Volgako Batelariok bost urte
Baina orobat, eta ziurrenik tamalez, gaurkotasunik galdu ez duela uste dugulako. Gauzaren bat edo beste aldatu beharko genuke, zer esanik ez, egun idatziko bagenu: sei gara sei orain eta ez guztiak gizonezkoak, beraz, potroetatik ez ezik gonadetatik ateratzen zaigulako idazten dugula gehitu beharko genuke, esate baterako. Baina, horretaz aparte, ez genuke funtsezko zuzenketarik egingo: euskal literaturaren panorama, eta, oro har, Literatura Unibertsalarena, 2005ean bezain itxaropentsua eta etsigarria iruditzen zaigu. Igandean bertan esana utzi du Ramon Saizarbitoriak Berria egunkarian egin dioten elkarrizketan: “Orain dela 30 urtekoarekin konparatuta, ikaragarri ondo dago euskal literatura, besterik ez bada ere hizkuntzaren eta idazkeraren aldetik. Horretan ez da dudarik. Baina uste dut oro har ez doala bide onetik. Errazkeriara jotzen ari da, eta masentzako literaturara jotzerakoan, edo best seller-en ildotik, gurea barregarri gera liteke. (…) Ni ikusten ari naizenez, gero eta zabalduago dago gauza arinak eta errazak idazteko joera, aparteko anbiziorik gabe. Idazle batzuek –gero eta gehiagok– irakurleak bilatzen dituzte, eta irakurle kopuru zabal batentzat idazten dute”.
Ados gaude, eta hori motibo nahikoa da hemendik matraka ematen jarraitzeko. Horregatik, eta ondo pasatzen dugulako, noski.
Zorionak gure urtebetetzean, beraz:
VOLGAKO BATELARIEN LEHENENGO MANIFESTUA (2005)
Volgako ur hotzetara egin dugu batela bost lagunok, zenakulo batean hala erabakita. Ez gaude hemen kirolez (hau ez dugu decathoneko kanoarik): norabide gutxi gorabehera jakina dugu eta horra jarri ditugu giharrak eta gogoa. Haizeak aurpegiak freskatzen dizkigu... Aski da! Ezin da bizi herri batean non argudioak erabili beharrean poesia erabiltzen baita, Gil de Biedmak esana. Aldizkari digital hau sareratzea erabaki dugu bost lagunok (baina ez Enid Blyton-enak), zenakulo batean hala erabakita, potrotan jartzen zaigulako (bostok gara gizon) literaturaz jardutea, dibertitu nahi dugulako literaturaz jardunez. Gure gustuak eta gure gaitziritziak plazaratzea otu zaigu, ahalik eta zintzotasun handienaz, hori gaur egun garraztasuntzat hartua badateke ere. Zeren gaude garai belaxkak bizi gaituela. Gure gizartea umetzen ari da, eta literatura, noski, harekin batera.
Primitiboak izate ongi-egile bezala akitu zitzaigun europarroi Amerikaren ezagutzarekin batera: egiaztatu zutenez basati horiek ez ziren berez onak. Gure iruditerian Pazifikoko biztanleek ordezkatu zuten benefikotasun postua, duela gutxi arte iraun duen imajina. Baina honek ere azken batean ez du balio, eta ideia hau hiru arlotara igaro da egunotan. Herrikoi denera, emakumeengana eta haurrengana. Hala uste du Georges Boas-ek bere The cult of Childhood saiakeran. Haurtzaroaren gurtzea ez da kontu naturala, garapen kultural bat baizik, gure garaian eztanda egin duena, "cuteness" delakoaren diktadurarekin.
Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... Horiek guztiak gaitzesten ditugu eta hemen beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara.
Baina ez pentsa hargatik ezkorrak garenik. Bagaude gauza zenbaiten alde. Hala nola, etorkizuna, konpromisoa (pixka bat kontra ere bagaude), epigonoak, boloak (gure web orrialdearen finantziazioa eskuratzeko egin beharko ditugunak), jatetxe japoniarrak. Eta Luis Mari Mujika, Urretabizkaia, Irigoien eta Peillen (eta Davant, biak bera ez badira) kanonean sartzea Hasier Etxeberriaren bost horien ordez, eta, bide batez, baita gu bostok ere, zergatik ez. Eta, miss unibertsoek bezala, bake mundialaren alde ere. Bego.
Boga-boga, batelari…
Oharrak
Jatorrizko sarrera, hemen.
Aurkezpenari buruzko berriak, hemen, hemen, hemen eta hemen.
Beste urtebetetze-kanta bat:
("Happy birthday" bitxi bat, ingelesez, baina "Volgako batelariak" kanta errusiar herrikoiaren doinuarekin)
Zorionak!!!