Onfray eta hizkuntza txikiak
Itxaro Bordak “Berria”n Michel Onfrayren artikulu bat ezagutarazi eta ganoraz kritikatu digu.
Frantziar ugari da unibertsalista, eta, hitzez behintzat, askatasunaren, berdintasunaren eta haurridetasunaren aldezle.
Hori bai, frantsesez. Ataka gaitza topatu dute haatik: ideologian unibertsalista zara baina unibertsoa ingelesez mintzo da eta ez dago frantziarra ingelesez hizketan baino gauza tristeagorik munduan (ikusi youtuben Badiou, Bernard-Henri Lévy, Derrida). Frantziarrari bere burua pairagaitz zaio ingelesez mintzo delarik, ulergarria baita.
Bestalde, Nietzschek ohartarazi zigun frantziar idazlerik onenak, moralistak, elebakarrak zirela, eta elebakartasun horrek bazuela zerikusia beren prosaren gailentasunarekin. Grekoz ere, idazkerarik bikainena elebakarrek eman omen zuten. Espainian XX. mendeko prosarik onena Francisco Umbralek idatzi du, elebakarra halaber.
Sartrek, Deleuzek eta Onfrayk ez dakite ondo frantsesez baizik.
Frantziarrak historian maizegi izan dira ahulekin harro bezain indartsuekin koldar. Orain ere berdintsu. Ingelesezko kulturaren aurrean konplexuz eta autogorroto erasokorrez josiriko erreakzioak dituzte, baina aldi berean egurra bretoi eta korsikar koitaduen aurka. Uste dut Onfrayk esperantoaren goraipatzea aitzakia gisa darabilela, ingelesez ikasi behar ez izateko, baina aldi berean unibertsaltasunari eutsiz, inork leporatu ahal ez diezaion inongo frantziar nazionalismo xenofoborik.
Onfray da ziurrenik gaur egun munduko hizlaririk onena frantsesez, eta, giza harremanak hein batean bederen botere harremanak ere badirenez, oso humanoa da frantsesari uko egin nahi ez izate hori, Onfrayren izena zein izana hizkuntzari lotuak baitira goitik behera. Beti zaigu desatsegina boterea galtzea, eta Onfrayri frantsesez darion distira guztiz itzaliko litzateke baldin aurrerantzean ingelesa edo esperantoa ezarriko balira munduko hizkera filosofiko gisa. Gainera, oraingoz, ederki atera dezakezu bizimodua frantsesez argitaratuz, korsikeraz edo bretoieraz edo esperantoz ez bezala.
Onfrayk badaki “euskaldun”, “greko” bezala, edonor izan daitekeela, sorterria edo odola gorabehera, ez baitago lurraldeari lotua, euskaraz jakiteari baizik, eta badaki euskarari arnasa ematea ez dela hildakoa berpizten ahalegintzea, baizik txikia eta ahula izan arren bizirik dagoena iraunaraztea; halatan, euskaraz aritzea bezain tanatofiloa litzateke frantsesez jardutea, ingelesaren nagusitasuna kontuan hartuz gero, frantsesa euskarari zaiona baitzaio hein batean ingelesa frantsesari.
Alegia, Onfrayk dioenean “on se mit alors à parler local, ce que d’aucuns célèbrent aujourd’hui comme le fin du fin. Je songe aux “nationalistes”, plus justement nommés “indépendantistes régionaux”, qui font de la langue un instrument identitaire, un outil de fermeture sur soi, une machine de guerre anti-universelle, autrement dit un dispositif tribal”, mundu osoko egoera eta bilakaera linguistikoa aintzat harturik, zaku horretan euskara sar baldin badezakezu, eskubide berdin-berdinaz sar zenezake frantsesa.
Ikuspuntu globalaren arabera, hemen ere frantsesaren egoera deskribatzen ari dela dirudi: “La langue régionale exclut l’étranger, qui est pourtant sa parentèle républicaine. Elle fonctionne en cheval de Troie de la xénophobie, autrement dit, puisqu’il faut préciser les choses, de la haine de l’étranger, de celui qui n’est pas “né natif” comme on dit. Or, comme une espèce animale, une langue obéit à des besoins relatifs à une configuration temporelle et géographique; quand ces besoins disparaissent, la langue meurt. Vouloir faire vivre une langue morte sans le biotope linguistique qui la justifie est une entreprise thanatophilique. Son équivalent en zoologie consisterait à vouloir réintroduire le dinosaure dans le quartier de la Défense et le ptérodactyle à Saint-Germain-des-Prés…”
Onfrayri ahazten zaio ez dela gauza bera hizkuntza berez hiltzea, biotopoa galduta, edota asasinaturik; eta asasinatze ahaleginen lekuko zuzenak izan garenok zilegi ez ezik betebehar ere badugu erresistentzia eta matxinatze linguistikoa. Gaur egun Frantzian ez al dira ba ofizialki “onak” nazien aurkako erresistentzian ibili zirenak?
Onfrayk behin baino gehiagotan gonbidatu nau Caen-en afaltzera. Euskaldunei buruzko jakinmin handia dauka, behar bezala asetzen asmatzen ez dudana. karagarri maite ditu Ravel eta Carmen. Pazientzia handia du frantsesez oso gaizki egiten dugun euskaldunokin. Euskarazko hitz batzuk ikasi egin ditu: sagardo, ardo, patxaran, guiski.
Badaki badugula euskara batua, euskarazko egunkari bat (Angel Errok Onfrayri buruz Berrian ateratako idazlan ederra ederra eman nion eta biziki hunkitu zen). Koldo Izagirrek “Sua nahi mister Churchill”-en apaiz abertzale batek Franco garbitzeko izan zuen burutazioaren berri eman digu: aldez aurretik pozoituriko ostia sakratua mezan janda hilko zen caudilloa. Hori entzunda Onfrayk “c'est magnifique, c'est magnifique!” oihukatu zuen miretsirik.
Eta kritika honetan behintzat arrazoi osoa dauka: gure hizkuntza desberdina, sarritan, modu xenofoboan erabiltzen dugu, gainerako gizakiengandik bereizteko besterik ez, pobreei goitik behera begiratzeko zehazki. Oso ondo ezagutzen dut zenbait jende euskara soilik Osakidetzako itxarongelan erabiltzen duena seme-alabekin, etorkin errumaniar, espainiar edo hegoamerikarrengandik bereiztearren, eta gero etxean seme-alabei gaztelaniaz egiten diete eta euskal kulturaren aurkako aurreiritziz betetzen dizkiete kaskoak.
Kontuz euskalteleko ACCOUNT VERIFICATION TEAM aizunak bidalitako mezuekin
Mezu hau jaso dut, atzo eta bigarren aldiz gaur; euskaltelekoek jakinarazi didate nire posta kontrolatzeko asmoz egin dutela eta nire ordenagailua birusez kutsatzeko.
ACCOUNT VERIFICATION TEAM delakoak igorria da
Nori: Undisclosed recipients
Gaia: This Message is from the euskalnet.net
This Message is from the euskalnet.net
database Centre.We are currently
upgrading our web/data base and carrying out
maintenances of all our
euskalnet.net
e-mail accounts.To prevent your account from being closed
unnecessarily.You
are required to send us your **Current Username &
Current
Password***
Webmaster Online Department
euskalnet.net database Centre
Lehenbiziko ikasturte hura
Oraingo 46 urteetatik eskolak ematen hasi nintzen sasoira begira, 1987ra, 23 urte neuzkala, eta aurreko urteetara, iruditzen zait lana akuilu izan zekidakeela nire orduko bizimodu eta izaera bigun eta amorfoa zuzentzeko, ordukoa bezain gaur egungoa ere badena zoritxarrez; espero dut jubilatu ostean akats horiek gainditzearren egiteko asmoa dudan ahalegina arrakastatsua izan dadin eta behin betikoa.
Irakaskuntzan aritu baino lehen epe laburreko beste zenbait lanbidetan ere ibili nintzen, baina ordaindutako lanak lau baino ez nituen izan, kronologikoki zerrendatuko ditudanak: laguntzaile gure amaren eta amonaren dendan, Novedades Peluaga, Irunen; Tolosako baserri batean morroi; sukaldean garbitzaile, baina ez baxera eta mahai-tresneria garbitzen, baizik zola eta eltzetzar erraldoiak, British Gas-en, Londresen; eta laugarren, Londresen halaber, agindutako betebehar zehatza burututakoan amaitzen den lan horietako bat, South Kensington Hotel-ean: solairu jakin batzuetatik traste guztiak azpiko solairura jaitsi (oheak, telebistak, altzairuak, baita moketa bera ere, behin desitsatsi eta biribilkatu ondoren), hustutako solairua sakonki garbitu ahal izan zezaten; gero trasteak berriro igo eta zegokien lekuan kokatu behar genituen.
Lau lan apal horiek ez bezala irakaslearenak errotik aldatu zidan bizimodua. Nire eskoletan berehala nabarmendu zen gaur egun oraindik larriki kezkatzen nauen akatsa: autoritate gabezia, giro egokia ezartzeko ezintasuna programaren edukiak eraginkortasunez transmititu ahal izateko. Garbi oroitzen naiz lehenbiziko urte hartako eszena batez, arratsaldea zen (oroitzen naiz pentsatu bainuen: “hau gogoratu behar diat eta kontatu, garrantzitsua duk”): ikasle batzuk borrokan zebiltzan, elkarri aulkiak jaurtikiz burura, garrasika, elkar astinduz eta estrangulatuz mahaien gainetik; aulki eta mahai horietako hainbat eta hainbat nigandik hurbil erortzen ziren; arbelari itsatsita nengoen, zutik; ikasgela erdian beste ikasle batzuek banatu berriak nizkien apunte eta ariketekin sua piztu zuten; atzeko hormatik irratikasete batek infernuko zarata zabaltzen zuen (nire onespenaz gainera, zeren ikasleen ordezkariak, ikasturte hasieran, baimena eskatu baitzidan musika jartzeko, eskolak eramangarriagoak izan zitezen, eta nik onartu; pixkanaka-pixkanaka garbi gelditu zen musika mota eta bolumena beti beraiek aukeratzen zutela, eta oroitzen naizen egunerako beranduegi zen deus ere konpontzen saiatzeko).
Gatazkatsu deritzoten ikastetxe horietako bat zen. Lehenbiziko egunean, heldu berritan, ikasketa-burua, Elena, bere bulegoan instruitzen ari zitzaidanean, neska ikasle bat sartu zen, eskumuturrak bendaturik. Elenak naturaltasunez esan zion: “Hori mania zuena, suizidatzen ahalegintzekoa”. Nire harriduraz ohartuta, eta behin ikasleak, Idoiak, alde egin ondoren, Elenak azaldu zidan aurreko urtean Idoiaren adiskide bat, neska ere, arrakastaz suizidatu zela. Gure institutuan galiziar ikasle batzuk genituen, apaiz batek erreformatoriotik atera eta bere etxean hartu zituenak, Errenterian; eta gure ikastetxea esleitu zieten. Itxuraz, heroina saltzen zuten ijito batzuen erdi lagun egin ziren; ijitoek Idoiari eta bere adiskideei heroina-kopuru handi baten salmenta agindu zieten, baina galiziarrek, saldu beharrean, zainetik sartu zuten; ondorioz, gameluek bortizki mehatxatzen zituzten eta hainbat bider jipoitu zituzten, dirua berreskuratzeko itxaropenez. Elenak zioenez, presioa pairatu ezinak bultzatu zuen Idoia ahaleginera eta bere adiskidea suizidiora.
Zenbait irakasle libertariorekin ikasia nintzen, bai Hondarribiko institutuan eta bai karreran, Zorroagan; erakargarrienak zitzaizkidan, eta irakasle-lanetan hasi nintzelarik imitatu egiten nituen, batzuetan nahi gabe; horrek maiz utzi ninduen irrigarri lehenbiziko urte hartan, hala nola tutore gisa gurasoekin eduki nuen lehenbiziko bileran: Antonio, matematikako irakasle zintzo eta zorrotz bat, aholkulari zaildu gisa laguntzera etorri zitzaidan, eta txundituta utzi nuen nire buruari ozenki galdetzeari ekin niolarik, gurasoen aurrean, ea zergatik onartzen ote den beste barik nire hitzak, ikasgelan eta edonon, beren seme-alabenak baino baliotsuagoak direla, zer eskubide dudan inor isilarazteko nire mintzoa inposatzearren, zein uste ote dudan naizela gure gazteria erreprimitzeko, hain bizipen interesgarriak dauzkana, helduok entzuteko irrikaz behar baikenuke; eta garrantzitsuena ez dela ikastea baizik bizitzea, eta eskola, azken batean, gure gizartea definitzen duen espetxe-sistemaren gune nagusietakoa dela. Aita batek esaldi arraro batzuk bota zituen zezelka, mozkortuta zegoen. (Zenbait egunen buruan ikastorduan bere alaba supituki zutitu, leihoa ireki eta goitika egin zuen. Goitikina, aski solidoa, leiho-koskan gelditu zen.)
Batzarraren ostean Antoniok aholkatu zidan, arrazoi osoz, hurrengo solasetan mugatu nendila gurasoei behin eta berriz errepikatzera beren seme-alabek asko ikasi beharko zutela ikasturtea gainditu ahal izatekotan, hurbildik zaintzeko etxeko lanak egin zitzaten, titulu bat ongi etorriko zitzaiela bizitzan baina lortu ahal izateko beharrezkoa zela nolabaiteko diziplina eskolan bezala etxean ere...
Antoniok, eskarmentu luzea izanagatik ere, makurtu ez zen gutxi horietakoa zen. Besteak beste, uko egiten zion egiarekin trapitxeatzeari, are hezkuntza-delegazioarekin tratuan. Aitortu zidan intrantsigentzia horrek bikote-bereizte batzuk ere ekarri zizkiola ondorioz.
Hamazazpi urte zeramatzan irakaskuntzan lanean eta egundo ez zion ikastetxera joateari utzi: ez eritasun arin, ez trafiko-arazo, ez deus. Asistentzia-falta bakar bat ere ez hamazazpi urtean. Nire lehenbiziko ikasturte hartan, egunsenti batez iratzargailuak ez zion jo. Frogagirian idatzi zuen: “Ez naiz lehenbiziko ordura iritsi iratzargailua matxuratu zaidalako”. Delegazioan ez zuten onartu, eskatu zioten ordeztu zezan “eritasun arina” edota “trafiko-arazoak” idatzirik, asistentzia-falten justifikatzaile gisa ofizialki onartutako eragozpenak bi-biak. Marianok ez zuen onartu, ez baitzetozen egiarekin bat. Ez zuen amore ematen burokraziak bultzatzen duen zinismo lausoaren aurrean. Bertantxe goxo egin nuen nik lehenbiziko ikasturte hartan berehala, baina jubilatu ondoren Marianorekin berriro kontaktatzen ahaleginduko naiz.
Behakoa, penaltia sartzeko zein gelditzeko traba. Ezin tortura ikusi
Kontrol-kamerak edonon jartzearen aldekoek diote etengabeko zaintzapean gaudela jakiteak hobetu egiten duela gure jokabidea, sendotu gure baitan arau eragingarriei eduki beharreko begirunea.
Ordea, gure burua beste gizakien begiradapean kokatua sentitzeak gure eraginkortasuna hobetzen duela dioen iritzia ez dagoela sendoki oinarritua erakutsi du azterketa zientifiko batek, penaltiaren kinkan tiratzaileek eta atezainek izaten duten jarrera aztertu duena.
Ben-Gurion Unibertsitateko Michael Bar-Elik eta bere taldeak, psikologia kognitiboan adituak, 286 penaltiz osaturiko lagin bat aztertu dute, goi mailako futbol-partidetan jaurtiak. Hainbat ondorio atera dituzte.
Lehenik eta behin, guztiok genekiena egiaztatu dute: penaltiak gelditzea oso da zaila. Atera zuzen samar jaurtikiz gero ehuneko 85a sartzen da. Atezainek, baloia geldiarazteko ahaleginez, jauzi egiten dute ia beti, ehuneko 94ean zehazki, ezkerrera zein eskuinera. Jaurtiketaren norabidea aldez aurretik igartzen saiatzen dira atezainak, eta ehuneko 50an tronpatzen dira edo asmatzen dute.
Atezaina soilik ehuneko 6an gelditzen da atearen erdialdean, salto egiteke. Eta, hauxe deigarriena, taktika minoritario hori da hain zuzen bidezkoena, Bar-Eli doktoreak eta bere aditu-taldeak frogatu dutenez: alde batera salto egiten duen atezainaren arrakasta-aukera apalagoa da, ehuneko 13koa baino ez; aitzitik, erdialdean tinko gelditzen den atezainaren aukera ehuneko 30eraino igotzen da.
Penalti-jaurtitzaileei dagokienez, taktikarik erabiliena (ehuneko 57) ateko beheko aldera botatzea da, beheko herenera. Haatik, hori ere ez da egokiena: goiko herenera jaurtikiz gero gola sartzeko aukera ehuneko 100etik hurbil dabil; aldiz, beheko herenera botata ehuneko 80 besterik ez.
Zergatik ote dira erabilienak porrota errazago erakartzen duten aukera horiek? Israelgo ikerlarien arabera, besteen begirada (publikoarena, gainerako jokalariena, kirol-agintariena) erabakigarria da bai tiratzaileen eta bai atezainen jokabidea ulertzeko orduan.
Penaltiaren aurrez aurre atezainak badaki baloia gelditzeko aukera urriak dituela, etsia izaten da ia beti atezainaren barne muinetako egoera. Eta mugitu egiten da, bere burua eskuin edo ezker aldera botaz, ezer egin gabeko porrota lotsagarriagotzat jotzen baita, zerbait egin ondoren galtzea baino.
Tiratzaileari dagokionez, nahiago izaten du atezainak baloia gerarazteko arriskua, altuegi bota eta baloia hodei artean gal dadin baino, lotsagarriagoa eta desohoragarriagoa omen baita.
Bar-Eliren ikerketak guztiok genekien beste hau ere nabarmendu du: besteen begiradak batzuetan hobetu egiten du gure jokaera, baina beste batzuetan okertu. Niretzat torturatzea gaiztoagoa da hiltzea baino. Kamerak giza jokabidea duda barik zintzotuko lukeen eremuetako bat tortura-ziega litzateke. Alta, tortura-ziegak dira agintariek kamerak ipintzen ez dituzten leku bakarrak; bien bitartean, kamerez josten ari dira basamortuak, itsaso zabalak, lorategiak, hodeiak eta futbol-zelaiak. Agintariek, torturari etekin mediatiko/elektorala ateratzeko eragozpenik ez duten psikopatak direlarik, ez dute tortura-ziegetan kamerarik nahi izaten, eta horrelakoxe agintariak ezarri dizkigute tamalez.
Separatismoaren faboretan
“Herri” izenak hainbat esanahi dauzka, bat ez datozenak “pueblo” edo “peuple” hitzekin. Esanguratsua da nola jarri behar izan zuen Jaucourteko zaldunak arraina bere isatsari hozka ilustratuen Entziklopediarako “herri” (peuple) definitu behar izan zuelarik: “Izen kolektiboa, definitzen zaila, zeren “herri” kontzeptuaren ideia diferenteak sortzen baititugu munduko toki desberdinetan, garai desberdinetan eta gertaeren izaeraren arabera”. Baliteke gizakiak elkarrengandik bereizten dituena ez izatea berdintzen dituena bezain garrantzitsu, baina duda barik Sarkozy ez da kubatarra. Gizatasuna herri desberdinetan ageri da. Jakina, mestizaiak eta mugen lausoak zaildu egiten dute herrien arteko bereizte argia. Konstituzionalistek muturra okertzen dute “herria” irakurtzen dutenean, zaharkin hori, amaginarreba ikusten dutenean bezala. Ordea, noizean behin paseatzera atera beharra dago nola amaginarreba hala herria, frexkatu daitezela momiak.
Inork ez daki zehazki zer ote den herria. “Herria” esaten denean (txetxeniar herria, korsikar herria, euskal herria, maputxeen herria) aipatu nahi izaten da edo Estaturen batek pairatu beharreko odoluzkia, edo bestela Jainkoaren edo G puntuaren antzeko zerbait, definitzen zaila baina baten batek sentitu omen duena. Bizirauten tematurik dabilen herri baten aurkako gerra ideologikoan, etsai inperialak argudiatu ohi du euskal herria ez dela existitzen, haluzinazio hutsa dela, beren burua euskalduntzat jotzen dituzten ero batzuk direla euskaldunak.
Egia esan, irudimenezkoa ez da soilik herria; gizabanakoa ere irudimenezkoa da, David Hume eskoziar filosofo ospetsuak ederki erakutsi zuenez, zeina (berak kontatua) eskoziar izate hutsagatik ingeles orok urkaturik nahi baitzuen. Izena duen herri baten existentzia ukatzeko arrazoiak berdin-berdin erabil litezke edozein identitate pertsonal ukatzeko ere. Ben Gurion, Golda Meir eta Israelgo presidente ia guztiek errepikatu dute palestinar herria ez dela exisitzen, konstituzionalisten ideologo batzuek legetxe euskal herriaz. Eta ez zaie arrazoirik falta; ezta ere eleberri txarren atarietako ohiko oharraren aldaera interesgarri honi: “Eleberri honetako pertsonaia guztiak fikziozkoak dira, bizitza errealeko pertsonak bezal-bezalaxe”. Santi Leoneren nortasuna herri maputxearena edo espainolarena bezain irudimenezkoa da. Edonola ere, irudipenek ondorio errealak eragiten dituzte. Bestalde, ez dut hil nahi, sentimendu natural eta bidezkoa.
Espainiako Konstituzioak, onartu ez genuen arren euskaldun gehienak menpean gauzkanak, lege bortizki antidemokratikoak ditu; hala ere, bada Konstituzioak zapaldurik sentitzen ez den jendea, abertzaletasun konstituzionala deiturikoa aldezten duena. Zozokeria dirudi abertzaletasun konstituzional horrek lehen begiratuan, baina, zozokeria gehiegiren antzera, iruzurra ezkutatzen du: exijitzea bezala da Athletic edota Barca baztertzea eta ahaztea, futbol unibertsalaren maitasunaren izenean, alegia, Real Madridenean, arbitroen laguntzarik gabe titulu bakar bat ere irabazteko gai ez den taldea bestalde.
Espainiako separatismoek gero eta maizago erabiltzen dituzte zentzu komunari dagozkion arrazoibideak, pragmatikoak eta kontsekuentzialistak: Euskal Herriaren tamainak era azkar eta eragingarrian ahalbidetzen du berrikuntza sozial eta ekonomikoei egokitzea eta arazo zehatzen kudeaketa; gainera, jakina, Euskal Herri independente batek hobeki bermatuko luke euskararen iraupena. Aldiz, konstituzionalisten argudioak nahasiak eta mitologikoak izaten dira, edo beldurrean oinarrituak (ez badira mehatxu zuzenak), edo bestela ez dira argudioak. Gaur egun aldarrikatzea estatuak XIX. mendeko kontua direla (baina ezein herrik ez dio borondatez uko egiten halako fosilari, atxikitze susmagarria inondik ere); aldarrikatzea independentziak Europatik at kokatuko gintuzkeela; aldarrikatzea heresia litzatekeela ama aberriaren batasun sakratua eta honen gorputza zatitzen uztea; aldarrikatzea aukera independentista hedatuz gero “tankeak bidaliko ditugu, Konstituzioko zortzigarren artikuluak agintzen baitu”... bistan da honezkero aukera dependentista gelditu dela zaharkiturik, eta ziurgabeen erasokorkeria arriskutsuak itsustu egiten duela.
Independentzia lasaibide eta ongizate litzaiguke, besteak beste PPk, Francoren espirituaren oinordekoak, 10 milioi boto inguru lortzen dituelako Espainian hauteskundea joan hauteskundea jin, eta egiturazko indar hori etengabeko mutur-sartze vaticanista/tardofrankista bilakatzen delako, jokaera politiko, judizial eta mediatikoan; traba itogarria barren, gainetik lehenbailehen astindu beharrekoa.
Estrategia militarraren alde
Guk bi alaba zoragarri ditugu, Amaia eta Leire, hamazazpi eta hamasei urte. Gurasoen eta seme-alaben artean ezinbestean pizten diren gatazkak kudeatzen ahalegintzeko, lehen borondate oneko liburuak irakurtzen nituen: “Adolescentes: la locura necesaria”, “Educar a un adolescente”, “El adolescente en la terapia familiar: cómo romper el ciclo del conflicto y el control”. Baina ez dira aski.
Arrate irakurgai horietara mugatu da, baina alabek trankilloa harrapatua diote, eta errukirik gabe erabiltzen dute: aurrena, bekatu makurra egiten dute. Adibidez, larunbat arrunt batean etxera lauretan itzultzeko hitzartu, Arratek bezperan erositako txamarra bat uzten dio Amaiari, eta Amaia sei eta erdietan bueltatzen da, txamarra galduta, halaber mugikorra, eta erdi mozkorrik. Orduan Arratek egundokoak eta bi botatzen dizkio. Baina, denbora aurrera, damutu egiten da, pasatu ote den, borondate oneko liburuen erruz hein batean, eta, konpentsatzeko, ile-apaindegira eramaten du, edo enegarrenez apurtua zuen ordenagailuko kablea erosten dio. Gertaeren segida hori ia beti da antzekoa, eta “En tierra hostil”-eko psikologoa bezala amaitzeko arriskuan jartzen du Arrate. Nire erantzuna ez da aldarria izaten baizik afektu-ukatze bortitza, erredura hotza, arinago itzaltzen dena, edonola ere, alabaren bestondoa baino.
Kokoteraino nengoen segidaren ezinbestekotasun horretaz, baina hautsi egin da. Orain dela bizpahiru hilabete tratatu militarrak irakurtzen hasi nintzen. Hasieran, eta bestelako helburu batek bultzaturik, Sun Tzuren “Gerraren antzea” eta Julio Zesarren “Galietako guda” irakurri nituen. Eta ohartu nintzen etxe barruko gatazketan umiliatua ez izateko estrategia militarrak behar direla erabili. Geroztik, Alexandro Handia, Napoleon, Zumalakarregi, Rommel “basamortuko azeria” eta Historiako jeneral garrantzitsuek gerran erabili duten jokabidea aztertzen aritu naiz. Adituek diote euskal gatazka deritzon horretan on litzaigukeela arazoa desmilitarizatu eta humanizatzea; aldiz, uste dut etxeko gatazkak militarizatu behar direla, Historiak arrakastatsuak izan direla frogatu dituen taktika eta estrategiak erabili, sakonki hausnartuak, etsaia etsaitzat joz, epe luzea aintzat harturik. Irabaztea dugu xede bakar. Behin irabazita, jakingo dugu eskuzabalak izaten. Baina oraingoz, jo ta ke irabazi arte.
Bermeon, krisialdi gogor horiek jota xehe-xehe eginik gelditzen ginen laurok. Orduan, Al Jazeera ipintzen genuen eta baretu egiten ginen geldika-geldika. Ahma le ma lebi inshalala mufali tawaf. Soinu ulergaitz eder horiek lasaitu egiten gintuzten. Orain ordea oporretan ez dugu Al Jazeerarik eta ez dago zereginik.
Penis captivus
Aberatsak, ospetsuak, buruzagiak eta boteretsuak kexu dira, zurrumurrua batik bat beren aurka erabiltzen omen delako. Ez da egia. Esamesa sarritan desberdinaren aurka erabiltzen da, etorkinaren, baztertuaren eta bakartiaren aurka.
Adibidez, bada zurrumurru ezagun bat, koadriletan ez baizik beren kasa zebiltzan emakume bakartien aurka asmatua, entzuna nola gurasoen auzoan, Irunen, hala hemen Bermeoko Talan.
Irunen, andrea, bere zakurrarekin amodioa egiten ari zela, zakila barruan trabatu eta ezin aterarik gelditu omen zen. Esku-ohe bakar batean eraman zituzten etxetik ospitalera, zakurra gainean, desengantxatzera.
Bermeon berriz zakurraren ordez Coca-Cola botilarekin gertatu ei zen. Alu barruan hutsunea sortu eta ezin botilatxoa atera. Gero tabernetako adituek zioten horrelakoetarako Marie Brizarden botila egokiagoa dela, botila-lepoaren forma bereziak berez eramaten baitu G puntura.
Behar bezalako jende txintxoak gizarte kontrola areagotzeko asmaturiko zurrumurruak dira horiek. Francoise Rumeux-k “lintxamenduzko zurrumurru” deitzen die.
Beste aldaki bat, “penis captivus” deritzona: bikote bat leku egoki baten bila dabil, auto dotorea mendi aldera daramate, larrutan hasten dira, gizona gainean. Bat-batean oinaze gogorra sentitu du bizkarraldean eta ezin mugiturik gelditu da, andrearen barruan eta gainean. Andreak azkenik oinarekin klaxona zapaltzea lortu eta ertzainak erakarri ditu. Etorri dira, baina hain da zoritxarrekoa bikotearen jarrera, bikotea bereizteko eta autotik ateratzeko modu bakarra autoa bera ebakitzea baita.
Gizona anbulantziaz ospitalera daramate eta andrea kontsolatzen ahalegindu dira: “Lasai, berehala sendatuko da, bizpahiru eguneko kontua besterik ez.” Eta andrearen erantzuna: “Bost axola niri ospitalea. Nire kezka bakarra da nola azalduko ote diodan senarrari bere autoari gertatu zaiona!”
Reuters berri-agentziak eta Sunday Mirror egunkariak, besteak beste, egia bailitzan zabaldu zuten hiri-kondaira hori.
Adarren aurkako gurutzadaren adierazpenen tankera du hiri-kondaira horrek: adulterioa zigortzen du, baina gainera gure jendarteetan autoak duen gehiegizko garrantzia salatzen du, aditzera ematen baitu jendeari autoa apurtzea gogorragoa eta tragikoagoa zaiola ezkontza apurtzea baino. Gizon gehiegirentzat autoa, itxuraz, garrantzitsuagoa baita emaztea baino, autoa dute benetako emazte, eta hezur-haragizkoa berriz osagarri xume.
Zer ote zuen Josu Jon Imazek gogoan Espainia kautibatu beharra dagoela baieztatu zuelarik? Francok, gerra zibila irabaztean, “desarmado y cautivo el ejército rojo” aldarrikatu zuen. Ez zuen ba Imazek zeharka adierazi nahiko euskal aluak zakil espainola desarmatu eta estu harrapatu beharko lukeela.
Egonezina kulturan: laburpena
1-BEHAR ERLIJIOSOAREN JATORRIA: LARRIDURA ETA BABES-BEHARRA
Freuden lagun Romain Rollanden ustez, erlijio ororen jatorria sentimendu ozeanikoa da, munduarekin bat zareneko sentimendua. Freud ez dator bat.
Freudek dioenez, guretzat ez dago ezer niaren sentimendua bezain ziurra, beregain agertzen baitzaigu, batua, beste guztitik ondo bereizia. Dena den, itxura hori lilurabide hutsa da: nia barrurantz luzatzen da, muga garbirik gabe, gune animiko inkontziente baterantz, ZERA-rantz. Zera basati honen erakusleihoa litzateke, besteak beste, nia.
Aldiz, kanpokoarekiko muga ongi zedarritua dago, maitasunaren gorenean izan ezik, maitaleak eta maiteak bat egiten baitute, eta zenbait egoera patologikotan (adibidez eskizofrenian).
-NIA ETA KANPOKO MUNDUA BEREIZTEN IKASIZ
Hasieran, titiko umeak ez ditu nia eta kanpoko mundua bereizten. Geldika-geldika ikasiko du. Bere gorputzeko atalak ez bezala, amaren bularra ez dauka beti eskura; erakartzekotan, beharrezkoa du negar edo garrasi egitea; gero, sentsazio desatsegin eta mingarriak kanpoko munduari leporatuko dizkio, kanpotiko erasotzat hartuko ditu, eta plazer hutsezko ni bat eratuko du, kanpoalde arrotz eta mehatxari bati kontrajarririk.
Baina bereizketa hau faltsua da, batzuetan kanpoko munduak eragiten baitu gozamena, eta norberaren gorputzak, berriz, sufrimendua. Pixkanaka ikasten dugu bereizten barrukoa eta kanpotik datorkiguna, gure menpean ez dagoena. Horrela egiten dugu lehenbiziko urratsa errealitate-printzipioa ezartze aldera. Gainera, bereizketa horrek nork bere burua sentsazio desatseginetatik babestea ahalbidetzen du.
Hasiera batean, hortaz, niak barnebiltzen du guztia, eta gero progresiboki ni horretatik kanpoko mundua bereizten dugu.
Baliteke jatorrizko sentimendu hori, ni inklusibo baten sentimendua, helduaroan ere helduaroari dagokion niaren sentimenduarekin batera nolabait irautea. Horrek azalduko luke sentimendu ozeanikoaren jatorria. Erromako hirian ere, eraikuntza berriak antzinakoak derrigorrez suntsitu behar izan gabe altxatu dira. Antzinakoek hondakin gisa diraute. Era bertsuan gertatuko litzateke giza ariman.
Freuden ustez, aitaren babesa du haurrak behar handiena. Erlijio-beharren kausak, oroz lehen, haurtzaroko desbabes sentimendua eta aitarenganako jorana dira; sentimendu eta joran horiek, gerora, patuaren ahalaren aurreko larridurak ordeztuko ditu. Freudentzat, ondorioz, sentimendu ozeanikoak ez du lehen mailako garrantzirik, soilik bigarren aldi batean lotuko litzaioke erlijioari; zeren osotasunarekin bat egitea ez baita arriskua ukatzeko bideetako bat baizik, eta niak mehatxu hori kanpoko mundutik datorkiola sentitzen du.
Oharra: diotenez, yoga bezalako jarduerek norberarengan unibertsaltasun-sentimenduak piztea ahalbidetzen dute, antzina-antzinako egoerak liratekeenak. Oinarri fisiologiko bat emango liekete hainbat jakinduria mistikori.
2-BIZITZAK DAKARKIGUN MINAREN AURREKO JOKABIDEAK
Gogorregia zaigu bizitza. Jasan ahal izateko, hiru erremedio mota erabiltzen dugu:
1-dibertimendu indartsuak, gure miseriari garrantzi handirik ez emateko eta ahazteko (lorategia zaintzea, jarduera zientifikoa)
2-miseria gutxitzen duten ordezko asebetetzeak (artea)
3-narkotikoak eta drogak, gure miseriaren eta oinazearen aurrean sorgortzen gaituztenak
Ez dugu bizitzaren helburua ezagutzen. Helbururik ote duen ere galde liteke. Bizitzaren balizko helburuari buruzko galderari erlijioak baizik ezin dio erantzun: bizitzaren helburu baten ideiak erlijio-sistemarekin batera irauten du eta hondoratzen da.
Gizakiek zoriona nahi dute; helburu horrek alde bi ditu, bata positiboa, gozamenezko une sakonak bizitzea, eta bestea negatiboa, oinazerik ez pairatzea. Gizakien jarduera bi norabide horietan gauzatzen da.
Atsegin-printzipioak bizitzaren helburua aurkezten du eta arimaren funtzionamendua menperatzen du. Helburu baten arabera dabil, baina ez zaio munduari ondo egokitzen (aldi berean kanpoko munduari, makrokosmosari, eta gizakiari, mikrokosmosari). Ez da gauzagarria. Zoriona gure egiturak berak mugatzen du, zorionak ezin baitu gure baitan iraun: soilik goza dezakegu bortizki, kontrastean datorkiguna.
Hiru aldetatik egiten digu mehatxu sufrimenduak, iturburuaren arabera:
1-gorputzetik, usteltzera kondenatua baita, eta ezin baitu mina baztertu, alarma-zeinu den heinean
2-kanpoko mundutik
3-besteengandik (hauxe da ziur aski mingarriena zaigun mehatxua)
Mehatxu hauen presiopean, moderatu egiten dute gizakiek beren zorion-irrika, atsegin-printzipioa egokitu egiten diote errealitate-printzipioari: zure burua zoriontsutzat duzu oinazeari ihes egin izanagatik hutsagatik, oinazetik ihesak (helburu negatiboa) bigarren mailara zokoratzen du gozamenaren bilatzea (helburu positiboa).
Helburu hauek lortzea ahalbidetzen duten hainbat bide aholkatu dizkigute jakinduria- eskolek, eta gizaki arruntok geureganatu:
-espontaneotasuna: irrika guztien asetze mugagabea; tentagarriena da, baina gozamena zuhurtziaren gainetik jartzea dakar, eta hori zigortua izaten da praktika labur baten ostean
-errealitateari eragitea: natura mehatxariari aurre egitea, teknikaren eta zientziaren bitartez
-errealitatearen gaineko norberaren ikuskerari eragitea (mundua berregin nahi izatea):
1-paranoia: mundu guztiari eragiten dio, maila desberdinetan: munduko alde jasangaitz bat zuzentzen du
2-erlijioak masen eldarnio horien artean daude, errealitatearen birmoldatzeak baitira. Erlijioak askatasuna hausten du, bere bidera formateatu nahi du jende guztia. Bere metodoa: bizitzaren balioa gutxitzea, mundu errealaren irudia eldarnioz itxuraldatzea (eta horrek aldez aurretik adimena larderiatu izana eskatzen du). Halatan, neurosi ugari aurrezten ditu, baina hori da guztia.
-nork bere buruari eragitea:
1-sentimen-aparatuari eragitea: toxikatze kimikoa: drogek sentimen-aparatuari eragiten diote: onurekin batera dakartzate kalteak.
2-beharraren iturri intimoari eragitea, prozesu animiko jakin batzuen bidez. Muturreko kasua, bulkaden hiltzea, ekialdeko jakintsuen artean bezala, yogan besteak beste. Helburua, atsedenaren zoriona litzateke.
3-bide berdina, baina moteldua: goiko gune psikikoek menperatzea bulkadak. Goiko gune horiek errealitate-printzipioaren menpe daude: asetze nahia ez dago baztertua eta bulkaden inhibizioak oinazetik babesten gaitu. Ordea, honek gozatzeko aukera apaltzen du, zeren bulkada basati bat asetzean askoz ere handiagoa baita gozamena menpean harturiko bulkada baten asetzean baino. Honek azalduko luke gaizkilearenganako erakarmena, tratu txarren emailearenganakoa, mutiko gaiztoarenganakoa, emakumeen aldetik.
-lana (inbestitze pultsionala, sublimazioa)
1-libidoaren lekualdatzea, sexutik lanera: bulkaden helburuen lekualdatzea, lan psikiko batera, intelektuala edo artistikoa, kanpoko munduaren menpe ez dagoena. Ordea, asebetetze hauen intentsitatea txikia da gozamen primarioen aldean; areago, estrategia hau soilik gutxiengo batek erabil lezake, ahalmen bereziak eskatzen baititu; azkenik, ez gaitu zeharo babesten oinazearen aurrean (adibidez, gorputzetik datozkigun oinazeen aurrean). Halako ahalmen berezirik ez dagoenean lanak zeregin berdina bete lezake, betiko lan arruntak. Lanak norberaren existentzia gizartearen baitan bidera eta zuri lezake, eta norberaren libidoa gizarterantz lekualdatzea. Edozelan ere, gizakiak ez du gehiegi erabili izan lana zorionbide gisa; hortik datoz gizarte arazoak.
-Objektuaren aukera (begiradaren norabidea):
1-errealitateari ezikusia egin, besteengandik bakartu (eremutarra).
2-maitasunean murgilduta bizi; arazoa: maiteak alde egitea, hiltzea.
3-edertasunaz gozatuz bizi, giza edertasuna, edo naturarena, artistikoa, zientifikoa. Honek ia ez gaitu sufrimendutik babesten, baina kalte-ordainketa ganorazko bat izan liteke. Halatan, arteari loturiko plazera: arte-obretan gozamena bilatzeak kanpoko mundutik independizatu nahia adierazten du. Baina artea gozamen eta kontsolamendu bada ere, ahula da eragiten duen gozamena eta kontsolamendua.
ONDORIOZ: ez dago konponbide unibertsalik: bakoitzak bere kasuari egokituriko soluzioa bilatu behar du. Batez ere erotikoa den gizakiak beste gizakiekiko sentimendu-harremanak jarri behar izaten ditu beste edozeren gainetik; gizaki nartzisistak berriz barne prozesu animikoetan bilatzen ditu funtsezko asetze eta gozamenak; eta ekintza-gizakiak azkenik ez du kanpoko mundua baztertzen, honen gain asaska baitezake bere indarra.
3-ZER DA KULTURA?
Esan bezala, hiru dira sufrimendu-iturri nagusiak: natura, gorputza eta gizakiak.
Batzuetan entzuten da kultura dela gure miseriaren erantzule. Ikuspuntu hau harrigarria da, naturaren aurkako babesa baita kultura. Dena den, kulturaren aurkako salaketa hau historiaren bidez uler daiteke:
-Nolabaiteko nahigabea kultur egoera jakin bakoitzaren aurrean. Nahigabe horrek hainbat ondorio ekarri ditu:
1-erlijio bat: kristautasuna, lurreko bizialdia gutxiesten duena
2-ideia bat: basati primitiboak zoriontsu direla dioen tesia
3-gaixotasun bat: neurosia (gizartearen arbuioak eragina)
-aurrerapen teknikoekiko deslilura: aurkitzen baitugu aurrerapen horiek ez direla ez zorionaren baldintza bakarra, ezta kulturaren helburu bakarra ere.
Helburua: kultura horren esentzia zehaztea, zoriona erdiesteko bere ahalmena zalantzan dagoen honetan. Kulturalak dira jarduera eta balio guztiak gizakiari baliagarri zaizkionak natura bere zerbitzura jartzen dutelako edo beste gizakiengandik babesten dutelako (adibidez, suaren erabilera). Halatan, kultura honela defini liteke: “Erakunde eta ohitura guztien batuketa, bi helburu dauzkatenak: gizakia naturatik babestea eta gizakien arteko harremanen arautzea”. Tresnek gure organoak perfekzionatzen dituzte, motoreak eta sentipenezkoak. Jainkoak kultur ideialak dira, gizakientzat helezin den guztiaren jabe dirudite.
Kultura ez da soilik erabilgarritasunagatik kezkatzen, edertasuna ere kultur interesen parte baita. Ordena erabilgarria da. Garbitasuna erabilgarria da, baina erabilgarritasunak ez du zeharo azaltzen garbitasunerako joera. Hortaz, bada beste zerbait jokoan. Baldin giza ekintza orok erabilgarritasuna edo atsegina balu helburu, orduan berdin balio behar luke kultur agerpen ororako (baina hori ez da gertatzen zientzian eta artean baino).
Kulturaren ezaugarri bereizgarria da giza harremanen arautzea, gizabanakoaren indarra komunitatearen indarraz ordeztea baita kultur urratsik erabakigarriena.
Kulturaren garapenak gizabanakoaren askatasunaren murriztea dakar, eta horrek azalduko luke gizaki askoren gorrotoa kulturaren aurka. Kultur prozesua gizabanakoaren garapen libidinalaren antzekoa da. Bulkaden ukoaren gainean dago eraikia kultura; hortik letorke kulturaren aurkako herra. Lehenbiziko inpresioa: kulturak behartze edo hersturaren bidez lortzen du sublimazioa.
Hobe genuke ordea honi buruz luzaroago hausnartzea.
4-KULTURAREN JATORRIA ETA BERE BILAKAERA ERABAKITZEN DUTEN FAKTOREAK
Elkarbizitzak lan eta maitasun beharrak ditu oinarri. Maitasuna, batetik, Eros da (gizon-emakumeen artekoa) eta, bestetik, Ananke (ama-haurren artekoa). Plazer genitala da zorionaren eredua, eta plazer horrek beharko du izan zorionaren erreferentzia nagusi. Ordea, jakintsuek bide horren aurkako aholkua ematen dute, menpekotasun handi bat baitakar maitearengana. Gizaki batzuek maitasunaren bidetik aurkitzen dute zoriona, baina horretarako ezinbestekoak dira maitasunaren funtzioaren aldaketa animiko handiak. Gizaki horiek maitearen onarpenetik independente bilakatzen dute beren burua, maitatua izateak duen balio nagusia norberak maitatzera lekualdatuz. Maitea galtzetik bere burua babesten dute, maitasuna gizaki guztiengana bideratuz, adibidez Asisko Frantziskok.
Bi maitasun mota bereizten dira: betiko maitasuna, sentsuala; eta helburuan hertsatutako maitasuna (neba-arreben arteko maitasuna, eta abar), kulturan garrantzitsu bilakatzen dena maitasun genitalari dagozkion hainbat muga gainditzen duelako (adibidez, bere esklusibotasuna). Ordea, maitasuna eta kultura aurkakoak dira: alde batetik, maitasuna kulturaren interesen aurkakoa da; bestetik, kulturak maitasuna mehatxatu egiten du zentzumenen zapalketarekin. Familiaren eta handiagoa den komunitatearen arteko gatazka aurkakotasun horren sintoma bat da. Familia-lotura gogorrek zailtasunak ekartzen dituzte esfera zabalagoan sartzeko; gizarteak zailtasun horien aurka egiten du, nerabezaroko erritoen eta abegi-erritoen bidez, gizabanakoa bere familiatik aska dadin lagungarri. Zailtasun horiek garapen psikikoari eta garapen organikoari lotuta daude.
Emakumeak kultur korrontearen aurka jartzen dira, nahiz emakumeek jarri zituzten beren maitasunaren bidez kulturaren oinarriak. Freudentzat, emakumeek familiaren eta sexu- bizitzaren interesak ordezkatzen dituzte. Lana gizonen kontua da batik bat; sublimazio-betebeharra dakar, eta emakumeari ez zaio interesatzen. Kultur helburuetarako kontsumitzen den libidoa hein handi batean emakumeei eta bizitza sexualari kentzen zaie, arra ia arrotz gertatzen den arte senar eta aita zereginetan. Kulturaren joera sexu-bizitza murriztea da, eta kultur esfera zabaltzea. Kulturak emakumea bigarren mailara baztertzen du eta emakumea kulturaren aurkako gorroto-harreman batean sartzen da.
Lehenbiziko kultura-faseak (totemismoak) intzestu-objektuen debekua dakar; bigarrenean, tabuaren, legearen eta ohituren bidez, bestelako murrizpenak ezartzen dira. Behar ekonomiko bat da: kulturak kontsumitzen duen adinako energia psikikoa erretiratu behar du sexutik. Hemen, kulturak sexualitatearen aurrean jokatzen du tribu batek bezala, edo gizarte zati batek bezala, beste bat menperatu eta ustiatzen dabilena. Oprimituen altxamenduaren aurreko larridurak bultzatzen ditu aldez aurreko neurri zorrotzak hartzera. Ulergarria da gure kulturak haurtzaroko sexu-bizitzaren adierazpenak debekatzea, bestela ezinezkoa litzateke helduen sexu-desirei eustea eta bridatzea. Ulergarria ez dena da kulturak debeku hori ukatzea.
Maitasun-objektuaren aukera beste sexura murrizten da: gozamen estragenital gehienak debekatuta daude, perbertsiotzat jota. Guztientzako izaera bera lukeen sexu-bizitza baten exijentzia bidegabekeria larri baten iturria da (zeren bai baitadaude desberdintasunak sexu-osaeran, jaiotzezkoak bezala jasotakoak). Hortik, gozamena ukatu zaien gizabanako pilo handia. Neurri murriztaile horien arrakastak lekarke agian libre utzitako bideetan, harreman heterosexualetan, sexu-interes oro brida barik gauzatu ahal izatea. Ordea, maitasun genital heterosexual honek ere jasan behar izaten ditu kulturak sexuari ezartzen dizkion mugek ekarritako galerak. Baina agian sexu funtzioaren esentziak berak dakar ondorioz sublimazioa. Horrek erabateko gozamena ukatzen digu eta bestelako bideetara bultzatzen. Hau errore bat izan liteke, arazo zaila da erabakitzen.
5-KULTURA ETA EROS
Kulturak komunitateko kideak libidinalki lotu nahi ditu elkarrekin.
Norbait maitatzeko arrazoi posibleak: sexu-objektu gisa ikusten dugu; edo, “hain antz handia dauka nirekin, berarengan nire burua maite baitezaket”; bestela, “hain da perfektua, hain da ni baino perfektuagoa, berarengan maite baitezaket nire buruaz daukadan ideala”, eta abar.
Baina ez dugu berez inongo interesik arrotza eta estrainioa maitatzeko; absurdoa da lagun hurkoa zeure burua bezala maitatzea, eta batez ere ezinezkoa da. Gizakia otso zaio gizakiari (erasorako joera, gerrak…).
Lan-komunitatearen interesek ez dute gizartearen kohesioa bermatzen, pasiozko bulkadak interes razionalak baino indartsuagoak baitira. Hortaz, beharrezkoa litzateke gizakiek elkar maita dezaten. Horretarako sexu bizitza murriztu beharko litzateke; hortik dator “maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala” aholkua.
Komunismoaren kritika: jabetza ezabatzeak eraso-desira eta eraso-atseginari bere tresnetako bat kentzen dio: ahalmenari eta eraginari lotutako desberdintasunak ordea ez dira gainditzen, ezta erasokortasun horren esentzia ere (jabetza pribatua ez da jatorrian zintzoa litzatekeen giza natura gaiztotzearen ondorio).
Kultura razionalizatu nahiko genuke, zoriontsuago bilaka gaitzan, baina agian onartzen joan beharko dugu badirela hainbat zailtasun kulturaren esentziari dagozkionak, berezkoak zaizkionak, eta ez ditugula inongo erreforma-ahaleginen bidez makurraraziko.
6-EROS ETA THANATOS
Lehenbiziko ideia: goseak eta maitasunak munduko mekanismoen kohesioa ziurtatzen dute. Batetik, gosea gara (egoismoa, niaren bulkadak), norbanako indibiduala iraunarazi nahi baitu; eta bestetik maitasuna gara (altruismoa, objektuarenganako bulkada), zeinaren funtziorik garrantzitsuena espeziea iraunaraztea baita.
Hasieran, libidoa nork bere buruarengana bideratzen du (nartzisismoa). Gero, libido nartzisista hori objektuarengana zuzentzen da, eta horrela objektu-libido bilakatzen da. Dena den, objektu-libido hori beste noizbait nartziso-libido berbilaka daiteke.
Freudentzat, bulkada guztiak libidinalak diren arren, ez dira espezie berekoak. Erosen joera zabaltzailea da, substantzia bizia gero eta batasun zabalagoetan elkartzeko joera pizten du, giza kultura gero eta hedatuagoak sortzekoa, gizabanakoak libidinalki uztartuz: kultura Erosen zerbitzura dagoen prozesu bat baita.
Aldiz, Erosekin batera beste bulkada batek egon behar du, aurrekoaren kontrakoa, batasun zabal haiek desegiteko joera duena: heriotza-bulkada deitzen dio Freudek, Thanatosen zerbitzura baitago. Bestea suntsitzeko joera du. Ez da ahaztu behar suntsitzea gozamen-iturria izan daitekeela, gozamen nartzisista, haurtzaroko desira sakon bat mamitzen baitu, ahalguztiduntasun-desira hain zuzen.
Hortaz, kultura Erosen zerbitzura dagoen prozesu bat da. Giza jendetzak libidinalki behar dira uztartu, lan-interesa ez baita aski jendetzen kohesioa iraunarazteko. Joera honen aurka bulkada suntsitzailea dago, heriotza-irrika, Thanatosen kimu nagusia. Kulturaren garapena, horrenbestez, bizitzaren aldeko giza espeziearen guduaren araberakoa da.
7-SUPERNIA ETA ERRU-SENTIMENDUA
NOLA BORROKATZEN DEN KULTURA THANATOSEN AURKA: SUPERNIAREN ERAIKITZEA
Erasorako bulkadak kultura-kohesioaren aurka jotzen du. Baina kulturaren bidez, heziketaren bidez, erasokortasuna barneratu egiten da, introiektatu, kanpoko mundutik nire baitara zuzendu eta bideratu. Giza psikean zera, nia eta supernia bereizten ditu Freudek orain, “bigarren topika” deiturikoan. Supernia niaren aurkako erasoa zuzentzen duen gunea litzateke. Freudek “erru-sentimendu” deritzo superni zorrotzaren eta menpean duen niaren arteko tentsioari; zigor-behar gisa adierazten omen da.
Halatan, kulturak gizabanakoaren erasorako plazer-desira arriskutsua menperatzen du, azken hau ahulduz, armagabetuz eta gizabanakoaren beraren baitan kokatutako gune batek zainduaraziz, armada balitz bezala konkistaturiko herri bat okupatuz.
SUPERNIA, KONTZIENTZIA MORALA ETA ERRU-SENTIMENDUA
Aldaketa handi bat gertatzen da, supernia altxatzearen bitartez autoritatea barneratzen dugunean. Freuden ustez, soilik hori ezarri ondoren mintzatu beharko genuke kontzientzia moralaz eta erru-sentimenduaz.
EPAIKETA MORALEN JATORRIA
Sarritan, gaizkia inolaz ere ez da niari kaltegarri edo arriskutsu zaiona; alderantziz, batzuetan berak desiraturiko zerbait da, atsegina dakarkiona. Horrela, hemen bulkada arraro bat adierazten da; bulkada horrek erabakitzen du zeri deitu behar zaion ongia eta zeri gaizkia. Beharrezkoa da gizakiak zergatiko bat ukan dezan bulkada arrotz horren menpean jartzeko bere burua; zergatiko hori erraza da aurkitzen bere desbabesean eta besteekiko menpekotasunean, eta izendatzeko modurik egokiena “maitasun-galeraren aurreko larridura” litzateke apika. (Baldin bestearen maitasuna galtzen badu, beste horren menpean dagoenez, aldi berean arriskuen kontrako babesa ere galduko du, eta horrenbestez arriskuaren aurrean bakarrik geldituko da. Beste indartsu horrek, zeinaren maitasuna galdu berri baitu, gainera, zigorraren bitartez erakutsiko dio bere nagusitasuna.)
Gaizkia, hortaz, maitasun-galeraz mehatxatzen gaituen horixe bera da; galera horren aurreko larriduragatik saihestu beharra dago gaizkia. Maitasun-galera horren aurreko larridura da gizarte-larridura.
KONTZIENTZIA MORALA ETA PATUAREN ZARTAKOAK
Gizakiari dena ondo doakion bitartean, bere kontzientzia morala ere errukibera da eta niari edozer onartzen dio; aldiz, zoritxar batek jotzen duenean, bere buruaren aurka jotzen du, bere bekatu-egoera onartzen du, abstinentzia ezartzen dio bere buruari eta penitentziaren bidez bere burua zigortzen du. Zoritxarrak buruzigortzea dakar (Israelgo herriak egiten du hori, Jainkoa duela aita) edo fetix bat zigortzea (gizaki primitiboak dagien moduan).
Hau azal liteke kontzientzia moralaren jatorrian eta haurtzaroan oinarrituta, zeinak superniaren kontzientzia moralarekin batera, paraleloki, existitzen jarraitzen baitu: batetik, patuak gurasoak ordezten ditu; bestetik, zoritxar batek esan nahi du jadanik ez gaituztela maite. Zoritxarra datorrenean, makurtu egiten gara patuaren aurrean, damutzen gara (zorioneko ginenean, aitzitik, patuari ez genion jaramonik egiten.)
Kontzientzia morala, hasieran (zehazkiago esatera, gerora kontzientzia morala bilakatuko den larridura) bulkadei eginiko ukoaren kausa da, noski; baina gero harremana alderantzikatu egiten da. Gero, izan ere, bulkadei eginiko uko bakoitza kontzientzia moralaren iturri dinamiko bilakatuko baita. Kontzientzia morala bulkaden ukoaren ondorioa da; edota: kanpotik ezartzen zaigun bulkaden ukoak kontzientzia morala sortzen du, eta honek jarraian uko berri bat eskatuko du: bulkadena berriz ere, baina norberaren baitatik.
ERRU-SENTIMENDUAREN JATORRIA
Autoritatearen aurreko larridurak bulkaden ukoa dakar (autoritate honen maitasuna ez galtzeko). Orduan harekin bakean gelditzen zara, eta erru-sentimendu horrek ez luke iraun behar. Baina superniaren aurreko larridurari dagokionez, gerora sortua (superniak zigorrera bultzatzen baitu) ukoa ez da aski “bakean egoteko”, zeren asmoak (txarto jokatzekoak) irauten baitu eta ezin baita superniaren aurrean disimulatu.
Aitaren aldetiko debekuak ukoa eta erasokortasuna dakar; eta hau ere zapaldu beharra dago. Egoera ekonomiko zail honetatik irteten zara autoritate erasoezina zure baitan onartuz, identifikazioz. Aitaren autoritatea supernia bilakatzen da, erasokortasun honen guztiaren jabe, haurtzaroan aitaren autoritatearen aurka bideratu nahi genuena. Haurraren erasokortasun mendekatzailea aitarengandik datorkion eraso zigortzailearen mailak erabakitzen du. Baina eskarmentuak erakusten du superniaren zorroztasuna haurrak ezagutu duen zorroztasunetik independentea dela (edo ia). Arazo honen soluzioa: beste faktore batzuen eragina (determinazio genetikoa, ingurua).
Laburpena: supernia aitaren luzapena da, aita barneratua (kanpoko autoritatearekiko identifikazioz eratu da), baina bere amorrua haurrarena da, aitaren aurka.
AITAREN HILKETA EZ DAGO ERRU-SENTIMENDUAREN JATORRIAN
Jatorriko damua (aitaren hilketaren ondokoa) aitarenganako sentimenduaren anbibalentziaren emaitza zen, aldi berean baitzen gorrotatua eta maitatua: behin erasokortasunak gorrotoa asebeterik, ekintzaren damuarekin batera maitasuna argitara etorri eta supernia eraiki zuen aitarekiko identifikazioz: aitaren indarraz inbestitu zuen, haren aurkako ekintzaren zigor moduan, eta ekintzaren errepikapena eragozteko arauak sortu zituen.
Ordea, erru-sentimendua ez dator parrizidiotik: Erosen eta Thanatosen arteko borrokaren adierazpena da, anbibalentzia-gatazkarena. Gatazka hau bizitza komunak bizkortzen du. Kulturak ezin ditu gizakiak elkartu ez bada beren erru-sentimenduaren handitzearen bidez, maila ia jasangaitzetara hel daitekeena.
8- MORALA, KULTURAREN SUPERNIA
Erru-sentimenduarena da kulturaren garapenaren arazorik garrantzitsuena. Kulturagatik ordaindu beharrekoa zorion-galera bat da, zigorgabetasun-sentimenduaren goratze bat dela eta. Erru-sentimendua larriduraren aldaki topiko bat da, larriduraren lekualdatzea; bere aro berantiarretan, erru-sentimendua bat dator goitik behera superniaren aurreko larridurarekin. Erlijioak gizateria erru-sentimendu horretatik berrerostera, salbatzera datoz. Beraiek “bekatu” deritzote erru-sentimenduari.
Kontzientzia morala superniaren funtzioetako bat da, niaren ekintzak eta helburuak kontrolatzen dituena. Zentsura erabiltzen du. Erru-sentimendua niaren joeren eta superniaren exijentzien arteko tentsioaren hautematea da; superniarekiko loturan, berriz, masokismo forma bat da.
Kronologikoki, hasieran erru-kontzientzia agertzen da, ondoren supernia, gero kontzientzia morala. Erru-kontzientzia kanpoko autoritatearen aurreko larriduraren adierazpena da, niaren eta kanpoko autoritatearen arteko tentsioaren ezagutza, autoritateak maite gaitzan beharraren eta bestelako bulkaden arteko gatazkaren ondorio zuzena. Damua kontzientzia morala baino antzinagokoa izan daiteke. Erasokortasuna soilik bilakatzen da erru- sentimendu, supernira lekualdatua baldin bada; bestela esanda, eraso-bulkadei mugatu beharra dago erru-sentimenduaren agertzea. Ondorioz: baldin bulkada-joera bat zapalketak menperatzen badu, bere osagai libidinalak sintoma bilakatzen dira, eta bere osagai erasokorrak berriz erru-sentimendu.
Gizabanakoaren garapenean, helburu nagusia plazera da; komunitate batean txertatzea ez da bitarteko bat baizik, plazera lortzea helburu. Aitzitik, kultura-prozesuan, helburu nagusia komunitate bat osatzea da, eta bigarren mailara baztertzen da gizabanakoen zoriona. Zorion indibidualerako joerak eta gizateriarekiko loturak, halatan, elkarren aurka borrokatzen dute gizabanako bakoitzaren baitan (egoismoa eta altruismoa). Gizateriak ere supernia sortzen du, kulturaren garapena bultzatzen duena. Gizateriaren “aitak” pertsona eredugarri batzuk dira; baina sarritan, bizirik zirelarik, irainduak eta jipoituak ziren (adibidez, Jesus).
Kulturaren superniak exijentziak dauzka. Gizakien arteko harremanei dagokienez, exijentzia hori etika legez adierazten da. Betidanik eman izan zaio etika horri baliorik handiena, beregandik hain zuzen balentria eta errekor bereziki garrantzitsuak itxarongo bagenitu bezala. Etika ahalegin terapeutiko bat da, superniaren agindu bat erdiesteko saioa. Etikaren xedea kulturaren eragozpenik handiena gainditzea da, alegia, erasorako joera. Ordea, etika zorrotzegia da, gutxiegi arduratzen da niaz: agindua aldarrikatzen du bere buruari galdetu gabe benetan bete ote daitekeen. Agindu ospetsu hau, esaterako, lagun hurkoa maita ezazu zure burua balitz bezala, ezin da bete.
“Naturala” deitutako etikak ez du hemen eskaintzeko ezer, ez baldin bada atsegin nartzisista hau: nork bere burua besteak baino hobeagotzat hartzeko eskubidea. Erlijioan oinarritzen den etikak haraindi baten promesak erabiltzen ditu hemen. Freuden ustez, bertuteak bere saria lur honetan bertan jasotzen ez duen bitartean, etikak alferrik egingo ditu sermoiak.
Gizakiek balio-iritziak beren zorion-beharren arabera taxutzen dituzte beti eta nonahi; halatan, balio-iritzi etiko horiek ahalegin bat dira, beren ilusioak argudioen bidez bermatzeko.
Egonezina kulturan
Xabier Insaustik eta Jesus Mari Intxauspek euskaraturik Gaiak argitaletxeak berriki plazaratu du.
Bost hilabete behar izan zituen Freudek “Egonezina kulturan” idazteko, 1929ko uztailean hasita.
Mundu-krisi bete-betean agertu zen. 1929ko urriaren 29an jazo zen New Yorkeko burtsako astearte beltza. 1929ko azaroaren hasieran bidali zuten liburua moldiztegira eta abendu bukaeran argitaratu zuten. 1930ko abuztuaren 28an Freudek Goethe saria jaso zuen.
“Egonezina kulturan” izenbururik gabeko 8 ataletan dago banatua. Laburpen honetan hala ere wikipedian atal bakoitzari erantsiriko izenburuak ageri dira, edukian barneratzeko lagungarri.
Izenburuko “kultura” hori alemanen kultura da, “zibilizazio” eta “gizarte”ren erdi sinonimo. Buruhauste itzelak izan zituen Freudek izenburua aukeratzeko orduan: aurrena “Das Glück und die Kultur” nahi zuen (Zoriona eta kultura), hurrena “Das Unglück in der Kultur” (Zoritxarra kulturan); azkenik “Das Unbehagen in der Kultur” gelditu zen. Ingelesez, Freudek “Man’s Discomfort in Civilization” nahi zuen, baina azkenean “Civilization and Its Discontents” nagusitu da.
Freudo-marxismoak oro har, eta Erich Frommek “Gizarte osasuntsua”n zein Herbert Marcusek “Eros eta zibilizazioa”n zehazki (Gaiak argitaletxeak berriki argitaratuak, Jaione Alberdik eta Julen Kaltzadak euskaraturik hurrenez hurren), Freuden liburu hau hartuko dute abiapuntu, bertan garatzen baitu Freudek osokien zibilizazioaz duen ikuspuntua (freudo-marxismoak psikoanalisia gizarteari aplikatzen dio).
“Todestriebe” edo “Death Drive” da Freudek gure liburuan lantzen duen funtsezko kontzeptuetako bat: Xabier Insaustik eta Jesus Mari Intxauspek “heriotza-bulkada” euskaratu dute, Jaione Alberdik berriz “hil-irrika” eta Kaltzadak azkenik “suntsiketa-instintua”. Aberastasun hori lagungarri zaigu Freudek gogoan zer ote zuen irudikatzeko orduan.
Liburuko ikergai eta galdera nagusia, agian, hauxe genuke: nondik dator gizartean dabilen egonezina, zergatik da gizakia zoritxarreko gizartean bizi behar izateagatik hutsagatik? Freudek erantzungo du alde batetik gure desira eta bulkada sakon zenbait ezinbestez zapaldu behar ditugula besteekin batera bizi ahal izateko, eta horrek berez dakarrela zoritxarra. Bestetik, heriotza-bulkadak gutako bakoitzari eragiten dio, bai, baina baita taldeari berari ere, gizarteari berari.
Zoriona, gizartea, erasokortasuna eta errua dira Egonezina kulturan-eko erdigune. Erasokortasuna eta heriotza-bulkadaren korrelatu gisa aurkezten dizkigu Freudek erru-sentimendua eta supernia (kolektiboa). “Nia eta Zera” liburuan erabili zuen aurrenekoz Freudek supernia kontzeptua, baina “Egonezina kulturan” honetan bereziki azpimarratuko du superniak kolektiboan duen garrantzia.
Datozen egunetan liburuaren laburpena, atalez atal.
Diglosiaren oinazea euskal literaturan
Euskal literaturaren handitasunetako bat da bere bitartez gure hizkuntzaren kinka larriaz mozorro barik eta bere gordinkeria osoan jabe zaitezkeela.
Esaterako, gure garaiko Euskal Herriko hizkuntza-egoeraren diagnostikorik zehatzenetarikoa duzu Alberto Barandiaranen "Ekaitz" ipuina, "Mundu txikia" liburuan jasoa.
Ekaitzi ez zaio euskara gustatzen. Bere aitak euskaraz ikasi egin du, eta semeari euskaraz mintzo zaio, baina Ekaitzek sumatzen du aitaren ahalegina eta nahiago du gaztelaniaz hitz egin diezaion, aita lasaiago baitabil gaztelaniaz eta beren arteko harremanak hobera egiten du, errazkiago loratzen zaie irria.
Euskaldunaz eta are euskal hiritarraz egin daitekeen definizioetako bat, gaur egun: euskara dela eta, aldez edo moldez sufritzen duena. Askori zaila egiten zaio ikastea eta erabiltzea, benetan nahi izan arren; darabilgunok, berriz, badakigu zer den menpekotasun diglosikoak dakarren amorrua eta ahulezia. Euskaraz jakin ez eta ikasi nahi ez dutenek ere izaten dute beren ezinegona, zenbaitetan entzun behar izaten baitute hizkera atorrante hori, uxatzeko eginahal ororen despit.
Durangoko Azokarako argitaratu eta jaramonik egin ez zaion liburuetako bat Ramon Saizarbitoriaren azkena duzu, "Eta orain ama ere erdaraz" ("enbolike" argitaletxea).
Saizarbitoriak oraingoan bete-betean heldu dio bere aurreko liburuetan zeharka aipaturiko auzi bati: gatazka psikolinguistikoa gurean. Daniel Zabalegik eta Benitok, bai "Hanbre"koak eta bai Floraren aitak, nozitu zuten zer edo zer.
"Eta orain ama ere erdaraz" hau liburu elebidun petoa duzu, erdi bana baitator espainolez eta euskaraz, arazoa nabarmenarazirik.
Haria: hogeita hamabost bat urteko euskaldun batek psikoanalista batengana jo behar izan du, duela bi urtez geroztik herra eta gorroto sakona sentitzen baitu espainolez entzutean. Baina gainera orain ama ere gaztelaniaz hasi zaio eta aldi berean sexu arazoak. Latza zaio pazienteari amaren aldaketa. Irudika ezazu "Labartzari agur"eko Antton Ihartzegarai bere arreba Ixaskun supituki espainolez hasiko balitzaio: antzeko zerbait. Amari erdaraz entzutean, Saizarbitoriaren pazientearen barruko ahots batek "vete a tomar por culo, puta guarra" eta gisakoak botatzen ditu.
Liburuaren gaztelaniazko erdia psikoanalistak idatzirikoa da. Honek Freuden kasu ospetsuenak (funtsean Dora, otsoen gizona, arratoien gizona, Schreber presidentea eta Hans txikia) eredutzat hartuta idatziko du. Freuden estiloa parodiatu egin du Saizarbitoriak eta oso barregarria da emaitza, oinarri tragikoa gorabehera.
Euskarazko zatia berriz pazienteak berak eibar.org-eko bere blogean idatzia da, hain zuzen bere tratamenduaren berri emateko sorturiko bloga. Amaren aurkakoak bezain bortitzak izango dira psikoanalistaren aurkako irainak.
Psikoanalistaren eta pazientearen ikuspuntuak egitate beren aurrean zeharo dira bestalde desberdinak eta kontraste hori ere maisuki baliatu du Saizarbitoriak umorea pizte aldera.
Izan ere, nahiz eta protagonista biak diren zintzoak eta argiak, halaber beren arrazoiak, igartzen baita, lausoki bada ere, psikoanalistari, nolabait esan, ez zaiola larregi axola euskara desagertzea, eta txorakeria galanta iruditzen zaiola zorion pertsonalik txikerrena ere kausa linguistiko baten alde sakrifikatzea; aldiz, pazienteari burutik ez bihotzetik ere ez zaio pasako bere hizkuntzaren iraupenaren alde egiteari uztea, eta faltsutzat joko du euskararik gabeko poza Euskal Herrian.