Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zutabeak ETAren osteko euskal literaturaren bilakabide baterako

Zutabeak ETAren osteko euskal literaturaren bilakabide baterako

Volgako Batelariak 2010/12/10 11:27
Hemen duzue 2010eko Durangoko Azokan Volgako Batelarien enbaxada bat banatzen ibili zen paskinaren testua, non azaltzen den zein bide jarraitu behar duen euskal literaturak erakunde armatuaren desagerpen probablea eta gero.


ZUTABEAK

ЭТДяэи Оѕтзжо Эuѕжаґ Lітэядтџяляэи Бiглжабіdэ Батзяажо


Volgako Batelariek, euskal literaturaren garapenerako klub sozial eta errekreatiboak, agiri honen bidez gure letrek bizi duten kinkaz egiten duen hausnarketa estetikoa helarazi nahi diete Durangoko erromesei:

1.- ETAren desagerpen inminenteak, ezbairik gabe, aldaketa sakonak ekarriko ditu euskal kulturgintzaren panoraman: gure lanak ezingo dira, orain arte bezala, gaiaren presentziaren ala absentziaren araberako ardatzaren albo batera edo bestera kokatu, edo adostasun/ekidistantzia/kondena parametroen bitartez neurtu, eta, bestalde, konpromiso –hots, Konpromiso– kontzeptua guztiz iraulita geratuko da gurean –baldin eta bizirik iraungo balu, literatura eskuliburuetatik kanpo alegia–.

2.- Horrek ez du esan nahi –esan dezagun parentesi artean– ETAren gaia gure literaturatik desagertuko denik; ziurrenik kontrakoa gertatuko da, haren presentzia esponentzialki biderkatuko dela, hala fikziozko lanetan nola –agian are gehiago– ez-fikziozkoetan. Stuart Neville idazle ipar irlandarrak zioen bezala, baikor, gatazken inguruko fikziorik onena gatazka amaitu ostean idatzi ohi da. Baina, nolanahi ere, fikzio historiko gisa agertzen hasiko da, hots, bihurtuko da, behin betiko, Gerra Zibila espainiar literaturarentzako –edo zinemarentzako– izan dena 1980ko hamarralditik hona: gai errepikari, fosildu eta, batez ere, izugarri astun bat.

3.- Edonola ere, ETAren desagerpenak literatura egiteko erronka berriak planteatuko dizkigu hemendik aurrera. Volgako Batelariok susmatzen dugu hauek izan daitezkeela etorkizun hurbileko euskal literaturaren bilakabiderako zutabeak:

  • Adeitasuna: ETA osteko euskal literatura amablea izango da, edo ez da izango. Amaitu(ko) dira amorrua eta asaldura, aurreko garai gatazkatsuetako ondorio saihestezinak. Alde horretatik, egile batzuei onartu eta eskertu behar zaie aitzindari lana egin izana, eta, batik bat, Kirmen Uriberi, inork baino hobeto ulertu zuena, horretarako baldintzak helduta ez zeuden arren, zein zen gure literaturak hartu beharreko bidea.
  • Sentimendua: literaturak gizakion barne-sentimendu sakonenen bide izan beharko du, irakurlearen bihotza –eta poltsikoa– ukitzera helduko bada. Guk baino hobeto azaldu du Anjel Lertxundik duela gutxi: “Niri, behintzat (…) azken urteetan baino nabarmenagoa egiten hasi zait sentimenduen presentzia narrazioetan, poesian, kantuetan. (…) Orain, berriz, badirudi bertsolari klasikoaren jarrera datorrela berriro: «Nere sentimendua nahi det deklaratu...». Dantza eskatzera irtengo gara ostera ere, fortuna izateko esperantza apurño batez” (Berria, 2010-XII-5).
  • Unibertsalismo lokala (edo, alderik ez, lokalismo unibertsala): euskal idazleak ez du jadanik euskaldunentzat idatziko soilik, ezta nagusiki ere, akaso; imajinagarria bihurtzen hasi da, alde horretatik, euskal irakurlerik gabeko balizko euskal literatura bat. Idazlearen helburua, izan ere, mundu mailako irakurleak izango dira, eta horretarako, dudarik gabe, euskaldunok berezi egiten gaituen horretatik abiatuko da bere obra sortzeko eta garatzeko orduan. Euskaldunok berezi egiten gaituen horri buruz, ordea, ezin dugu ezer zehatzik esan –terrorismoa izango ez dela alde batera utzita–: horren inguruko bertsio ezberdin eta are kontrajarriak egon daitezkeela onartzen dugu. Nahiz eta Merkatu Globala izango den ebatziko duen bakarra bertsio horietako zein bilakatuko den, azkenik, erreala.
  • Fragmentazioa: euskal narrazio handien apurtzeak –Independentziara Doan Herriarena eta Bere Abangoardiarena, Terroreari Adorez Aurre Egin Zioten Demokratena, (egungo krisi ekonomikoak suntsituko duen) Europako Garapen Indize Maila Altueneko Herrialde Langilearena…– obra literarioena sakonduko du, ezinbestean. Narrazio Handi horren bi bertsio oso ezberdinen ordezkari leialek –Anjel Lertxundik eta Koldo Izagirrek– zatikatzera hain nabarmenki jotzen dutenean –cfr. Eskarmentuaren paperak eta Autopsiarako frogak–, zer edo zer gertatzen ari den seinale.
  • Gardentasuna: Abangoardiaren erorketak, ezinbestean, esperimentalismoa behin betiko uztera eramango du; bilakaera hau lehenagotik zetorren, zer esanik ez, baina egoera berriak konfirmatu baino ez du egingo. Berehalakotasuna eta irisgarritasuna bihurtu dira euskal literaturaren ezaugarririk behinenak, eta bide horretan sakontzen jarraituko du, ziurrenik. “Esperimentuak” literatur lanekin lotutako balizko ikus-entzunezko elementu osagarrietara mugatuko dira, eta, testutik kanpokoak diren heinean, erradikaltasun mugatukoak edo are negatibokoak izango dira, hots, testuaren beraren gardentasuna sendotuko dute, paradoxikoki. Bide batez, gardentasunaren helburuak, adeitasunak eta sentimentalismoak bezala, ironiaren erabilera literarioa mugatu eta are baztertuko dute.
  • Heterosexualitate hobenduna: ezbairik gabe, guk euskal literaturaren orientazio queerago bat hobetsiko genuke, baina, gauzak dauden bezala, ematen du gure letretan egundoko gehiengoa izaten jarraituko duten heterosexualengandik jasoko dugun mezu pittin bat ezberdin bakarra norberaren heterosexualitatearen aitortza izango dela, nolabaiteko erruduntasun sentimenduz blaitua; batzuentzat ez da lorpen txikia izango, akaso. Edonola ere, zalantzarik ez dugu joera horrek baduela zer ikusirik erakunde armatuaren artasun –edo arkeria– tradizionalaren pixkanakako itzaltzearekin, eta areagotzen jarraituko dela haren behin betiko desagerpenarekin.
  • Irrealismoa: errealismoa izan da, zorionerako eta zoritxarrerako, azken hamarkadetako euskal literaturako korronterik jarraituena, eta susmoa dugu horrek zer ikusia izan duela gure gatazkaren bilakabidearekin berarekin –cfr. Txuma Lasagabasterren aldarri ezagun hura, adibidez–. ETAren desagerpenak hegemonia horren amaiera ere ekar dezake, edo horren zantzuak daudela sumatzen hasiak gara behintzat. Horrek ez du esan nahi literatura fantastikoak ordezkatuko duenik euskal errealismoa, baizik eta errealismoan errotuta segituko duen ñabardura magiko edo sinboliko arindun zer edo zerk, izen hobe baten faltan irrealismoa deituko duguna, oraingoz behintzat.


4.- Honek guztiak ez du esan nahi euskal idazleak, halabeharrez, urrats horiek guztiak jarraitu beharko dituenik datozen urteetan. Bai, ordea, kasu bakoitzean kontrakoa egiten saiatuz gero, aukera franko izango dituela baztertua izateko, are gero eta bazterragokoa izango den literatur munduaren baitan ere.

5.- Volgako Batelariok onartzen dugu, azkenik, agiri hau kaleratzeko arrazoi nagusienetako bat, nagusia ez bada, izan dela gaiak berak, Eroskiko ofertako jogurtek bezala, ageri duen iraungipen-data hurbila: agian datorren Durangoko Azokarako –halakorik ospatuko balitz, salmenten kurba lagun– guztiz jokoz kanpo egongo da jada ETAri egindako edozein erreferentzia, ironiko ala ez.

Euskal Hirian
2010eko abenduak 8

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2010/12/14 18:18

Arrazoi du berorrek, Volgan, desberdintzeko desiraz zorabiaturik, zerekin epatatu gabe geldituko gara, ezingo dugu umorea egin, ustezkoa beti ere, munstroarekin, museoko munstro honekin, historialarien eta laster nostalgikoen bazka, baina aurkituko dugu ordezkoa, hemen ez bada, atzerrian. Berorrek ere aurkituko du, ez bedi kezka, zeri erantzun. Ez adiorik, Galfarsoro, hurrenera arte.

imanol galfarsoro
imanol galfarsoro dio:
2010/12/14 18:06

Dagokizuen ohiturazko ironia puntutxo kaxkar-xamarratik haratago joanda, ematen du ez zaizuela batere atsegin pitxitxi guzia bezala izatea! zergatik ez duzue behingoz enkargatzen behin aipatu/asmatu zenuten bideo-juegoa zuen kausa bat eta bakarreko literati-errebelde bizia justifikatzen jarraitze aldera-edo? Akabo zuen existentziaren aitzakia/fetitxea: non ainguratu behar dituzue orain zuen (bestenaz ere ganora gutxiko) fobiatxoak? adio Volgako batelariak adio!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44