Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hitzak eta nahia

Hitzak eta nahia

Markos Zapiain 2012/11/08 11:15
Nietzscheren Honela mintzatu zen Zaratustrari buruz

Gaztetan gamelu izan zen Nietzsche. Konkorra aginduz, legez, debekuz zama ziezaioten eskatzen zuen: sendiaren, irakasleen, apaizen, jasotako edozein araudiren aurrean makurtu eta obeditu egiten zuen orduan. Gameluak, baina, bere txokoa du bilatzen, basamortuaren erdialdea. Han gamelua lehoi bilakatu zen. Aurrez aurre, herensuge erraldoi bat agertu zitzaion, mila ezkataduna, ezkata bakoitzak “behar duk” idatzirik nabari zuela. Lehoia oldartu egin zitzaion, baita atzaparkadaka akabatu ere. Nietzsche lehoiak Europan nagusi ziren balioak, kristautasunarenak batez ere, hots, jendailarentzako platonismoarenak, bi mila urteko nagusitasunaren ondorioz europar arrunta abortu bilakatu baitute, eraitsi egin zituen, mailukada filosofikoz, lurra ostera fruitu beri eta arraroz erein ahal izateko. Zeren, suntsitzaile hutsak ez baitaki sortzen, lehoiak ere itxuraldatu behar izan zuen: haur bilakatu zen, errugabe, sortzaile, dantzari, Zaratustra idatzi ahal izateko.

Nietzschek honaindiko mapa du aztergai: gorputza, bizia eta lurra, denbora eta nahia. Horiek arbuiatu eta kea baino ez diren arima, behin betiko oreka, edozein haraindi, betiera eta nirvana onesten dituztenak, mendekati eta gezurtitzat ditu. Etengabe aldatzen ari da guztia: finkoak, bakunak, geldiak gezurra dio, izena eskasagoa da izana baino. Badena badoa; hitzak, ordea, geldiarazi egiten du errealitatea, txirotu eta traditu. “Hodei” diogunean aniztasuna eta jarioa baztertu eta biziki aldakorrak eta desberdinak diren hainbat eta hainbat izaki etiketa goibel baten pean itotzen ditugu. Mintzatore tradittore. Lar solastatzeak jendaila bilakatzen gaitu: bereziak, geure-geureak, ezberdinak ditugun sentsazio eta sentimenduak, berbetan ipinikeran, uler gaitzaten xede, zurrun bezain arrunt bihurtzen ditugu. Gizarteak kalaka iluna dakar; zer arraio adierazten ote du honezkero “maitasun” hitzak? Bakardadea du gogoetak ezinbesteko baldintza; etsairik gaiztoena, aldiz, bilera.

Poetak berpizten du mintzo akituaren bihotza, poetak astintzen du utzikeriaren hautsa, errealitateari errugabe eta jolasti, haur gisa, hurbiltzen zaion aldiro. Poetak asmatu baitzuen errealitatea. Zientifikoak, gehienez ere, poetak aurretik jarririkoa berraurkitu egiten du. Urtaroak, eguzkia, itsasoa, hegaztia, ilunabarra: behinola eraiki poema. Geuk, ordea, galdua dugu dagoena begi garbiz ikusteko ahalmena, inertziaren gogordura atxikitzen diogu errealitateari. Artistak, aitzitik, gogordurekin olgetan, sakonkiago eta zehazkiago suma dezake unibertsoaren funtsa zientifikoak baino, artezagoa baita intuizioa arrazoibide geldoa baino.

Nolanahi ere, artista, poeta eta filosofoa hiztunak dira. Mintzamena hizkuntza jakin batean mamitzen da. Eta hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera berezia du. Hizkuntza bat desagertzen delarik, mundu bat hiltzen da. Nietzschek dioenez, filosofoaren gogoeta, sarriegi, ez da izan darabilen hizkuntzaren gramatikaren garatze oharkabea baizik: errealitateari dagozkion kontzeptu eta kategoria unibertsalez ari zela uste izan du, soilik bere hizkuntzarenak ziren kontzeptuez ari zela konturatzeke. Hausnarrean hastekotan, lehen araua gramatikaz mesfidatzea da, gramatikak bideratzen baitigu hautematea, dagoena hotz eta zorrotz nabaritzea eragotziz. Nietzschek darabilen adibidea subjektu/objektu bikoiztearena da: tximista eta bere argia bereiztea gramatikak beharturiko errorea duzu, ekaitzak dakarrena gertakari bakarra da.

Azken batean, pentsamendu oro da ezinbestean fikzio, Nietzscherena barne, hitzak baitarabiltza. Puntua bizitzaren aldeko fikzioak asmatzea da, munduan nagusi direnak ez bezalakoak horrenbestez. Nietzscheren aurreko pentsaerak, dagoena ulergarri eta zentzuzkotzat zuen: oinazea, guduan hilduratu neskatxarena esate baterako, guk ez dugu ulertzen, baina goian da Jainkoa, eta Jainkoa hil ostean Arrazoia, edo Historia, nahiz Zientzia, mina zuritzeko, mina berrerosteko. Nietzschek Jainkoaren heriotzaren hainbat bertsio eman dizkigu. Horietako bat, gizonik itsusienarena: jasangaitza zitzaion beroni Jainko oroikuslea, bere zatarrari etengabe beha, eta hil egin zuen. Kontua da munduak honezkero ez duela kanpoko bermerik, jausi dira idoloak. Egitate horren aurrean, Schopenhauer etsipenari eman zitzaion: jaio izan ez banintz, hobe; hemen naizenez, lehenbailehen hilko ahal naiz. Nietzschek, aitzitik, munduaren funtsezko zentzurik eza artista aldartez ospatu zuen: munduak ez badu berezko zentzurik, guztia dago asmatzeko, sortzaileon esku. Nahi adina zentzuz apainduko dugu aurrerantzean lurra, bizitza eta gorputza, nahia eta denbora. Geuk bilakatuko dugu aurrerantzean dagoena sakratu, sakon, eder.

Sagaratzeko orduan, premia-premiazkoa, denbora. Izan ere, guztiek zuten denbora gaitzetsia, eternitateren baten alde: haraindia, noumenoa, gizarte klasebakoa, ekuazio eta algoritmoak... Badoana, doala txoritara; geuk Jainkoaren altzo eternala gura dugu. Nietzschek, berriz, aldiunea betiko bilakatu zuen, betiereko itzuleraren poema zientifikoaren bitartez. Harentzat, unibertsoan dagoena arras ugaria da, zorabiozko kopurua; mugatua, hala ere. Bestalde, iraganerantz doan bidea amaigabea da. Dagoena, gertatu, gertatzen eta gertatuko dena, nahi bezain kontagaitza izanik ere, mugatua bada, nahitaez behar du aldi infinituz gertatua izan. Hori onartzeak, jarrera bi ekar ditzake ondorioz. Alde batetik, etsimendua: geroa iragana lakoa izango denez, ez dut ezer egingo, ez baitago zereginik, datorrena datorrela eta kito.

Bada alabaina beste aukera bat, Nietzscherena hain zuzen, nahia ere sakratu bilakatzen duena. Nahiaren gaineko ohiko ikuspuntuaren arabera, etorkizunerantz nahi dezaket, baina iragana aldagaitza da, alferrik da gertaturikoa asmatu nahi izatea. Lehenaren uztarria, gizakiaren borondatearen gabezia eta mugarik mingarriena litzateke. Ordea, betiereko itzulera bizitzaren alde ulertuz gero, iragana ere ederki asma nezake: nolakoa datorren unea, halakoa izango baita iraganean behin eta berriro. Hara Nietzscheren agindu eta erantzukizun berria: asma ezazu hurrengo unea eta une oro, etengabe eta beti itzultzea nahi izan dezazun. Horrela, ohiko denbora-moldeak giza nahiari jarri uztarria hautsi egiten da, eta askatasun estrainio bat da ernetzen, biziki enigmatiko eta arriskutsua, iragan/orain/gero mugarriak dantzan jartzen baititu, betiko aingurak kolokan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.