Arma-saltzaileek indarkeria gaitzetsi
Marwan Barghoutik oroitarazi duenez, Hegoafrikaren aurkako blokeoak ondorio zuzenak ekarri zituen. Baina ez dirudi errusiarrek, asiarrek, europarrek, afrikarrek, hainbat herri arabiar barne, antzeko zerbait errepikatzeko asmoa dutenik.
Espainia ofiziala haserre omen dago, sarraski sionista kondenatu du. Hitzezko gaitzespenak zein merke diren ikusteko, gogora dezagun 2007an Espainiak Israelgo armadari saldu zion teknologia militarra. Greenpeacek eta Nazioarteko Amnistiak salatu dutenez, Espainiak Israelgo armadari bonbak, koheteak, torpedoak, misilak, pistolak eta fusilak saldu zizkion, 1.515.934 euroren truke. Fabricaciones Extremeñas (FAEX), Explosivos Alaveses, Unión Española de Explosivos… negozio biribila egiten ari dira, Espainiako Gobernuak ofizialki baimenduta, baimen berezi batez onartu behar baititu salmenta horiek. Baina beharbada Zapateroren Gobernuak usteko zuen iskilu horiek ez direla erabiliak izateko egiten eta saltzen.
Bien bitartean, Moratinosek, Tzipi Livnirekin telefonoz mintzatu ostean, Hamasi eskatu dio Israelen aurkako misil gehiagorik ez botatzeko, bere kontrolpeko eremuetako triskantza eta odolustea gerarazteko. “Biolentziak biolentzia gehiago dakar”, adierazi du Moratinosek. Europar Batasunak eta zehazki Espainiak sionisten indarkeria kondenatu egiten dute (Frantziak hori ere ez) eta aldi berean, egitez, palestinarren genozidioari laguntzen diote. Izugarri erraza baita biolentzia mintzoz gaitzestea.
Kontraste handia dago jendaki arruntaren protesta suminduaren eta Gobernuen herabekeria eta isiltasun kriminalaren artean. Garbi ikusten da ze jendaila mota izaten den agintaritza eskuratzeko lanak hartzen dituena. Zapatero Siriara joatekoa zen, aspaldi zuen hitzartua; baina Siria Hamasen aliatu denez, bertan behera utzi du bisitaldia. Ordea, zibilak suntsitzen ari direnak ez dira ez Hamas ez Siria, baizik Israel. Eta Espainiak Israeli arma piloa saldu berri dio, milioi eta erdi pasa euro irabazirik. Agintari horiexek dira gero giza eskubideak errespetatu beharraz lezioak ematen dizkigutenak, eta biolentzia ez gaitzesteagatik alderdi politikoak zokoratu eta sufragio unibertsala txikitzen duten demokratak. “Lotsa, lotsa!”, garrasi egin zuen Yasser Arafatek Sabran eta Xatilan. Umeak guk saldutako armekin akabatzen dituzten bitartean ezikusia egiten duten agintariei guk ere, jende arruntok, “lotsa, lotsa!” oihukatzen diegu. Buruzagi gorenek hala ere golfean jolasten jarraitzen dute.
Segurutik Markos, askoz ere hobeto (lasaiago behintzat) egingo nuke isilik geratuko banintz baina... Bat nator esangura duzun (borondatea) guztiarekin, baina ez behar bada esaten duzunarekin (idatzia agertze denarekin). Mundua ez da horren xinplea. Esan nahi dut, zuk aipatzen duzun enpresa horietan langileak daude, eta langile-ordezkariak, eta langile-komiteak etab. Denok ez dute golfean egiten. Bestetik, nik ez dut esango enpresa horiek "armarik" egiten ez dutenik, baina batez ere "lehergailuak" eta, gehienbat meatze, etxegintza, herri-lan, garraio-bide eta abarreko eztandatarako. Israelek munduko armadarik aurreratuena baldin badu, ez da gero zuk aipatzen duzun enpresek egindako armengatik izango. Eta, azkenik, ez nuke arinegi izan baina, milioi t´erdi euroren truke gerrak ez luke goizerdirik ere iraungo. Bat nator zure salaketaz (salaketa egin nahiaz), beldur naiz, ordea, ezein eztabaidatarako datu eskasegiak ez ote diren. Agian haurren hilketan zer ikusi gehiago izan lezakete "guk" zeharbidez egin ditzakegun hegazki-motorrentzako goi-teknologiazko tresna txikiek, esku-armek baino. Baina honek sekulako eztabaidan murgiltzen gaitu. Ehiza-eskopetaz inor hiltzerik badago eta internetez pedofiliaz aberasterik...