Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Volgako Batelariak Durangoko Azokatik zuzenean

Volgako Batelariak Durangoko Azokatik zuzenean

Volgako Batelariak 2008/12/08 21:08
Work in progress ariketa bat eginez, hementxe gaude Volgako Batelariok (Uxue Apaolaza salbu), 2008ko abenduaren 8ko 21:13etan, zuzenean, Durangoko Plateruenetik, sinadura egun gogor baten ostean, geure betebeharrari muzin egin gabe, jakin badakigula asko zaretela gure berri izan nahi duzuenok (hemendik besarkada handia gure fan zenbatezinoi). Editore inportante batek (baina zein ez den holakoa?) esan omen duen moduan, Volgako Batelariok geure burua "nabarmentzera" etorri gara Azokara, baina sakonean inork gutxik ulertu duen mezu batzuk zabaltzera etorri gara: hurrenez hurren, a) euskal literaturaren merkantilismoa salatzera, b) iraultzaren subjektuaren dekonstrukzioa egiterat, c) Juanjo kidearen "T" nobelan agertzen den modaren aldarria berraldarrikatzera, d) Cobrador del Frac-en estilora, euskal literaturak zor digun guztia kobratzera, ez baita gutxi, e) gure literaturgintzak behar duen korbata (eta palestino (eta arrosatasun)) dosia ziurtatzera. Oraintxe bertan ateratako argazki batzuen bidez (haietako batek jasotzen du artikulu hau zintzilikatzearen une historiko zehatza), izanen duzue honen guztiaren froga bat-batekoa.

 

azoka08a

 

  azoka08b

 

EGUNERAKETA (2008-XII-9, 13:00)

Hemen duzue gaurko Berrian atzoko ekintxari buruz atera duten laburra.

 

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2008/12/10 18:56

Klaro. Jakina, ze uste zenuen, azken batean, postindependentistak garen arren, euskaldunak gara, koadrilan egiten dugu (ia) guztia. Hala ere, euskalduntasuna ez bada koadrilismoa behintzat gainditzeko ahaleginean, bakarkako ekintza kamikaze batzuk, suizidak noski, prestatzen ari gara, edozeinek ulertuko duenez, non burutuko diren zehaztu ez badezakegu ere.

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2008/12/18 20:56

Gure irakurle fidelak ondo dakien bezala, inoizkari honetan izen-abizen errealekin erantzun behar da, hala gauza itsusiak esaten zaizkigunean, nola (arrazoi handiagoz) mezu politak igortzen dizkiguzuenean. Alde horretatik, pena handia hartu dugu ezizenaz sinatzen zuen irakurle baten mezua kendu behar izan dugulako: mezu bera (edo lausengariago bat) izen-abizenez sinatzeko eskatu diogun arren, ez digu jaramonik egin eta kendu behar izan dugu.

Baina ez dugu nahi betirako galdu dadin, eta horregatik erreproduzitzen dugu ondoren, baina gure izenean:

"Aspaldian, inork ez zizkigun Durangoko arratsaldeak horrela alaitzen. Behinola, Napartheideko artistak ibiltzen ziren arpa jotzen... alai. kontent. patxaran apur bat standetatik banatzen eta trufatzen. Urteak dira Durangoko ELKAR azokan inork ez zuela pailazokeriarik egiten, ezta marketing ikuspegitik ere.... eta somatzen zen falta.. Alde horretatik eskertzekoa da Volgalarien intentzioa. zinez. datorren urtean beste bat... eskertuko dizuegu. Oso guapo zaudete gainera argazkietan. Oso bero jartzeko moduan."

Dena dela (gehitzen dugu), oso goapo, oso bero, baina ez dugu oraindik proposamen serio zikinik jaso... Zeri itxaroten diozue?

Beste kontu bat. Uste dugu ebidentea dela, baina badaezpada: hor goian sinatzen duen "Mike Ayer" hori Mikel Ayerbe da, eta hurrengo mezuan bidaltzeko ohorea egin digun George Specialcorn hori ez da (adibidez) Kellogs'en errepresentantea Eroskilandian, Gorka Bereziartua literatur kritikari famatua baizik.

mike ayer
mike ayer dio:
2008/12/10 23:29

egia esan, extrarradioetako, hots, periferietako, hots, aldirietako pertsonaJez edo frikiz edo modernikiz edo post-modernikiz beteta dago gure baratza eta dagoena ikusita, niri grazia asko egin dit euskal literaturaren hooligan dandy kuadrila honek 2008-2009ko negurako eginiko pret-a-porter pasarela aurkezpen performanceak... grazia, eta nazka, eta inbidia, eta...

Luistxo Fernandez
Luistxo Fernandez dio:
2008/12/09 13:34

Seguru nago denak elkarrekin zeundetelako ausartu zinetela horrela. Baina bakarka joan izan bazinate...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44