Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Doktore gorriaz

Doktore gorriaz

Markos Zapiain 2012/10/31 07:50

Marxek, bera ez zela marxista esan zuelarik, egia zioen, eta horri esker ari da krisi eta asfixia ekonomikoko garai hauetan irakurle mordo baten eskaera haren liburuen berrargitalpenak biderkarazten. Marxek etengabe berritzen zituen bere kontzeptuak, edo oker zebilela ohartzen zelako edo egoera historiko berriak hobeto ulertzeko. Ordea, hil zenez geroztik haren obra bilatzaile eta ezinegona katekesietara izan da maiz bihur-murriztua eta bigundua. Joxe Azurmendik eta Txillardegik proselitista amorratu ugari pairatu behar izan zuten 60ko amaieran eta 70. hamarraldi osoan, seminarioa utzi berritan ordezko Biblia Marxen obran aurkitu zutenak. Marxek bere esperientzia propiotik abiatuta pentsatu zuen; hemengo marxista gehiegik beren egoera zehatza beren kabuz pentsatu beharrean XIX. mendeko alemaniar baten obran aurkitu uste izan dute hitzez hitz adierazia. Alegia, Marxek egin zuenaren kontrakoa egin dute. Marxek inoren obra ez zuen sakratutzat hartu, eta Hegel, Feuerbach edo Bruno Bauerekin aldiren batean bat etorri arren, begien bistan zuena ulertzeko aski ez zirela ohartu bezain laster kritikatu eta teoria egokiagoak asmatu zituen.

 

Pentsalariek sarritan izaten duten akats baten kontra gogor jo baitzuen Marxek: gehiago ikusten dute buruan darabilten kontzeptua aurrean duten egoera baino. Marxek gaztetan maisu handitzat izan zuen Hegel, baina “arrazoia erreala da, eta errealitatea arrazoizkoa” irakurri ziolarik langileen mixeriari erreparatu zion. Langileen errealitatea ez da batere razionala. Bestalde, kapitalismoak sistematikoki itotzen ditu giza gaitasunak. Eta hori ez da erremediorik gabea. Giza asmamenak, lanak, iraultzak, baldintza objektibo zapaltzaileak desegin ditzakete.

 

Merkatu librearen aldezleek diote, batetik, ezinbestekoa dela: ikusi besterik ez dago amets sozialista nola bilakatzen den amesgaizto historian mamitzen den aldiro; eta, bestetik, sistemarik onena dela batez besteko aberastasunak gora egin dezan, jenderik gehiena bizi dadin egoerarik erosoenean. Hiritar orori emanez gero kontrolik gabe aberasteko erraztasuna eta askatasuna, aberastasunaren bilatze indibidualak ondorioz gizarte osoaren aberastea ekarriko du. Liberalek diotenez, “esku ikusezin” batek merkatu librea guztion onurarako egituratzen du. Ideia hori, egiantzekoa izan litekeena, komunismoa baino utopikoagoa da, liberalek merkatu librearen heldutasun errealista eta sozialismoaren ameskeria utopikoa kontrajartzea gustuko duten arren. Marxek begiak zabaldu eta merkatu librearen ondorio enpirikoak ikusten ditu: aberatsak gero eta gutxiago eta gero eta aberatsago, txiroak gero eta gehiago eta gero eta txiroago.

 

Bikainak dira alienazioei eta ideologiari buruzko orrialdeak, 1789ko giza eskubideen aurkako kritikak: berdintasun politikoa eta legearen aurrekoa faltsuak dira ez badago homogeneotasun ekonomikorik. Eta ez da ezinezkoa abiapuntu eta baldintza ekonomikoak berdintzen hastea. Horri deitzen zion hain zuzen “demokrazia” Tocquevillek, Marxen garaiko beste pentsalari politiko handi batek, liberala haatik. Demokrazia erreal batek aberats edo txiro jaiotze hutsagatik jasotzen dituzun pagotxak edo makilakadak desagerrarazten lagundu behar du. Hori da adibidez hezkuntza publikoaren zentzuetako bat.

 

Dena den, Marxen teorien artean bat aukeratu behar izanez gero, gainbalioarena da beharbada harrigarriena. Eskaintzaren eta eskariaren desorekak ere ederto nabarmendu zituen, aldiro-aldiro gainprodukzio krisiak eragiten dituztenak, baina hori aise irentsi dute kapitalismoaren aldeko liberalek, merkatuaren funtzionamendu naturaltzat dute. Naturan hautespen naturalak espezie ahulak nola, halaxe desagerrarazten ditu merkatu libreak enpresa desegokiak. C'est la vie.

 

Ordea, gainbalioaren teoriak auziaren iltzea jotzen du, eta erakusten du zergatik ez den ona kapitalismoak irautea, zergatik den berez kontraesanezkoa eta bidegabea. Eta Luc Ferryren tankerako liberal batek ere egiazkotzat jo behar du. Zer nahi du Marxek gainbalioaren teoriaren bidez azaldu?

asel
asel dio:
2012/11/03 00:33
Oso bitxia da ikustea zenbatek uste duten gainbalioaren teoria Marxek asmatu zuela. Marxen meritu nagusia ekonomian nahiko zaharra zen kontzeptuari egun erabiltzen den izena jartzea izan zen. Besteak beste, "Kapitala" baino zenbait urte lehenago argitaratutako "Zer da jabetza?" -Marxek izugarri txalotu zuen liburua- eta "Kontraesan ekonomikoen sistema edo Miseriaren filosofia" -hura jipoitu eta gutxiesteko liburu oso bat idatzi zuen Marxek- liburuetan gainbalioaren definizio zehatza eman zuen Proudhonek. Baina esan legez, Proudhon bera ere ez zen lehena izan kontzeptu hori definitzen. Edozelan ere, argi dago Marxek Proudhonen liburu biak ezagutzen zituela "Kapitala" idatzi zuenean, eta argi dago aintzat hartu zituela Proudhonen zenbait kontzeptu eta teoria. Horregatik, oso bitxia da askok jotzen dutela gainbalioa Marxen aurkikuntzarik handientzat, ez baitzen inondik inora alemanak asmatutako ezer, izena kenduta. Proudhonek ere arazoaren iltzea jo zuen: jabetza, alde batetik, eta gainbalioa, bestetik. Ezin hobeto ikertu zuen jabetza pribatuaren jatorria eta ezin hobeto erakutsi eskubide naturala ez izan ez ezik, lapurreta eta esplotazio ororen abiapuntua izan zela.
Ideia gaitzesgarri batzuk bazeuzkan ere -batez ere familiari eta emakumeari dagokienez-, Marxekin batera Proudhon ere berrirakurriko bagenu zer ikasi asko geneukake egungo egoeraz eta, garrantzitsuagoa dena, egoera horretatik irteteko balizko bideez ;-)
Estutua Buenos Airesetik!
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/11/03 18:47
Joxe Azurmendik Alderdi Komunistaren Manifestuaren hitzaurrean kontatzen duenez, Marx eta Proudhon Parisen elkarrekin zebiltzan, lagunak ziren, baina gero Marxek bere aldizkari baterako kolaborazio bat eskatu, Proudhonek ezetz, eta horrek eraginiko amorruak bultzatu omen zuen Proudhen aurkako Filosofiaren miseria sarkastiko eta hiltzailea idaztera. Motibo berdintsuengatik aurretik Bruno Bauer adiskide ohiaren aurkako Familia Santua. Asel, ez dakit Proudhonek gainbalioaren izena ez baina ideia bai adierazi ote zuen. Irakurri dudanez, Marx ekonomia kontuetan Erresuma Batuko adituak hartu zituen batez ere aintzat: Adam Smith, David Ricardo... Baina horien kontzeptu estatikoak Hegeli hartutako dialektikaz mugiarazi zituen, baita Owen eta Fourier-en utopien antzeko zerbait ekarriko omen zuten iraultzen alde jarri ere. Horrek ordu arte entzun gabeko musika berezi bat ematen die ekonomiaren inguruko Marxen testuei. Ulergarria da zuk sinpatia handirik ez izatea Marxi, komunistek erruz garbitu baitituzte zeu lakoak, baina niri pentsamenduaren gailurretako bat iruditzen zait gainbalioarena artez diagnostikatu eta modu ulergarrian azaldu izana. Asel, bide batez, guk ez dugu batere antzik Proudhon eta Marxekin: orain dela lau urte kolaborazio bat eskatu zenidan Maputxeen aldeko aldizkari batentzat, lan izugarrria egin ondoren idatzi eta bidali nizun... Lau urte urduri, itxaroten. Argitaratu zen? Kolaboratzaileekin okerragoa zara Marx bera baino. Ondo babestu zure burua Buenos Airesko lobby euskaldunarengandik.
asel
asel dio:
2012/11/04 17:03
Aupa Markos, ba hasteko, eta guztiz lotsatuta gainera, barkatzeko eskatu behar dizut. Guztiz ahaztuta euki dut azken urteotan testu haren kontua eta gainera nire postan ez dut horren aztarnarik aurkitu. Gogoratzen dut, bai, eskatu nizula, baina ez naiz gogoratzen zer aldizkari zen eta zuk testua idazteko lan hori hartu ondoren ez dut uste haren erabileraren berririk euki nuenik... Ez da lehen aldia, beste norbaitek eskatuta norbaiti eskaera bat egin, proiektu baterako, eta azkenean proiektua bide erdian gelditzen dena, ez atzera ez aurrera. Eta hala lagun bat baino gehiagorekin txarto gelditu naiz, seguruenik. Borondaterik onenarekin besteentzat mandatuak edo mesedeak egiten direnean maiz gertatzen dira halakoak. Laburbilduta, uste dut ez nizula berriz horri buruz idatzi niri ere testua eskatu zidatenek ez zidatelako ezer esan... eta guztiz ahaztu nintzen :-(
Marx eta Proudhoni dagokienez, jakin dut, bai, arrazoi horregatik haserretu zitzaiola Marx Proudhoni. Harrotasun zauritua Marxena, halakoa zen, modu oso pertsonalean hartzen omen zituen halako kontuak. Baina ez pentsa, daukan balioa aitortzen diot Marxi. Zoritxarrez, berak eta haren erruz haren jarraitzaile askok beste pentsalari handi batzuei inoiz aitortu ez dietena, jajaja. Gainbalioarena, diotsudan lez, oso zehatz eta argi definitu zuen frantses pentsalariak zenbait urte lehenago, gaurkotasun handia gorde duen liburu handi horretan. Estatu komunistak zer bilakatuko ziren ere ezin hobeto aurreikusi zuten berak, Bakuninek, Kropotkinek eta beste batzuek, zehatz-mehatz asmatu ere iragarpenetan XD Aitor dut, dena dela, Marxi irakurri diodan baino gehiago irakurri beharko diodala, txanda iristen zaionean. Kalte handia eta luzeegia egin dute garai hartako buru handi haien arteko liskar pertsonalek. Poztekoa da gu horretan haien jarraitzaileak ez izatea, jajaja.
Berriz ere barkatu. Uste dut 2010eko udan izan zela hura, orduan, eta nengoen egoeran nengoela, etorri zitzaizkidalako halako eskaerak. Zalantzan nago komunikabide biren artean. Baina diotsudan lez, zure testua bidali nien arren, ondoren ez nuen erantzunik jaso, gaur arte...
Besteari dagokionez, lasai, ondo babestuta nago ;-)
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/11/04 20:13
Trankil, Asel, jota utzi nauzu horrenbeste barka-eskerekin. Gainera, arazoa ez dago zure esku, gainditu egiten zaitu, 70eko hamarraldian jaiotako hainbat eta hainbat euskal idazleri baitagokio. Behin batean zure adineko euskal literato horietako batek elkarrizketa bat eskatu zidan aurrez aurre egin beharrekoa gai zehatz baten inguruan kasakriston; buru belarri prestatu, hitzorduan kostata garaiz agertu eta inor ez. Hogei minuturen buruan idazlea agertu eta: "A, grabagailua ahaztu zait. Berdin dio, edozertaz mintzatuko gara, bizitzaz eta horrela, gure kontuez". Beste batean, laster 40 urte beteko dituen poeta batek testu bat eskatu zidan ikasturte amaieran, udan idazteko. Liburu kolektibo baterako zen. Eskatu zidan kontatzeko zelan ibili nintzen okupa. Uda osoa jo eta su testua atzera eta aurrera, eta halako batean liburua argitaratu egin dela, zure lana putzuan. Eta abar potolo bat, kontatuko dizut etxepeko tabernan bueltatzen zarenean. Potrohandien uzta, 70ekoa. 80koak berriz adeitsuagoa dirudi, agindutakoa betetzen ahalegintzen dela ematen du. Besarkada bat eta aldatu behingoz belaunaldiz.
asel
asel dio:
2012/11/05 14:12
jajaja, ez dakit kontzientzia lasaiago utzi nauzun... Kontua da batzuetan halako mandatu horiek eskatu eta ni arduratu eta lortu ostean, kontua airean eskegita utzi dutenak ez direla nire belaunaldikoak izan, hain zuzen ere, ezpada dexente zaharragoa baten bat (oker ez banago, zuri testua eskarazi zidana, esaterako), hurrengo belaunaldikoa besteren bat. Japoniako PENek International PEN kongresua Tokion antolatu zuenean txosten bat egiteko konpromisoa hartu nuen haiekin. Zirriborroa prestatu nuen, Euskal PEN klubaren zuzendaritzarekin batera zuzendu, japoniarrei bidali, eta erantzunik ez... Berriz idatzi, eta azkenean haiek ere ez ei zekiten nork arduratu behar zuen txostentxoa jaso eta bideratzeaz. Lan ildo baterako abiapuntua zela suposatzen zen eta hala geratu zen kontua, ez atzera ez aurrera, eta pentsa, japoniarrak ziren, ustez zorrotzak eta zehatzak, eta ni baino askoz nagusiagoak, zerikusirik ez 70eko belaunaldiarekin... Niri betetzea gustatzen zait, behintzat, baina askotan ez dago norberaren esku gai bat amaieraraino eroatea :-( Belaunaldiz aldatu ezinik, defendatu beharko dut XD
Ea etxepeko taberna horretan elkartzen garen hurrengoan, bai, horretaz eta beste kontu askotaz berba egiteko ;-)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.