsiriko esentziak eta morfematik bereiziriko adierak. Kojevek itauntzen du orobat, ea isolaturiko adierek eta esentziek nolabait iraun ahal duten ala ez: zer gertatzen zaio arrosaren esentziari, jadanik bere existentziatik bereizirik baina oraindik "arrosa" morfemari lotu gabe dagoelarik? Esan izan da esentzia huts nahiz adiera huts gisa dirauela hain zuzen ere. Baina nolakoa da zehazki "iraupen" hau? Eta zein dira adiera hutsaren eta esentzia hutsaren arteko harremanak? Bestalde, nola dirau arrosa gauzazkoak bere existentzia enpirikoko une jakin baten eta existentzia horren beraren hurrengo unearen artean?

Auzi zailok hurrengo ataletarako utziko ditugu. Oraingoz nabarituko dugu izenak gauzazko existentzia baten esentziaren eta morfema baten adieraren artean harreman biuniboko bat ezartzen duela. Nolabait esateko, izenak elkartzen ditu morfema eta adiera. Harreman molde hau beti sortzen ohi da izen bat zuzen darabilgularik. Izan ere, baten batek arrosak dauzkan lore-saltzaile bati "emazkidazu arrosak, mesedez" diotsolarik, lore erreal edo gauzazkoak itxaron ohi ditu, eta, lore-saltzailearen aldetiko gaizkiulertu nahiz erroreren bat ez badago behinik behin, arrosak itxarongo ditu zehazki, eta ez edozein lore. Izenari esker, hortaz, "arrosa" morfeman existitzen zen adiera, izen bereko loreetan existitzen den esentziaren truke alda dezakegu, nahiz eta egitez, tamalez, dio Kojevek, "emazkidazu arrosak, mesedez" ahozko morfemari "banku bilete" izeneko morfema tipografikoa gehitu behar diogun, -lore-saltzaileak morfema bion adiera artez ulertzea ezinbesteko dugula gainera.

Filosofoen txisteak ez dira barrez lehertzekoak izaten, baina badute zera bat.

Alessandriren arrosa eta Kojeverena

mzap 2005/05/17 08:03

Petru Alessandrik bere gain hartu berri du Erignacen hilketa, Yvan Colonna errugabetuz. Erignac familiaren abokatuek, aferari edonolako kutsu politikoa kentzeko Estatuaren interesaren aldezleek, ez dute Alessandriren aitorpena onartu.

Haatik, auzian erabakigarritzat jo izan den pistola bateraino eraman du Alessandrik Laurence Le Vert epailea, hilketaz geroztik ageri ez zen pistola.

Alessandrik destilategi bat du Korsikan, drogista baita, urringilea. Loreen esentzia ateratzea zuen ogibide. Loreen esentzia, dena den, ez da filosofoen "esentzia", loturik dauden arren.

Izan ere, filosofiarena baino biziago dabilen perfumearen unibertsoaren mintzamoldearen arabera, badago, existentziatik desitsatsi eta bereizi ostean, lorearen esentzia isolatzea, bide soilik mekanikoen bitartez gainera. Halatan, esaten da arrosaren esentzia alanbike batean arrosen orriak destilatuz lor daitekeela. Lasai baieztatzen dute honela lorturiko esentzia, dagozkion arrosen bizialdietatik (aldi tarteetatik, DENBORA) garbi bereizia dela, loreon usteltzearen ostean ere bizirik baitirau. Arrosak desagertu eta askoz geroago ere, esentziak bertan izaten jarraituko du, nahiz esentzia hau arrosa haietatik aterea izan.

Era berean (ESPAZIOA), loreon kokaguneetatik desitsatsiriko esentzia, perfume flaskoetan gorde liteke. Behin ongi tapaturiko flasko batean gorderik, edonora eraman omen daiteke esentzia, eta amaigabe kontserbatu; arrosak berak, berriz, lurrari loturikoak izaki, epe labur samar baten buruan suntsitzen dira.

Nolanahi ere, gisako prozeduren bidez lorturikoak ez du inolako zerikusirik Kojevek aintzat harturiko tradizio filosofikoak "esentzia" deritzonarekin. Honen arabera, loreak destilatuz lorturiko olioa, drogistek "esentzia" deritzotena (oraindik hurbil samar dugun iraganaldi filosofikoago baten oroimenez, drogistek berek ahantzia badute ere), egitez loreen existentziari dagokio, destilaturiko orrien antzera.

Dena den, Kojevek ere uste du, aipatu tradizio filosofikoarekin batera, esentzia existentziatik "ateratzeko" gai garela, esentzia bere existentziaren kokagune eta aldi tarteetatik desitsatsiz, edonora eramateko moldean, nahi bezain luzaro gordetzeko eran, dagokion existentziari ezarririko espaziozko eta denborazko mugak gorabehera.

Edozein gisaz, "bereiziriko" esentziok ez ditugu honezkero flaskoetan gordetzen, izenetan eta mintzoetan baino, inprimatuak esate baterako.

Onkeriazko metafora bat amaitzeko, deus konpontzen ez duen horietakoa baina asmatzaileari bere burua borondate onekoen artean kokatzen eta jendaurrean horrelaxe saltzen lagunduko diona: lorategi berean beharko dute elkarrekin bizi Kojeveren arrosa globalizatzaileak eta Alessandriren arrosa zentrifugoak.

Harrapatuko haut!

mzap 2005/05/16 11:00

Frantziak Yvan Colonnari leporatu zion bere Gobernuaren Korsikako ordezkaria, Claude Erignac, garbitu izana. 1998an hil zuten Erignak.

1999an, Frantziako zerbitzu sekretuek Kojevek KGBrentzat lan egin zuela zabaldu zuten.

1999ko abuztuan Donapaleura joan nintzen, frantxixkotarren egoitzara, globalizazioaz hausnartzera, aste bete. Biziki xarmanta du klaustroa. Donejakueko erromesak bertan gelditzen dira. Juan Joxe Iturriotz legorretarra zebilen orduan arduradun. Orain, oker ez banago, frantsesek komentua ostu digute, eta Juan Joxe, Donapaleun "Xanko", Arantzazun da.

Otorduak elkarrekin egiten genituen erromesek, etxeko jendeak, noizbehinka agertzen ziren apaiz batzuek, Xan Casenave besteak beste.

Egun batean, afaltzera berandu agertu nintzen. Iturriotzek "arazo bat izan duk ordenagailuan, erakutsiko diat" esan eta gela batean sartu ninduen: "kontuz, txorakeria handirik ez bota, Starsky eta Hutch zauzkaagu afaltzen". Erromesarena egin nahian zebiltzan bi morrosko haiei urrutitik usaintzen omen zitzaien txakurtasuna.

Biharamun gauez, afalostean, zinerako asmoa nuen. Bazen hirukote aleman bat heldu berria, neska bi eta mutil bat. Mutila eta nesketako bat amorosten hasiak izaki, beste neska, Friburgeko yogi pertxenta, gurekin zebilen gehiago.

Zinera joateko zapatak janzten ari nintzela, supituki gelako atea zakarki jo zuten. Zabaldu eta bortz polizia: gela goitik beheiti miatu, karneta eskatu, zertan nenbilen: "Pentsatzen eta liburu bat idazten".

"Zeri buruz?". "Ororen funtsaz. Globalizazioaren oinarri filosofikoaz. Kojevez". "Nor arraio da hori?" "Filosofo bat". "Filosofo bat? Gezurra! Filosofia ikasi nuen Lizeoan: Platon, Descartes, Kant... Kojeverik ez haatik! Ekarri ordenagailua eta zaude hemen miaketa egiten dugun bitartean." "Filma ordea..." "Ez, gelditu berton!"

Neska alemana, lehenbiziko eguna Euskal Herrian, zuhur eta elur zegoen abuztu gori hartan, Euskal Herriko gauak oro halakoak ote ziren galdezka bere buruari.

"Zabalik" egoitza xumea xehero-xehero miatu ondoan alde egin zuten; aurretik, ordenagailua itzultzeaz batera, erromes batek Colonna bertan zela salatu zielako etorri zirela ziurtatu zidaten. Zehazki, Colonnak erromesei... bazkari-afariak zerbitzatzen zizkiela! Eta Starskyk eta Hutchek nirekin nahastu zutela.

Juan Joxe Iturriotzen ustez, berriz, aitzakia merke bat zen hura guztia; Txalapartakoek, laborariek, emakume idazleek eta gisakoek, hainbat bilera egiten zutenez bertan, ziur zen egoitza mikrofonoz betetzea zutela helburu.

Azaroan, epelago, Xabier Mendiguren Elizegiren "Txakurraren alaba" irakurtzen ari ziren Bermeoko Institutuko ehun bat ikaslek. Pentsatu genuen polita litzatekeela ikasleek eleberriko gertakizunen benetako kokalekuak bertan ezagut zitzaten, eta gainera Mendigurenek berak hitzaldi bat eman ziezaien nobelaz, aurreko urtean Azkoitian Juan Luis Zabalaren "Galdu arte" mediante egin bezala.

Koldo Mitxelena Kulturuneko goiko solairuan hitzaldiari zegozkionak erabaki genituen: abenduaren bosta zen Gabonak arte libre zuten egun bakarra. Hortaz, egiaztaturik ez bazegoen ere, ez baikenekien Mendigurenek egun hori erabil zezakeenentz, autobusa, hitzaldia, txangoa, pozaldiren bat agian, koma etiliko franko, izango genuen laster Gipuzkoa aldean.

Zornotzarako trena hartu aurretik banuen astia eta gela entxufedun bat bilatu nuen KMKn bertan, beheko solairuan, Donapaleun globalizazioaz pentsatutakoari azken ukituak emateko, hori uste nuen orduan behintzat.

Pare bat orduz lanean aritu ondoan, lan gelatik hamar minutuz desagertu (komunera, hemerotekara eta hantxe bertan zegoen Bixente Ameztoiren erakusketa bat ikustera)eta bueltan ordenagailutik, globalizazioaren mamia ez ezik beste zenbait ipuinen zirriborroa ere bere baitan gordetzen zuen eramangarritik kablea baino ez zen gelditzen, dardarka oraino.

Ebatsi egin zidaten.

Hasgabetua, Bermeora itzuli nintzen, trenez: Donostia Amorebieta, Amorebieta Bermeo, Juan Luis Zabalaren "Agur, Euzkadi" irakurriz. Literaturak bere lana egin zuen, eta, eleberrian Lauaxeta bezala, berpiztu egin nintzen. Bermeora iritsitakoan, kontsolamendua aurkitu nuen pentsatuz unibertsoaren ekonomian portatil bat edo testu batzuk ez direla ezdeuskeriak baino.

Dena den, baliteke paranoia izatea baina aspaldi honetan eramangarriak gorderiko zirriborro maite haiei euskal literato baten obretan antzeman uste diet, argitaratu orduko, txukun mozorroturik.

Baina ez dut presarik: zalantzak zeharo desegingo dizkidan xehetasunen bat irakurtzearen zain nago, salaketa jartzeko edo idazle lapurra neronek akabatzeko.

Zailtasunak

mzap 2005/05/14 11:19

Edozein gisaz, Kojeveren liburuen ulertze arteza hainbat korapilok zailtzen dute, eta interesgarri bilakatzen.

1-Kojevek sarritan aldarrikatu zuen filosofo askok ez duela benetan uste zuena idatzi eta aldi berean idatzirikoa ez zuela benetan sinesten. Hitzez hitz hartuak izan diren obra ugarik, adibidez, parodiak izaki, filosofoak zinez uste zuenaren justu kontrakoa dakar, Platonen "Timeo"k, besteak beste.

Kojevek halako egitate bat maiz nabaritzeak bide ematen digu haren zenbait pasarte bederen hitzez hitz hartu beharrean lerro artean interpretatzeko. Hortaz, gure buruari baimena eman diogu Kojeveren kontzepturik ospetsu eta eraginkorrena, "Historiaren amaiera" delakoa, benetan serio hartzeko, alegia, gure erara "irakurtzeko".

Tentazioa izan dugu halaber eszeptizismoaren aurkako Kojeveren zakarkeria seinaletzat eta sintomatzat hartu eta Kojeve bera eszeptiko bilakarazteko, baina gero iruditu zaigu lerro artean irakurtzeak ez duela zertan EDOZEIN interpretazio baimendu. Kojeve erlatibista historizista bat gehiegizkoa zaigu, gaur egun bederen.

2- DGS delakoak (Frantziako zerbitzu sekretuak) 1999an argitaratu zuenez, Kojevek KGBrentzat lan egin zuen, gutxienez hogeita hamar urtez.

Garai hartan, Kojeven lanetako bat Frantziako buruzagiei (De Gaulle, Giscard, Raymond Barre...) kanpo aferen gaineko aholkuak ematea zen. Politikaren axaleko gorabehera mediatikoetarik urruti beti ere (argazkirik ez, elkarrizketarik ez), Europan benetako agintea kudeatzen zuen talde txikiaren kide izan zen. Europako Batasuna bultzatu zutenen artean ibili zen. Kasurako, Kojevek diseinatu zuen Batasunaren baitako Aduana sistema, Irun osoak ixkin egiten baitzion bestalde.

3-Anitz ispilu eta isla, beraz, Kojeve enigmatikoaren jostailu.

Hasiera batean, hogeita hamarreko hamarraldian, jendaurrean egite zuen Stalinen alde eta bere filosofiak, "lehen Kojeve" izendatu dugunak, gizakiaren alde suntsitzaile, ebakitzaile, hiltzailea nabaritzen zuen.

Stalin 1953an hil zen. Berrogeita hamarreko hamarralditik aurrera, ezinbestean ebaki, suntsitu eta hil beharra zeharo baztertu eta zer geratzen ote den une baten eta hurrengo unearen "artean" eta gisako gai metafisiko eta arinagoak aztertuko ditu.

Zeri lotu "kehre" hori? Hitz beste egin zuen, besterik gabe, eta antropologiatik ontologiara igarotzeak beti dakar mintzamoldea baretzea, Heideggerren kasuan bezala? Hala ere, hitz beste egite hori, baretze hori, naziekiko zein Stalinekiko lotura filosofiko nabarmenegiak (hizkeraren biolentziak erakutsiak) askatu nahiak ekarriko zuen agian, izan zedin kalkuluagatik (irabazleen artean lasaiago bizitzeko), izan zedin aitortu gabeko erru sentimendu batengatik? Edota adinak bultzatu ote zuen erradikaltasunetik posibilismora? Susmoak Mendebaldean, disimulatu behar?

Esate baterako, "Commentaire" aldizkarian argitaratu "Marx da Jainkoa, Ford haren profeta bakarra" hitzaldia, Sobiet Batasuna kritikatzen baitu, frantziarrek zerbaiti antzeman eta susmoak uxatzearren emango zuen, sobietarren baimenaz?

4-Ez dakigu zein ziren unean uneko Kojeveren beharrak, zein joko zerabilen Frantziako eta Europako Administrazioekin eta KGBrekin, zer sinetsarazi behar zien orain lagunei gero etsaiei, zein zituen egiatan lagun edo etsai.

5-Nolanahi ere, ez diegu zerbitzu sekretuei zertan sinetsi. Kojeveren biograforik jantzienak, Dominique Auffret-ek, ez die sinetsi, eta horrek oraindik gehiago korapilatuko du auzia.

6-Azkenik, uste dut Kojevek oso garbi zituela bere helburu filosofiko politikoak eta, KGBn ibili baldin bazen ere, bazela nor KGB bere alde erabiltzeko, KGB Kojeve erabiltzeko adina behintzat bai.

Datozen sarreretan, internauta, Kojeveren helburu filosofiko eta politiko horien berri izango duzu.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.