Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Hezkuntza Proiektuetan alde iluna integratzea komeni

Markos Zapiain 2017/06/03 09:55

Esperanza Agirrek bere ohiko zolitasunaz adierazi berri du Espainiak duen arazo larriena Unibertsitatearen aurreko ikasketena dela. Espainiako txoko honetan, Hezkuntza Ertainetan, 2016-2017 ikasturtean berritu behar dugu ikastetxe bakoitzeko dokumentu nagusia, Hezkuntza Proiektua deritzona. Bost puntu dauzka: non gauden, zer garen, zer lortu nahi dugun, hori zelan lortu eta dokumentuaren iraupena.

Bigarren puntuan sortzen da arazoa, hirugarren puntuarekin nahasten baita. Hezkuntza Sailak Hezkuntza Proiektua idazten laguntzeko banatu dituen gidetan, “nor gara?” hori honela definitzen da: “Zentroaren identitate-printzipioak. Definitzen gaituzten ezaugarriak eta baloreak. Zer izan nahi dugu?” Omen garenaren adibide, "gizabidezko, plural, inklusibo, kultura-arteko, euskaldun, parte-hartzaile, hezkide” ematen zaizkigu.

Tamalez, ordea, garena ia ez da inoiz bat etortzen izan nahi dugunarekin. Zer garen diagnostikatzeko orduan eskuzabalegiak izaten gara. Adibide horietan garena eta izan nahi genukeena nahasten dira. Eta izan nahi genukeena asmoa da, borondatea, fedea. Giza eskubideak aldarrikatze hutsak ez ditu eguneroko bizitzan mamitzen.

Izan nahi genukeena garenaren alde bat da, eta ez beti esanguratsuena. Hezkuntza Proiektuen bidez benetako lehengaia norabidetu behar badugu, ezinbesteko baldintza dugu lehengaiari aurrez aurre begiratzea. Haatik, ikasgela bat aspaldi edo sekula zapaldu ez dutenek irakaskuntzari dagozkionetan erakutsi ohi duten aingerukeria dario Hezkuntza Proiektua idazteko Gidari.

Egia da gure ikastetxeetako egoera orokorra ez dela katastrofikoa, salbuespenak salbuespen, baina Hezkuntza proiektatzeko orduan errealitate osoa behar da aintzat hartu. Hiru datu esanguratsu: hamabost urteko ikasle pilo bat dago ikastetxera etortzera derrigortua, ahaleginak eta bi egiten dituena lehenbailehen kanporatua izateko; inor gutxi dago zuzendaritza bere gain hartzeko prest; eta deigarria da zein luzea den bideozaintza eskatu duten ikastetxeen zerrenda.

Egia bada ere ikastetxeetan oro har borondate ona, eskuzabaltasuna eta diziplina nagusitzen direla, gabezia nabarmena luke edozein Hezkuntza Proiektuk baldin garena deskribatzeko orduan alde dongea kontuan hartuko ez balu.

Horrenbestez, "zer garen" adierazi nahi duen bigarren puntu horretan, Hezkuntza Sailekoek iradoki "inklusibo, euskaldun, hezkide" eta gisakoez gain, eta zintzotasuna eta egia osoa helburu, kudeatua izateko orduan benetako lanak ematen dituen ifrentzua ere aipatu beharra dago, lausotuta eta puskatuta aterako baitzaigu bestela argazkia. Hauxe ere bai baita garena: kuxkuxero eta marmartiak, zekenak, esker gaiztokoak, alienatuak, zikinak, zaratatsuak, gezurtiak, iruzurtiak, espainolak, morbosoak, harroputzak, poliadiktoak, lehiakorregiak, trepalariak, kolonizatu deseuskaldundu irribarretsu konplexuz beteak, ipurgarbitzaileak, tentelak, homofoboak, gaizkileak, jazarleak, biolentoak, matxistak, biolatzaile potentzialak eta psikopatak. Gero eta lizun gutxiago dago gainera, eta horrek adierazten du osasun aldetik ez gabiltzala batere ondo.

Ez baldin bagara gai Hezkuntza Proiektuetan errealitatearen alde hori ere barnebiltzeko, gure dokumentu nagusiak gurpila etengabe airean biraka daukan txirrinduak izango dira, zuloz jositako errepidean lur hartuko ez dutenak.  

Descartes (1596-1650)

Markos Zapiain 2017/04/10 19:25

-Esaten da Descartes eta Pascal direla prosa filosofiko frantsesaren gurasoak, edo iturri nagusi bi bai, bederen, Montaignerekin batera. Pascal frantses-frantsesa, herriko hizkeraren esapideak eta sena, giharra; Descartes, berriz, latindar frantsesa, astitsuagoa, lasaiagoa, luzeagoa

 -Descartesekin harreman luzea izanez gero, Xabier Arregi oñatiarrak bezala, Metodoaren diskurtsoa eta Meditazio metafisikoak euskaratu dizkiguna, orduan zure prosa ere dotorea bilakatzen da, argiak eta zehatzak esaldiak; halakoa da Xabier Arregiren prosa, bai Jakinkizunak bilduman argitaratutako “Descartes”en eta bai Pamielak argitaratutako “Herria, hiria, nazioa”n ere

 -Artea, zientzia eta filosofia gurutzatu eta elkartzen diren esparruan bizi zen Descartes, gaur egungo espezializazio, bereizketa eta urrutiratze artifizialetik libre; jakintza desberdinen arteko lotura eta oinarri filosofikoa da Descartesek ez eta guk bai galdua duguna

-1’55 inguruko altuera zuen; marihuana erretzen zuen; biluzik lo egiten zuen; uste zuen Amerikako indigenek ez zutela kristautu nahi zerua espainolekin partekatu beharraren beldurrez

-Txikitan neskatxa betoker batez maitemindu; gero ahaztu, baina aurrerantzean beti, zergatia jakiteke, emakume betokerrek erakarri; helduaroan, txikitako maite betokerraz berriro gogoratu, eta, haren eraginaz kontziente egin ostean, betokerrez maitemintzeko joera bertan behera

-Kolperik latzena: 5 urteko alaba Francine eskarlatinak jota hil

-Liburu kuttuna: Amadís de Gaula, On Kixoteren eredu eta faro

-“Metodoaren diskurtsoa” frantsesez, aski ezohikoa: nire neskamearen hizkuntzan idatzi nahi izan dut, herriaren hizkuntzan, irakurleria zabalaren bila: emakumeek eta umeek uler nazaten nahi nuke (aldiz, jakintsuak eta unibertsitateak, eskolastika, latinez; erromatar inperioan, gogoratu, herria latinez, baserritarren hizkuntza, eta kultur eliteek grekoz)

-Larvatus prodeo: “nire erlijioa nire Erregearena eta nire inudearena da”: txantxa, Henrike baitzuen errege, Nafarroakoa izan zelarik protestante, eta gero, Frantziako Henrike IV bilakatu ahal izateko, katolikotua; inudea ziur aski protestantea

-Larvatus prodeo: bizilekuak, beti pentsatu ahal izateko bakardade bila, Parisko zurrunbilotik ihesi, Holandan Frantzian baino toleranteagoak

-Larvatus prodeo: Galileoren aurkako prozesuak izutu zuen; Descartesen obra berehala jarri zuten Inkisizioaren index-ean eta bere zenbait liburu jendaurrean erre zituzten

-Suediako Kristina

-Koldo Izagirreren ipuin batean apaiz abertzale bati Franco hiltzea bururatzen zaio ostia kontsakratu bat pozoituta. Bada zalantzan jartzen duenik Descartesen heriotzaren kausa pneumonia izatea. Askok uste dute apaiz katoliko batek hil zuela, ostia artsenikoz busti eta filosofoari emanda

-Silogismoak ez du egia berriak aurkitzeko balio; ganorazko metodo baten beharra

-Hiru ametsak. Meloia (M.L. von Franz)

-Descartesen metodoa

-Iraultza zientifikoaren ondorioz, erdigunerik ez; koordenatu cartesiarrak, erdigunea edonon egon bailiteke; inertziaren legea: fisika matematiko modernoaren eta teknologoen aita-ponteko

-Tradizioaren kritika, tabula rasa; egiatzat ez onartu neure adimenaren azterketari sendo eusten diona baino; galbahe eta garbiketa epistemologiko

-Eszeptiko klasikoen zalantzaren eta Descartesenaren arteko aldeak: Descartesena behin-behinekoa, egia erabat ziurraren bila

-Zalantza hiperbolikoa: zeharo ziurtzat nuena halako batean faltsu agertu, zentzumenen engainuak, ametsa, eromena, Jainko tronpatzailea, Jeinu Maltzurra

-“Baina hauek eroak besterik ez dira, eta ni eurak bezain eroa izango nintzateke euren ereduari jarraituko banintzaio”; Foucaulten, Derridaren eta Alquiéren interpretazioak

-Mundua galdu

-Zalantzan murgilduta nagoen bitartean, dena den, bizi behar: Descartesen behin-behineko morala:

 

1-Eskura ditudan jakintsuak imitatu

2-Behin erabaki bat hartuta, aurreko zalantzak uxatu eta eutsi, bidaiariak basoan galduz gero aurrera jo behar duen bezala eta ez jira-biraka ibili; aurrera joz auskalo nora iritsiko den, baina norabait iritsiko da bederen

3-Mundua aldatzen ahalegindu beharrean, nire burua aldatu, egokitu, soilik nire pentsamenduen jabe bainaiz

 

-Cogito ergo sum; edo, Meditazioetan, zehazkiago beharbada, ego existo, ego sum, “beraz” gabe, ondoriozko lokailurik eta denborarik behar ez duen intuizio kolpe zuzena

-Filosofiaren oinarri eta abiapuntu: ez kosmosa, ez Jainkoa, baizik eta norbera, nia, subjektu ezagutzailea

-Egiaren irizpidea: ebidentzia, ziurtasuna, ideia argi eta bereizia

-Jainkoaren existentziaren hiru frogak: Jainkoaren ideia, argi eta bereizia, egia ziur gisa ageri zait; nire gogo inperfektuan ideia perfektuak dauzkat; argumentu ontologikoa

-Jainkoaren bidez, matematika eta mundua berreskuratu, ona denez ezin bainau engainatu

-Jainko zinez ahalguztiduna, identitate-hastapenaren eta matematikaren gainetik: egin zezakeen biribil karratua edo bost angelu dauzkan triangelua, Spinozaren edo Leibnizen Jainkoek ez bezala

-Sorgin-gurpila: Jainkoa da ideia argi eta bereizien egiaren berme, baina aldi berean ideia argi eta bereizia delako onartzen dut Jainkoaren ideia egiatzat; Jainkoa on izateak bermatzen dit Jainkoa badela; baita matematikaren egia ere, eta ondorioz munduarena

-Argizariaren pasartea irakurri; gorputza ez dut zentzumenen edo irudimenaren bidez neureganatzen, baizik eta adimenaren bidez; leihotik ikusten ditudan kapak eta kapeluak ulermenari esker hartzen ditut gizakitzat, automatak izan litezkeen arren

-Arima/gorputza dualismoa eta guruin pineala

-Ondorio cartesiarrak estetikan: artea egiazko ideia baten mamitzea da mundu sentsiblean; lorategi frantsesa/ingelesa; Molière-n protagonista ez errealista baizik arketipikoa; musika: la querelle des bouffons: Rameau cartesiarra, arrazoiaren eta egitura geometrikoaren alde operan, maisutasuna kordokatzen duen komikotasunaren aurka, frantziar Batasunaren alde; Rousseau, berriz, italiar operaren alde, emozioaren eta barrearen alde, mundutik datorrenari zabalik

-Ondorio cartesiarrak kulturan: komunak: Frantzia, Ingalaterra, Alemania (Zizek)

-Ondorio cartesiarrak ekologian: batetik: gizakia, aurrerapen teknologikoari esker, naturaren jaun eta jabe; bestetik: animalia, makina huts; animaliaren garrasia torturatzen dutelarik, zentzubako, penduluaren kirrinkaren pareko; Malebranche eta zakur umeduna; bestalde, bibisekzioaren onura medikuntzan; Montaigneren eta Descartesen jarreren kontrastea animalien inguruan; E. de Fontenay, Le silence des bêtes

-Ondorio cartesiarrak politikan: batetik, Tocqueville: “iraultzaile jakobinoak cartesiarrak dira, eskolatik irten eta kalera jaitsiak”; bestetik, munduko lehen Parlamentua, Frantzian: ez Jainkoak baizik gizakiak dira legegile, tradizio ustela suntsitu eta borondatea eta arrazoimena erabiliz jendarte berri ahal bezain zuzena sortzea xede; azkenik, jakobinoen zentralismoa eta grina uniformizatzailea: Jules Ferry: une honetan Frantzia osoko hamabi urteko ume guztiak Matematika ikasten ari dira; eta bi ordu barru den-denak Historia; hizkuntza berean, noski

-Zentzu horretan esaten da Cartesio izan zela eta dela frantziar espirituaren ikur eta abiarazle, espiritu frantses argia, zehatza, geometrikoa; natura berez nahiko irregularra den arren, anarkikoa, lorategi cartesiar frantsesean geometrizatu egiten da landareen mundua, lorategia matematikoki dago antolatua, esaterako Paben, Pirinioetako Bulebarrean badaude zuhaitz batzuk, hostoak karratu eta laukizuzen perfektu gisa dituztenak ebakita; giza espirituaren ordena argia matematikoa naturaren gainean ezartzea, hori litzateke Descartes eta hori litzateke Frantzia

 -arriskutsua ere bada: Joxe Azurmendik dio Errusia herrien hilerria den bezala Frantzia hizkuntzen hilerria dela, espiritu jakobino cartesiar uniformizatzaile hori armen eta heziketa publikoaren bidez inposatu da; eta, esaterako, 2017an presidente izateko bost hautagai nagusiak, telebista pribatuetara eztabaidetara daramatzatenak, gainerako 6ak baztertuta, den-denak dira jakobino zentralistak; Frantziako Iraultzak sendotu egin zuen Frantzia Parisera eta Frantziako hizkuntzak Pariseko hizkerara murrizteko pasio biolentoa

 -Antzeztu ikasgelan gaur egungo eztabaidak erlijioso dualista cartesiarren eta neurologo monisten artean (arima ez da garuna baizik); arima, ordenagailu sofistikatu bat? orduan, nondik nora autokontzientzia, eta zertarako?

Bost ahuntz eta bederatzi antxume

Markos Zapiain 2017/03/29 11:20

Irati, Santa Kruz baserriko artzainari, Garmendiari, bost ahuntz eta bederatzi antxume galdu zaizkio Burgoa inguruan.

Garmendia, mendian motorra eta automotorra darabiltenen aurka.

Ahuntzak beti gora jotzen omen du, ez bilatu San Pelaion.

Handik sarritan ibiltzen zarenez, aurkituko bazenitu.

Montaigne (1533-1592)

Markos Zapiain 2017/03/26 21:35

-Nietzsche: “Montaigne bezalako pertsona batek idatzi izanak handitu egiten du, zinez, Lur honetan bizitzeko plazera”

-Filosofo gehienek ez dute filosofotzat, maizegi aipatzen du bere burua eta ez Ideia, Jainkoa edo Atomoa, ondoegi idazten du; literato gehienek ez dute literato petotzat, ez du genero ezagunik erabiltzen, ezin sumatu zein helburu duen, pasadizo eta aitorpen bilduma soila dirudi bere liburuak; muga-gizona, susmagarria

-Genero berri bat: entseiua, saiakera (zundaketa, esplorazioa, esperimentua, dakizunetik abiatu eta ez dakizunera hegaldatu)

-Konplazentzia eta erruki barik pintatzen du bere burua, umorez, gure literatorik exhibizionistengan ere harrigarria litzaigukeen ausardiaz: txikitasuna (1'57), baldarkeria, zetazko galtzerdiak bai neguan bai udan, zakil txiki bezain laburra, inpotentzia; liburua, besteak beste, txikitasunak eragozten dion presentzia indartsua lortzeko azkenik munduan

-Liburua idaztea, bere burua egituratzeko tresna (nik liburua egin baino gehiago liburuak egin nau ni)

-Diktatu egin zuen, ezin zuen pentsatu ibilian baino: bere dorreko liburutegian txango zebilela bururatzen zitzaiona eskribau bati diktatzen zion; gero, hori bai, etengabe erantsi zituen ñabardurak eta pasarte berriak, idatziz

-Montaignek berak euskaldunei buruz: mugimendua eta ibiltzea debekatzen badiezu, airea eta argia kenduko dizkiezu; bere burua Gallus Basco definitzen du, basko-galiar, basko-frantses, garai hartako jende denak bezala bestalde gaskoiz mintzo zen Akitania, Landak, Biarno eta inguru horietan; gaskoia okzitanierako mendebaldeko dialektoa da; bai “gascon” eta bai “basque” “vascon”etik datoz; Montaigne: “gure arbaso euskaldunak...”

-Harreman estuagoa zuen Montaigneren eskualdeak Nafarroarekin Frantziarekin baino; Nafarroako errege Henrike III.aren adiskide (gerora Frantziako Henrike IV.a izango zena)

-Montaigneren entseiuetan, bikain txertaturiko aipu ugari, aipuaren artista: ezin pentsatu besteak gabe; pentsatzea da besteari norberaren baitan toki egitea; eta heziketa, besteak pentsatutakoa ez buruz ikasi baizik eta ondo digeritu eta gure haragi bihurtzea

-Heziketan, haserrearen ondorioz ezartzen dugunean zigorra, ez gara zuzentzen ari, baizik mendekatzen

-Montaigne jaio bezain laster inudearen etxean utzi zuten, gaskoiz mintzo zena; bi urte zituela aitaren gaztelura ekarri eta aitak debekatu zuen Micheli latinez beste hizkuntza batean mintzatzea; zerbitzari guztiei latinezko esaldiak ikasarazi zizkien eta Alemaniatik irakasle bat ekarri zuen Michelentzat, frantsesez ez zekiena, eta den-dena latinez irakatsi ziona; biziki maite zituen Lukrezio, Plutarko, Zizeron, Erroma

-Bederatzi urte zeuzkala eskola frantsesera bidali zutenean, Bordelera, estralurtar

-Beraz, Montaigneren ama hizkuntza benetan aita hizkuntza, hizkuntza hila; ahoan txikitandik latina bezalako hildako lengoaia bat zuena, une langue mort, aho-mingaineko eritasun batek jota hil zen

-Montaigne, hizkuntza kontuetan, gaur egun ere ezohiko, estrabagante: Entseiuak japonieratik ari dira frantses modernora itzultzen, Montaigneren frantsesetik japonierara itzuli zuenak hemen sumatu ez ditugun ñabardurak ikusi eta ederki eman baititu japonieraz

-Edonola ere, frantsesez idatzitako lehen Filosofia liburua duzu Entseiuak; ez da batere purista, inguruan entzuten zituen gaskoizko hitz pilo bat zerabilen; Montaignek dio bere bizialdiko hogeita hamar urtean goitik behera aldatu zela frantsesa, bere aiton-amonek ez zuten ulertuko Montaigneren zahartzaroan entzuten zena

-Frantsesez idatzi zuen, besteak beste, buruan zuen irakurlea emakumea zelako, eta emakumeek ez zekiten latinez; maite zituen emakumeekiko harreman pribatuak eta gustuko zuen irudi hau: emakume ezezagun batek bere liburua logelako intimitatean irakurtzen; Montaignek dioenez, urreak asko dezake, baina edertasunak gehiago

-Marie de Gournay, hasieran Montaigneren miresle, gero elkar ezagutu eta Montaignek aliantza-alaba deituko dio, feminista bikaina, izugarri maite izan zuten elkar, 32 urteko adin-aldea eta Montaigneren inpotentzia hazkorra gorabehera, viagrarik gabeko garai hartan; Montaignek dioenez, zakilak erantzuten ez duenean ferekak aski

-Guretzat ere harrigarria den naturaltasunaz mintzo da sexuaz eta sexuaz mintzatzeko debekuaz, sexua neurriz gain bihurtzen duena interesgarri; debekuak desira pizten du

-Ezkontzaz eta maitasunaz: batetik, ezkontzak, Montaigneren ustez, jakintsuaren autonomia zapuzten du; horretan bat etorriko da Marie de Gournay 

-Bestetik, hobea izaten da amodiorik gabeko ezkontza, pasioak soilik ezkontzatik kanpo funtzionatzen omen du, bestela eguneroko bizitza kixkali egiten du; pasiozko maitale batekin ezkontzeak erantzukia dakar, iskanbila, negarra, jelosia, damua; horregatik dio maitale batekin maiteminduta ezkontzea dela "saskian kaka egin eta ondoren buru gainean ipintzea"

-Hortaz, ezkontza ondo joan dadin, senar-emazteek adulterioari eta ezkontzatik kanpoko pasiozko harremanei ezikusia egin eta diskrezioz onartu beharko lituzkete; ezkontzarik onena: emaztea itsu, senarra gor; ezkontza egokian, senar-emazteen artean, ez pasio itsua, baizik eta, patxadaz, adiskidetasuna gehi sexua: hori da giltza

-Heriotzari lotzen dio Montaignek ezkontzarena eta maitemintzearena. Ezkontzaren eta adulterioaren arteko oreka horretan helburua gure bizitza mugatu honetan ahal bezain ongi pasatzea da. Ez ahaztu hil behar dugula, gehien maite ditugunak ere ezinbestez hilko direla

-Hala ere, bizitzaren amaiera heriotza den arren, amaiera ez da xedea. Bizitzaren xedea gozamena da, eta helburua behar bezala gozatzea den heinean ez da ahaztu behar bizitza mugatua dela eta heriotza beti eta nonahi dugula zain, ez ideia ilunak gogoan erabiltzea gustuko dugulako

-Ustekabeko heriotzen hainbat adibide ipintzen ditu Montaignek: Esopo alegia idazlea hil zen atzaparretan dortoka edo apoarmatu bat zeraman arranoak atzaparrak laxatu eta dortoka buru gainean erori zitzaionean. Beste bat, orrazten ari zela zauritxo bat eginda. Larrua jotzen ari zirela, ema izterren artean, besteak beste, Kornelio Galo pretorea, Erromako armadaburu Tigelino, Espeusipo filosofo platonikoa eta Aita Saindu bat, gutxienez

-Beldurrik sakonena heriotzaren beldurra denez, heriotzaren ezinbestekotasunarekin onezkoak eginez gero edozein beldur gaindi dezakezu. Hiltzen ikastea da menpeko izaten desikastea. Heriotza onartzeak askatasuna dakarkigu

-Ondo bizitzeko eta gozatzeko, hortaz, ez ahaztu bihar bertan hil gaitezkeela eta bizitza berehala igarotzen dela. Ondo adierazten du Montaigneren ikuspuntua Enjoy Yourself (It's Later Than You Think) abestiak:

 Goza ezazu, uste baino beranduago da

Goza ezazu, ondo zauden bitartean

Urteak badoaz, begi-keinua bezain laster

Goza ezazu, uste baino beranduago da

-Leporatzen zaio ez zuela bere emaztea maitatu, baina garai hartan ezkontzak ez zuen maitasunarekin zerikusirik; Montaignek dioenez, gainera, ezkontzak jakintsuaren autonomia zapuzten du; horretan bat etorriko da Marie de Gournay, bere aliantza-alaba

-“Virgilioren zenbait neurtitz” saiakeran dio hobea izaten dela amodiorik gabeko ezkontza, pasioak soilik ezkontzatik kanpo funtzionatzen duela, bestela eguneroko bizitza kixkali egiten du; pasiozko maitale batekin ezkontzeak erantzukia dakar, iskanbila, negarra, jelosia, damua; horrela ikusten du Montaignek: saskian kaka egin eta ondoren buru gainean jartzea

-Ezkontza ondo joan dadin, ezkontzatik kanpoko pasiozko harremanei ezikusia egin eta diskrezioz onartu; ezkontzarik onena: emaztea itsu, senarra gor; ezkontza egokian, senar-emazteen artean, ez pasio itsua, baizik eta, patxadaz, adiskidetasuna gehi sexua: hori da giltza

-Zentzu honetan, esanguratsua da Montaigneren garaiko pasadizo bat, Bordelen kokatua, ezin hobeki konpontzen diren senar-emazteen pasio eta jelosia falta duena gai nagusi: senarra jauregian ezustean agertu, emaztea zerbitzari batekin alberdanian ikusi eta diotso: “laztana, imajinatu ni beharrean beste norbait sartu izan balitz”; alegia, ezkontzak kontu soziala da eta jendaurrean itxurak gorde beharra dago

-Emaztea bezala, umeak ere ez ziren bereziki maitatzen: haurren heriotza-tasa izugarria zen, kopuru batetik gora hiltzen uzten baitzituzten; ohitura: amak soberako ume jaio berria berekin oheratu eta biharamun goizean amaren pean itota; Montaignek halako batean dio bizpahiru hil zaizkiola, ez daki zehazki zenbat haur hil zaizkion, ez zion garrantzi berezirik ematen; sei ume izan zituen eta bakar bat iritsi zen helduarora

-Istripua zaldian; bere egingo du Ciceronen esaldi ospetsua: “filosofatzea hiltzen ikastea da”; beraz eta batez ere, bizitzen ikastea; hiltzen ikastea da ez bizitzea hil behar ez bagenu bezala; edonola ere, “Nire bizitzako zeregin nagusia da ahal bezain ondo pasatzea”

-Bizitzako unerik perfektuenak bakardadean sentitzen dira. Nafarroako errege Henrike III, gerora Frantziako Henrike IV izango zena, bisitan joaten zitzaion aholku eske. Hala ere, Montaignek injenioz babesten zuen bere independentzia: bere dorreko leiho batetik hurbiltzen zen edonor detektatu zezakeen; zenbaitetan bisitariarekin egoteko gogorik ez eta bazuen dorreko horma bat manipulatua, eta bertan ezkutaleku bat, aulki xume batekin, behar izanez gero bisitariak alde egin arte pare bat orduz edo han eserita aguantatzeko

-Gorroto zituen jende gozakaitza eta zoritxarraren adiktoak; jakintsuaren marka: patxada alai iraunkor bat; aukeran nahiago Demokrito irribera Heraklito negartia baino; Montaignek dio bere bizitza zoritxar ikaragarriz beteta egon dela, baina gehienak ez direla gertatu

-Montaigne: "gozamena dugu helburu"; bizitza, poza, plazera, desira, gozamena eta zorionaren alde, jakinduria alai bat nahi du; katolikoa izan arren, plazer haragikoia ez du bekatutzat; “katoliko hedonista” definitzen du Onfrayk

-Hil osteko zoriona hemengo zoritxarraren ordain: hori baino ideia arraroagorik...

-Larruaren plazera defendatzen du, Jainkoaren opari bat da; plazera naturala da, berez ona; fanatikoen desnaturalizazioak garamatza gure burua eta zehazki gorputza gorrotatzera

-Jende umila du eredu, herri xehea: nekazarien baretasuna goraipatzen du, lurrari lotutako jendearena: bizimodu soila, sinplea, diskretua; kulturaren zeregina: desnaturalizazioa geldiarazi

-Bere bizitzako lehen bi urteetako ama titikoaren sendi gaskoiaren sinpletasuna berreskuratzea du xede

-Tolerantea, zabala, eszeptikoa, fidagarriagoa zitzaion zalantza ziurtasuna baino; “zer dakit nik” zuen ikurritz, “Que sais-je?” bilduma ospetsuak heredatua; zenbat eta gehiago jakin, orduan eta duda gehiago; gure akatsei ezikusi egiten diegu, aldi berean akats horiek berak besteengan sutsuki gaitzesten ditugula; halatan, susmoetan oinarrituta torturatzen ditugu sorginak edo indiarrak, beren balizko errua aitor dezaten; hobe zalantzari bide eman eta susmoa bertan behera utzita; edozein aitzakia asmatu krudelkeria saihesteko

-Torturaren aurka garbi idatzi zuen lehen idazlea, Voltaire eta gainerakoen aitzindari (sorginen aurkako prozesuetan erruz erabili zuten tortura); gogor salatu zituen halaber espainolen izugarrikeriak Amerikako konkistan; koldarkeria da krudelkeriaren ama; Montaigneri ezer ez zaio beldurra bezain beldurgarri

-Hainbat erregerekin eta Aita Sainduarekin harremana izan zuen, baina boteretsuekin ez zen lausengari ez ipurgarbitzaile: munduko tronurik altu eta garrantzitsuenean ere, nor bere ipurdiaren gainean eseri behar

-Xenofobiaren aurka, eurozentrismoaren aurka, emakumeak gutxiestearen aurka

-Talentuei eta ahalmenei dagokienez, andrea eta gizona berdin-berdinak; gaur egungo desberdintasuna da indarrean dauden erakundeen eta ohituren errua; besteak beste, andreen instrukzio faltarena; ezkontzara arteko birjintasuna gorde beharra kritikatzen du; baita onarpenik gabeko sexu harremanak ere; emakumeen gozatzeko eskubidea aldarrikatzen du; orobat adulteriorako eskubidea, betiere diskrezioz; sexu harremanetan, goxotasunaren alde

-Xenofobiaren eta eurozentrismoaren aurkako erlatibista: Brasilgo kanibalak guretzat arraroak badira, gu neurri berean gara arraro haientzat; Montaigne, atzerritarrekin topo egitean, beti saiatzen da irudikatzen zer ikusiko ote duen beregan atzerritarrak, zer pentsatuko ote zuten esaterako zakila neurriz gain nabarmentzen duten prakei buruz, XVI mendean modan egon zirenak, ustezko basatiak biluztasuna eta sexualitatea hain modu natural eta jostarian bizi duten bitartean; Rabelais eta Montaigne dira Frantzian jakinmin etnologikoa erakusten duten lehenbizikoak: ezin dugu gure jendartea ezagutu ez badugu barneratzen jendarte mota desberdinak ezagutzeak ahalbidetzen digun ikuspuntu erlatibista eta perspektibista

-Beraz, Montaigneren eszeptizismoa ez da Pirronenaren tankerakoa, inoiz ez duena inongo iritzirik adierazten, baizik eta Sokratesenaren ildokoa. Sokrates zuen idolo: “dakidan gauza bakarra da deus ez dakidala”, “ezagut ezazu zure burua”; edonola ere, Montaignek, bere burua ez du bilatzen duenean aurkitzen; ezustean topatzen du, gutxien espero duenean

 

 

Filosofiaren erantzuna adikzioari

Markos Zapiain 2017/03/26 11:00
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea. "Menpekotasunen aurrean... geure buruaren jabe" jardunaldia

Morrontzari agur

http://www.oeegunea.eus/agiriak/ikusi/125

Gaurko greba

Markos Zapiain 2017/03/22 14:55

Bermeoko I.Arozena-B.Barrueta Institutuan irakasleen ehuneko 51k egin du greba, nahiz eta Hezkuntza Sailean ez agertu ehuneko 38a baino

Zergatik?

Hezkuntza Sailaren aplikazioan ikasturte hasieratik gurean lan egin duten irakasle GUZTIAK agertzen dira, alegia, 71 izen-deitura; besteak beste, bajan daudenak, dagoeneko ez dauden ordezkoak, aspaldi joandako ordezkoen ordezkoak, eta abar

Azken horiek ezinbestez markatu barik utzi behar, eta aplikazioak ulertzen du grebari uko egin diotela

Greba egin ahal izan duten irakasleen kopuru erreala 55 izan arren, Hezkuntza Sailaren aplikazioan, esan bezala, 71 ageri dira; halatan, datu erreala da irakasleen erdiak baino gehiagok greba egin duela, eta ez soilik ehuneko 38ak

Noski, nagusien hedabide nagusiak Hezkuntza Sailaren punta-puntako teknologia informatikoaren emaitzak ari dira zabaltzen 

Esnazko amets

Markos Zapiain 2017/03/22 09:00

Honezkero bost lagunek galdetu didate gaitzespen kutsutxo batez ea zergatik erabili dudan Etakideen ametsak liburuan “esnazko amets” esamoldea. Lontxo Oihartzabali irakurri niolako ausartu nintzen, Freuden “Psikoanalisiaren aurkezpena”ren itzulpenean. Sabino Aiestaran izan zen berrikuslea. Klasikoak bilduman dago. Eredugarri zaizkit bi maisu handi horiek. Hau da esaldia: “Esnazko amets-egoera batean sartu zen, eta hormatik nola suge beltz bat atera eta gaixoarengana inguratzen zen, honi hortzaka egiteko asmoz, ikusi zuen.” (73. or.)    

"Loaldiko amets" versus "esnazko amets", ez da hain desatsegina. Hala ere, “esna eginiko amets” eta horrelakoak ere ondo, besterik ez genuen behar.  

Gehienez 12 ikasle gela bakoitzeko

Markos Zapiain 2017/03/20 22:17
Oso ondo Macron!

Emmanuel Macron presidentegaiaren proposamena da, eskualde prioritarioetarako. PISA emaitzak ikusita, ordea, EAE osoa dugu eskualde prioritario 

Oso harreman estua izan du Macronek irakaskuntzarekin eta garbi ikusi du emaitzak hobetu nahi izanez gero dirua ratioa jaisteko erabili behar dela, eta ez, gurean bezala, betiko programei izen berriak eman eta irakasle eta zuzendaritza taldeak burokrazia absurdo batean itotzeko  

AEB eta Mexiko

Markos Zapiain 2017/03/04 13:05
Woody Guthrie-ren Deportees

Bob Dylan eta Joan Baezen bertsioa, 9:00-12:45. Joan Baezen aita Mexikoko Pueblan jaio zen.

https://www.youtube.com/watch?v=GlUUmiIEinY

The crops are all in and the peaches are rott'ning,
The oranges piled in their creosote dumps;
They're flying 'em back to the Mexican border
To pay all their money to wade back again

Goodbye to my Juan, goodbye, Rosalita,
Adios mis amigos, Jesus y Maria;
You won't have your names when you ride the big airplane,
All they will call you will be "deportees"

My father's own father, he waded that river,
They took all the money he made in his life;
My brothers and sisters come working the fruit trees,
And they rode the truck till they took down and died.

Some of us are illegal, and some are not wanted,
Our work contract's out and we have to move on;
Six hundred miles to that Mexican border,
They chase us like outlaws, like rustlers, like thieves.

We died in your hills, we died in your deserts,
We died in your valleys and died on your plains.
We died 'neath your trees and we died in your bushes,
Both sides of the river, we died just the same.

The sky plane caught fire over Los Gatos Canyon,
A fireball of lightning, and shook all our hills,
Who are all these friends, all scattered like dry leaves? 
The radio says, "They are just deportees"

Is this the best way we can grow our big orchards? 
Is this the best way we can grow our good fruit? 
To fall like dry leaves to rot on my topsoil
And be called by no name except "deportees"?

 

Iraultza zientifikoa (XV-XVI)

Markos Zapiain 2017/03/03 08:05

-Teleskopioa Bibliaren aurka: Ilargiko mendiak, izar berriak, geozentrismoa. Elizak: nola sinetsiko diozu gehiago traste horri Jainkoak idatzitako liburu sakratuari baino

-Nikolas Koperniko poloniarrak ezarri zuen geozentrismoa, baina Samoseko Aristarkok Kristo aurreko hirugarren menderako garbi zuen adierazia

-Kosmos biribil, geldi, ziur, bakar, babesle, goxo, betierekoak eztanda egingo du; hori zen ordea bai grekoen eta bai kristauen irudia

-Gerra latza Elizaren eta Zientziaren artean: ez soilik Galileoren aurkako prozesua; Giordano Bruno Erroman bizirik erreko dute, heliozentrismoa eta unibertsoaren infinitutasuna aldezteagatik, eta eguzkiari eta lurrari ez emateagatik beste edozein astrori baino garrantzi handiagorik. Apaiza zen

-Galdurik aurkituko du gizakiak bere burua: garbi dago zerua ez zaio gizakiari zuzentzen, ez dago gizakiarentzat egina. Pascalen esaldi ospetsua: “espazio infinitu horien isiltasun eternoak izutzen nau”

 -Kosmosa betierekoa eta absolutua zenean, geometriaren erreferentziak ere absolutuak ziren nolabait esateko. Orain, unibertsoak bere oreka harmoniatsua galdu eta erdigunerik ez duenez, erdigunea edonon egon daitekeenez, Descartesek “kartesiar” deituriko koordenatuak asmatu beharko ditu, “abzisa” eta “ordenatu” deituriko ardatzak, unibertsoko puntu bakoitzak sortzen baititu bere erreferentzia propioak, ezin da ordena absolutu batean behin betiko finkatu

-Bide batez, aurrerantzean Jainkoaren definizio eta ikuspegi flipagarriak biderkatuko dira. Pascalek berak, esaterako, horrela definituko du: “Jainkoa zirkulu bat da, erdigunea inon ez daukana, eta zirkunferentzia, berriz, edonon”

-Pixkanaka latina zokoratu eta ama hizkuntzetan idazten hasiko dira filosofoak, hala nola Nikolas Makiavelo, Montaigne, Descartes, Hobbes, Galileo bera... ; garai honetakoa da gure Joanes Leizarraga, Itun Berria euskaratu zuen lehenbizikoa

-Zientzia berriaren bultzadaren ondorioz, tradizioak indarra galduko du. Autoritatea iraultza zientifikoa baino lehen nagusi zen eskolastikan Erlijioak eta Filosofoak ezartzen zuten, alegia, Bibliak eta Aristotelesek; Descartesek ordea tradizio guztien azterketa kritikoari ekingo dio, giza arrazoiaren izenean

-Filosofiaren abiapuntua estoikoentzat Kosmosa zen; kristauentzat Jainkoa; iraultza zientifikoa humanismoari lotuta etorriko da eta ez kosmosa ez Jainkoa, baizik eta gizakia izango da filosofiaren oinarri eta abiapuntu, giza arrazoiak egia izan nahiko lukeen edozer bere galbahetik igaroaraziko du, azterketa kritikotik; erabat iraultzailea da Descartesen jarrera, iragana gainditu eta hutsetik abiatze bat; horregatik esango du Tocquevillek Frantziako Iraultzaileak, Robespierre eta, kartesiarrak direla, eskolak utzi eta kalera jaitsitakoak     

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.