Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Marxi buruzko hitzaldia

Marxi buruzko hitzaldia

Markos Zapiain 2012/11/05 12:25

1- TESTUINGURU HISTORIKOA  ETA DATU BIO-BIBLIOGRAFIKOAK

A)   Testuinguru historikoa

Langileen bizimodua:

-Eguneroko lanaldiak 14-16 ordukoak ziren, edo luzeagoak

-Zeregin horietan zebiltzan haurren eta emakumeen egoera kaskarra; langileen haurrak ez zihoazen eskolara, txikitan hasten ziren lanean

-Igandeetan ere lan egiten zen, eta ez zegoen oporrik; eritasunek eta istripuek langabezian uzten zituzten langileak

-Langilea botatzea libre zen, ez zegoen kanporatua izateagatik jasotzen den diru-saririk

-Soldata mugakoa zen, langilea gosez hil ez zedin baino ez

 

B)    Bizitza (1818, Treberis-1883, Londres)

Marx lurperatu zutenean hitz hauek esan zituen Engelsen hilobiaren aurrean: “Darwinek izaera organikoaren garapenaren legea aurkitu zuen. Marxek, berriz, giza historiaren garapenaren legea aurkitu zuen. Zentzu horretan, zientzia gizona zen. Ordea, hori esanez ez dugu Marx zen gizonaren erdia ere adierazten, izan ere, beste ezer baino lehen iraultzailea baitzen”.

C)   Liburu batzuk: Hegelen zuzenbide-filosofiaren kritika (1843), Juduen auzia (1843), Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak (1844), Familia santua (1845), Alemaniar ideologia (1845), Filosofiaren miseria (1847), Alderdi komunistaren manifestua (1848), Louis Bonaparteren 18 Brumaire-a (1852), Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena (1859), Kapitala (1867), Gerra zibila Frantzian (1871)

2-ERAGIN NAGUSIAK MARXEN OBRAN:

a)    Alemaniako filosofia, bereziki Hegel (dialektika); eta Hegelen dizipulu Feuerbach (kristautasunaren kritika, materialismoa)

Dialektikarena Heraklitorekin eta Platonen krisialdiarekin hasi Gorgias-en; 2000 urtez filosofia ezinean ibili zen, ukoa, mina eta heriotza ideien munduan txertatu ezinik (Jainko kristauak ez du deabrua bere baitan), harik eta Hegelek Logikaren zientzian barnebildu zuen arte

Hegelen dialektikaren adibideak: jauna eta jopua; Jainkoa eta Jesus; heziketa, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanean; haurra, nerabea, heldua. Engelsek dialektika naturari ere aplikatu nahi izan zion (arrautza, txita) baina Marxek giza kontuetara mugatu zuen

b)   Erresuma Batua: ekonomia politikoa (Adam Smith, David Ricardo): lanaren balioaren teoria. Hauek aldezten duten kapitalismoaren ustezko naturaltasunaren aurka jo zuen Marxek. Saldu nahi izan digute kapitalismo liberala heldua dela, errealitate ekonomikoari aurre egiten dion sistema bakarra, sozialismo eta komunismo utopikoak ez bezala. Ordea, liberalismoa haiek baino utopikoagoa da: teologikoak ditu oinarrizko ideiak: esku ezkutu batek merkatu libreari esker lortuko omen du norbanakoak bere onura bilatzea herri osoarentzat izan dadin onuragarri. Zure sakela gizentzeko ahaleginak komunitate osoa aberastuko ei du. Historia errealak erakutsi du ez dela egia: gero eta txiro gehiago dago, gero eta txiroago; gero eta aberats gutxiago, gero eta aberatsago

c)  Frantzia: sozialismo utopikoa: Saint-Simon, Fourier

Marxek “utopiko” deitu zien, eta sozialismo zientifikoa, berea,  kontrajarri zien, nahiz eta denak izan berdintsu aldi berean zientifiko eta utopistak

 

3-MARXEN KRITIKA IDEALISMOARI ETA MATERIALISMOARI

a-Marxen kritika Hegelen idealismoari: Hegelen dialektikak galdua zuen gizakien eta munduaren errealitatea. Hegelek natura, naturaren historia, gizakia eta giza historia figura kontzeptual izatera mugatzen ditu espirituaren garapenean

Ekonomia politikoan bilatu behar da gizarte zibilaren anatomia

“Nire lehen lana zuzenbidearen filosofia hegeliarraren berrikuspen kritikoa izan zen, eta nire baitan nituen zalantza guztiak argitzeko egin nuen. (…) Egin nuen ikerketa horren guztiaren emaitzek zioten harreman juridikoak eta Estatu ereduak ezin direla berez edo giza espirituaren bilakaera orokorra deritzoten horren baitan ulertu; izan ere, bai batzuk, bai bestek bizi baldintza materialetan oinarritzen dira; hau da, Hegelek, XVII. mendeko ingelesen eta frantziarren aurrekariei jarraituz, gizarte zibila deitu zuen horretan. Gainera, gizarte zibilaren anatomia ekonomia politikoan bilatu behar dela adierazten zuen nire ikerketaren emaitzek. “

Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena-ren hitzaurrea, 1859

 

b-Marxen dialektika materialistaren arabera

-Abstrakzioari esker ez baldin bada, ez dago gizakia agertu aurreko naturarik, materiarik: gizakiak eta naturak elkar egiten dute dialektikoki, giza kontzientzia natura eraldatzeaz batera joaten da osatzen

-Halatan, Marxentzat gizakia langilea da, eragilea, praktikoa eta ezagule, eta ez oroz lehen kontenplalari

-Marxen materialismoa ez da Descartesen materialismo mekanizista, geometren sentsibilitate abstraktuari dagokiona, baizik, Ingalaterrako enpiristen ildotik, zentzumenezko materialismoa; gerora, Darwinen eragina ere garrantzitsua izan zitzaion

Gizakia, garapen prozesu enpirikoan ulertu behar da (enpiristen eta Hegelen aurka)

“Eta gauzak ulertzeko modu hau ez da baldintzarik gabea. Baldintza errealetatik abiatzen da, eta horietan oinarritzen da. Gizakiak dira haren baldintzak, baina ez fantasiaren bidez ikusiak eta irudikatuak, baizik eta haien garapeneko prozesu erreal eta enpirikoki egiaztagarrian baldintza jakin batzuen pean. Bizitza prozesu aktibo hori azaldu bezain laster, historiak hildako ekintzen bilduma izateari uzten dio (hala zen enpiristentzat, oraindik abstraktuak baitziren), edo alegiazko subjektuen alegiazko ekintza izateari uzten dio (hala zen idealisten ustez).”

Alemaniar ideologia, 1845

 

c-Marxen kritika Feuerbachen materialismoari

-Feuerbachen teorian gizakiak ez dira beren izatearen jabe, gizakia ahistorikotzat jotzen baitu eta naturarekin duen harreman dialektikotik urrundutako gizakia da Feuerbachena

Mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa.

Feuerbachi buruzko tesiak, 1845

 

4-GIZAKIAREN IKUSPEGI DIALEKTIKOA

-Gizakiaren esentzia jarduera sortzailea da, lana

Animalia, berehalako beharraren menpe; giza lana, mundu-sortzaile

“Egia da animaliek berehalako behar fisikoaren eraginez sortzen dutela. Gizakiek, berriz, premiatik askatuta ere sortzen dute eta, egiaz, harengandik askatuta bakarrik sortzen dute; gizakiek natura osoa birsortzen dute.

Horregatik finkatzen dira gizakiak, hain zuzen ere, izaki generiko gisa mundu objektiboa sortzean soilik. Sorkuntza hori haien bizitza generiko aktiboa da. Sorkuntza horren bidetik, natura haien sorkuntza eta errealitate gisa agertzen da. Hori dela eta, lanaren helburua gizakien bizitza generikoa gauzatzea da; izan ere, gizakiak ez dira intelektualki soilik banatzen (kontzientzian, adibidez); aktiboki eta errealitatean ere banatzen dira, eta beren burua ikusten dute, haiek sortutako munduan.”

Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak, 1844

 

-Lanari esker, berez ez dagozkion eremuetan bizi daiteke gizakia. Lur azala dagokio berez; baina lanaren ondorioz, urpekarian bizi liteke, edo espazio-ontzian. Animalien jarduerak ez bezala, giza lanak funtsean aldatzen du lurra

-Gizakia soilik praxiaren kontzeptu dialektikoaren bidez uler daiteke ganoraz.

-Natura giza lanarentzat baliabide-iturri da, eta aldi berean lanak natura eraldatu eta gizatiartu egiten du.

-Gizakiak lanaren bidez bere bizitza sortzen du gizartean eta bere burua historian garatzen du dialektikoki

 

Power pointa (ORDU ERDI)

5-MATERIALISMO HISTORIKOA

A)   Gizakiaren ikuspegi naturaletik historiaren ikuspegi materialistara

B)    Historian, bost ekoizpen modu: asiarra (komunismo primitiboa), antzinakoa (greko-latindarra, jabea eta esklaboa), feudala (jauna eta jopua), kapitalista (ugazaba eta proletarioa), iraultzaren osteko komunismoa

-Amaiera hasieran dago, baina ernamuinean, garapenaren zain, Hegelen dialektikan bezala. Amaierako komunismoa hobea da hasierakoa baino, aberatsagoa, sufrimendutik igaro beharrak ekarri dion kontzientziari eta aberastasunari esker

Ekoizpen moduak gauzatzen dituzte ekoizpen indarrek eta ekoizpen harremanek

C)   Ekoizpen indarrak eta ekoizpen harremanak

---Ekoizpen indarrak:

batetik, a) ekoizpen bitartekoak:

1-   baliabide naturalak: desberdina da zure herrialdeak lur emankorra izatea, petrolioa bai eta urik ez izatea

2-   zientzia eta teknika: ekoizpen modua desberdina izango da zure herrian puntako teknologia eduki edo ezta industriarik ere

Bestetik, b) gizakiak, giza lana, lan-indarra: esklaboak, nekazariak, proletarioak

---Ekoizpen harremanak: honek batez ere esan nahi du ekoizpenaren antolakuntza, kontuan hartuta noren esku dagoen jabetza pribatua

D)   Ekoizpen indarrak garatu ahala, kontraesanean jausten dira ekoizpen harremanekin, oztopo zaizkie, ez dira ordu arteko harremanetan kabitzen; eta iraultzaren bidez gainditzen dituzte. Esaterako, jabego feudala ez zetorren bat industria kapitalistaren ekoizpen moduarekin, eta historiak iraultza burgesaren bidez gainditu zuen, kapitalismoa ekartzeko. Beste adibide bat, iraultza informatikoaren irakurketa marxista: internetek mamituriko aurrerakuntza teknologikoak orain arte indarrean egon den jabetza pribatu intelektuala zapartatu egin du: pirateoa, copyleft... Iraultza batek konpondu beharko du, konpontzen dihardu, ekoizpen bitartekoen garapenak orain arte funtzionatu duen jabego mota oztopo bilakarazi izana. Iraultzatik nagusi irtengo den jabetza modua teknologia berriek dakarten eskaintzaren eta eskariaren eta jabetzaren lege berriei egokitu beharko zaie. Burutik kendu beharra dago iraultzaren irudi odoltsua. Historiako hainbat iraultza garrantzitsuz jendea ohartu ere ez da egin, hain izan dira lasaiak eta epe luzekoak.

a-Iraultza: ekoizpen bideak garatu ahala ordu arteko ekoizpen harremanak, esaterako jabego feudala, ez zaizkio onddo egokitzen ekoizpen indar berriei. Iraultzak egokitze hori erdiesten du.

“Burgesia eraikitzeko balio izan duten ekoizteko eta elkarrekiko trukerako bideak gizarte feudalaren barnean sortu ziren. Halako garapen-mailara heltzean, ekoizteko eta elkarrekiko trukerako bideok, gizarte feudalak ekoizteko eta elkarrekin trukatzeko zerabiltzan baldintzok, nekazaritzaren eta manufakturaren erakunde feudala, hitz batez, jabegoaren harreman feudalak, ez zegozkien gehiago, aurrerabide osoan ari ziren ekoizteko indar berriei. Ekoizpena erraztu beharrean, horretarako oztopoak jartzen zituzten. Halako kate batzuk bilakatu ziren. Beraz, horiek hautsi beharra zegoen, eta hautsi ziren.”

Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848

b-Ekoizpen modu batetik bestera igarotzeko legea:

“Bere garapenaren une jakin batean, ekoizpen-indarrak kontra-izanean jartzen dira indarrean dauden ekoizpen-harremanekin edo, horien adierazpen juridikoa diren jabetza-erlazioekin. Ekoizpen-indarren garapen-forma ziren harremanok berorien lotura eta katea bihurtu dira. Iraultza sozial baten aroa hasten da orduan. Oinarri ekonomikoa iraultzean irauli egiten da poliki edo bizkorxeago gainegitura eskerga guztia.”

Ekonomia politikoaren kritikari ekarpenaren hitzaurrea, 1859

E)    Klaseen arteko borroka: historiaren motorra

F)    Burgesiaren zeregina historian

a-Burgesiak ezarri du globalizazioa

“Bere produktuetarako merkatu berriak etengabe topatzeko premiak burgesia mundu osoan zehar ibiltzera bultzatzen du. Nonahi sartu beharra dauka, nonahi bere burua jarri, nonahi harremanak ezarri behar ditu.

Mundu-merkatuaren esplotazioaren bitartez, burgesiak herrialde guztietako ekoizpenari eta kontsumoari izaera kosmopolita ematen die. Erreakzionarioen desesperorako, industriari oinarri nazionala kendu dio. Industria nazional zaharrak honezkero birrindurik edo laster birrintzeko moduan daude.”

Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848

b-Burgesiaren zeregin iraultzailea: bera nagusitu arte beneragarri kontsideratzen zen guztiari aureola kendu dio

“Burgesiak historian zeregin iraultzaile nagusi bat izan du.

Burgesiak, boterera heldu den toki guztietan, harreman feudal, patriarkal eta idiliko guztiak ostikatu ditu. Erruki gabe hautsiak ditu gizon feudala bere nagusi naturalarekin elkartzen zuten lotura ñabarrak, gizakiaren eta gizakiaren artean interes hotza, “esku-diruzko ordaina” besterik utzi gabe. Erlijiozko asaldura ikara santuak, zaldunen oldarra eta burges txikien malenkonia kalkulu berekoiaren ur izoztuetan ito ditu.

Burgesiak ordu arte beneragarri eta errespetu santuz kontsideratzen ziren jarduera guztiei beren aureola kendu die. Medikua, legelaria, apeza, poeta eta jakintsua bere soldatapeko bihurtu diru.”

Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848

c-Iraultzaren dialektika. Sortzen duzunak suntsituko zaitu: feudalismoak burgesa, burgesek proletalgoa

“Burgesiak feudalismoa eraisteko erabili zituen armak berak orain burgesiaren beraren aurka bihurtzen dira.

Baina burgesiak berari  herioa ekarriko dioten armak egin ez ezik, arma hauek erabiliko dituzten gizonak ere sortu ditu, hots, langile modernoak, proletarioak.

Burgesiak bere buruaren ehorzlea ekoizten du. Haren amiltzea eta proletalgoaren garipena, era berean, nahitaezkoak dira.”

Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848

 

6-ZERGATIK DA TXARRA KAPITALISMOA?

A) MARXEN HUMANISMOA: IDEOLOGIA ETA ALIENAZIOA

IDEOLOGIA (BOURDIEURENA KONTATU)

a-Azpiegitura ekonomikoak gainegitura ideologikoa eragiten du. Ez da errealitatea gizakiaren kontzientziaren araberakoa; giza kontzientzia da gizarte-errealitatearen araberakoa

“Beren bizitzako ekoizpen sozialean, gizon-emakumeek harreman mugatuak ezartzen dituzte, beren nahimenerako independenteak, ekoizpen harreman horiek ekoizpen-indar materialen garapen-maila jakin bati dagozkio. Ekoizpen-harreman horien multzoak gizartearen ekonomia-egitura eratzen du, egiazko oinarria; haren gainean eraikitzen da gainegitura juridiko eta politikoa, eta hari dagozkio, halaber, zenbait gizarte kontzientzia modu. Bizitza materialaren ekoizpen moduak mugatu egiten du bizitza sozial, politiko eta intelektualaren prozesua, oro har. Ez da errealitatea gizakiaren kontzientziaren araberakoa; giza kontzientzia da gizarte-errealitatearen araberakoa.”

Ekonomia politikoaren kritikari ekarpena-ren hitzaurrea, 1859

 

b-Klase menperatzailearen ideiak dira ideia nagusiak, beti eta nonahi

“Klase menperatzailearen ideiak dira ideia nagusiak garai guztietan; edo, beste modu batera esanda, gizartean botere material menperatzailea ezartzen duen klasea, aldi berean, botere espiritual menperatzailearen jabe da. Ekoizpen materialerako bitartekoak eskura dituen klaseak bere eskura ditu, aldi berean, ekoizpen espiritualerako bitartekoak; hori dela eta, aldi berean, haren menpe jartzen dira, batez beste, espiritualki ekoizteko beharrezkoak diren bitartekoak ez dituztenen ideiak. Ideia nagusiak harreman material menperatzaileen adierazpen ideala besterik ez dira.”

Alemaniar ideologia, 1845

c-Merkantziaren fetitxismoa

 

BOST ALIENAZIO MOTA NAGUSI

Gizakia kapitalismoan zatitua eta alienatua dago, inorendua. Alienazio mota nagusiak erlijio alienazioa, alienazio politikoa, filosofikoa, gizarte alienazioa eta alienazio ekonomikoa dira.

-Erlijio alienazioak munduko bizitzaren eta erlijiozko bizitzaren artean zatitzen du gizakia. Erlijioak, zatiketa hori adostasun aizun batez “gainditzen” du, jainkozko probidentziaren eta beste bizitza errealaren ideien bidez. Langileak belauniko eta mutu atxikitzea du helburu ideologia horrek, bizimodu erreala aldatzen ahalegintzeko matxinada eragingarriak itotzea. Otoitzaren bidez, langileak irudimenezko mundu batean aurkitzen du kontsolamendua. Eta asko sufritzen dutenentzat itxaroten dagoen zeruaren ideiak ere zapalketa erreala txintik atera gabe pairatzera bultzatzen du. Ideologiak egoera bidegabeak benetan aldatzeko jarrerak bertan behera uztea du xede.

Erlijioa herriaren opioa da

“Erlijiozko miseria, alde batetik, errealitateko miseriaren adierazpena da, eta, bestetik, errealitateko miseriaren protesta. Erlijioa zoritxarrak zapaldutako izakiaren hasperena da, bihotzik gabeko mundu baten arima; eta espiriturik gabeko garai baten espiritua den aldetik, lo-belarra da herriarentzat.”

Hegelen zuzenbide-filosofiaren kritika, 1843

 

-Alienazio politikoari dagokionez, gizakia bitan zatitzen du: batetik hiritarra da, bestetik gizaki pribatua. Alienazio honi dagokion ideologia Filosofia Politikoa da, Zuzenbide Estatuaren oinarri. Ideologiak oinarritzen baitu adostasun eta gainditze faltsua dakarren instituzioa. Halatan, Filosofia politikoa dugu Zuzenbide Estatuaren oinarri. Ordea, zer dugu adostasun faltsu horren azpian? Zer gertatzen da benetan? Gizakia erdibituta, batetik hiritar eta bestetik pribatu, menpeko bilakatzen dela.

-Gizarte alienazioaz denaz bezainbatean, antagonikoak diren klase sozial bi dauzkagu: burgesak eta proletarioak. Jauntxoek beren pribilegioak iraunarazteko darabilten ideologia Zuzenbidearen Zientzia da. Zuzenbidearen Zientzia ideologiko horrek gizarte alienazioa adostasun aizun baten bidez “gainditzen” du: legearen aurreko eskubide berdintasuna dugu hemen, horixe da gizarte alienazioa faltsuki gainditzen duen instituzioa. Horren azpian errealitatea dugu ordea: desberdintasun erreala, ekonomikoa. Besteak beste, legeak ez baititu berdin epaitzen txiroa eta aberatsa.

-Alienazio filosofikoa

a-Gizakia ez da kontenplalari soil, bere esku dauka hein batean historia, aldaketen eragile izateko ahalmena du, fatalismoa baztertu eta ekimena bere gain hartu behar luke

“Egoeren eta hezkuntzaren aldaketaren teoria horrek ahantzi egiten du egoerak gizakiek aldarazten dituztela, eta hezitzaileak berak ere hezi egin behar izaten direla. Hori guztia dela eta, bi zati bereizi behar ditu gizartean, eta horietako bat gizartearen beraren gainean kokatuta dago. Egoeren aldaketa giza jardueraren aldaketarekin edo gizakien beraien aldaketarekin bat etortzea, arrazionalki, “praktika iraultzaile” gisa soilik uler eta har daiteke.”

Feuerbachi buruzko tesiak, 1845

b-Mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa.

Feuerbachi buruzko tesiak, 1845

 

-Alienazio ekonomikoa. Kapitalismoan erabakigarriena den alienazioa dugu ekonomikoa. Honen arabera, giza talde bi ditugu funtsean, gizateria bitan dago bereizirik: jabeak eta langileak. Egoera erreal bidegabea iraunarazteko pribilegiatuek darabilten ideologia Ekonomiaren Zientzia da (Adam Smith, David Ricardo). Honek dioenez, alienazio ekonomikoa gainditzea eta bizitza ekonomikoa piztea soilik da bideragarri jabetza pribatuaren instituzioa bermatuz. Arazoa gainditzea, adostasuna, ugazaben bozeramaile intelektualen esanetan, merkatu-askatasunaren bidez lortuko da. Marxen ustez, hori gezur interesatua da, noski, zinez dakarrena langileen esplotazioa baita.

a-Langilearen miseria

“Zenbat eta gauza gehiago ekoitzi, are gauza gutxiago izan ditzakete langileek, eta are handiagoa da haren produktua den kapitalarekiko duten menpetasuna. Lan egiteak desrealizazioaren itxura hartzen du, hainbeste non langileak beren errealitateaz gabetuta aurkitzen diren, gosez hil arte. Bizitzeko beharrezkoak diren gauzez gain, lanerako diren gauzez gabetuta daude langileak.”

Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak, 1844

 

b-Langileak ekoitzirikoa, langilearentzat arrotz

“Langilea hainbat pobreago da, zenbat eta aberastasun gehiago sortzen duen, zenbat eta gehiago handitzen den haren ekoizpena indarrez eta kopuruz. Langilea salgai bihurtzen da; hainbat salgai merkeagoa, zenbat eta salgai gehiago ekoizten dituen. Gauzen munduak gero eta balio handiagoa du, eta giza munduak, berriz, harekiko zuzeneko proportzioan, gero eta balio txikiagoa. Lanak ez ditu salgaiak soilik sortzen; bere burua ere sortzen du, eta langilea ere bai, salgai gisa, eta hain zuzen ere, oro har salgaiak sortzen dituen proportzioan.

Gertakari horrek, gainerakoan, hau besterik ez du adierazten: lanak ekoizten duen objektua, ekoizkina, aurrez aurre jartzen zaio langileari, izaki arrotz bat balitz bezala, ekoizlearengandik bereiz dagoen botere bat balitz bezala. Lanaren fruitua objektu batean finkatutako lana da, gauza bihurtua; lanaren objektibazioa da ekoizkina. Lanaren egikaritzea da haren objektibazioa. Lanaren egikaritze hori langilearen desegikaritzea bihurtzen da ekonomia politikoaren fasean: objektibazioak objektua galtzea eta harekiko morroi bihurtzea dakar.

Ondorio horiek arrazoi batengatik gertatzen dira: langilea bere lanaren bidez sortutako ekoizkinarekin objektu arrotz bat balitz bezala erlazionatzen delako.”

Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak (1844)

c-Lana besterentzea, lanaren alienazioa

“Zer esan nahi du, beraz, lana besterentzeak?

Lehenik eta behin, lana langileaz kanpoko dela (hau da, langilearen izatearen barnean ez dagoela), eta langileak lanean ez duela bere burua indartzen bere burua ukatzen baizik. Langilea ez da zoriontsu sentitzen, zorigaiztoko baizik. Ez du energia fisiko eta espiritual askea garatzen; aitzitik, bere gorputza hilduratu egiten du, eta bere espiritua, hondatu. Horregatik, langilea lanetik kanpo baino ez da sentitzen bere baitan; lanean bertan bere baitatik kanpo sentitzen da. Lanean ari ez denean dago eroso; lanean ari denean, ez. Haren lana ez da, beraz, borondatezkoa, behartua baizik, gatibu-lana. Horregatik, ez da behar baten asetzea, baizik eta lanetik kanpo beharrak asetzeko bitarteko hutsa. Lana langileari arrotza zaiolako baieztapen hori gauza nabaria da, ez hertsapen fisikorik ez bestelakorik batere ez dagoen bezain laster izurritik bezala ihes egiten baitu langileak lanetik. Langileaz kanpoko lana, gizakia besterentzea eragiten duen lan hori, autosakrifiziokoa da, aszetismoko lana. Azken batean, langileak garbi ikusten du lanaren kanpokotasuna, lana ez baita berea, beste norbaitena baizik, eta hartan dagoenean ez baitagokio bere buruari, beste norbaiti baizik. Erlijioan, giza fantasien berezko jarduerak (giza adimenaren eta giza bihotzaren jarduerak, alegia) eragiten du gizakiarengan, jainkoaren edo deabruaren jarduerak, baina edonola ere jarduera arrotz bat balitz bezala. Eta langilearen jarduera ere, halaxe, ez zaio berezko langileari. Beste bati dagokio; nork bere burua galtzea da.”

Eskuizkribu ekonomiko filosofikoak (1844)

 

-Alienazio ekonomikoaren beste alde bat, marxismoaren muinaren bihotza: gainbalioaren teoria. Krisien eta iraultza komunistaren beharraren azalpen bi.

 

Sistema kapitalistaren mekanismoak berez dakar krisia

“Kapitalak bi aldeetan eragiten du aldi berean. Hura pilatzeak lan-eskaria handitzen du, batetik, baina langile-eskaintza ere handitzen du, bestetik, haiek askatu egiten direnez, eta aldi berean, enplegatuta ez daudenen presioak behartu egiten ditu enplegatuta daudenak are lan gehiago askatzera, eta hala, lan-eskaintza langile-eskaintzarekiko aske bihurtzen du, hein batean. Lan-eskaintzaren eta -eskariaren legearen oinarriaren gaineko mugimendu horrek kapitalaren despotismoa burutzen du. Horregatik, langileek agerian jarri bezain laster nola litekeen beraiek zenbat eta lan gehiago egin, besteren zenbat eta aberastasun gehiago sortu, eta lanaren produktibitatea zenbat eta gehiago handitu orduan eta eskasagoa bihurtzea baita beraiek kapitalari balioa gehitzeko bitarteko diren aldetik duten eginkizuna ere; langileak ohartu bezain laster elkarren aurkako lehia gehiegizko populazio erlatiboaren presioaren araberakoa dela indar handi-txikikoa; eta langileak, horren ondorioz, saiatu bezain laster Trades Unions eta halakoen bitartez enplegatuen eta langabeen arteko lankidetza planifikatua antolatzen, ekoizpen kapitalistaren berezko lege hark langile-klasean dituen ondorio galgarriak arintzeko edo hausteko; hori dena gertatu bezain laster, kapitalak eta haren beltzaile ekonomistak eskariaren eta eskaintzaren lege betiereko eta sakratua urratzearen aurka aldarrika hasten dira.”

Kapitala (1867)

 

-Lehen hurbilketa: eskaintzaren eta eskariaren legea, gainprodukzio krisiak, kapitalismo espekulatzailea

Gainprodukzioak eraginiko krisi ziklikoak, eskaintzaren eta eskariaren legeak azaltzen ditu.

“Merkatu krisialdien aldizkako itzulerek gizarte burges osoaren iraupena era gero eta mehatxagarriagoz planteatzen dute. Merkatu krisi bakoitzak, ekoitziriko produktu pila birrindu ez ezik, honez gainera sorturiko ekoizteko indarrak berak ere suntsitzen ditu aldiro. Gizartearen gainera beste edozein garaitan zentzugabea irudi zukeen izurritea erortzen da: gehiegizko ekoizpenaren izurritea. Gizartea, bat-batean, basakeria egoera iragankorrean amildurik gelditzen da; goseak eta suntsitze-guduak bere bizimodurako bide guztiak kentzen dizkiola esan liteke; industriak eta merkatalgoak porrot eginik dirudite. Eta zergatik? Gizarteak zibilizazio handiegia duelako, bizimodurako baliabide gehiegi duelako, industria eta merkatalgo handiegiak dituelako. Berak dituen ekoizteko indarrek ez diete burges zibilizazioari eta jabego burgesaren harremanei mesederik egiten.

Harreman burgesak estuegi bihurtu dira beren barnean sorturiko aberastasunak eduki ahal izateko. Ordea, nola gainditzen ditu burgesiak krisi hauek? Alde batetik, ekoizteko indar pila bat nahitaez ez birrinduz; beste aldetik, merkatu berriak konkistatuz eta zaharrak hobeki esplotatuz. Eta nora darama horrek? Are krisialdi gogorrago eta orokorragoak prestatzera eta horietatik ihes egiteko bideak urritzera.”

Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848

 

-Bigarren hurbilketa: kapitalismo industriala, gainbalioaren teoria, D M D’

1-Marxek kapitalismo industrialeko gainbalioa azaldu nahi du, ez finantza- kapitalismo espekulatzailearena

2-espekulazioan gertatzen den irabazia eskaintzaren eta eskariaren legeak azaltzen du; irabazi hori dirua eskuz aldatzera mugatzen da

3-aitzitik, kapitalismo industrialean, burgesa aberastu egiten da, bide batez herri osoa ere aberastuz: trenbidez betetzen du lurraldea, eta abar

4-erabilera-balioa (merkantziaren kontsumoa) eta truke-balioa (salneurria)

5-kapitalistak erosi egiten du langilearen lan-indarra, beste merkantzia bat bailitzan: truke-balioaren arabera erosten du lan-indarra

6-merkantziaren balioa bertan mamituriko batez besteko lan-denbora sozialari dagokio

7-kapitalismoaren formula: D M D’ (D dirua; M merkantzia; D’ lehengo dirua gehi gainbalioa)

8-D M D’ ekuazioari dagokion merkantzia bakarra langilearen lan-indarra da. Lan-indarrari dagokion truke-balio zuzena langilearen soldata da

9-24 orduko lanaldiari dagokion soldata bat etorriko da beste langile batzuek behar izan duten batez besteko lan-denborarekin, langileak kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko, 24 ordutan bere lan-indarrari eutsi ahal izan diezaion; soldata hori, lan-indarra den merkantziaren truke-balioa, izango da, demagun, 60 euro

10- jo dezagun 60 euro dagozkiola 6 orduko lanaldi sozialari, alegia,  beste langile batzuek 6 ordu behar dituzte fabrikatzeko gure langileak bere lan- indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak; baina, behin 6 orduko baliokidea erosita truke-balioan, kapitalistak lan eginaraz diezaioke 12 orduz, eta kasu horretan 6 orduko etekina irabaziko du

11-horra gainbalioa, D M D’ formula: burgesak langilearen lan-indarra erosi du, 60 euro; demagun 6 orduko lanaldiari dagozkiola; langileari lan eginarazten dio 12 orduz; lan horri esker 120 eurori dagozkion merkantziak egiten dizkio eta halatan 60 euroko gainbalioa sakelaratu du

12-langilearen lan-indarra da merkantzia bakarra zeinaren kontsumoak, hau da, erabilera-balioak, truke-balioa emendatzen duen. Langilearen lan-indarra kontsumitzea da langileari lan eginaraztea, merkantziak ekoitzaraztea, balioa eta aberastasuna sorraraztea.

13-langileak aberastasun gehiago sortzen du kontsumitzen duena baino. Lan gehiago egiten du, bere lan-indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak fabrikatzeko beharrezkoa dena baino. Horrela aberasten da kapitalista aldi berean mundua ondasunez hornituz.

14-kapitalistak merkantzia bitxi hori erosi du, zeinaren kontsumoak balioa sortzen duen: langileak balio gehiago sortzen baitu, diru gehiago, lan horren truke ordaintzen zaiona baino. Berak egingo duen lana baino gutxiago egin beharko dute beste langileek, 24 ordutan kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko.

15-gainbalioaren teoria lehergailu bat da. Luc Ferry bezalako liberalentzat ere zuzena eta egiazkoa da, justua; Marxek ez du eskaintzaren eta eskariaren legea ukatzen; arazoa da eskaintzaren eta eskariaren legeak ez duela kapitalismoa azaltzen, kapitalismo industriala, enpresaren mundua; espekulazioa baino ez du azaltzen

16-gainbalioaren teoriaren ondorioak mila bider sakonagoak eta ahaltsuagoak dira eskaintzaren eta eskariaren teoriarenak baino, edo gainprodukzioaren krisien analisiak baino, liberalentzat aski ahula baita. Hemen benetan erakusten da kontraesanez josia dela kapitalismoa, eta lehertu beharra duela. Kapitalismoaren kontraesanen benetako analisi bat dugu. Saia gaitezen: sistema kapitalista hori garatzen bada, Marxen ustez, kapitalismo horrek ezinbestez sorraraziko du oraingo honetan ez mekanikoki, burdinazko saihestezintasun batez, komunismoa; baizik eta  klase borroka.

17-alegia, boluntarismoan eta militantismoan gaude, fatalista ez den historiaren filosofia batean. Ez gaude honezkero historiaren filosofia automatiko batean, Marxen esaldi ikaragarri hark adierazten zuena: iraultzak sortzen dira naturako metamorfosiak erabakitzen dituen ezinbestekotasun berberaz, kataklismo naturala era mekanikoan sortzen den bezala. Aldiz, aurrerantzean giza borondateari dagokion historia batean sartuko gara, gatazka sozialen historia, klase borrokarena, eta iraultza ez goxo baizik bortitzarena, Robert Owenena ez bezalakoa.

18-behin jendetza itzelak proletarizatu eta txirotu ondoren, behin kapital asko pilatu ondoren, ez dira gelditzen monopolio handiak baino. Azken batean, komunismoa mugara igarotzea da, eta bortxa ezinbesteko gertatzen da. Eskaintzaren eta eskariaren arabera genbiltzanean aski zen desjabetzea eta nazionalizatzea, ez zen derrigorrezkoa bortxaren erabilera. Aitzitik, bigarren hurbilketaren arabera, gainbalioaren hurbilketaren arabera, beharrezkoa izango da iraultza bortxazkoa.

Gainbalioaren teoriaren ondorio batzuk

1-Klase borroka soldata eta lan-denbora erabakitzeko, arazo historiko eta morala baita soldata eta lanaldia finkatzea, ez dago inon idatzia

2-Sindikalismoaren sorrera. Langileek antolatu beharra daukate, indartsu agertzeko ugazabekin soldataz eta lanaldiaz eztabaidatzeko orduan

3-Zer izango da horrenbestez iraultza komunista?

a)    Jabetza pribatua suntsituko du, pribatua herriari itzuli, kolektibizatu

b)   Eztabaida: norentzat izango da desjabetutakoa? Estatuarentzat ala autoeratutako langile-kontseiluentzat? Nork kudeatuko du gainbalioa?

c)    Gainbalioa birbanatu egingo da. Baina nola, Estatu kapitalismo baten arabera, D M D’ari eutsiz? Ala komenigarriagoa da desazkundea?

4-Marxek “gainbalio erlatibo” deritzona: zientzien eta tekniken aurrerakuntzari esker kapitalistak, langileen aurkaritzarik eta gatazkarik gabe, gainbalioa emenda lezake

 

7-IRAULTZA KOMUNISTA: ASKAPENERAKO BALDINTZA

Iraultzan, proletarioek ez dute galtzeko ezer, beren kateak izan ezik

“Komunistek ez dute gogoko beren iritziak eta xedeak ezkutatzea. Zabal-zabalik aldarrikatzen dute, beren helburuak lortzeko, aurreko gizarte-ordena osoa gogorki amilarazi behar dela. Ikara bitez klase nagusiak iraultza komunistaren aurrean! Proletarioek ez dute hor galtzeko ezer, beren kateak izan ezik. Irabazteko, mundu osoa dute.

Herrialde guztietako proletariook, elkar zaitezte!”

Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848

 

Iraultzak gizarte komunista ekarriko du:

-klase sozialik gabeko gizartea

-esplotazioaren amaiera

-beraz, ez da Estatuaren beharrik izango, Estatuak klase zapaltzailearen agintaritza iraunaraztea baitu helburu nagusi

-hiritar bakoitzak bere ahalmenaren araberako lana emango dio kolektibitateari, eta kolektibitateak atzera hiritar bakoitza bere beharren arabera hornitu eta babestuko du

-alienazioa gainditzea eta gizakia errealizatzea, gizarte bidegabeak beharrik gabe itorik dauzkan giza ahalmenak azkenik mamitzea

8-Marxek Stalin ekarri zuen? Kapitalismoak nazismoa ekarri zuen? Jesukristok Inkisizioa ekarri zuen?

MARXEN AURKAKO KRITIKAK, DATORREN LARUNBATERAKO ZUBI: NIETZSCHE, FREUD, HEIDEGGER

 

9-MARX ETA EUSKALDUNAK: Gallartako meatzeak, Txomin Agirre, Dolores Ibarruri, Juan Astigarribia, Aresti, Txillardegi, ETA, Azurmendi, Angel Erro

 

10-Amaitzeko, Internazionala youtuben. Internazionala, erdaraz zein euskaraz, zortziko txikian dago, Maritxu nora zoaz bezala

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.