Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zaborra

Zaborra

Uxue Apaolaza & Gorka Bereziartua 2011/01/14 11:54
Uxue Apaolazak eta Gorka Bereziartuak ipuin bat idatzi zuten, lau eskutara, Hernaniko aldizkari batentzako; azkeneko uneko arazoengatik ezin izan zuten bertan kaleratu eta, hori dela eta, Volgako Batelariak-en ateratzeko proposatu digute (eta guk pozik onartu). Ikusiko duzuenez, gaurkotasun handiko dokumentu filosofiko-politiko-antropologikoa da, eta horrek animatu gaitu fikziozko sorkuntza lanak ez argitaratzeko gure araua haustera. Tira, horrek, eta gogoak ematen digula, noski. Irakurketa on!

 

wheels

Giltza atean sartu orduko hasten zaizkio neuronak itzali nahian, ez daki nola, pentsatu gabe zortzi orduz lan egin ondoren, burua bera da deskantsatu nahi duena, besoek, oinek... baino gehiago. Bi zerbeza ateratzen ditu hozkailutik eta patata frijitu paketea Mireni itxaroteko –alaba piano klaseak hartzen ari da eta beranduago azalduko da– zeina hamabost bat minutura iristen baiten eta jartzen duen burua Asierrenaren kontra, eta hala, burua buruaren ondoan geratzen dira, txin-txin, batak besteari isilean desio onak pasako balizkiote bezala.

   –Atzo zabor organikoa aterako zenuela hitz eman zenuen, aditzen duzu etxe osora hedatu den kiratsa? Jasangaitza da.

   –Ez da hainbesterako, ni ez naiz usainaz ohartu ere egin.

   –Eta iruditzen zaizu datorren astera arte pasako duzula usainaz ohartu gabe?.

   –Zure ahizpak konposta etxean egiten du, eraman dezakegu hara.

   –Hori erakutsi nahi diozu alabari? Gure zaborraren kudeaketaren arduradun izan behar dugu, eta hala agertu, arduragabekeria ez da hezitzaileegia, gaur berari dagokio papera ateratzea eta zilegitasun morala galdu duzu egin dezan eskatzeko.

Asier isilik geratu da, ea gaia pasatzen den, momentuz behintzat, afaldu arte.

   –Ez duzu ezer esan behar?

   –Ez zait hainbesterako iruditzen.

   –A ez?

   –Ez, dudarik gabe ez.

   –Zuri ezer ez zaizu hainbesterako iruditzen.

   –Kontrakoa ilusoa izatea litzateke.

   –Ilusoa naizela uste duzu erraustegi bat jartzea eragotz dezakegula uste dudalako?.

   –«Dezakegu» horrek besteon adostasuna eskatzen du ez? Ba ni ez nago ados, eta beharturik nago ekologista izan gaitezkeela antzeztera.

Asierrek badaki bide horretatik gaizki doala, eztabaida luzatzen baizik ez dela ari, baina bat batean ez zaio desatsegin oihu egiteko koartada bat izatea.

   –Egunean zortzi ordu pasatzen dut beste ez dakit noren aberastasuna bermatzen, etxera iritsi eta nire zaborra gestionatzen jarri behar naiz beste inork lasai produzitzen jarrai dezan, eta are, nire zaborraren gestioarekin BPGari bultzada emanez, aktibitate honek ere produkzioa esan nahi baitu, ohartu ez bazarete ere.

   –Zarete nor?

   –Iraultzazale «ezkertiar» abertzaleak.

   –Ezker abertzalekoak esan nahi duzu.

   –Tira, bale.

   –Hori da dena orduan, ezker abertzaleak proposamen bat egiten du eta kontra jartzen zara, ez dago ezker abertzalearen kontraesanak ateratzea baino gehiago gustatzen zaizuenik.

   –Zaizuenik nori?

   –Beste guztiei.

Buruak banandurik daude, ez dago batak besteari pasatzeko desio onik. Alaba iristen da orduotan asteazkenetan, pianotik, motxila botatzen du pasilloan, “hola” oihukatu eta joaten da egongelara.

   –Ez diozu alabari erakutsi nahi planeta denona dela?

   –Ez zen erraustegiaren kontrako zera bat? Orain planetaren alde da.

   –Batak ez du bestea kentzen.

   –Planeta susmoa dut ez dela enteratu ere egingo. Eta planeta denona dela ez dakit nondik atera duzun, planeta oso gutxirena da. Disneyren izpirituak hartuta zabiltzatela ematen du.

   –Erantzun biktimista horiekin dena konpontzen duzu. Zortzi orduz lan egin eta zerri bat izateko eskubidea irabazi bazenu bezala.

   –Zerria ni? Zer gertatzen zaizue higienearekin, garbitasunarekin…

   –Gaitik ateratzen ari zara. Zabor organikoa ateratzea ahaztu zaizu, eta egingo zenuela esan zenidan.

   –Pobreak beti gara zikinak.

   –Pobreak? Anda ya.

Zutik zeuden biak, gero eta ozenago hitz egin gorputzak ere espazioa behar balu bezala, kolpeak aurreikusteko espazioa, besoek espantuka argumentua azpimarratu ahal izan dezaten.

   –Hartu papera eta jeitsi gaur zuk, ez ateratzea hainbesterako ez bada, ateratzea ere ez, eta ez diot alabari eskatuko egin dezan, gurasoak eredua emateko prest ez bagaude.

   –A tomar por culo.

Eta alabari egongelaraino iritsi zaizkio oihu konplexurik gabeak, eztarria urratzen dizutenetakoak; burua sartu du sukaldeko atetik aitak paperezko poltsa paperez betea leihotik behera jaurti duen momentuan. Isil zitezela eskatzera zihoan, hirurak mututu dira kotxe baten frenazoa entzun dutenean, eta kotxeko atea irekiz, eta irainak, oihu konplexurik gabeak oraingoan ere. Lan gogorra izango du gidariak ere, zeinak sortzen dion frustrazioa oihuka askatzen ari den.

Asier leihora hurbiltzen hasi da baina Mirenek besotik heldu dio, eta hatza ahoan jarriz isiltzeko eskatu, pixkanaka zangoak plegatzen joan zaizkie pixari eusteko egiten dugun eran, sorbaldak gora-behera hasi zaizkie nekeak akuilatutako algaren konpasera, malkoak begi hertzean, amaitu dute afal aurreko tartea, tentsioak leihotik behera jaurtirik, barrez lehertu beharrean.

Kotxea berriz martxan jarri dela entzun dutenean nerbioak baretu eta salarantz abiatu dira partidua amaitu denaren sentsazioz, bakoitzak bere buruari jokaldia indulgentziaz barkatuz. Asierrek badaki gaur Barçak jokatzen duela, baina oreka berreskuratu berriaren mesedetan Mireni utzi dio katea aukeratzen. Cuatro. Anatomía de Grey. Alabak ere gustura ikusten duela iruditzen zaio Asierri; berari ez diote grazia handirik egiten hormonak kontroletik kanpo dauzkaten mediku egoiliarren gorabeherek, eta egia esateko, pixka bat harritzen du alaba hain adi begira ikusita. Identifikatuta sentitzen ote da? Tira, dagoeneko 12 urte ditu –edo 13? Ostia, 2010-12=1998. Bai, urte hartan jaio zen, 12 beraz–, hasi da hasi da beraiekin arroparen funtzioaz eztabaidatzen, ia sanitarioa gurasoentzat, publizitarioa alabarentzat, eta azkenaldian ez du garai bateko lata ematen Disney Channel jartzeko eta jartzeko.

Adin konplikatuan sartzen ari dela pentsatu du Asierrek eta bai, Mirenek arrazoi du, momentu honetan eredugarri izan beharko lukete guraso moduan. Hemendik aurrera, lehengoa bezalako eztabaidak oso kaltegarriak izan daitezke umearen heziketarako. Eta horregatik, Meredith Gray enegarrenez Derek Shepherd-ekin eztabaidatzen hasi den momentuan, pentsatu du zaborrari buruzko eztabaida behingoz kitatzeko zer egin dezakeen, bide batez Mirenen aurrean pertsona iniziatibadun agertuko duen ekintza daitekeena, heroiko izatera iritsi gabe Homer marmartiaren iruditik apur batez libratuko zuena.

   –Bueno, eta orain lotara –esan dio alabari Mirenek kapitulua, ohiko moduan, bukaerako gogoeta pseudo-filosofikoarekin amaitu denean.

Alabak erresistentzia ariketa txikia egin du baina ez da nahikoa izan ama plegatzeko. Ez dizkio bi asalto ere agoantatu. Eta atzera sofan, burua buruaren kontra txin-txin, Asierrek bere plana esplikatzeko momentu egokia ikusi du.

   –Zera... arrazoi duzu: organikoak kriston kiratsa botatzen du.

   –Ez hasi kontu horrekin orain.

   –Ez Miren, egia da, lehen arrazoia zenuen eta kontra egin dizut, barkatu.

   –Bueno, ez dio inporta, bale?

   –Bai, baina era berean erremedio handirik ez du dagoeneko, eta ezin egongo gara ustel usain honekin bihar gauera arte.

   –Eta zer nahi duzu egitea.

   –Oraintxe di-da batean hartu eta eramatea.

   –Asier, esan dizut, ez zait bidea iruditzen gure alaba...

   –Baietz, maitea, arrazoi duzula. Hemendik aurrera finago ibiliko naiz horrekin, baina gaurkoz utzidazu gauzak nire modura egiten. Total, honezkero lotan egongo da eta ojos que no ven...

   –Ya, baina ordu hauetan ez naiz hasiko ahizpari deika konpostadoraren kontu batekin...

   –Ez, ez neukan hori buruan. Zera egingo nuke...

Gaueko 12ak paseak dira Asierrek eta Mirenek, pijamaren gainetik berokia jantzi, poltsa beltz handia hartu eta garajerako bidea hartu dutenean. Bien artean ere nekez garraiatu dezakete karga.

   –Eta Udalak kubotxo marroi horrekin moldatzeko esaten du, hay que joderse!

   –Ez hasi Udala gora eta behera. Eta gainera, ixo! Zer nahi duzu, bizilagunen batek entzun eta bloke osoaren aurrean barregarri geratu? Bestela ere nahikoa ariko da bigarreneko atsoa eta...

   –Eta zinegotziaren aita, atez atekako usna praktikatzen duena, birziklatzen ez duenak pertsonalki irainduko balu bezala.

Izerditan daude autoaren ondora iritsi direnerako. Maleteroa ireki bezain laster sartu zaie duda.

   –Zuk uste kabituko dela?

   –Jakiteko modu bakarra dago.

Eta bultza zuk hemendik eta bultza nik handik, ea gainean eserita, horrela ez, kendu, utzi niri, ea biok batera salto eginda bat, bi eta hiru! Klak. Opel Corsa zuriaren ipurdia inoiz ez bezalako pisuak hartuta dago, baina lortu dute. Asierrek irribarre egin du. Muxu txikia eman dio Mireni; gero, zapladatxoa ipurdian:

   –Benga, goazen; ea azkar bukatzen dugun kontu honekin.

Ez dabil inor kalean. Atzietan behera, Zinko-Enea eta Asierrek ez du aurrenekoan eskuinera hartu.

   –Uste nuen Astigarragan botako genuela...

   –Ez, hobe da hara ez joatea.

   –Zer ba?

   –Ez al zara gogoratzen Jaionek eta Leirek han hartu zutela pisua.

   –Egia.

   –Ba hori, badaezpada hobe hara ez joatea.

Antziola okindegiaren ondotik pasa eta gorri dago semaforoa.

   –Eta orduan? Donostiara?

Asierrek ezetz buruarekin.

   –Usurbil?

   –Hotz-hotz... Han ere atez-ate biltzen dute.

   –Mmmm... Ba...

Semaforoa berde. Asierrek lehenengo martxa sartzearekin batera bukatu du jolasa.

   –Lasarte. Perfektua da: gertu dago eta ez da inor ezagunik bizi han.

Auzune berria ziztuan gurutzatu dute Cuesta de la Muerterantz. Asierrek irratia piztu du eta bolumena igo. The Clashen diskografia errepasatzen ari dira Radio 3eko programa batean. White rioten erritmoa markatu nahi du bolantean hatzekin, baina ez zaio ondoegi ateratzen. Mireni beti iruditu zaio barregarria Asierren erritmo falta. Gaztetan tabernaren batean dantzan hasten zenean geratzeko eskatzen zion auzo-lotsaz. Eta 40 urteetara hurbiltzen ari den honetan, kontua okerrera doala pentsatu du, irribarrez.

Umore ona izu bihurtu da, ordea, Galarretako errotonda baino lehenago, leherketarekin. Mirenek ez daki oso ondo nola izan den: eztanda, dardara oinen azpian, Asierrek “kauenlaputa!”, freno-soinua eta kotxea mantso-mantso errepide ondoko espaloiaren kontra joz.

   –Atzeko gurpil bat lehertu da –dio Asierrek, kotxetik atera, dena begiratu eta automobila gainontzean ondo dagoela konprobatu ondoren- Joder, ederra egin dugu.

Police on my back hasi da irratian.

   –Eta ezin dugu horrela joan Lasarteraino? –galdetu du Mirenek.

   –Zu erotuta zaude. Ez naiz zaborraren kontu honengatik karneteko puntuak galtzera arriskatuko.

   –Ba zerbait pentsatu beharko dugu, ezta?

   –Begira, errazena, poltsa hemen inguruan botatzea, belar artera, eta gero gruari deitzea.

Baina horri ekin aurretik azaldu da Ertzainen patruila kotxe bat ondoan. Bi agente atera dira eta iluna dagoen arren, Mirenek berehala ezagutu du Josu.

Institutuan Asierrekin ibili zen eta lagun handiak ziren, baina gero, Mirenekin hasi zenez geroztik, harremana epeldu egin zen. Lagun izaten jarraitzen dute, halere. Nahiz eta Josuk ez duen Miren oso begiko. Nahiz eta Mirenek “zure lagun zipaioa” esapidea erabiltzen duen Josuri buruz hitz egin behar duen bakoitzean.

Linterna eskuan hurbiltzen ari da kotxera. Irratiak, bolumen altu samarrean, kantatzen du:

Could you help me?
Police on my back

They will catch me
if I dare drop back

Wont you give me
all the speed I lack


   –Zer, pintxazoa? –galdetu dio gidariaren atea irekita kotxe ondoan zutik dagoen Asierri.

   –Bai… Zera guk… –ez daki nondik heldu kontuari. Ez dio lagundu ikusteak Miren autoan sartu dela berriro, Josurekin hitz erdi bat ere ez gurutzatzeko. Eta gainera Asierren piura dago: pijama soinean, zaila da esplikatzen astegun gau batean nora eta zertarako abiatu zaren kotxez.

Josuk, dena dela, ez du galderarik egin.

   –Ea, lagunduko dizuet...

   –Lasai motel, deituko zioat gruari, hi ez preokupatu.

   –Ordu hauetan? Kita, kita, neronek aldatuko zioat gurpila di-da eta fuera.

Eta hori esanda, ordezko gurpilaren bila abiatu da maleterora. Mirenek kopilotuaren lekuan eserita ikusten du, erretrobisoretik, nola Josuk atea zabaltzen duen. Eta nola haren aurpegiaren ohiko zementuzko espresioa maskara beldurti bihurtu den kolpean, maleteroan estu-estu sartuta zegoen poltsak espazio gehiago edukita gainezka egin duenean, eta plastiko beltzetik atera denean buru bat, kopeta mailatuta, odol lehorra aurpegi guztian; bi beso, bi hanka eta enbor bat, hotzak, gogortuak. Eta kirats hori. Hildakoek bakarrik bota dezaketen perfume higuingarria.

Plastikoa apartatu eta arakatu ditu eskuez, burua atzerantz kiratsaz eztulka ez hasteko, gorpu organikoak soinean daramatzanen poltsikoak, larruzko kartera topatu arte; bere lekura itzuli du atzera diruzorroa eta plastikoaz estali gorpu organikoa

The Clashen kanta bukatzen ari da:

What have I done?
What have I done?


   –Baina zer duk hau?! –atera zaio eztarritik Josuri, hitz egiteko gai izan denean.

   –Esplikatuko diat Josu, nik...

   –Esplikatu?! Zer?!

   –Utzidak, mesedez...

   –Asier, honen parte eman behar diat. Hau oso grabea duk.

   –Josu, mesedez, lasaitu hadi eta...

   –Ez zegok ezer egiterik honekin Asier. Esan diat, kontu grabea duk...

   –Baina...

   –... oso grabea gainera...

   –Josu, joder, entzun!

   –... ez al dakik organikoa atzo atera behar zela? Hi, niri ere ez zidak grazia putarik egiten kontu honekin nola gabiltzan, baina arauak bete egin behar dituk.

   –Em... Bai, bai, arrazoi duk. Baina usaina hartzen ari zuan eta...

   –Berdin zaidak. Berriz errepikatu behar diat? Ez zegok ezer egiterik: honen parte emango diat udaletxean eta multa pagatu beharko duk. Denok ari gaituk honekin santuak bezala kunplitzen eta hi ez haiz libratuko.

   –Bale hi, lasaitu hadi.

   –Berriz egiten ez baduk lasaituko nauk. Bueno, eta kito: niregatik hau hemen bukatzen duk. Baina azken aldia, aditu?

Asier kotxean sartu da berriz. Patruila-autoa badoa.

   –Orain herri guztiak jakingo du ez ditugula gure hondakinak behar bezala kudeatzen –dio Mirenek- eta dena zuri eta zure lagun zipaioari esker.

   –Ez dut uste Josu honetaz hizketan hasiko denik kalean.

   –Ez, keba.

   –Bueno, eta orain zer egin nahi duzu gorpuarekin? –saiatu da Asier gaiez aldatzen.

   –Begira Asier, oraintxe berdin zait. Zergatik sartuko zen gure portalera lotara? Gure portala beti dago itxita, nik uste 13.enekoek ekarri zutela gu ardura gintezen, Felixaren semea bizi da han eta giltza dauka; agian arrazoi duzu, agian beste norbaiten zaborra kudeatuz ari gara oraintxe, ez gurea. Hartu eta errotondaren erdian utziko nuke.

   –Aizu ba...

   –Zer?

   –Ez dela batere ideia txarra. Azken finean, nork begiratzen dio errotonda baten erdian dagoen edozer gauzari? Eta hori belarra da: irtenbide ekologikoa. Lurrari ongarria ematen ariko ginateke...

Eta bost minutu baino gutxiagoan arrastaka eraman dute zerraldoa errotondaren erdiraino. Hanka-besoak zabal-zabal eginda utzi dute fianbrea. Haizeak botatako txorimaloa dirudi. Gero kotxetik gruari deitu diote eta ordu erdian etxean dira.

Asierrek iratzargailuari begira lotarako geratzen zaizkion orduak zenbatu ditu. Mirenek argia itzali eta gau onik opatu gabe, eguna borobiltzeko erantsi du.

   –Nik bihar bi gauzatxo esango dizkiot Felixari bere semearen arduragabekeriari buruz. Eta zuk, hurrengo ijito errumaniarra, mesedez, egunean bertan zatitu eta atera kubo marroira. Ez naiz ni ibiliko etxeko kontu guztiez arduratzen.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44