Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Postindependentziarantz tinko!

Postindependentziarantz tinko!

Angel Erro 2008/05/26 16:01
Beste urrats (teoriko) bat eman dugu, Herriak eman du, Postindependentziarantz. Martxa honetan, berehala eskandaluzko gorputz (teoriko) bat izango dugu, proiektuaren garapenari dagokionean. Oraingoan Gara egunkariaren Mugalari gehigarrian (2008ko maiatzaren 17an) Angel Errok agerturiko zutabe batean izan da. Honatx haren ekarpena:

 

 

P. I.

Paul-Jean Toulet, Lapurdiko Getarian hila, abangoardismo garaian ez zen abangoardista izan. Beraren poema klasiko-ironikoak hain dira argiak ezen André Bretonenak bezain zailak gerta daitezkeen, benetan zerbait komunikatu nahi zaigulako ziurtasunak ez baitu, berez, hori atzemateko giltza ematen. Pierre Menardek, Kixotearen egileak, azterketa bat dedikatu zion, Borgesek jakinarazten digunez.

Toulet garaiak aldatzen ari zirela ohartzen zen. Bere buruari galdetzen zion zer ote zen bere erantzukizuna, luze aritu izanak ekarritako tresnak eskura, amaitzen ari zen estilo batean perfekziora iristea ala oraindik hasia ez zen garai bati ongietorria ematea. Lehen aukeraren alde egin zuen, itsasontzia urpera bidean, orkestrarekin musika jotzen –pelikuletan maiz ikusi dugu–, hanka egiten zuten milaka arratoiei adio eginez. Argi dago (deus irakurri ez diotenentzat, gezurtatu ezinezko gehiengo zabalarentzat, beraz) okertu egin zela Toulet.

Ez dakigula guri gauza bera gerta. Akats historiko baten atarian gaudela esanen nuke, Postindependentzia (P.I.) besarkatu ezean, Volgako Batelariak e-noizkarian hainbatek aldarrikatu dugunez.

Funtsean, burujabetasun prozesu orok ekarri ohi duen ondorio psikologikoez aurre-gozatzean datza, azkenean independentzia erreala geure begiez ikusten ez dugun kasu hipotetikorako. Oraindik hasi ez den garaian birtualki kokatuz baino ezingo dugu garai berria guretu. Gainera (hau sekretu bat da) dena gezurrezkoa da, birtuala. Historia fikzioaren legeen menpe dago. Interpretazio beti sortzaile bat da. Etorkizuna eman behar diogu geure buruari. Euskararen iragana arras ezaguna da: desagerpena, Iparraldean eta Hegoalde osoan desagertu zen moduan, mutur beltzak, oinazea, mundu osoaren desaxola, literatura negartia, lobby faltagatik Nobel saririk ere gabea.

Literaturari dagokionez, Iban Zalduak ipuingintza jo du Postindependentzian euskal letrek jarraitu beharreko bidetzat, gaizki ulertu ez badiot ironiaz ari zen eta gain-interpretazioa defenditzen.  

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44