Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zertarako balio duen (eta zertarako ez) euskal kritikak

Zertarako balio duen (eta zertarako ez) euskal kritikak

Ibon Egaña 2010/10/13 09:24
Joan den ostegunean, urriaren 7an eta Gasteizko Irakurle Klubaren ikasturte berriari hasiera emateko mahaingurua egin zen Hikaateneoan, “Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak?” izenburupean. Mikel Ayerbe aritu zen moderatzaile eta Gorka Bereziartua, Ibon Egaña, Manu Lopez Gaseni eta Mari Jose Olaziregi hizlari. Mahainguruari ekiteko bost-hamar minutuko hitzalditxo bana egin zuten lau partaideek. Argia-n irakur daiteke Gorka Bereziartuarena; hona ekarri dugu Ibon Egañarena, non (euskal) literatur kritikak zertarako balio duen eta zertarako balio ez duen zerrendatzen den. Kurtso berriak Volgako batelari pasiboenak ere aktibatu dituela dirudi.

Kritikaria eta lagun idazlea
Kritikaria eta lagun idazlea (edo viceversa?)

Tesia: literatur kritikak ez du ezertarako balio  

-Has gaitezen apokaliptiko: literatur kritikak ez du balio ezertarako. Poesiak edo antzerkiak ezertarako balio ez duten neurri berean. Gehitu nezakeen nobelak ere ez duela ezertarako balio, baina nobela gutxienez saldu egiten da, eta BPGari apur bat bada ere hazten laguntzea bada zerbait. Antropologiak eta artearen historiak ezertarako balio ez duten neurri berean, kritika ere alferrikakoa da. Galdera litzateke, beraz, zergatik ez diren mahainguru gehiago egiten “balio al du ezertarako poesiak?” bezalako goiburuekin (eta hor poesiaren lekuan ingeniaritza eta medikuntza ez beste edozein diziplina jarrita luza daiteke kontua eta mahainguru-sorta).

-Izan ere, ezin du ezertarako balio izan kritikak, inork ez duelako benetan sinesten ezertarako balio dezakeenik: ez kritikook, ez hedabideek, eta are gutxiago idazleek. Kritikook gutxiagotasun konplexuz eta legitimitate-faltaz jantzita gabiltza mundutik, idazle frustratuak ez garela etengabe gure buruari demostratu nahian bezala; urgentea da Angel Errok proposatu zuen bezala Kritikoen Harrotasun egun nazioarteko edo gutxienez nazional edo autonomiko bat antolatzea urtero, karroza, desfile eta guzti. Hedabideek ere ez dut uste oso garbi dutenik zertarako nahi dituzten kritikak (aski agerian geratzen da hori arrisku minimo bat ikusten duten bakoitzean hartu ohi dituzten jarrera ausartetan); idazleen gehiengo zabala ere ez dago prest kritika autonomo bat onartzeko (eta bai kritika eta kritikaria laudatu/saritu/egurtzeko, subliminalki edo modu agerikoagoan).  

-Terrenalago jarrita, kritikak ez du balio aberasteko, salbu eta kritika ez bada Vocento edo Prisa bezalako taldeen medioetan argitaratua. Gainerakoan, militantzia puska bat eskatzen du oraindik ere kritikan aritzeak, gaztetasuna, protagonismo-nahi pixka bat eta ausardia, hartutako lanaren eta jasotako ordainaren artean alde handi xamarra baitago oraindik ere.  

-Euskal kritikak ez du balio salmentetan eta liburuen irakurle-kopuruetan eragiteko. Liburu salduenen zerrendak hartu eta horiek jasotako kritikak konparatzea besterik ez dago; edo kritika onenak izan dituzten liburuak eta haietako askok izandako oihartzun halamoduzkoa.

-Kritikak ez du balio idazleen presentzia mediatikoa baldintzatzeko. Eta kontuan izanik gaur egun horixe dela sozialki idazle baten existentzia edo inexistentzia ebatz dezakeena, ez du balio idazle bati idazle kategoria eman ala ukatzeko.

-Ildo berean, ez du balio kultuzkotzat ditugun idazle ezezagunei plaza emateko, ezta garaikidetasun hutsetik haratago, ahazturan leudekeen liburu eta egileak erreskatatzeko ere.

-Kritikak ez du balio lagunak egiteko eta lasai bizitzeko. Prentsako kritikan aritu denak badaki ebento eta sarao literarioetara urduriago joaten dela bat lehen kritika egurkoia argitaratu duen unetik aurrera eta begiradak interpretatzen ematen duela soiréeak irauten duen denbora.  

-Kritika akademikoak, bestalde, ez du balio euskal literaturaren inguruko eztabaidak, gogoeta kritikoak eta interpretazioak plazaratzeko unibertsitateko zirkulu endogamikoetatik haratago eta, gehienetan, ezta zirkulu endogamikoaren baitan ere.

 

Antitesia: zertarako balio duen kritikak

-Mundu ideal batean, eta Heidi xamar jarrita, esango nuke baietz, kritikak balio duela, edo balio behar lukeela, gutxienez bi gauzatarako: kritika akademikoaren kasuan, literatur fenomeno, gertakari, obra, garai, joera, korronte eta abarren interpretazio arrazoitu bat eskaintzeko (ezen ez horien gaineko epairik emateko); kritika periodistikoak, aldiz, balio behar luke irakurleari merkatuak eskaintzen dionaren artean galbahea egiten laguntzeko, eta merkatuak ezartzen dituen gustu eta irizpideen aurrean erantzun kritiko bat emateko.

“Balio behar luke”, beraz. Ez “balio du”.

Gaur egungo euskal literatur kritikak “balio du”:

-Balio du kritiko gazteok (eta noizbait gazteago izan ginenok) gauetik goizera literaturan aditu bihurtzeko, edozein genero eta diziplinatan (berdin deituko dizute erotismoaz, haur literaturaz edo nobela beltzaz hitz egiteko; guztietan zara aditu) . Horretarako, lagungarria edo ezinbestekoa da kritikak Berria egunkarian argitaratzea.

-Balio du kritiko gazteak izen pixka bat egin dezan literaturaren mundutxoan; bide horretan, beti da lagungarri eta oso gomendagarri behi sakraturen bati egurra suelto ematea (eman dezagun, B. Atxaga, K. Uribe, J. Sarrionandia, K.Izagirre… OHARRA: horiek dagoeneko “eginda” daudenez, beste batzuk bilatu beharko ditu kritiko gazteak). Hortik lortuko du kritikariak bere hamabost minutuko fama eta une loriatsua, besarkadak eta biba hunkituak kalean. Edonola ere, jakin behar du kritiko gazteak, loria-une eta fama horrek ez dituela inoiz euskal literaturzaleen ghettoaren mugak gaindituko.   

-Egunkarientzat, kritikak balio du zenbaitetan orrialdeak betetzeko. Ikusi besterik ez dago ze casting gogorrak egin behar izan ditugun kritiko “gazteotako” askok egunkarietan idazten hasteko. Pentsatzen dut analista politiko izateko galbaheren bat jarriko dutela egunkarietan, politikan interes pixka bat izatea ez dela aski analista bihurtzeko; aldiz,  horixe bera, interes minimo bat eta gogoa, aski da maiz literatur kritiko bihurtzeko.

-Kritikak balio du, kasu batzuetan, kritikariak bere bikote-harremanak kontatzeko espazioa izan dezan, bere maitale ohiei mezu enkriptatu (eta ez hain enkriptatuak) bidaltzeko; bere azkenaldiko harrikadari bide emateko; idazle lagunei mesedeak itzultzeko; liburua argitaratu dion argitaletxeari egindako mesedeak itzultzeko; kritikoak gorroto duen argitaletxea ikusezin bihurtzeko, eta abar.

-Balio du, halaber, kritika akademiko eta unibertsitarioak izan dezan non bazka. Azken urteetako doktorego-tesi eta lan unibertsitario zenbait irakurtzea (tira, gainbegiratzea) aski da ohartzeko kritika akademikoaren iturrietako bat (eta ez ahulena) dela eskuarki mespretxatzen duen eta bigarren mailakotzat duen prentsako kritika. Hain katastrofikoa, desastrosoa eta amateurra den kritika hori bera duela askotan abiapuntu, alegia.

-Balio du, baita ere, literaturaren inguruan eta literaturatik bizi den jendeak (kultur kazetariak, literatura eta euskara irakasleak, edo unibertsitateko ikasleak) obra eta egileen inguruko informazioa eta interpretazioak jasotzeko. Horren adibide litzateke azken urteetan zenbait mediotan ohitura bihurtu den joera, hots, literatur sari baten berri ematerakoan, delako obrak prentsan jasotako kritiken errepasotxoa egitea. Finean, gutxi, halamoduz, profesionaltasunik gabe eta nahi den bezala egina izanagatik, literaturaren inguruan gizarteratzen den diskurtso bakarretakoa da prentsako kritikarena, eta bere hartzaile “naturaletatik” harantzago (hots, egunkarian argitaratzen den unean bertan kritika irakurtzen duen prentsa-irakurlea baino harantzago) iristen den bakarretakoa.  

-Kritika akademikoak balio du, bestalde, Europan zehar, eta suerte pixka batekin, munduan zehar bidaiatzeko. Lerro hauek sinatzen dituena, besteak beste, Paris, Argentina eta Estoniara eraman du kritika akademikoak.

-Horrez gain, eta hau ere suerte pixka batekin, balio du kanpoko zirkuitu eta eztabaida akademikoetan euskaldunek tokitxo bat izateko eta euskal literaturaren berri kanpoan zabaltzeko.

-Oroz gain, literatur kritikak balio du euskal literatura existitzen dela geure buruari demostratzeko; literatura nazional bat dugula, eta nazioa garela edo proiektu kultural nazional bat dugula erreafirmatzeko (bestela ez baita ulertzen zergatik duen halako pisua inork zertarako den esaten ez dakien zerbaitek).

Sintesia

Kontuan harturik “zertarako balio du?” zerrendan erantzun gehiago pilatu zaizkigula eta balantza baiezkorantz makurtu dela (eta, batez ere, norbere burua justifikatu beharra dagoela) literatur kritika erabat baliogarria esatea besterik ez zaigu geratzen.

 

Mikel Ayerbe
Mikel Ayerbe dio:
2010/10/14 18:26

Bai, artikulu hau ere autofikzioaren uhin berriak kutsatuta dator. Hein batean, aurreko osteguneko mahai-inguruan Moderatzaile izan zen Kritikari “petoa” erretxindu egin baita berari baimenik eskatu gabe bat-batean filtrazioak egon direlako gutxienez bi lekutan, eta hain ongi bete ez dakit, baina berak hainbeste sinistu duen agintariñeren rola bertan behera gelditu delako. Are okerrago, ordea, filtrazio hauek bidez bertan irakurritakoak azalera ateratzeak jadanik Kritiko Moderatzailea (KM) edo Moderatzaile Kritikoa (MK) prestatzen ari zen testua abortatzera behartu dutelako.

Izan ere, ostiral goizean goiz esnatu zen MK ere. Goizegi beretzat, garai batean ordu horretan esnatzea ez zitzaiolako burutik pasa ere egingo. Eta ostegunean ez zen goiz oheratu, ezta zuzenegi ere. Goizeko 6:30etan komunera altxatu zen, printzipioz pixagura zuelako, baina gero ezin izan zuen berriro loak hartu, sarriegitan bezala, haizeak edo goizak eramaten dituen kritikak, proiektuak, artikuluak, nobelak eta hitzak irudimenez idazten. Ohean buelta batzuk eman, Cat Powerren Are You Free diskoko edo bi bozgorailuetara enpalmatuta duen mp3ko musikarekin saiatu, jazotako gertakari eta balizkoei bira gehiago eman, eta musika isildu denean altxatu egin zen. Egongelako sofan etzan eta Ur Apalategiren Fizkioaren izterrak liburua irakurtzen jarraitzeari ekin zion. Orduan hiru narrazio bakarrik zituen irakurriak, baina asko gustatzen ari zitzaion ipuin liburua. “Bernardo et Ramon” ipuina bereziki. Lehenengo eta luzeena den ipuinari ekin zion ostiralean, apur bat bohemio edo gaupasero sentituz egiten ari zenarekin. Zerbait erreko lukeela ere pentsatu zuen, baina bi urte dira erretzeari utzi zionetik. Dena erretzeari utzi zionetik. Fikzioan barneratzeari ekin zion, baina zaila egin zitzaion, ostegun buruzuriko oroitzapen hurbilegiek antzaldatzen zutelako. Jarraian bertan egon ziren entzule, lagun, ez hain lagun eta abarren ahotsen oihartzuna entzuten hasi zen, mahai-ingurua amaitu ondoren denek zutelako esateko zerbait, eta entzuleekin izaniko feedbacka dolby sorroundean entzutea iruditu zitzaion. Ahotsak uxatzeko, altxatu eta egongelako musika aparailuan CD bat jartzea pentsatu zuen, tokatako orratza apurtu zenetik inor ez delako arduratu berri bat lortzeaz edo erosteaz. Antza ez da hain erraza. Musika aukeratzeko alferregi, norbaitek aurrez barruan utzitakoa jarri zuen. Xabier Montoiaren Lagunak, adiskideak… …eta beste hainbat etsai. Nahita ere ezin berak egokiagorik aukeratu egoera zelofanez biribiltzeko. Seigarren abestia aukeratu eta “Gazte sasoia joan” jotzen hasi zen Montoia eta azken aldiko adin krisitxoaz pixka bat hausnartu zuen bide batez. Pixka bat bakarrik. Bakarrik, pixka bat. Bakarrik. Nahiago izan baitzuen balizko mutilagun, lagun, lankide eta etsai zehatzez gogoeta egitea. Berriro ipuinean sartzen saiatu zen jarraian. Esaldi batzuk lapidario gisa erabiltzeko modukoak begitandu zitzaizkion, beste batzuetan narratzailea bera lapidatzen ari zela ere sentitu zuen -horraino iristen da MK-ren zilbortxoa- eta ondorio gisa, liburu hori are gehiago aholkatu eta irakurrarazi behar duela erabaki zuen, oraindik osoki irakurri ez badu ere. Hori dute alde ipuinek. Hori ere bai. Baina bat-batean, ipuin liburua albo batera bota eta ordenagailua piztu ondoren, osteguneko mahai-inguruan lagun argazkilariari afizionatu bezain hasiberriari aterarazi zizkion irudiak manipulatzen hasi zen, begietako gorriak kentzen nagusiki. Bitartean, idazten hasi da. Gogoangarria izan baitzen astebarruko mahai-ingurukoa, horren gainean inork inola inoiz inon hitzik ez idazteko behintzat.

Han geunden. Ni eta besteak. Besteak eta ni. Jende andana bildu zen. Lekua, ordua eta gaia ikusita, inork espero baino gehiago. Kritikagintza genuen hizpide. “Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak?” zen lema. Amua. Aitzakia, gogor fama duen Gasteizko Irakurle Klubaren 9. Ikasturteko aurkezpen ekitaldia eta irakurgaien zerrenda banatuko zela bertan. Bertako koordinatzailearen asmoa izan zen mahai-inguruarena. Berak gonbidatu zuen KM eta baita, K2, K3, K4 eta K5 ere. Baina nola K4-k eta K5-k ezin zuten etorri, K6 eta K7-ri luzatu zien gonbidapena. K6-k gonbita onartu zuen baina K7-ren ukoaren ondotik, K8 izan zen azken fitxajea.

KM edo MK-k zalantza egin zuen zenbakiak zein ordenetan idatzi, ordenatuta edo desordenatuta, jakinik erabilitako ordena erabat aleatorioa-edo antzeko zerbait zela. Baita idazlanari eman beharreko tonuaz ere. Badaezpada, zenbakiak ordenez aldatzen ere ibili zen, baina nahaspilatuegia iruditu zitzaion. Geroago ere, izango zuen astia mahai-inguruan esandakoak eta esan ez zirenak inork ez antzemateko moduan zenbaki ezberdinetako K-ei ezartzeko. Amaierarako prestatu bai baina zeharka bakarrik aipatu ziren gaien inguruan ere luze aritzekoa asmoa zuen, demagun “Kritikaria norbait molestatzen hasten denean bihurtzen da benetako Kritikari? Hau da, kritikari batek zeresana edo deserosotasuna sortu behar du?” edo “Zein da kritikariaren rola euskal sistema literarioaren baitan? Nolako harremanak izan behar ditu kritikari batek idazle, editore, kritikari eta sistemako beste eragileekin?”. Horrelako kontuak eta mahai-inguruan esan zirenak testuan txertatu nahi zituen, bere garaian K2-k “Klixearen kontra (baina pixka bat alde)” eginikoaren ildotik autofizkioarekin jolastuz etc. etc.

Goizeko ordu horietarako nahikoa zela ebatzita, baina bereziki eskola ematera joan behar zuelako, ohartxo batzuk erantsi eta bere horretan utzi zuen idazten hasitakoa.

***

Dakizuenez, aurrena Gorka Bereziartuak eta ondoren Ibon Egañak, biek eman dute argitara ostegunerako prestatu zuten ekarpen idatzia eta beraz, nire balizko testua horretan gelditu da, kritikari gazte batzuen eiakulazio testual goiztiarra medio. Izan ere, 2 K bakarrik gelditzen baitzaizkit mahai-inguruan esan zituztenen berri emateko baina horrek, jada, ez du graziarik.

Bide batez, MK ohartu da testu luze hau horrela argitaratuta mahai-inguruaz deus gutxi esan eta bestelako auto-autofikzioa gailentzen dela, beharrezko exhibizionismo erakusketa eta guzti. Baina dakizuenez, idatzitako zerbait zakarrontzira bota aurretik, edozer...

Esan bezala, erretxinduta nago, baina tira, hori ere ez da berria.

imanol mercero
imanol mercero dio:
2010/10/20 20:33

Nekagarria egiten zait literatur-kritikaren inguruan egoten den negarti giroa. Kritikak liburuak ezagutzeko balio du, eta hein batean idazleen obra ezagutzeko ere bai. Kito. Ez buelta gehiago eman. Kritikari batek ezin duela idazle bat aldarera igo? Ba hobe horrela. Ezin duela beste idazle bat sufrezko zulora bidali? hori editoreen lana da, egin dezatela eurek! Kritikariak bere esparrua du eta bere ahalmena: komunikabideetako kritikan diharduenean jendearen jakin-min literarioan iritzi-bideak (irizpideak!) urratzen ditu. Kritika akademikoan, bestalde, literatur-kritika zientziaren ikerketa sistemaren atal bat da, literatura errealitate komunikatibo, sozial eta artistikoa dela-eta ikertzen dena. Ezin da kritika lana gutxietsi edo alboratu kritikari txarrak (ere) existitzen direlako. Jakina kritikari txarrak daudela, baina onak ere bai!, edozein lanbidetan bezala gertatzen da hemen ere. Beraz, negar egiteari utzi eta kritika txukunak egin.

Odola berotzen didazue, negartiok!

Beñat
Beñat dio:
2010/10/13 23:38

Amen

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2010/10/14 17:28

Hementxe Gorka Bereziartuak Argia-n argitaratutako testua, “Balio al du ezertarako (euskal) literatur kritikak?”

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2010/10/13 14:14

Eta zertarako balio du Volgako Batelari izateak? Iban Zaldua bezala idazten bukatzeko?

Pruden
Pruden dio:
2010/10/13 22:23

Prentsan idazteak balio du, besteak beste, zuzentzaile bat izateko ergatiboa tokatzen denean ergatiboa ipintzeko. Volgako Batelarietan, aldiz, norberak egin beharreko lana da.

Lasai, denoi (gehienoi) gertatzen zaigu noizean behin. Ez gertatzeko, idatzi ondoren idatzitakoa berrirakurtzea da teknika erraz bat. Ahaztutako ergatiboarekin batera zakarkeriak leuntzeko aukera ere ematen du, bestalde.

Iker Aizpurua
Iker Aizpurua dio:
2010/10/20 20:31

Niri euskal literatur kritikak ez dit balio liburu bat aukeratzeko. Idazlearekiko filiak eta fobiak nabarmen antzematen dira eta horrek liburuaz arrazoitutako analisi eta iritzia zuzen ematea galarazten du. Baditu beste erabilera batzuk ordea; adibidez, polemika piztu, polemikariak ezagutzera eraman eta zein onak garen edo nik zuk baino handiago dut esatea eta horrela gainerakooi momentu barregarri batzuk pasaraztea; hau da, "La noria" bat sortzea, baina sasikoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44