Marxista euskaldun haien fetixismoa
Zer da merkantziaren fetixismoa? Sexu fetixismoa parafiliatzat jotzen da gaur egun. Maitaleak maitearekin larrua jo baino, nahiago du haren kuleroa erabiliz masturbatu, edota haren oinean hazia isuri. Kitzikagarriagoa zaio soinekoa gorputza baino, zatia osotasuna baino; hobeto ikusten ditu, ez dute kikiltzen.
Orobat Jainkoa. Fededunak emaitza ikusten du, Jainkoaren emozioa eta ideia, baina beregaintzat hartzen du, ohartu gabe giza sentiberatasunak eta adimenak sortu dutela Jainkoa, ez alderantziz. Kuleroa beneratzen du, baina bidegabeki ahazten du kuleroari zentzua ematen dion ipurdia.
Antzeko zerbait gertatzen da merkantziarekin. Espontaneoki uste izaten dugu, era fetixistan, merkantziak berezko balioa duela, erabilgarri zaidalako eta gustuko dudalako daukala daukan truke-balioa. Aldiz, Marxek erakusten du merkantziaren balioa dagokiola sortu ahal izateko behar izan den lan-denborari. Salgaiaren atzean dagoen ekoizpen-lana ez kontuan hartzea da inozokeria fetixista.
Zer gertatu zen 60ko hamarraldian euskaldun pilo batek Seminarioa utzi eta Bibliaren ordez Marxen obra barneratu zuelarik? Fetixismoaren aldaki bat abiatu zen gurean. Eta Txillardegi eta Azurmendi bezalakoek Marxen aurka baino gehiago parafilia horren aurka borrokatu zuten. Nabarmena da Azurmendik renaniarrari dion atxikimendua, besteak beste Alderdi Komunistaren Manifestuari egin zion hitzaurrean, eta bere azken elkarrizketetan.
Marxek bera ez zela marxista zioelarik, apaizgai ohi haien jokabidea zeukan gogoan. Marxek bere esperientzia zehatzari ihardukiz ondu zuen bere lana. Hemen, berriz, esperientzia propioa baliogabetzat jo, ez aski karismatikotzat, Marxen obra buruz ikasi eta dogmatizatu egin zen, gureak ez bezalako gorabeherei erantzuten ziela fetixistikoki ikusi nahi izan barik. Marxen terminologia erabilita, esan liteke zenobiotik komite zentralera ziplo igaro ziren haiek marxismoa ideologia bihurtu zutela. Marxista euskaldun haien aurrean Txillardegiren eta Azurmendiren antzera jokatuko zukeen Marxek.