Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zulo bat uretan

Zulo bat uretan

zaldua 2009/05/20 12:04
Iñigo Aranbarriren azkeneko nobelaren mikrokritika, inoizkari honetan nobedadeekin beti bezain atzeratuta gabiltzala frogatze aldera, berriz ere.
Zulo bat uretan

Iñigo Aranbarri, Zulo bat uretan, Zarautz, Susa, 2008.

Mikrokritika bat

1. Lagun batek abisatu zidan liburu hau ez zitzaidala gustatuko. Hala ere, edo horregatik hain juxtu, irakurtzeko erabakia hartu nuen. Banekien, ez gustatuta ere, etekina aterako niola irakurketari: gauza gutxik eskaintzen dute plazer gehiago munduan, adiskideari arrazoia ematea baino.

2. Lehenengo ezustekoa, lehenengo orrialdean: kontakizuna Bigarren Mundu Gerraren hasierako pasarte ezagun batekin abiatzen da, Graf Spee sakelako korazatuaren akaberarenarekin, Rio de la Platan, gatazka global hartan (nolabaiteko) gentlemanry maila iritsi zuen gertakari bakarrenetako bat. Aitorrezinak zaizkidan arrazoiengatik, ondo ezagutzen nuen istorioa, eta zirrara txiki bat sentitu dut nobelan garatu behar zela konturatzean.

3. Baina utz ditzadan kontu pertsonal eta transferiezinak, eta izan nadin pixka bat objektiboago eta kritika honen balizko irakurlearekiko leial (pixka bat soilik), hau ez da eta Felipe Juaristiren iruzkin DVro bat. Nobelak zenbait hari ditu, orrialdeek aurrera egin ahala txirikordatzen doazenak. Bata, agian nagusia (baina bakarrik agian) Itoizko urtegiaren azpian geratu behar duen Larraingain herrian egiten ari diren indusketei dagokio: bertako kanposantuan lurperatuta dauden gorpuak berreskuratu behar ditu Maite Andueza antropologo forentseak, ur-mailaren gainetik geratuko den leku batera eramateko. Zeregin horretan ari dela, Imanol Arellano kazetariarekin egingo du topo, antzinako garaietako adiskidea: bera da liburuaren narratzaile printzipala (eta, egilearen arabera, agian bakarra). Imanol Arellanok, urpean geratu behar den kanposantuaren hustuketaren kontutik tiraka, Juana Ardanazen istoriora eramango gaitu, eta gerra zibilaren osteko Iruñeko garai ilunetara, hilerri horren kanpoaldean sekretuan lurperatu zutela aitortzen baitio garai haietako lekuko batek, Faustino Ibañez antifaxista zaharrak. Juana Ardanazen gorpuaren berreskuratze ahaleginak, eta haren heriotzaren (agian hilketaren) misterioaren askatzea bihurtuko dira, horrela, nobelaren leit-motiv garrantzitsuenetako bat, nagusia ez bada.

4. Alde horretatik, nobelak badu genero detektibeskoaren edo thrillerraren ukiturik, zalantzarik gabe.

5. Baina, literatura mota horren zenbait konbentzio argi eta garbi azaltzen badira ere (eta egileak ederki menderatzen dituela frogatzen badu ere), gainontzeko harien garapenak beste zerbait bihurtzen du nobela hau. Hortxe dago Graf Spee ontziaren eta bere kapitain Hans Langsdorffen aipatu istorioa, eta Argentinan geratu zen Oskar Escher eskifaiako marinel alemaniarrena. Eta Oscar Iriarte argentinarrarena, Escherren biloba, alderantzizko bidaia egin duena Europara, etorkizun hobe baten bila, eta Maite Anduezaren laguntzaile gisa ari dena Larraingaineko kanposantuko indusketa-lanetan. Eta Oscarren harremana Maiterekin, talka egiten duena Imanolek Maiterengan proiektatzen duen fantasia erretrospektiboarekin. Eta Oscarrena bere (balizko) iraganarekin, Argentinako diktaduraren urte gogorrenetan. Eta Imanolena bere familiarekin eta, batez ere, bere andrearekin, zeinaren bitartez usteltze baten kronika txikia baina bizia eskaintzen baitigu Aranbarrik. Eta, askoz ere bigarren edo hirugarren plano batean, gobernu autonomikoaren azpiegitura lan handiek sorturiko morrontzak, kontrako jarrerak eta boterearen aldetiko mehatxuen ondorioak. Eta abar.

6. Hots, Zulo bat uretanek badu orobat nobela politikotik, sentimentaletik, sozialetik eta are belikotik zer edo zer, etiketa horiek guztiek zerbaitetarako balioko balute alegia.

7. Zeren eta inportanteena, ziurrenik, istorio guztien uztarketa-lana da, oso fina eta triangelu eskaleno batean datzana, zeinaren erpinak Imanolek, Maitek eta Oscarrek (eta haien arteko harremanek) osatzen baitute.

8. Bizpahiru detaile, niri oso maila literario handikoak iruditu zaizkidanak. Baga, Oscarrek Maite lokartuari egiten dizkion ustezko aitorpenei (adb. 10. atalean) nola ematen dien idazleak buelta, Argentinako diktadurapeko tortura eta desagertuen inguruko ikuspegi topiko bihur ez daitezen (15. atalean). Biga, nola egiten duen antzeko zerbait erabat sinestezina bihurtzeko zorian zegoen Imanolen eta Esti bere andrearen arteko sexu-eszenarekin (12. atalean). Higa, nahiko erraz “idealaren turista” baten (cfr. Ignacio Vidal-Folchen Turistas del ideal) prediku gogaikarria izan zitekeen diskurtsoa (lehenengo munduko kazetaritzaren eta, finean, literaturaren hutsaltasunari buruz) nola bihurtzen duen (literarioki) irensgarriago Oscarren ezpainetan ipintzearen metodo sinple bezain eraginkorra erabiliz (16. atalean). Laga, amaierako azkeneko enfrentamenduaren laburtasuna eta indarra, alferrikako txupestarik gabekoa eta irakurleari hausnarketarako lekua uzten dakiena: hau ez da, inondik ere, eta Angel Errok duela gutxi salatu bezala, idazleak irakurlea ergeltzat hartzen duen liburu horietako bat, “irakurlearengana hurbildu nahian (horixe baita azkenaldiko tema), haren gainetik kokatu eta gurasokeria nabarmenaz aritzen zaio(na), argumentuak birrin-birrin eginda, irakurleari kontrako eztarritik ezer joan ez dakion” (Mugalari, 2009-05-8).

9. Nobelan badago, gainera (eta ez dut uste hau meritu makalena duenik) gogoeta bat kontakizunaren gainean, kontatzearen betebeharren gainean; egiaren, errealitatearen eta fikzioaren mugen inguruan alegia (cfr., adibidez, 155 hh., nahiz eta nobela guztiaren gaia den, azken batean), eta baita kontatzearen ezintasunen inguruan ere. Alde horretatik, bitxia da nola Bilbao-New York-Bilbaok, aurtengo Kritik(o)aren Sariaren “finalera” iritsitako beste lanetako batek, kontaketaren mugak eta zailtasunak dituen hizpide, orobat eskuartean dugun nobelak bezala. Baina, alde horretatik, biak konparatuta, ez dago zalantzarik: bertan iradokitzen den teoriarekin koherenteena eta kontsekuenteena (eta, ondorioz, interesanteena) Zulo bat uretan da.

10. Elipsiaren erabilera neurrizkoa, hiztegiaren aukeraketa zorrotza, esaldiaren antolaketa milimetrikoa… guztiak dira Iñigo Aranbarriren prosaren ezaugarri ezagun, eta denbora galduko nuke hemen haien gainean luzatuko banintz; justifikatuta dago, alde horretatik, Joserra Garziak duela aste batzuk Argian egin zion laudorioa. Baina ez gaude, hala ere, poeta postbanguardistaren obra hermetiko baten aurrean, edo Emon bihar yako nobelaren esperimentalismo idorrarenean (Susa, 1994). Jauziek, hutsuneek eta flashbackek maiz apurtzen duten itxura eman arren, hari nagusiak nahiko modu linealean daude antolatuta, eta inolako zailtasunik gabe jarraituko ditu irakurleak.

11. Hala baita: gauza gutxik eskaintzen dute plazer gehiago munduan, adiskideari arrazoia ematea baino. Eta gutxi horietako bat da, zalantzarik gabe, adiskideari arrazoia kendu ahal izateak. Aurreikuspen guztien kontra, gustatu zaidalako liburua, zer demontre.

etiketak: Kritikak
Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2009/06/03 11:06

Aurreko eztabaidara itzuliz (eskerrik asko interbentzio guztiengatik), nik esango nuke bi motatako "zailtasunak" egon daitezkeela, "irakurle arruntarentzat" (esamoldea ez da nirea, Kirmen Uriberena baizik), euskal literaturako obretan (eta, jakina, baita beste edozein literaturatakoetan ere): zailtasun kulteranoak eta zailtasun kontzeptistak, baldin eta zilegi bada gai honetan Espainiako Barroko garaiko ildo zahar haien izendapenak erabiltzea. Zailtasun kulteranoak Beñatek eta, oro har, kontu honetaz aritzen diren gehienek azpimarratzen dituztenak lirateke: hiztegi zaila, sintaxi korapilatsua, hizkuntza maila oso jasoa… Baina badaude horietaz gain, nik uste, zailtasun kontzeptistak aurkezten dituzten liburuak, nolabait esateko, hizkuntza errazago batekin bateragarriak liratekeenak eta zer ikusi handiagoa izango luketenak testuaren erreferentzia literarioen mundu osoarekin, elipsiaren erabilerarekin, metaliteraturarako joerarekin… Zer esanik ez, hala zaitasun kulteranoak nola kontzeptistak ageri dituzten liburuen portzentaiak behera egin du hemengo eta kanpoko literaturetan, azken urteotan, edo inpresio hori daukat behintzat.

Baina hori ez zait bereziki larria iruditzen; nahiko normala da, are gehiago merkatuak gero eta sakonago menderatzen duen esparru batean. Larrixeagoa iruditzen zaidana, liburu errazen existentzia bera baino, (euskal) literatura errazago baten aldeko deien hazkundea da. Batez ere idazleok garenean dei horiek egiten ditugunak…

(Tira, irakurleek halako deiak egitea normalagoa da, noski, nahiz eta Albert Camus izan, bestalde, duela gutxi gogorarazi den bezala, esan zuena "Argi idazten baduzu irakurleak izango dituzu, ilun idazten baduzu iruzkintzaileak eta dizipuluak izango dituzu"…).

jokin muñoz
jokin muñoz dio:
2009/05/21 15:09

Zulo bat uretan nobela ona da, gaur egun nobela batek, kalitatezkoa izan dadin, behar omen dituen hiru I-en bermea duelako: Inteligentea, Interesgarria eta... Inteligiblea. Azken I honek, ordea, batik bat autorearen literatur ibilbidea ezagututa, euskarazko literaturan nagusitzen ari den joera kezkagarri baten berri ematen digu: gure literaturaren (hiper)demokratizazioa –gurean nahi ez duenak ere irakurri behar du, aizue–. Merkatuaren legeak gaiztoak dira, gero, eta irudi zait han eta hemen klaudikazioak –ttikiak batzuk, handiak bestetzuk- gertatzen ari direla –inor ez baita eskisito edota kultokoa izateko jaio–. Seinaleak han-hemen ikusten ditut: Anduren Ifrentzuetatik Zoaz infernura, laztana-rainoko bidea, adibidez; Aristiren Urregilearen orduetatik koadernotxoetarainokoa; edota Zabalaren Ahanzturaren artxipielagotik azken gogoetatxo bildumaraino… Koldo Izagirre da, agian, joera horrek zurrupatu ez duen bakarra. Numantinoena, inondik ere. Iñigo, hala ere, ez da sekulan prosaismoan eroriko, beste batzuek gardentasunaren, komunikagarritasunaren, xalotasunaren aitzakiatan egiten duten bezala. Beti esan izan dut, gainera, gure literaturaren errepublika honetan batzuek hizkuntza erabiltzen dugula idazteko –ahal duguna egiten dugula, alegia–, eta beste batzuek hizkuntza erabili baino, sortu egiten dutela idatzi ahala. Hiru baino ez dira hauek: Andu Lertxundi, Koldo izagirre eta Iñigo Aranbarri. Nobela ona da Iñigorena, Anduren Zoaz infernura, laztana den bezala. Baina biak ala biak joera baten erakusle dira: gure letren demokratizazioa.

oier gorosabel
oier gorosabel dio:
2009/05/20 17:28

Ba, laguna: neri aspaldittik etxatan hainbeste kostau liburu bat irakortzia. Ba daroiaraz igual lau hille berakin, eta amaittu ezin. Ona izango dok, bai: baiña engantxau, enok engantxatzen. Beti topatzen juat zeregiñ hoberik, liburu hau irakortzia baiño.

Iker Aizpurua
Iker Aizpurua dio:
2009/05/21 16:55

Nire ustez, liburu hau ez da edonorentzako modukoa; inteligiblea izango da, baina irakurketak eskatzen zidanak esfortzuak, niri ez zidan etekinik ematen, eta ez nuen bukatu. Beste era batera esanda: makina bat liburu on ditut apalean irakurtzeko, gozatu ezin dudan liburu batekin denbora galtzeko! Jokin Muñozi: demokratizazioaz ari zarela, gakoa zeuk eman duzu; kontua ez da gardentasuna eta komunikagarritasuna aitzakia izatea, kontua horiek helburu izatea da, batez ere bigarrena. Nire irakasle batek eskolan esaten zigun bezala, "idazle batek lan asko egin behar du irakurleak gero lan gutxiago egin dezan". Eta (hiper)demokratizazioa ez zait joera txarra iruditzen, euskal literaturaren alderik txarren hori baita (baitzen, zuk diozunez). Askotan zuek idazleek zeuentzako idazten duzuela baitirudi (baitzirudien), edo gehienez jota, filologiaren bat ,hiru master, eta idazketarako CCC ikastaroa eginda dituen norbaitentzat.

Juanjo Olasagarre
Juanjo Olasagarre dio:
2009/05/22 09:48

Nik, aldiz, beste nonbaitera eraman nahi nuke eztabaida. Nobela honetan, beste askotan bezala(ni ez nago salbu) maitasun istorio baten bukaera dago, eta beste maitasun istorio baten ezina, gogoratzen dudanaren arabera. Askotan, eta orain jada uzten dut Zulo bat uretan alde batera, maitasun istorio horiek inguruko errealitate sozialaren metonimia izan nahi dute. Zizekek aipatzen du(Jainkoa bezala leku guztietan agertzen da azken boladan)horixe dela Hollywoodeko zinemaren ezaugarrietako bat, hain zuzen, gatazka soziala beti ere bikote baten harremanen bidez agertaraztea. Galdera da zertan da bikote istorioa bikote istorioa bainoago? Uler dakidan beste adar bat ekarriko dut hona: sexu bereko jendearen arteko harremanak zibilizazioaren gainbeheraren isla moduan agertzen dira liburu asko eta askotan, eta ez prexiso eskuin kutsua duten liburuetan: The decline and fall of the Roman Empireko tesi nagusia horixe da: balore errepublikarren galeragatik suertatzen dela inperioaren gainbehera, besteak beste salokeria, sexu gehiegikeria eta abarrengatik. Zizekek berak(Jainkoa bezala nonahi dago) 300 filmari buruz egiten duen irakurketan halako zerbait ageri da pertsiarrak mendebaldearekin parekatzen dituenean. (Klaro nik nire buruari begiratzen diot zibilizazioaren gainbeheraren seinaleren baten bila) Laburbilduz gizarte burgesaren gainbehera bikote harremanen deuseztatze eta balore burges horien galera eta higatzearekin islatzeko joera dugula, ez bakarrik Euskal Literaturan, eta gutxitan, edo inoiz, ageri zaigu higatze hori bizitzeko beste modu batzuen sorrera bermatzen duen aukera moduan. Bikote harremanak egin zitzaizkidan nekezen Zulo bat uretan nobelan.

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2009/05/21 20:13

Nik uste Aranbarrik berak eta Jokinek esaten duten baino "ez-demokratikoagoa" dela liburu hau, eta neurri horretan, Oier eta Ikerrekin bat egiten dut; alegia, Emon bear yako bezain zaila ez da izango, baina ez dut uste di-da batean eta esfortzu handirik gabe irakurri daitekeen liburua denik. Beste kontu bat da hori bertutea denentz.

Hala ere, ez nago batere ados euskal literaturan entzun ohi den topiko horrekin, Ikerrek hemen errepikatzen duena. Jendeak etengabe errepikatzearen ondorioz topiko bilakatu da, baina azterketa azkar batek laster asko gezurtatzen du ideia hori. "Filologoentzako" literatura egiten dutenak kasu bakanak dira ezbairik gabe gurean (areago gaur egun). Ez da egia euskal idazleak idazleentzat idazten aritu direnik eta euskal literaturan kriptikotasuna eta muturreko abangoardia nagusitu denik. Ezta gutxiagorik ere! Ez naiz sartuko (luzerako joko luke eta) horrela edo bestela idatzi behar delako auzian, baina zuek uste duzue Bernardo Atxagaren, Harkaitz Canoren, Unai Elorriagaren, Jokin Muñozen, Xabier Montoiaren, Kirmen Uriberen, Iban Zalduaren, Joseba Sarrionandiaren eta abarren (uste dut ez ditudala bigarren mailako idazleak jarri) liburuak irakurtzeko filologoa edo doktorea izan behar denik? Benetan?

Hori horrela bada, jai daukagu, zalantzarik gabe.

Pruden
Pruden dio:
2009/06/06 17:25

Ez dut liburu hori irakurri. Oro har, ez dut liburu "kontzeptistak" maite (bai "kulteranoak"), baina Ibanen oharra oso interesgarria iruditzen bazait ere, uste dut gaia, betiko gaia, mozorrotu baino ez duela egiten.

Alegia, euskaldun izatea oso pisua, nekeza, astuna dela, besteak beste, euskaldunok arrotzak garelako gure herrian bertan. Gutxi gara eta sakabanatuta gaude. Hori dela-eta, edozein gauza egiten/idazten dugula, nahita edo nahigabe, beti ateratzen zaigu gure "egoera"-ren kontua. Hots, zerbait egin behar dugula "gure egoera" konpontzeko...

Oker ez banago, Platon izan zen literaturaren funtzio "hezitzaile"-arena argi eta garbi, paradigmatikoki, planteatu zuena: literaturak herria hezitzeko balio behar du (eta "poetak" kanpora). Guk, jakina, (gure adinekook behintzat) ez dugu horrelakorik ontzat hartzen, baina, aitor dut, ni neu ez naiz gai hortik ateratzeko: "euskal mutilak gaude herriaren alde" eta abar.

Zer egin? Gustatuko litzaidake Leninen helbide elektronikoa izatea, ea argibideren bat ematen didan. Neure kabuz ez dut aurkitzen. Dena den, hau ziur dela esan didate, Leninek maite zuen literatura bere ildo politikoaren antipodetan zegoena zen: Puxkin, poeta erromantiko eta aristokratikoaren arketipoa. Hots, artea artearentzat, eta ondora dadila mundua. Bada, zuek, euskal idazleok, berdin: eta ondora dadila Euskal Herria.

Iker Aizpurua
Iker Aizpurua dio:
2009/05/22 01:28

Aupa Beñat, nik ez dut hori esan, edo behintzat ez nuen hori esan nahi.Topiko hori txiste bat baino ez zen (CCCren kontuarekin argi geratuko zelakoan nengoen). Izan ere, erraza da topikoetan erortzea... Euskal literaturan liburu asko dira erraz irakurtzen direnak,akabo bada, eta gero eta gehiago. Joera hori da Jokinek kritikatu duena, eta nik joera hori ez zaidala txarra iruditzen esan dut, asko baitira oraindik irakurtzeko nekezak diren euskal liburuak, arazoa jendearena noski :-), onak edo txarrak hori beste kontu bat da. Hori bai, erraz irakurtzen diren liburuak txarrak direnik ere ezin da esan, eta horren adibide zuk aipaturik idazle horien zenbait liburu.Ondo izan!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44