Ziber-zonbiak Ekialdera doaz
Gure munduak honezkero erakutsia du tesiaren eta antitesiaren ostean sintesia barik protesia etortzen dela: 2002an hedabideek jakinarazi ziguten Kevin Warwick lehenbiziko ziberrantropo bilakatu zutela. Oxfordeko ospitale batean, Warwicken neuronen sistema sare informatiko bati konektatu zioten. Lehenbiziko gizakia izan da, bost zentzumenetatik igarotzen ez diren datuen bidez zuzenean elikatua. Hainbat adituk uste du etorkizunean ez dugula burmuinaren ordezko ordenagailua izango, baizik burmuinaren eta ordenagailuaren arteko konbinazioa.
Gainean dugun etorkizun horren beste aldaki bat: 2002ko maiatzean txip bat aplikatu zitzaion sagu baten garunari. Urrutiko kontrol baten bidez saguaren ibilbidea erabaki daiteke, jostailuzko kamioiena bezala. Gizakiarekin antzeko zerbait egitea oso erraza litzateke. Saguaren zein gizakiaren “borondatea”, halatan, sagutik edo gugandik kanpo dagoen makina batek egingo du bere.
Hasierako urratsak ditugu noski. Ez dakigu saguak zer usteko duen. Beharbada pentsatuko du bere norabide eta lastertasun aldaketak askatasunez aukeratzen dituela. Edo baliteke zerbait txarto dabilkiola sentitzea. Denborak aurrera egin ahala, ziurrenik, saguak legetxe gizakiok ere, kanpoko makinak egindako aukerak barruko behar edo gurari edo sentimendu intimo gisa biziko ditugu.
Nolanahi ere, agintari eta arduradunek oraingoz sagu horiek zeregin bitan erabiltzeko asmoa dute: batetik, lurrikaretan edo hondamendietan harri pusketek bizirik harrapaturiko gizakiak bilatu eta laguntzeko.
Bestetik, terroristengana giza bizirik arriskuan jarri behar izan barik hurbildu ahal izateko.
Asel Luzarragaren bigarren eleberria Karonte da, zientzia fikzioko thriller eusko japoniar bat. Horrela hasten da: Amets Olazar protagonista zenbait hilabetez ospitalean koman egon ondoren badator bueltan etxera, ekin dio berriro bizitzeari. Arraro sentitzen du bere burua ordea. Bere buruaren gaineko zalantzak, larridura metafisiko batek, sarritan atsekabetuko du Amets nobelan: “Nor naiz ni? Gai ote naiz nire burua gobernatzeko? Nire bizitza erabakitzen duten aukerak, era librean egiten ote ditut?”
Amets Olazarren izaerak Joseba Sarrionandiaren zenbait libururen izenburuak gomutarazten ditu: "Ez gara gure baitakoak", "Ni ez naiz hemengoa", "Han izanik hona naiz". Luzarragarenean dena den arazo nagusia ez da erbesteratuak sorlekuarekin eta bizileku berriarekin lituzkeen harreman zailak. Zerebralagoa baita: zerbitzu sekretuek Ametsen komaldi luzea bere garunetan txip batzuk itsasteko erabili dute.
Proiektu erraldoi batzuek zientziak aurrera egin dezan eskatzen dute, eta zenbaitetan ordenagailuko simulazioek ez dute balio. Benetako gizakiak behar dira. Zerbitzu sekretu espainolek Amets jarri zuten nazioarteko proiektu garrantzitsu horietako baten arduradunen eskuetan.
Proiektuaren helburua gizaki guztien burmuinetan prozesagailu ñimiñoak jartzea da, jaiotzetik. Ikasi beharrekoa sortzetik beretik izango dute umeek gogoan. Proiektuaren arduradunek umea jaio orduko aukeratu ahal izango dute zertan izango den aditu. Diru mordoa aurreztuko da hezkuntzan. Eta, batez ere, arduradunek giza pentsamendua gura legez moldatu ahal izango dute.
(Bada listo mota bat beti barre egiten diona konspirazioaren edozein aipameni, umekeriazko paranoiatzat joz. Baina ezin da ahaztu Historian konspirazioek ondorio oso errealak ekarri dituztela sarritan: Fredric Jameson-ek azpimarratu duenez, esaterako, berrogeita hamarreko hamarraldian Los Angeles-eko garraio publikoa ez zuen "merkatuaren berezko logikak eta joerak" suntsitu, baizik konfabulazio batek, errepidegintzako enpresarioak, auto fabrikatzaileak eta zenbait erakunde publiko tarteko.)
Harira: Amets Olazar ospitalean hil egin zen. Komaldi luze hura faltsua izan zen. Zerbitzu sekretu espainolek hilabete horiek Ametsen burmuineko zati kaltetuak kentzeko erabili zituzten, bere pentsamendu guztiak ordenagailu batera jaitsi, datu berriak ezarri, memoria birkargatu eta nanobot batzuk garunetan txertatzeko. Gero, nanobot horiek kanpoko prozesagailu batekin konektatu eta honen esanetara jarri zituzten. Eleberrian barrena prozesagailuaren bidez erabiliko dute Amets (hots, nanobotak). Prozesagailuak kontrolatuko du bizi berria.
Kezkagarri bezain liluragarriak dira Asel Luzarragak giza etorkizunari begira erakusten dizkigun aukerak. Jim Carrey eta Kate Winslet protagonista dituen "The Spotless sunshine" ("Olvidate de mí") filman, bulego arrunt batean lagun jakin bati loturiko oroitzapen guztiak ezabatzeko aukera ematen dizute. Oroitzapenek leku zehatzak betetzen dituzte garunetan. Informatika programa baten bidez, bezeroa ordenagailura konektatu eta ezabatu egiten zaizkio.
Giza autonomiaren lilura humanista ilustratua gero eta gehiago ari da hondoratzen. Luzarragak iradoki duenez, aurki jaitsi eta igo ahalko ditugu ez soilik oroitzapenak, baizik orobat adimen gaitasunak eta giza gogo osoa. Kableen bidez konektatuta edo konexio barik, garen guztia ordenagailura jaitsi eta pen drive batean sartu ahalko dugu. Horra hor zu zeu zaren guztiaren kopia, pen drive batean. Gure arima kopiatu, ebaki eta itsatsi ahalko dugu.
Aukera hori zabaldu osteko lehen urteetako errakuntza eta akatsak aldi berean zoragarri eta aberrante izango dira. Ziur aski epe luzera balbulen txertatzeak, protesi sinesgaitzak, genomaren ukitzeak, xiringazko ereintzak, robotak eta antzekoak artez irtengo dira. Baina badatoz hamarraldi batzuk total nobeleskoak: neurokirurgialariek eta enparauek probak eta esperimentuak egingo dituzte eta maiz sartuko dute hanka. Munstro talde berri bat agertuko da, kaltetu baztertu berriak. Horietako asko biolentzia itzel batek mugituko ditu. Arduradunak moldatuko dira hala ere ia denak garaiz akabatzeko; baina ez den-denak.
Luzarragaren literatur trebetasun handiarentzako elikagai egokia inondik ere.
Edozelan ere, Asel Luzarraga lako ziberzonbi bat baino ezin zitekeen konekta Amets Olazar hil biziaren mamu mundu ilunarekin "Karonte"ren bikaintasunak nabaritzen duen bezain era perfektuan.
Bukatzeko, “Ziber-zonbiak Ekialdera doaz” izenburuaren zergatia: “Karonte”ko protagonistak bezala, Asel Luzarraga garunetan mikrotxip batzuk txertatu eta Bizkaitik Asiara joango da. “Karonte”koak Japoniara, Luzarraga berriz Laosera. Bertan bizitzera gainera. Jatetxe bat ipiniko du. Miso zopa udon eta txahalkiarekin eskainiko dute besteak beste.
Perturren kasuaz
1998ko abuztuaren 31n "Tiempo" aldizkariak Sáenz de Santamaría jeneralaren adierazpen batzuk jaso zituen. Testuingurua, PSOEren aurkako PPren erasoa, GAL aitzakia.
Jenerala, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren zuzendari ez ezik, Espainiako Gobernuaren Ordezkari EAEn izan zena, harrituta eta suminduta ageri zen PPkoen hipokrisiagatik eta zinismoagatik, eta Anasagastiren kezka bakarra GAL zelako: "Anasagasti zergatik ez ote da Argalaz eta Perturrez eta beste hainbestez ere kezkatzen?"
Alegia, sozialistak baino lehen ere, UCD, AP eta PPko jendea zebilenean agintari, Espainiako Gobernuek legez kanpoko hilketa ugari bultzatu zituzten. Siglak erabili zituen gerra zikinak -Triple A, BVE, GAL- hamabi urte inguru iraun zuen.
Datu ezaguna ziur aski. Baina indar berezia du Sáenz de Santamaríaren ahotan entzunda eta Pertur hitzez hitz aipatuta. Jeneralak, bizirik bagenu, baleukake noski zer kontatua Amigori eta Aramendiri.
Human Nature
Haizeaz bestaldetik-en gizatasunari buruzko Txillardegiren behako ezkorra nabari da. Nolabait esateko, gizakiak berez kaiolatzen du ziminoa eta amiltzen astoa. Hil beharra dauka bere baitako piztia gizatasunari eutsiko badio, gizartean biziko bada. Zentzu honetan, Txillardegik bat egiten du Freudekin: gizartean bizi ahal izateko ezinbestean behar ditugu gure baitako hainbat irrika funtsezko zapaldu. Ondorioz, gizakia zoritxarreko duzu gizartean, beti eta nonahi. Txillardegik ez du uste, marxista eta hippy askok bezala, lan alienatzailea beharrean lan sortzailea bagenu eta giza harremanak maitasunean eta konfiantzan oinarrituko balira, gizarte atsegin harmoniatsua genukeenik. Ez bada. Edozein gizartek frustratu du sakonki gizakia eta frustratuko, honen grinak amatatzen baititu. Eta grina horiek osatzen dute gure baitako zimino lizuna.
1-“Human Nature” Michel Gondryren filman (2002) Nathan umea zooan ziminoaren kaiolara hurbildu eta txinpantzea imitatzeari ekin orduko, gurasoek moztu eta amaren aginduz aitak gogor leziatu zuen: zibilizazioari esker ez gara zimino, ez dugu gure kaka jaurtitzen, ez gara jendaurrean amorruz masturbatzen, emeen uzki gorri hanpatuak usaintzen…
Nathanen aitari, zibilizazio ezaren ezaugarriak aipatzean, lilura grinatsu zapaldu bat nabari zitzaion. Emaztea berehala ohartu eta isilarazi zuen.
Gurasoek Nathani kultura eta zibilizazioa oroz lehen ziminotik urrutiratzea eta natura espetxeratze dela erakutsi zioten. Nathanen heziera zorrotza jateko ohituretan zentratu zen batez ere.
Helduaroan Nathanek ziminoa gorroto izango du.
Ondorioz, alde batetik Nathan psikologo behaviorista izango da eta saguei txukun jaten erakutsiko die, sardexkak eta erabiltzen, amak berari bezala. Elektrizitate deskargaz zigortuko ditu saguak. Bestetik, oso zakil txikia izango du.
Hogeita hamabost urte beteak baina artean birxin, bere psikoanalistaren bidez Lilarekin elkartuko da.
2-Zooan gurasoek Nathan leziatzen zuten bitartean, zalaparta beren atzean, Puff-en aita eroetxera baitzeramaten. Nathanen amaren kontrafigura da Puffen aita, erotzeraino lotsatzen baitu gizakiak.
Aitak ziminotzat zuen bere burua. Gizatasunak amorratzen zuen. Guztia utzi eta zooan bizitzen ahalegindu zen, ziminoen kaiolan.
Bertatik eroetxera eraman eta bergizarteratzen hasi zen, harik eta egunkari batean Kennedy hil zutela irakurri zuen arte. Bere seme Puffek AEBetako kongresukide lotsatuei oroitaraziko dienez, “jaun-andreak, ziminoek ez dute beren presidentea hiltzen!”
Berretura txarra Puffen aitarena. Semea bahitu eta aurrerantzean oihanean heziko zuen, maitasunez, begirunez eta goxo, txinpantze pigmeo gisa.
Aita hil ondoren, Puffen bakardade lasaia.
Gero Nathanek eta Lilak harrapatuko zuten.
3-Hamabi urte bete zituenean, Lilari izugarri hasi zitzaion ilea edonon hazten. Umeentzako ikuskizun batean ziminoarena egiten lan egin ostean bere burua hil behar zuelarik sagu bi ikusi, sagu iletsu bi berari eta bere ile matazari espanturik batere gabe so, eta oihanean bizitzea erabaki zuen. Bertan naturaren aldeko eta gizadiaren aurkako liburu arrakastatsuak idatzi zituen, besteak beste “Fuck humanity”. Baina hogeita hamar urte betetzean beroegi dabil, gizon baten beharrean, eta Nathanekin elkartuko da.
4- Nathanek eta Lilak Puff basatia oihanean aurkitzean, Lila zibilizazioak zikindu gabeko harribitxi bat ikusiko du. Nathanek berriz ospea lortzeko bide ziurra: amorfoa zuzendu, basatia gizarteratu, zientziaren bidez behekoa goititu. Lilak uste du helburu hori ez dela ona, Puff zoriontsu dela oihanean.
Gertatu behar zuen: gau batean, Nathan bat-batean komunean sartu eta Lila bere gorputz osoa afeitatzen aurkituko du.
“Ziminoek bezala afeitatu behar duzu?”
“Ziminoak ez dira afeitatzen, putakume alaena!”
Lilak, krisitik irtetearren, haur bat izatea proposatuko dio Nathani. Orduz geroztik, honek maiz amets egingo du Lilak haur jaio berria eskaintzen diola. Nathanek poliki-poliki zapiak altxatu eta… tximino bat dela ikusiko du. Nazka handiz, noski.
5-Nathanek orduan laborategiko laguntzaile duen Gabrielleren maitasuna bilatuko du. Gabrielle frantziar azentuz mintzo da, delikatuarena egiten du, nahiz frantsesez batere ez dakien amerikar oportunista zakar bat den. Larrua jotzean Nathani “domestika nazazu, domestika ezazu amodioaren zeure tximinoa!” garrasi egingo dio.
6-Gabrielleren eta elektrizitate deskargen laguntzaz, Nathanek arrakasta handiz hezi du itxuraz Puff. Zientzialarien komiteen aurrean Puffen gorabidea aurkezten dute: bere mokordoekin jolastu eta konpultsioz masturbatzetik Moby Dick eta opera delikatua gozatzera, Marcel Duchamp eta Joseph Beuys... Sari garrantzitsuak emango dizkiete, Honoris Causa eta abar. Egunez.
Gauez ordea Puff pornoadikto eta putazale bilakatuko da.
7-Egun batean Lila laborategian oldarka sartu eta Nathan eta Gabrielle kaiolatuko ditu. Gainera, Puff eta saguak eraman eta oihanean askatuko ditu. Puffi Nathanek irakatsirikoa ezabatuko dio eta berriro zimino bilakarazi. Naturara itzuliko dira biak eta maitemindu egingo dira.
Baina bat-batean Nathan oihanean azalduko da, Lila berreskuratzeko asmoz, pistola batekin. Lilari:
“Erakutsi zimino bat izaten. Praktikatzen ibili naiz. Begira.”
Negargarri gertatzen da ordea.
Eta Puffek, jelosiak nahasirik, tiro batez hilko du.
“Ez naiz zimino bat” izango dira Nathanen azkenaurreko hitzak.
8-Lilak bere gain hartuko du hilketa. Bizi osorako espetxeratuko dute. Ordainez, Puffi eskatuko dio, basapiztiarik libreena izatera oihanera betirako itzuli baino lehen, AEBetako Kongresuaren eta telebisten aurrean bere bizitza konta dezan, Kafkaren zimino ohiak Txostena idatzi zion bezala Akademiari.
Espetxezulotik Lilak Kongresuaren aurreko Puffen diskurtso ekologista kongresukideek bezain hunkiturik entzungo du. Ondoren Puff biluztu eta, Lilari agindu bezala, ama naturaren altzora itzuliko da, askatasunera.
9-“Human Nature”ren ikuspuntua eta Txillardegirena bat datoz: alde batetik, Nathan bezalako animaliaren etsai garbiak ez dabiltza erabateko ergelkeriatik urruti eta bizi hilak dira. Bestetik, bere baitako animaliatasuna garbi aldarrikatzen duenak espetxean amaituko du, Lilak bezala, edo are okerrago.
Puffen eta Gabrielleren gisakoek egingo dute gure gizarte moldean aurrera, trikimailuen bidez barruko zimino lizuna zibilizazioak eskatu heinean disimulatzen asmatuko dutenek.
10-Zeren Puffek bizpahiru minutu baino ez baitu aguantatuko ama naturaren altzoan.
Behin kazetariak eta kameralariak basoaren sarbidetik alde egin ondoren, Puff auto batean zain duen Gabriellerengana itzuliko da. Frantziar jatetxe batera joango dira. Bide ertzean, Lilak askaturiko bi saguak autostop egiten daude, New Yorkerantz.
Edozein gisaz, Puffek, Gabriellerekin autoan doala, Lilaren eta bere maitasunaren lekuko izan zen zuhaitza ikusten duelarik, nolabaiteko nostalgia eta ezinegona ere sentituko du.
Txillardegiren eleberrietan halaber, natura eta kultura ez dira esparru aratzak. Gizakiari ihes egiten dio beti nola naturak hala kulturak. Orobat haize zirtolariak: hostoa, orria edo papera harrapatzea behin eta berriz eragozten dizu. Gizatasuna naturaren nostalgia da gizartean zaudenean, eta alderantziz; kultura-gabeziatik natura-gabeziarako etengabeko bidaia urduria, eta buelta.
Bigorexiaz
Kanpotik begiratuta behintzat kirola benetan interesgarri izaten hasiko da kirolariak gaixotasunaren muga ukiturikoan, aurretik ez gehiegi. Anorexiaren barruan sailkatu dute bigorexia. Espainian 700.000 anorexiko daude, ehuneko hamar gizonak, eta hauen herena bigorexiak jo du. Hala ere emakume bigorexiko asko dago, uste dut, zeren nik ez baitut jende gehiegi ezagutzen baina zenbait emakume bigorexiko bai, badut ezagutzen.
Jatorri psikologikoa anorexiaren kasuan ama-alaben arteko harremana izaten da: alabari ama itogarri zaio eta jateari uko eginez “ama, zugandik ez dut ezer ere nahi, utzi bakean, aukeran nahiago ematen didazun guztia zuretzat gordeko bazenu.” Neska gazteari nazkagarri zaio amaren emakumetasuna eta bere gorputzean sumatzen hasi orduko barauaz desegingo du.
Bigorexiaren kasuan berriz nola gizonengan hala andrazkoengan aitarekin lehia dago oinarrian nire ustez amaz jabetzeko, ama erakartzeko, eta gerora amaren onarpen goxoaren oihartzun eta ordezko diren ikusleen txaloak eta kirolzaleen mirespenezko begiradak.
Bigorexikoen arazoa da beren bizi indar ia guztia entrenamenduari eta lehiari ematen diotela, markak hobetzeari, giharrak sendotzeari. Eta lehian, marketan edo itxuran gora egiten laguntzen duten pilulak osasungarriak ez badira ere, berdin dio, irentsi erruz. Bizi indarra lanetik, lagunengandik, senide harremanetatik bereizi eta kirolean finkatzen dute, osasuna larriki kaltetu dezakeen kirol moldea izan arren. Gorputzaren ahalmenen eta heriotzaren arteko mugan dantza arriskutsuak egiten dituzte bigorexikoek.
Bultzatzaile nagusi bihotzeko larritasuna izaten da, gogoaren itoaldia, angustia. Eta zaren guztia kirolean tinko dabilen bitartean, estalirik dago hutsunea. Entrenamenduak erritu zurrun bilakaraztea, ordutegiak eta markak hain zorrozki zaintzea, oroitzapen mingarriari ate guztiak ixteko estrategiak dira. Orduak eta orduak ispilu aurrean igarotzea bezalaxe, gorputzaren perfekzioa nola doan aurrera egiaztatuz, eta edozein akats, egiazko zein alegiazko, katastrofikotzat hartu eta berehala abiaraziriko kirol saio sutsuen bidez desagerraraziz.
Horrela estaltzen dute barne-muinetako larritasuna.
Anorexiaz
Anorexia nesken artean da nagusi, eta mehetzeko grina konpultsiboa du bultzatzaile; bigorexia berriz mutilen artean, eta giharrak sendotzea eta edertzea du helburu.
Gaur egun dirudienez eritasun horiek sendatzeko orduan gehien asmatzen duena Carole Dewambrechies anderea da.
Honen iritziz, anorexikoaren arazoa ez da soilik hazkurria eta pisua, kiloak; askoz ere zabalagoa da, eta sakonagoa. Larridurari eman behar zaio garrantzia, ez janariari. Lacanen esanetan, anorexikoaren berezitasuna ez da ezer ez jatea, ez da jateko jardueraren ezeztatzea, baizik ezereza jatea. Ezerez horri esker, amaren menpeko zen umeak aurrerantzean ama menpean izango du. Giltza ez denez gutxiegi jatean bilatu behar, sendabidearen lehenbiziko helburua gaixoa apur bat mugiaraztea izango da ezerezarekiko harreman arriskutsu horretatik.
Ordea, anorexikoak ikaragarrizko borondatea erakusten du bere sintomari lotzeko eta atxikitzeko. Halatan, inguru guztia kutsatuko du angustiaz. Aldiz, bere arazoa angustia eza da batez ere.
Badaude jaioberrien angustiak amari lotuak; baina nerabezaroan lotura ez da amarekikoa, baizik gizartearekikoa, bertan arrakastatsu diren irudi eta publizitatearekikoa, gizarteak gazte horiei buruz esaten duenarekikoa. Zer nahi du gure gizarteak neska gazteak eta mutil gazteak izatea, zer proposatzen die? Galdera horien erantzun beldurgarriak zolitasun handienaz barneratzen dituztenak amilduko dira anorexian.
Gaixo horiek jende arrunta baino sentiberagoak izaten dira. Gizarteak batez ere publizitatearen eta modaren bidez ezartzen dizkigun gorputz ereduak berdintzeko nahikeriak amilduko ditu. Uste dute eredu horien antzeko izanik bizimodua erraztuko zaiela, jendeak gehiago maiteko dituela, berehala aurkituko dutela ametsetako bikotekidea.
Ez da egia haatik. Benetan erakargarri, psikologoek diotenez, bere burua sakonkien onartzen duena da, izan dadin lodi zein argal, txiro nahiz aberats, etorkin bezala bertoko.
Ostera, jendeak berehala nabari du perfekzio fisikoaren bila obsesionaturik dabilenarekin elkarbizitza ezin dela izan histeria konpartitu bat baizik: beti ordena zuriaren xerka, bizitzak ezinbestean dakarren zikinaren arbuio zaratatsua.
Bertikaletik horizontalera
Gure gaztaroan kulturaren adierazpenik indartsuena kontrakultura zen. Lehenagoko belaunaldien aurka egituratu zen. Orain berriz belaunaldien arteko aurrez aurreko gatazkari muzin egiten zaio oro har eta nerabeek gugandik ihes egiteko bide eragingarriagoak erabiltzen dituzte, gatazkak estu lotzen baititu aurkakoak. Orain ezikusi dotore bat da nagusi: dirua eskatu eta lehenbailehen alde.
Bestalde, Aristotelesek bere buruari galdetzen dio nola bultzatu ikastera berez zale ez dena. Helduen, arbasoen eta gizartearen aurrean itxura ona eman nahi dutenak ikusten ditu Filosofoak ikasteko gertu, herabetasun edo “laidos” hori dutenak. Gaur egun ordea lotsatzeko gaitasuna duten gazteak taldekideen aurrean lotsatuko zaizkizu baina deus gutxi gurasoen, irakasleen eta helduen aurrean.
Era berean, oraingo gazteek gurea baino autonomia handiagoa dute gurasoengandik etxe barruan, mugikorrari eta txatari esker besteak beste. Gurasook ez dugu inolaz ere sartzerik esparru sekretu horietan, ezin ditugu kontrolatu.
Gure alabek esaterako eskura eta kontrolpean dute etxe osoa; ez bakarrik gure tiraderak eta armairuak eta irensgailuaren sabela; gure mugikorrak eta ordenagailua ere bai. Aldiz, gu ezin gara inondik inora haien mugikorretan edo ordenagailuan sartu, egundoko harresiak baitituzte eta pasahitz esoterikoak.
Aitzitik, gune opaku horiek lagunez gainezka izaten dituzte, ia beti adinkideak.
Izan ere, mundu osoan aldiberekotasun horizontala nagusitzen ari zaio arbasoengandik datorkigun lerro bertikalari. Hamalau urteko euskal nerabe batek hurbilago du Minnesotako, are Bonbayko beste edozein nerabe, aitite eta amuma baino: denek dakite gutxi gorabehera ingelesez, txikitandik ikusi dute The Simpsons, Dragoi Bola eta Shin Chan... Eta hedabideek sakonkiago eragiten diete guri baino. Mugikorraren eta interneten erabiltzea garunen mutazioa ekartzen ari da.
Berebat, hiri handietan odola garrantzia galtzen ari da herentzia emateko orduan. Gero eta maizago uzten zaio seme-alabei beharrean lagunari edo telebistako aurkezle gogokoenari.
Oso orokorra da mugimendu hori. Jendarte tradizionalean, dirudienez, funtsezkoa zen jatorrirantz atzera egiten zuen lerro bertikala; hiri modernoetan berriz garaikideekiko harremana da nagusi.
Indigena paioak running away
Alde batetik ulergarria da euskalduna, batez ere euskarari dagokionez kili-kolo dabilena, inguru erdaldun batean euskarak ihes egingo diola dakiena, beste euskaldunekin elkartzeko joera izatea. Nahastea polita baita, baina lehoia eta oreina nahasten direnean lehoiarentzat izaten da batez ere polita.
Bestetik gertatu egiten da etorkinak seme-alabak euskaldundu nahi baina ez duela bertoko inor aurkitzen bere seme-alaben ikaskide izateko prest.
Esaterako, nire lagun batek, Joxe Mari De la Peña margolari handiak, alaba biak, bost eta bi urtekoak, Eskola Publiko batean ditu EAEko hiri bateko auzo merke samar batean.
Eskola horretan orain dela lau urte arte A eredua baino ez zen eskaintzen. Bi urtekoen gelan A eredua kentzea lortu dute eta aurrerantzean progresiboki A eredua desagertu eta D eredua baino ez da geratuko. Erresistentziak izan zituzten hasiera batean Klaustroan, baina gaur egun badirudi prozesua atzeraezina dela.
D ereduaren aldeko guraso eta irakasleek etorkinei hizkuntza ereduen gorabeherak azaldu ondoren, hauek ez dute A eredurik nahi izaten.
Ordea, eskola D eredukoa izan arren, etorkinak eta ijitoak baino ez dira matrikulatzen ia, auzoko ume gehienak indigena paioak badira ere
(Eskola kokaturik den auzoan hauteskundeak Batasunak irabazten zituen.)
Arazoa da etorkinek ez dutela norekin integratu. D ereduan ere ez. Orotara, etorkinak eta ijitoak % 80 dira Herri Eskola horretan, ikaskide euskaldunak nahi baina ezin aurkiturik dabiltzanak, ihes egiten baitiegu.
Hori bai benetako arazo. Eta endogamiazko jarrera lepenianoekin ez da konponduko.
Zaunka gehiegi egiten dugu gure trintxeran ondo babesturik errealitateak erakusten dizkigun arazo benetan mingarri eta itxuraz konpongaitzei ezikusi eginez.
Nor hurbiltzen zaio gehiago hirurogeiko hamarraldian Ikastolak sortu zituztenen eskuzabaltasun eta ausardiari, etorkinekin eta ijitoekin euskaraz elkarbizitzen ahalegintzen direnak ala haurra esne-mami gutxi-asko histerikotan hiperbabesten dutenak (haurra ergel huts bilakarazteko biderik laburrena bestalde)?
Toki arteko borroka eta errauskailuak
Errauskailuak direla eta, klase arteko borrokaren bilakaera eta aldaki berriak nabaritu zaizkigu. Esaterako, bizilekuen artekoa, hiriburuen eta herri txikien artekoa.
Geure diputazioetako eta gobernuetako aurrekontuen ehuneko ikaragarri handi bat hiriburuko zerbitzuak, eraikinak eta bideak zaintzeko dira.
Hiriburuetan daude Ospitaleak, Epaitegiak, Kontserbatorioak, Telebistak, Audientziak Neurtzekoak, Unibertsitateak, Baluarte, Guggenheim...
Probintziari aldiz miseria eskaintzen zaio: goitik behera zulatu hiriburutik hiriburura lehenbailehen iristearren eta gainera errauskailuz eta zabortegiz kakaztu. Hiriburuko biztanleen zaborra probintzian erre behar. “Eraman handikoak izaten dituk kaxero horiek, jakingo ditek pairatzen.”
Nork bere zaborra erretzea, hori litzateke zuzenena. Hiriburuetako zaborra hiriburuetako lurretan erre beharko litzateke. Eta bide batez Aldundiaren aurrekontuak ez ditzatela hiriburuek ia erabat irentsi.
Zaborra ere justiziaz eta berdintasunaz banatu beharra dago: zenbat sortu, hainbat erre. Ezin da onartu zaborra dela eta hiriburuak probintzia kolonizatzea. Gure hiriburuen jarrera bera zuen funtsean Frantziak nuklear probak badaezpada ere antipodetako kolonietan egiten zituelarik, Mururoan.
Hiriburua baldin badugu zaborgile nagusi, hiriburuko lurretan behar da zaborra erre. Odon Elorzak berriki ziurtatu du errauskailua onuragarria dela ingururako. Orduan jar ditzala pare bat Boulevardean, erantzun zioten Berrian.
Boulevardean, ez Egian. Hiriburuaren mugen barruan ere bai baitago eta klase arteko borroka, auzoz auzo, non zer ipini. Donostiako Egian badabil tramankulu zikintzaile franko. Baina Egian langileak bizi dira, euskal idazleak, etorkinak... jendaila. Beraz, arazorik ez da izan.
Aitzitik, Urdanibian errauskailua jartzeko asmoa aipatu orduko, egundoko larrialdia, apokalipsia. Medikuak, enpresarioak eta abokatuak bizi baitira Urdanibian. Medikuek inoiz ez zuten inongo kezkarik erakutsia Pasaiako biztanleez, nahiz eta isuri arriskutsuagoez inguraturik bizi. Baina gremioa ukitu orduko urduritasuna, kexua, prentsaurrekoak.
Girard eta giza desira
Dirudienez beste barik onartzen da badela aurrena bikotea eta gero bestea, hirugarrena, bikoteari kanpotik iristen zaiona.
Horrela gertatzen ote dira gauzak benetan?
René Girard filosofo kristau bikainak dioenez, bestea, hirugarrena, bikotearen osagai da berez, bikotea osatzen den unetik beretik.
Kontuan hartu behar baita nola dabilen giza desira. Ez dugu desiratzen, gezur erromantikoak uste bezala, gure kabuz eta bakarka. Aitzitik, gure nahia beti mimetikoa da, nobeletako egiak adierazi legez. Soilik desiratuko dugu beste batek desira duela sentitzen duguna, edo lezakeela. Ez dago erabat autonomoa litzatekeen desiratzailerik. Horixe erakusten dute On Kixotek, Madame Bovaryk, “Gorria eta Beltza”k, “Senar eternala”k, “Denbora galduaren bila”k eta Shakespeareren obra osoak.
Gure bikotekidea izango dena ez zaigu aurrena desiragarri eta ondoren desiratu; aldiz, aurrena aldez edo moldez desiratua dela egiaztatu eta ondoren bilakatuko zaigu desiragarri.
Bestalde, Girardek azpimarratu du inork ez duela berez desiragai izateko dohain misteriotsurik; orobat, edonor bihur liteke desiragai, mimesiaren bidez.
Girardenzat, maitasunak ez ditu maitalea eta maitea zuzenean lotzen. Desiraren egitura triangeluarra da beti: desiratzailea dugu, maitalea; gero hirugarrena, bestea, bitartekaria; eta azkenik maitea, desiratua.
Hirugarren hori, bitartekaria, maitaleak bolada jakin batean prestigio berezi batez hornitu duen idoloa litzateke, eta bere aldakiak: gurasoak, adiskide ospetsuren bat, irakasle bat, artistaren bat, pertsonaia eder bat, egiazkoa zein alegiazkoa. Beti da behin-behinekoa, igaro egiten da, besteren bati lekua utziz.
Hona Girarden esanetan nondik datorkion bitartekariari prestigioa: desiratzaileak irudikatzen du bitartekariaren desira autonomoa dela, desiratzailearena ez bezala. Desiratzaileak ikusten du bere desirak kontingenteak eta aldakorrak direla, eta bitartekariarenak alderantziz sendoak direla imajinatzen du, hirugarren horrek badakiela zer nahi duen (jakina, ez da egia).
Alde batetik, desira mimetikoari buruzko Girarden teoriak argitzen du zergatik maite dituen horrenbeste jendek nartzisoak: hauek beren burua biziki desira baitute, desiratu ageri dira beti eta beraz desiragarri. Eragiten duten desiraren lehenbiziko bitartekariak izaten dira. Beren baitan itxiak izate horrek, besteenganako ezaxola horrek, beregaintasun bikain batez apaintzen ditu kanpotik aztertzen dituenaren begietara.
Bestetik, teoria horrek jelosia desiraren garapen normal eta osasuntsuan txertatzen du. Jelosia ez da sortzen jatorrian harmoniatsua omen zen maitasun harreman batean kanpoko hirugarren maltzur batek supituki muturra sartzen duelako.
Izatez, esan bezala, desiren mimetismoak gehienetan jadanik maitatuak direnak maitatzera bultzatzen gaitu; ondorioz, abstrakzio txar baten ondorioz bereizten ditugu alde batetik maitasuna eta bestetik lehiakide mimetikoak, maitasun horren beraren idoloak eta bitartekariak. Abstrakzio txarra, ilusioa eta hipokresia. Horrenbestez, jelosiazko maitasuna ez litzateke maitasun anormal, donge edo perbertso bat.
Alferrik da, Freuden antzera, jelosia azaltzeko orduan jeloskorraren eta bere lehiakidearen arteko erakartze homosexual baten hipotesia erabiltzea. Girarden iritziz, erakarpen homosexual hori ez baita ezein datu natural funtsezko, baizik mekanismo mimetikoaren etapetako bat, lehiakide miretsiarenganako liluraren etapa.
Horrela, Girardenean homosexualtasunak esentzia bat izateari utziko dio, ez da diferentzia baten esentzia izango; aitzitik, jokabide logiko bilakatuko da, lehia mimetiko baten erotizatze.
Girarden ustez, desira homosexuala ez da berezia. Eta berezitasun femeninorik ere ez dago, desiratzeko moduari dagokionez behintzat.
Max, mon amour
Nagisa Oshimaren filman (1986), Peter, goi mailako diplomatiko ingeles bat, Parisen bizi da, emazte Margaretekin (Charlotte Rampling) eta semearekin.
Azken aldian ordutegi arraroa darabil Margaretek. Senarrak gezurretan harrapatu du.
Amoranteen logelan sartu eta txinpantze batekin kausituko du ohean emaztea.
Peterrek Max etxera ekartzea onartuko du, etxabere gisa, zibilizatuaren itxurak eginez. Baina Maxek ezin du bere amodioa gorde. Ezta Margaretek ere. Bisitak eta gizartea aztoratuko dituzte.
(Max elebiduna den arren -soilik pasiboa-, eta Margareten etxeko hizkuntza ingelesa, frantsesez egingo dio txinpantzeari, Victoria Abril neskameari bezala, beti ere begirunez eta goxo. Baina hegoaldekoari hegoalderaz behar zaio mintzatu. Eta anitz ingelesentzat da txinpantzea neskame espainola bezain hegoaldeko.)
Peterrek, gero eta jelostuago, emaztea galderez josiko du: nola maitemindu zineten?
(Zooan izan zen, bat-bateko bihotz zaztada, luzaro gelditu ginen elkarri begira. Orduz geroztik egunero itzultzen nintzen, Max berriz bakartu egin zen, ez zuen nahi nirekin baizik, Max malderra... Merke erosi nuen.)
Larrua jotzen duzue? Eta?
(Erantzuteko gogo handirik ez Margaretek.)
Prostituta bati ordainduko dio diplomatikoak txinpantzearekin larrua jo dezan, bere emazteak nola egingo ote duen eta zer sentituko jakiteko asmoz, baina prostituta ez izaki Maxen estilokoa. Emakume bakarreko txinpantzea duzu Max, leiala eta fidela.
Biziki maite du Margaret.
Pentsa liteke beharbada senarraren burukontrol ingeles gibela konpentsatzeko aukeratu duela Margaretek txinpantzea. Ordea, Margaretek berak zehaztuko duenez, “Maxek ere ni aukeratu ninduen.”
Maxen maitasunak gozoro asebeteko du Margaret, King Kongen ezina azkenik ekinez mamituz itxuraz.
Halako batean Margaretek ama zaintzera joan beharko du eta Max hunkigarriki goibel geldituko da maitea gabe: ez jan, apenas mugitu, harik eta Margaretek telefonoz beren abesti kuttuna kantatuko dion arte, txinpantzea osatuz.
Ezin bereizirik bizi. Senarrak Margareti Maxek etxetik derrigorrez alde egin beharko duela agintzen diolarik, emazteak “orduan ni ere joango naiz” ihardetsiko dio.
Zenbait egunez Peter urduri lehiatuko da Maxen aurka, Margaret bereganatzekotan amodioa inoiz baino ederkiago egiten ahaleginduz eta abar.
Baina gero, emaztea eta maitalea azkenik txortan ikusi ondoren (Margareten baimenaz, belauniko, ateko sarrailetik begira) Peter desorekatu eta zimino bilakatze biolento batek harrapatuko du, ingelesaren patxada topikoa zeharo gainezkatuko duena.
Edonola ere, pasadizo xelebre batzuen ostean badirudienean azkenik Margaretek Max bere sendian, senarra barne, ongi integratu duela, filma Margareten imajinazio batez amaituko da: Max hil egingo du.
Zentzu honetan, eta ziminoarekiko harremanari dagokionez, Margaretek Arantxa Iturberen antz handiagoa du Elsa Scheelenena baino. Margareten zein Iturberen mugimendua honelakoa baita: lehenbizi hurbilketa liluratua, giza arazoentzako zimino konponbidearen ametsa. Baina ondoren bereiztea, ukoa, hilketa.